Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

38. zk., 2011ko otsailaren 24a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
965

17/2011 DEKRETUA, otsailaren 15ekoa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuak onartzen dituena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuak 16. artikuluan xedatutakoaren arabera eta Konstituzioak lehen xedapen gehigarrian ezartzen duena aplikatuz, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskuduntza da irakaskuntza, hedadura, maila, gradu, modalitate eta espezialitate guztietan, Konstituzioaren 27. artikuluak eta berori garatzen duten lege organikoek zehazten dutenaren eta 149.1.30 artikuluak Estatuari ematen dizkion eskuduntzen kalterik gabe.

Gorte Orokorrek abenduaren 21eko 6/2001 lege organikoa onartu ondoren, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateak bere estatutu berriak egin ditu, aldi baterako bigarren xedapenean zehaztutakoaren arabera, eta orain Eusko Jaurlaritzak onartu behar ditu, legezkotasunaren kontrola aldez aurretik gainditu ondoren, aipatutako abenduaren 21eko 6/2001 lege organikoak 6.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Otsailaren 25eko 3/2004 legeak, Euskal Unibertsitate Sistemarenak, 10.1 artikuluan zehazten duen legez, ordenamendu juridikoan xedatutakoaren arabera egin, onartu eta argitara emango dira Euskal Herriko Unibertsitatearen estatutuak, baita haien aldaketak ere. Lege horren 10.2 artikuluan adierazten denez, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Estatuko Buletin Ofizialean emango dira estatutu horiek, haien aldaketak eta, era orokorrean aplikatzeko, gobernu-organoek ematen dituzten xedapenak argitara eta testuak osorik argitara eman arte ez dira indarrean sartuko.

Zentzu horretan, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Klaustroak egindako estatutuak indarreko legeriara nola egokitzen diren aztertu ondoren, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren proposamenez eta Gobernu Kontseiluak 2011ko otsailaren 15ean egindako bilkuran onartu ondoren,

EBATZI DUT:

Artikulu bakarra.- Onartzen dira Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen estatutuak, dekretu honen eranskin gisa doan testuaren arabera.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabetuta geratzen da Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen estatutuak onartu zituen abenduaren 23ko 322/2003 Dekretua.

AZKEN XEDAPENA

Abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak, Unibertsitateenak, 6.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen estatutuak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara ematen diren egun berean sartuko dira indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2011ko otsailaren 15ean.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

OTSAILAREN 15EKO 17/2011 DEKRETUAREN ERANSKINA

UNIVERSIDAD DEL PAIS VASCO / EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN ESTATUTUAK

I. TITULUA

UNIVERSIDAD DEL PAIS VASCO / EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEAREN IZAERA ETA HELBURUAK

1. artikulua.- Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) zuzenbide publikoko erakundea da, gizartearen zerbitzura dagoena. Erakunde autonomiaduna da, nortasun eta ahalmen juridikoak dauzkana, bai eta ondare propioa ere. Goi mailako irakaskuntza eskaintzen du, bere eskumenen eremuan, honako hauen bitartez: irakaskuntza, ikerketa, ikasketa, kultura eta unibertsitate hedakuntza, eta bere jardueren oinarri diren kudeaketa prozesuak eta zerbitzuak. UPV/EHUk bere gain hartzen du zerbitzu horien kalitatea eta bikaintasuna bermatzeko konpromisoa. Bestalde, euskal gizartearen premiei erantzungo die, bai eta historiak eta aldaketa sozioekonomiko, politiko eta kulturalek ekarritakoei ere. Kultura eta zientzia unibertsalaren jakintza ere zabalduko du gizartean, eta euskara eta euskal kultura bultzatuko ditu bereziki. Era berean, ekonomia, gizarte eta ingurugiroaren jasangarritasunerako irizpideei jarraiki eramango ditu aurrera eguneroko zereginak.

2. artikulua.- 1.- UPV/EHU hainbat campusetan dago banatuta. UPV/EHU modu deszentralizatuan dago antolatuta eta eginkizunak ere banatuta dauzka. Bestalde, aurrera eramango dituen zereginetara egokituko du bere egitura, eta etengabe eguneratuko da.

2.- UPV/EHUk, zereginak aurrera eramatean, honako printzipio hauek hartuko ditu aintzat: legezkotasuna, eraginkortasuna, eragimena, gardentasuna, kalitatea eta ahalik eta zerbitzurik onena ematea gizarteari eta unibertsitateko kideei.

3. artikulua.- 1.- Unibertsitatearen izen ofiziala «Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatea» da edo, laburtuta, UPV/EHU.

2.- UPV/EHUren armarri ofiziala Jakituriaren Zuhaitzaren alegoriazko irudia da, Eduardo Chillidak egina. Goiko aldean «eman ta zabal zazu» leloa dauka; beheko aldean, ezkerrean, «Universidad del País Vasco» eta, eskuinean, «Euskal Herriko Unibertsitatea».

3.- Gobernu Kontseiluak arautuko du unibertsitatearen izena, armarria, zigilua eta gainerako ikurrak nola erabili behar diren. UPV/EHUkoak ez diren pertsonek edo erakundeek ezin izango dituzte erabili unibertsitatearen izena, zigilua, armarri ofiziala eta ikurrak, baldin eta errektoreak horretarako baimena ematen ez badie beren-beregi.

4. artikulua.- 1.- Hauek dira UPV/EHUren helburuak:

a) Jakintza sortu, kritikatu eta zabaltzea eta jakintzaren aurrerabidea eta gizartearen garapena sustatzea, ikerketaren bitartez eta ikerketaren emaitzak gizarteratuz.

b) Euskal gizartearen ondare intelektual, humanistiko, kultural eta zientifikoa aberasteko lanetan parte hartzea, baita ekonomia garapenean eta gizartearen ongizatean ere.

c) Kalitatezko goi mailako irakaskuntza eskaintzea, ikasleen heziketa osoa bultzatzea, eta lanean hasteko beharrezkoa den prestakuntza ziurtatzea.

d) Euskararen garapena eta normalizazioa indartzea, bere eskumenen eremuan.

e) Profesionalen etengabeko prestakuntza eta goi mailako irakaskuntza eskatzen duten gizarteko beste taldeen etengabeko prestakuntza edo bizitza osoko prestakuntza sustatzea.

f) Unibertsitate zabalkuntza eta hedakuntza bultzatzea, batez ere gizarte eta kultura mailen arteko aldeak gutxitzera zuzenduak, bai eta bizitza politiko, kultural eta sozialean hobeto parte hartzeko baldintzak sortzera zuzenduak ere.

g) Nazioarteko trukea eta lankidetza indartzea, bereziki Europako esparruan eta garapenerako lankidetzaren alorrean.

h) Harremanak izatea eta hitzarmenak egitea erakunde publiko eta pribatuekin, UPV/EHUko tituludunen prestakuntza hobea izan dadin eta, ondorioz, lanean hasteko aukera gehiago izan dezaten.

2.- UPV/EHUk honako hauek sustatuko ditu:

a) Unibertsitateko kide guztien errealizazio pertsonal eta profesionalerako bidea eskainiko duten baldintzak.

b) Premia bereziak dauzkaten pertsonak unibertsitateko kideen artean izatea.

c) Elkarbizitza demokratikoa eta euskal gizartearen garapen jasangarri eta bidezkoa, errefusatuta terrorismo eta biolentzia mota guztiak.

d) Mundura irekitako jarduera plural, tolerante eta solidarioa, aitzindari intelektual eta etikoa izateko bokazioaz.

3.- UPV/EHUk emakumeen eta gizonen berdintasuna bermatuko du bere baitan eta beharrezko neurriak hartuko ditu inor diskriminatua izan ez dadin arrazoi hauengatik: jatorria, etnia, sexua, erlijioa, iritzia, hizkuntza edo bestelako egoera pertsonal edo sozialen bat. Beraz, UPV/EHUk aintzat hartuko ditu honako printzipio hauek: aukera berdintasuna, aniztasunaren eta diferentziaren errespetua, genero ikuspegia txertatzea, ekintza positiboa, sexuari lotutako rolak eta estereotipoak baztertzea, eta gizonen eta emakumeen ordezkaritza parekatua.

5. artikulua.- 1.- UPV/EHUk autonomiaz jarduten du, estatutu hauei jarraiki eta legeek diotena kontuan hartuta.

2.- Unibertsitateari bere autonomiak arauak egiteko eta antolamendua zehazteko ahalmena bermatzen dio. Besteak beste eskumen hauek dauzka:

a) Estatutuak eta horiek garatzeko arauak egitea.

b) Gobernu, ordezkaritza eta administrazio organoak hautatu, izendatu eta kentzea.

c) Irakaskuntzaren, ikaskuntzaren, ikerketaren eta unibertsitate hedakuntzaren oinarri izango diren egitura espezifikoak eratzea.

d) Irakaskuntzaren, ikaskuntzaren eta ikerketaren plan estrategikoa egitea.

e) Ikasleak onartzea, iraute arauak zehaztea eta euren jakite maila egiaztatzea.

f) Titulu ofizialak eta berezko tituluak eta diplomak ematea.

g) Irakasle eta ikertzaileen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen lanpostuen zerrendak onartu eta aldatzea, eta langileok hautatu, prestatu eta lanean gora egin dezaten sustatzea; era berean, lan baldintzak zehaztea.

h) Aurrekontuak prestatu, onartu eta kudeatzea eta ondarea administratzea.

i) Harremanak ezartzea beste erakunde batzuekin unibertsitatearen helburuak indartu eta aurrera eramateko.

j) Esleitutako eginkizunak betetzeko beharrezkoa izan daitekeen beste edozein eskumen ere izango du eta, horrez gain, arautu eta garatu egingo ditu legeetan eta arautegietan jasota ez dauden gaiak, bai eta beste organo edo erakunde batzuek esleituta ez dituztenak ere.

3.- UPV/EHUk katedra askatasuna onartu eta bermatzen du.

4.- UPV/EHUk, administrazio publikoa den aldetik, eta dagokion arloaren barruan, kasuan kasuko eskumen eta ahalmenak izango ditu eta, edonola ere, honako hauek:

a) Mota guztietako ondasunak erosi, eduki, aldarrikatu, trukatu, kargak ezarri eta inorentzeko gaitasun juridiko osoa; kontratu, hitzarmen eta negozio juridikoak egitekoa; obrak eta zerbitzuak ezarri eta ustiatzekoa; behartzekoa; errekurtsoak jartzekoa eta legeetan xedatutako ekintzak aurrera eramatekoa.

b) Bere ondasunak ikertu, zedarritu eta bere kabuz berreskuratzeko ahalmena.

c) Bere egintzen legezkotasun ustea eta bete beharrezkotasuna.

d) Derrigor betearazteko eta zigortzeko ahalmenak.

e) Bere egintzak eta erabakiak bere kabuz berraztertzeko ahalmena.

f) Bere ondasun eta eskubideak ezin bahitua, legeetan ezartzen denaren arabera; Herri Ogasunari bere hartzekoei dagokienez aitortzen zaizkion lehenespen eta lehentasunak, estatu eta foru ogasunei dagozkienen kaltetan izan gabe.

g) Edozein motatako prozeduretan bermeak, gordailuak eta kauzioak organo administratibo edo jurisdikzionalei aurkeztetik salbuetsita egotea, Euskal Autonomia Erkidegoaren baldintza berberetan, eta justiziako zerbitzuak ordaindu behar ez izatea auzietan.

5.- UPV/EHUko gobernu organoek emango dituzten aplikazio orokorreko xedapenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, baita ere ikasleen eskubideen eta betebeharren garapenari buruzko arauak.

6. artikulua.- 1.- UPV/EHUk askatasun akademikoan oinarritzen du bere jarduna eta autonomia; eta hori bermatuz gauzatzen du ikasteko askatasuna, katedra askatasuna eta ikertzeko askatasuna.

2.- UPV/EHUk oinarrizko eskubide eta askatasunak bermatuko ditu bere eskumenen eremuan, bai eta printzipio eta balio demokratikoen errespetua ere.

3.- UPV/EHUren gidariak dira zientziaren izpiritu kritikoa eta aniztasun ideologikoaren errespetua.

7. artikulua.- 1.- UPV/EHUk beste unibertsitate batzuekin jardungo du elkarlanean, eta harremanak izango ditu ikerguneekin eta kultura eta gizarte erakundeekin.

2.- UPV/EHUk, batez ere, Euskal Herriko unibertsitate mailako beste ikastegi publikoekin eta kultura erakundeekin izango ditu lankidetza harremanak, euskal kulturaren zerbitzura egongo den unibertsitate sisteman txertatzeko horiek guztiak apurka-apurka.

8. artikulua.- 1.- UPV/EHUko hizkuntza ofizialak euskara, Euskal Herriaren berezko hizkuntza, eta gaztelania dira.

2.- UPV/EHUk arreta berezia eskainiko die euskal kulturari eta euskarari, esparru zientifiko eta teknikoan nagusiki.

3.- UPV/EHUk neurriak hartuko ditu euskararen erabilera normaltzeko unibertsitateko irakaskuntzan, ikerketa zientifikoan eta administrazioaren eta zerbitzuen alorreko jardueran.

9. artikulua.- UPV/EHUk sustatu egingo du zientziarako erabiltzen diren beste hizkuntzak jakitea eta, era berean, bultzatu egingo du hizkuntza horien erabilera jarduera akademikoetan.

10. artikulua.- 1.- Honakoa da UPV/EHUren egitura:

a) Unibertsitate campusak.

b) Eskolak eta fakultateak.

c) Sailak.

d) Unibertsitateko ikerketa institutuak.

e) Doktorego eskolak.

f) Indarrean egongo den legeria eta estatutuok aplikatuta sortu ahal izango diren bestelako gune edo egiturak.

2.- Honako hauek ere osatzen dute UPV/EHU: administrazio zerbitzu orokorrak; arestian aipatutako egiturei laguntza ematen dietenak; VI. tituluan xedatutakoak; eta, banaka zein multzoka, aurreko puntuan adierazita dauden eta ez dauden gainerako administrazio eta zerbitzuetako atalak.

11. artikulua.- 1.- Honako hauek dira UPV/EHUko kide anitzeko gobernu eta ordezkaritza organoak:

a) Gizarte Kontseilua.

b) Unibertsitateko Klaustroa.

c) Gobernu Kontseilua.

d) Campusetako batzarrak.

e) Fakultate, eskola edo gune akademikoetako batzarrak.

f) Sailetako kontseiluak.

g) Unibertsitateko ikerketa institutuetako kontseiluak.

h) Doktorego eskoletako batzarrak edo kontseiluak.

i) Estatutu hauetan xedatutako batzordeak.

2.- Honako hauek dira kide bakarreko gobernu eta ordezkaritza organoak:

a) Errektoreak.

b) Idazkari nagusia.

c) Errektoreordeak.

d) Gerentea.

e) Gerenteordeak.

f) Errektoreordetzetako zuzendariak.

g) Campusetako idazkariak.

h) Fakultateetako dekanoak eta eskoletako zuzendariak.

i) Fakultateetako dekanordeak eta eskoletako zuzendariordeak.

j) Fakultate eta eskoletako idazkariak.

k) Sailetako zuzendariak eta idazkariak.

l) Unibertsitateko ikerketa institutuetako zuzendariak eta idazkariak.

m) Doktorego eskoletako zuzendariak.

n) Beste gune edo egitura batzuetako zuzendariak.

3.- UPV/EHUko aldezlea ere pertsona bakarreko organotzat hartuko da.

4.- Ikasleen kontseiluak dira ikasleen kide anitzeko ordezkaritza organoak. Kontseiluetako presidenteak kide bakarreko ordezkaritza organotzat hartuko dira. Kontseiluen oinarrizko arautegian zehaztutako gainontzekoek ere izan dezakete izaera hori.

5.- Oinarrizko arautegiek jaso egingo dute unibertsitateko egituretan beste gobernu eta ordezkaritza organo batzuk egoteko aukera, zehaztuta zeintzuk eskumen izan ditzaketen eskuordetuta.

II. TITULUA

UNIBERTSITATEKO KIDEAK

I. KAPITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

12. artikulua.- Unibertsitateko kideak hiru taldetan daude banatuta: ikasleak, irakasle eta ikertzaileak, eta administrazio eta zerbitzuetako langileak.

13. artikulua.- 1.- Unibertsitateko kideek eskubide hauek izango dituzte, gainerako arauetan eta estatutu hauetako beste artikuluetan jasotakoez gain:

a) Pentsamendu, iritzi eta adierazpen askatasuna.

b) Bilerak egiteko eta elkarteak eratzeko askatasuna.

c) Berdintasunerako eskubidea eta diskriminatuak ez izatekoa.

d) Norberaren intimitatea, irudi propioa, duintasuna eta joera sexuala errespetatzea, eta jazarpenaren aurkako babesa izatea.

e) UPV/EHUko gobernu eta ordezkaritza organoetan parte hartzea.

f) Beraiengan eragina duten unibertsitateko gaiei buruzko informazioa jasotzea.

g) Osasuna zaintzeko eta arriskuei aurrea hartzeko babesa jasotzea, campusetan.

h) Eskubideak bermatua izatea, prozedura egokien bitartez eta, beharrezkoa bada, aldezleak esku hartuta.

2.- Unibertsitateko kideek betebehar hauek izango dituzte, gainerako arauetan eta estatutu hauetako beste artikuluetan jasotakoez gain:

a) Beste pertsona guztien eskubideak errespetatzea eta estatutu hauei eta gainerako arauei jarraiki aritzea.

b) Beste pertsona guztiak errespetuz eta diskriminatzeke tratatzea.

c) Egin beharreko lanak profesionaltasunez betetzea, unibertsitateko gainerako kideekin elkarlanean, UPV/EHUren helburuak betetzeko eta, modu horretara, funtzionamendu hobea lortzeko.

d) Hautatuak eta/edo izendatuak izan diren karguetan arduraz eta erantzukizunez aritzea.

e) UPV/EHUren ondarea, ondasunak, baliabide materialak eta instalazioak behar bezala eta arretaz erabiltzea.

f) Arrazoirik gabeko tratu bereziak edo abantailak ez onartzea.

3.- Estatutuotan aipatutako eskubideak erabiltzeak ez die ekarriko unibertsitateko kideei inolako ondorio edo kalterik diziplina alorrean, baldin eta indarrean dagoen legeriari jarriki erabiltzen badira.

14. artikulua.- UPV/EHUko artxiboetan dauden datu pertsonalak bildu, erabili eta hedatzeko eta interesdunek datuok eskuratu eta zuzentzeko, datu pertsonalen tratamendu automatizatua arautzen duen legea beteko du unibertsitateak.

II. KAPITULUA

IKASLEAK

15. artikulua.- Hauek dira UPV/EHUko ikasleak: titulu ofizialetara zuzendutako ikasketetan matrikulatuta dauden pertsonak, berezko tituluetara zuzendutakoetan matrikulatuta daudenak, eta bizitza osoko prestakuntzaren alorreko ikasketa berezietan matrikulatutakoak.

16. artikulua.- 1.- UPV/EHUk irakats baldintza egokiak eta eskaintza osagarriak jarriko ditu honako hauek sustatzeko: ikasleen garapen pertsonala, prestakuntza osoa, ikerketa eta garapen zereginetan aritzeko aukera UPV/EHUn bertan zein unibertsitateak sortutako erakundeetan edo parte hartzen duenetan, heziketa praktikoa osatzeko bidea, eta gizartera eta lan mundura sartzeko era. Hori dela eta, hitzarmenak egingo dira hezkuntza lankidetzarako eta praktikak egiteko enpresetan eta erakunde publiko edo pribatuetan. Gainera, ikasleen eta tituludunen lan poltsak bultzatuko ditu, eta horiek enpresak sortzea. Era berean, ikasleen parte hartzea eta elkarteak eratzea sustatuko du.

2.- UPV/EHUk laguntza sistema zabala bultzatuko du horretarako.

17. artikulua.- 1.- UPV/EHUko ikasleek eskubide hauek izango dituzte, indarrean dagoen legerian eta estatutu hauetan jasotako beste eskubide edo ahalmenez gain:

a) UPV/EHUn ikastea, aukera berdintasuna errespetatuta eta indarrean dagoen unibertsitate legeriari jarraiki.

b) Irakaskuntzako programazioan zehaztutakoaren arabera aukeratutako hizkuntza ofizialean ikastea eta ebaluazio probak hizkuntza horretan egitea.

c) Irakats eskaintza matrikula egin aurretik ezagutzea, hau da, eskolak emango dituzten irakasleak, eskoletako hizkuntza, ebaluazio probak egiteko egunak, eta kasuan kasuko deialdiak.

d) Irakasgaiak aukeratzea, irakats programazioak eta ikastegiak eskura dauzkan baliabideek horretarako aukera ematen duten neurrian, eta jakinda irakasleak nortzuk izango diren.

e) Ikasketak eta kultura eta kirol jarduerak behar bezala egiteko instalazio eta material egokiak izatea.

f) Ikasketen antolaketan parte hartzea, unibertsitateko organoen bitartez eta, halakorik gertatuz gero, ikerketako zereginetan laguntzea.

g) Tutoretza eta orientazio sistema eraginkorra izatea prestakuntzan zehar, curriculuma osatu ahal izateko.

h) Irakasle eta ikertzaileen ebaluazioan eta administrazioko zerbitzuen ebaluazioan parte hartzea eta ebaluazio horiei buruzko informazioa jasotzea, onartutako prozedurei eta indarreko legeriari jarraiki.

i) Emaitza akademikoak baloratzeko irizpide objektiboak ezagutzea eta kalifikazioak berrikustea. Eskoletara ez joateak, besterik gabe, ez du ekarriko eskubide hau galtzea, eta Ikasleen Arautegiak arautuko du.

j) Prezio publiko edo tasetatik salbuetsita egotea, legerian xedatutakoari jarraiki; eta laguntzak jasotzea, kasuan kasuko baldintzen arabera.

k) Mugikortasuna bermatuko duen administrazio eta finantza laguntza jasotzea, aurrekontuaren arabera.

l) Unibertsitatean adierazpen askatasuna, bilerak egitea eta elkarteak eratzea bermatuko duten bitartekoak izatea.

m) Beren eskubideak defendatzea eta beren aldarrikapenak eta protesta akademikoak egitea, Ikasleen Arautegian zehaztuta egongo den moduan.

n) Unibertsitatearen aitorpen akademikoa jasotzea ikasleen ordezkari izateagatik, baita ere unibertsitateko kultura eta kirol ekintzetan eta elkartasun eta lankidetza ekintzetan parte hartzeagatik.

o) Ikasketak eta lana aldi berean egitea bideratuko duen laguntza izatea.

p) Beren lan esperientzia edo esperientzia profesionala onartua izatea, ondorio akademikoetarako, UPV/EHUk ezarriko dituen baldintzei jarraiki.

18. artikulua.- 1.- Gobernu Kontseiluak, UPV/EHUko Ikasleen Kontseilua entzun ondoren, Ikasleen Arautegia onartuko du, ikasleen eskubide eta betebeharrak garatuko dituena. Horrez gain, ikasleak ebaluatzeko arautegia onartuko du, ikasleek ikasketetan duten etekina modu objektiboan ebaluatuko dela eta kalifikazioak berrikusteko eskubidea bermatuko dela ziurtatuko duena.

2.- Arautegi horrek Ikasleen Ordezkarien Estatutua jasoko du, ikasleek organoetan izango duten ordezkaritza zehaztuko duena.

3.- Halaber, UPV/EHUko ikasleen elkarteen parte hartzeko mekanismoak arautu eta zehaztuko ditu.

4.- Gobernu Kontseiluaren proposamenari jarraituz, UPV/EHUko Gizarte Kontseiluak UPV/EHUko iraute arauak onartuko ditu.

19. artikulua.- Hauek dira UPV/EHUko ikasleen betebeharrak:

a) Ikastea eta, doktoregoko ikasleen kasuan, ikertzea.

b) Erantzukizunez eta objektibotasunez aritzea ebaluazio prozesuetan, helburutzat hartuta unibertsitateko jardunaren kalitatea hobetzea.

c) Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan modu aktiboan parte hartzea, onartutako prozedurak eta epeak errespetatuta.

20. artikulua.- 1.- UPV/EHUko Ikasleen Kontseilua ikasleen ordezkaritza organoa da, eta honako hauek osatuko dute modu parekidean: campusetako ikasleen kontseiluetako ordezkariek eta ikasleek Gobernu Kontseiluan dauzkaten ordezkariek. Campusetako ikasleen kontseiluen ordezkarien kopurua campus bakoitzeko ikasle kopuruaren araberakoa izango da, eta, gutxienez, campus bakoitzeko ordezkari bat egongo da. Ikasleen Kontseiluko burua kontseiluko kideek aukeratuko dute beraien artetik.

2.- Hauek dira Ikasleen Kontseiluaren eginkizun nagusiak:

a) Ikasleen ordezkaria izatea UPV/EHUko organoetan.

b) Ikasleen eskubideak betetzen direla zaintzea, eta betetzeko eskatzea.

c) UPV/EHUren aurrekontuetan esleiturik duen aurrekontua nola banatuko den erabakitzea.

d) Entzuna izatea, Gobernu Kontseiluak Ikasleen Arautegia onartu aurretik.

e) Ikasleei informazioaren berri ematea, horretarako izango dituen bitartekoak erabilita.

f) Ekimenak bultzatu eta sustatzea, unibertsitateko ikasleen baldintza orokorrak hobetzeko.

g) Ikasleei dagozkien ekimenak kudeatzea eta gatazkak ebaztea, bere eskumenen babesean.

h) Ikuskaritza Zerbitzuarekin elkarlanean aritzea, ikasleen irakaskuntza eskubideak bermatzeko neurriei dagokienean.

i) Ikasleen parte hartzea bultzatzea.

j) Estatutuok eta hauek garatzeko arautegiek esleitutako jarduerak aurrera eramatea.

21. artikulua.- 1.- Campuseko Ikasleen Kontseilua honako hauek osatuko dute: campuseko ikastegi bakoitzeko ikasleen ordezkari batek eta campuseko ikasleek Gobernu Kontseiluak dauzkaten ordezkariek.

2.- Ikastegiek Campuseko Ikasleen Kontseiluan izango dituzten ordezkariak ikasleen ordezkariek aukeratuko dituzte beren artetik Ikastegiko Batzarrean.

3.- Campuseko Ikasleen Kontseilu bakoitzak bere kideen artetik izendatuko du kontseilu horretako burua. Campusetako ikasleen kontseiluetako buruak edo haiek eskuordetzen dituzten pertsonak UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluko kideak izango dira.

4.- Hauek dira Campuseko Ikasleen Kontseiluaren eginkizunak:

a) Campuseko Batzarrean izango dituen ordezkariak aukeratzea.

b) UPV/EHUren aurrekontuetan esleiturik duen aurrekontua nola banatuko den erabakitzea.

c) Campuseko ikastegietako ikasleen kontseiluen ekintzak bultzatu eta sustatzea.

d) Ikasleei eragiten dieten ekimenak kudeatu eta gatazkak konpontzea, bere eskumenen babesean.

e) Ikuskaritza Zerbitzuarekin elkarlanean aritzea ikasleen irakaskuntza eskubideak bermatzeko neurriei dagokienean.

f) Estatutuok eta hauek garatzeko arautegiek esleitutako jarduerak aurrera eramatea.

5.- Campus bakoitzari dagokio, unibertsitateko organo orokorrekin elkarlanean, kasuan kasuko Campuseko Ikasleen Kontseiluak bultzatutako ekintzak antolatu eta horiek aurrera eramateko laguntza ematea.

22. artikulua.- 1.- Ikastegi edo ataletako ikasleen kontseiluak Ikastegiko Batzarrean ikasleen ordezkari direnek osatuko dituzte, eta Ikastegietako Ikasleen Kontseiluen Oinarrizko Arautegian zehaztutakoaren arabera jardungo dute.

2.- Ikastegiko ikasleen kontseilu bakoitzak bere kideen artetik izendatuko du kontseilu horretako burua. Ikastegietako ikasleen kontseiluetako buruak edo haiek eskuordetzen dituzten pertsonak Campuseko Ikasleen Kontseiluko kideak izango dira.

3.- Hauek dira ikastegi edo ataletako ikasleen kontseiluen eginkizunak:

a) UPV/EHUren aurrekontuetan esleiturik duen aurrekontua nola banatuko den erabakitzea.

b) Ikasleen ordezkariak izatea ikastegietako organoetan.

c) Ikasleen eskubideak betetzen direla zaintzea, eta betetzeko eskatzea.

d) Graduko ikasleek sailetan izango dituzten ordezkariak izendatzea, Ikastegietako Ikasleen Kontseiluen Oinarrizko Arautegian jasoko den moduan.

III. KAPITULUA

IRAKASLEAK ETA IKERTZAILEAK

23. artikulua.- 1.- UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileak unibertsitateko irakasleen kidegoetako funtzionarioak eta langile kontratatuak izango dira.

2.- Hauek dira unibertsitateko irakasleen kidegoetako funtzionarioak:

a) Unibertsitateko katedradunak.

b) Unibertsitateko irakasle titularrak.

c) Unibertsitate eskoletako katedradunak.

d) Unibertsitate eskoletako irakasle titularrak.

3.- Hauek dira lan kontratudun langileak:

a) Lan kontratudun irakasle eta ikertzaile doktore guztiak eta lankide iraunkorrak.

b) Aldi baterako lan kontratua daukaten langileak: laguntzaileak eta irakasle laguntzaile doktoreak, lankideak, irakasle elkartuak, emerituak eta bisitariak.

4.- Era berean, UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileak izango dira legean jasotako beste edozein irudi edo kontratu motaren bidez kontratatutakoak.

5.- UPV/EHUk legerian xedatutako moduan izendatu ahal izango ditu bitarteko irakasle funtzionarioak eta legeriari jarraiki kontratatu aldi baterako lan kontratadun irakasleak.

6.- Irakasle eta ikertzaile iraunkor guztiak sailei dagozkien jakintza arloetara lotuko dira, eta, horrez gain, unibertsitateko beste egitura batzuetara atxiki ahal izango dira. Aldi baterako kontratatutako irakasle eta ikertzaileak jakintza arlo eta sailetara lotuko dira, edo, egoki izanez gero, unibertsitateko beste egitura batzuetara.

7.- Irakasle eta ikertzaile kontratatuen ehunekoak eta aldi baterako kontratatuen ehunekoak ezingo dituzte gainditu indarreko legerian xedatutako mugak. Laguntzaileen eta laguntzaile doktoreen kopuruak, berriz, jakintzaren arlo handien arteko oreka gorde beharko du.

24. artikulua.- 1.- UPV/EHUk bermatuko du unibertsitateko irakasleen kidegoetako irakasleek eta lan kontratudun irakasle iraunkorrek eskubide eta betebehar berberak dituztela, indarreko legeria betez beti ere.

2.- Irakasle funtzionarioak lege hauen bidez arautuko dira: estatutuok eta hauek garatzeko arautegiak; indarrean egongo den unibertsitate legeria eta aplikagarria izango den enplegu publikoari buruzkoa; eta UPV/EHUko Langile Funtzionarioen Lan Baldintzak Arautzeko Hitzarmena.

3.- Irakasle kontratatuak lege hauen bidez arautuko dira: estatutuok eta hauek garatzeko arautegiak; indarrean egongo den unibertsitate legeria; eta, batez ere, Euskal Autonomia Erkidegoak bere ahalmenez baliatuta emango dituen arauak. Halaber, Lan Kontratudun Irakasle eta Ikertzaileen Hitzarmen Kolektiboa aplikatuko da. Dena dela, lan eremuko legeek eta enplegu publikoari buruzkoek diotena kontuan hartuta, aplikagarri izango da irakasle funtzionarioen arautegia, lan eremukoekin bateragarri denean.

4.- UPV/EHUk Ikuskaritza Zerbitzua izango du, irakasle eta ikertzaileen eskubideak eta betebeharrak betetzen direla zainduko duena. Halaber, zerbitzu horrek laguntza emango die irakats eskaintza betetzeko ardura duten organoei. Gobernu Kontseiluak arautuko ditu Ikuskaritza Zerbitzuaren atxikipena eta egitura, eta eskumenak eta funtzionamendua, campusen arteko elkarlana ere zehaztuta.

25. artikulua.- 1.- Irakasteko eta ikertzeko gaitasun osoa izateko beharrezkoa izango da doktore titulua. Irakasle ez-doktoreek kasuan kasuko arautegi aplikagarrian xedatutako gaitasuna izango dute irakasteko eta ikertzeko. Dena dela, ikerketa jardueretan aritu ahal izango dira, eta horregatik merezimenduak onartuko zaizkie, zehaztuko den moduan.

2.- Gobernu Kontseiluak zehaztuko ditu irakaskuntzaren alorreko betebeharrak eta eskolak esleitzeko irizpide orokorrak eta, beharrezkoa izanez gero, ikerketaren alorreko betebeharrak. Kontuan hartuko ditu, horretarako, irakasleen arduraldiak eta izendapen edo kontratuetan beren-beregi jaso ahal izango diren betebeharrak. Edonola ere, legeria orokorrean eta autonomikoan xedatutakoa beteko da beti. Gobernu Kontseiluak, halaber, irakasleek lanaldian zehar aurrera eraman ahal izango dituzten beste jarduerei buruzko irizpideak zehaztuko ditu.

3.- Errektoreak irakaslanak esleitu ahal izango dizkie irakasleei jakintza arlo kidekora lotutako gaietan, horretarako arrazoiak egonda. Horretarako, aldez aurretik irakasle eta ikertzaileen ordezkaritza organoekin negoziatuko du, indarreko legeriak ezarritako baldintzetan eta aplika daitekeen legeriaren esparruan, eta Gobernu Kontseiluak ezarritako irizpideen arabera jardungo du.

26. artikulua.- Errektoreak Gobernu Kontseiluari proposatuko dio irakasleen eta ikertzaileen alorreko politika, entzunda honako hauen iritzia: ikastegiena, sailena eta kasuan kasuko unibertsitate egiturena, bai eta irakasle eta ikertzaileen ordezkaritza organoena ere.

27. artikulua.- 1.- Errektoreak UPV/EHUko irakasleen eta ikertzaileen lanpostuen zerrenda aurkeztuko dio Gobernu Kontseiluari, onar dezan. Edonola ere, kontuan hartuko du irakasleen eta ikertzaileen ordezkaritza organoen iritzia, indarrean egongo den legerian jasotako moduan. Lanpostuen zerrenda hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko du, gastua behin onartuta.

2.- Lanpostuen zerrenda, gainera, eguneratu egingo da, kontuan hartuta irakaskuntzaren eta ikerketaren alorreko premiak eta ikasketa planak; eta UPV/EHUren urteroko aurrekontuan sartuko da. Sailek Gobernu Kontseiluak onartutako irizpideen arabera aurkeztuko dituzte eskariak eta premien memoriak. Ikastegiek horiei buruzko iritzia eman beharko dute.

3.- Aurrekontuan diru hornidura daukaten lanpostu guztiak agertuko dira lanpostuen zerrendan, irakasle eta ikertzaileen kategorien arabera sailkatuak. Edukia indarreko legeriara egokituko da.

4.- Gobernu Kontseiluak, kontuan hartuta irakaskuntzaren eta ikerketaren alorreko premiak eta ikasketa planak, irakasleen plantilla eguneratu, egokitu eta berritzeko irizpideak ezarritako ditu, bai eta karguak betetzeari eta irakasle eta ikertzaileen bestelako jarduerei erantzuna emango dietenak ere. Irizpide horiek aldez aurretik negoziatuko ditu irakasle eta ikertzaileen ordezkaritza organoekin.

Gainera, ustekabeko egoeretan eskolak eman ematen direla bermatuko du, kasuan kasuko lanpostua arauz betetzeko prozesua amaitu arte.

28. artikulua.- 1.- Gobernu Kontseiluak erabakiko du unibertsitateko irakasleen kidegoetako funtzionarioen zenbat plaza agertuko diren urtero lanpostuen zerrendan, irakaskuntzaren eta ikerketaren alorreko premiei aurre egiteko. Kontuan hartuko ditu horretarako UPV/EHUko Irakasleen Batzordearen proposamena eta sailen eta ikastegien iritziak.

2.- Unibertsitateko irakasleen kidegoetako funtzionarioen plaza hutsak betetzeko deialdia UPV/EHUko errektoreak egingo du. Plaza horiek betetzeko era lehiaketa izango da. Deialdia Estatuko Buletin Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

3.- Unibertsitateko irakasleen kidegoetako lanpostuak betetzeko hautatuko diren irakasleak akreditatuta egon behar dira, Gobernu Kontseiluak indarreko legeriari jarraiki ezarriko dituen prozedura, baremo orokor eta gainerako xedapenen arabera, eta kontuan hartuta Irakasleen Batzordearen proposamena.

29. artikulua.- 1.- Unibertsitatean sartzeko lehiaketak epeimahai batek ebatziko ditu. Epaimahai bost irakasle funtzionariok osatuko dute, kasuan kasuko plazari dagokion jakintza arlokoak edo kideko jakintza arlokoak. Errektoreak izendatuko dituen kide horietako hiru saileko kontseiluak proposatuak izango dira; epaimahaiburua eta idazkaria, berriz, UPV/EHUko Irakasleen Batzordeak proposatuko ditu. Plaza beteko duen irakaslearen kidego bereko, pareko edo goragokoak izan beharko dira. Europako Batasuneko unibertsitateetako irakasleak ere batzordeko kideak izan ahalko dira, estatuko irakasleei eskatzen zaien maila berbera lortu badute beren unibertsitatean. Ahalegina egingo da gizon eta emakumeen artean parekotasuna egon dadin, legerian xedatutako moduan.

2.- Unibertsitateko katedradunen plazak epaituko dituzten epaimahaietako kideak unibertsitateko katedradunak izango dira, legerian xedatutako baldintzak beteko dituztenak.

3.- Unibertsitateko irakasle titularren plazak epaituko dituzten epaimahaietako buruak ere unibertsitateko katedradunak izango dira. Beste lau kideak unibertsitateko katedradunak, unibertsitateko irakasle titularrak zein unibertsitate eskolako katedradunak izan daitezke, legerian xedatutako baldintzak beteko dituztenak.

30. artikulua.- 1.- Unibertsitatean sartzeko lehiaketak ebatziko dituzten epaimahaiek bermatuko dute lehiakide guztiek aukera berberak dituztela, eta merezimendu eta gaitasun printzipioak errespetatuko. Epaimahaiek, erabakia hartzeko, kontuan hartuko dute lehiakideen jarduera irakaskuntza eta ikerketan eta, oro har, curriculum akademiko eta profesionala eta irakaskuntzaren eta ikerketaren alorrekoa. Kontuan hartuko dute, halaber, irakaskuntza eta ikerketa proiektua eta gaiak azaltzeko eta eztabaidatzeko gaitasuna. Gainera, horiek guztiak plazaren ezaugarrietara egokitzen diren ala ez aztertuko dute.

2.- Unibertsitatean sartzeko lehiaketetarako deia egitean emango dira argitara lehiaketa horiek ebatziko dituzten epaimahaikideen izenak eta beren curriculumak, legerian xedatutako moduan; eta argitaratu egingo da, baita ere, Gobernu Kontseiluak onartutako baremo orokorra. Epaimahaiek, eratu ondoren baina lehiakideak aurkeztu baino lehenago, argitara emango dituzte lehiaketa arautuko duten irizpideak.

3.- Unibertsitateak, onartuta izango duen hizkuntza plangintzari jarraiki, hizkuntza gaitasuna egiaztatzeko baldintza ezar dezake unibertsitatean sartzeko probetan, kontuan hartuta, betiere, indarrean egongo den legeria.

4.- Epaimahaiak errektoreari igorriko dio plaza betetzeko proposatutako lehiakideen zerrenda ordenatua. Arrazoiak zeintzuk izan diren azaldu beharko da, eta dokumentu hori loteslea izango da. Epaimahaiak lehiakide bakoitzaren balioespena egingo du, arrazoiak emanda, eta lehiakide bakoitzak zenbat puntu lortu dituen ere adieraziko du.

5.- Errektoreak izendatuko ditu unibertsitateko kidegoetako irakasleak eta jakinaren gainean jarriko du Unibertsitateen Kontseilua. Era berean, izendapenok Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua emango du.

6.- Gobernu Kontseiluari honako hauek dagozkio: lehiaketen deialdiari eta epeei buruzko arauak ematea, lehiakideen balioespenerako baremo orokorra zehaztea eta unibertsitatean sartzeko lehiaketak ebatziko dituzten epaimahaietako buruak eta idazkariak izendatzeko prozedura finkatzea. Kontuan izango du horretarako Irakasleen Batzordearen proposamena.

31. artikulua.- 1.- Plazak betetzeko proposamenen kontrako erreklamazioak aurkeztu ahal izango zaizkio errektoreari, proposamenok argitaratu eta hamar egun balioduneko epearen barruan. Erreklamazioren bat onartzen bada, izendapenak bertan behera geratuko dira erreklamazioa ebatzi arte.

2.- UPV/EHUko Erreklamazio Batzordeak aztertuko ditu irakasleak izendatzeko proposamenen kontra jarritako erreklamazioak.

3.- Erreklamazio Batzordea lanean ari diren unibertsitateko zazpi katedradunek osatuko dute. Jakintza eremu desberdinetakoak izango dira, eta akreditazio probetako batzordeetan aritzeko legeek xedatutako baldintzak beteko dituzte. Katedradun horiek Gobernu Kontseiluak hautatuko ditu, lau urterako. Batzordeko burua antzinatasun handieneko katedraduna izango da, eta idazkaria txikienekoa.

4.- Erreklamazio Batzordeak, gehienez ere hiru hilabeteren buruan, proposamena aurkeztuko du, arrazoiak azalduta. Beharrezkotzat ikusiz gero, kanpoko iritziak eskatu ahal izango ditu eta, edonola ere, entzun egin beharko ditu plaza epaitu zuen batzordea, erreklamazio egilea eta kaltetutako lehiakideak. Errektoreak bete egin beharko du batzordearen proposamena. Epea igarota ez bada egin proposamen arrazoiturik, erreklamazioa ez dela onartu ulertuko da eta, hortaz, irekita egongo da bide jurisdikzionala.

5.- Errektorearen erabakiak amaiera emango dio unibertsitateko administrazio bideari. Horren ondoren auzibidera jo ahal izango da.

32. artikulua.- Eszedentzia egoeran egonda lanera itzuli nahi duten irakasle funtzionarioen behin-behineko atxikipena errektoreak erabakiko du, ikusita UPV/EHUko Irakasleen Batzordearen txostena. Irakasle bakoitzari dagokion jakintza arloan eta kidegoan plaza huts bat egon beharko da horretarako. Nolanahi ere, bete egin beharko da legeek diotena langileak lanera automatikoki eta behin betiko itzultzeari buruz. Behin-behineko atxikipena bertan behera geratuko da interesdunak ez badu hartzen parte unibertsitatean sartzeko UPV/EHUk antolatuko dituen lehiaketetan, edo interesduna ez bada proposatua plaza betetzeko hurrengo lehiaketan.

33. artikulua.- Gobernu Kontseiluak onartuko du bitarteko irakasleak hautatzeko prozedura, kontuan hartuta UPV/EHUko Irakasleen Batzordearen proposamena eta entzunda langileen ordezkarien iritzia.

34. artikulua.- 1.- Gobernu Kontseiluak erabakiko du lan kontratudun irakasle eta ikertzaileen zenbat plaza agertuko diren urtero lanpostuen zerrendan, irakaskuntzaren eta ikerketaren alorreko premiei aurre egiteko. Kontuan hartuko ditu horretarako UPV/EHUko Irakasleen Batzordearen proposamena eta sailen eta ikastegien iritziak. Plazak betetzeko lehiaketa publikorako deialdia egitean kasuan kasuko lan kategoriari dagozkion arauak aplikatuko dira. Ikertzaileen plazen kasuan, plaza horiek betetzeko eskaera egin beharko dute ikerketako egiturek, Gobernu Kontseiluak horretarako ezarriko duen prozedurari jarraiki.

2.- Edozein nazionalitateko pertsonek ahal izango dute hartu parte lehiaketa publikoetan, baldin eta estatutuotan, indarreko legerian eta kasuan kasuko deialdian aipatutako baldintzak betetzen badituzte.

3.- Irakasle eta ikertzaile kontratatuak aukeratzeko epaimahaiek bermatuko dute lehiakide guztiek aukera berberak dituztela, eta merezimendu eta gaitasun printzipioak errespetatuko. Epaimahaiek, proposamena egiteko, aintzat hartuko dute estatutu hauetako 30.1 artikuluak dioena. Gobernu Kontseiluak onartutako baremo orokorrak aplikatuko dituzte eta, dena dela, akreditazio probak gaindituta izateari lehentasuna emango diote.

4.- Irakasle kontratatu iraunkorrak hautatzeko epaimahaiak bost pertsonek osatuko dituzte, kidego edo kategoria horretakoak edo goragokoak, indarreko legeriak dioen moduan. Ahalegina egingo da emakumezkoen eta gizonezkoen kopuruak orekatuak izan daitezen, legerian xedatutako moduan.

5.- Irakasleak hautatzeko prozedura Gobernu Kontseiluak onartuko du, ikusita Irakasleen Batzordearen proposamena.

6.- Erreklamazioak jarri ahal izango dira irakasle eta ikertzaile kontratatu iraunkorrak hautatzeko epaimahaien erabakien kontra, irakasle eta ikertzaile funtzionarioak unibertsitatean sartzeko lehiaketak ebatziko dituzten epaimahaietarako esandako moduan, eta erreklamazio batzorde espezifikoari aurkeztuko zaizkio.

35. artikulua.- 1.- Aldi baterako irakasle eta ikertzaile kontratatuak Gobernu Kontseiluak ezarritako arautegiari jarraiki hautatuko dira, kontuan hartuta UPV/EHUko Irakasleen Batzordearen proposamena.

2.- Hautaketa epaimahaiek hartutako erabakien kontra erreklamazioa jarri ahal izango zaio organo espezifiko bati, UPV/EHUko Irakasleen Batzordearen proposamena entzunda Gobernu Kontseiluak onartuko duen moduan.

36. artikulua.- 1.- Gobernu Kontseiluak zehaztuko ditu, halaber, irakasle emerituak kontratatzeko baldintzak eta sistema, ikusita Unibertsitateko Irakasleen Batzordearen proposamena. Irakasle emerituek izen handiko irakasle funtzionario edo kontratatuak izan beharko dute, adinagatik erretiroa hartuta daudenak eta UPV/EHUn zerbitzu nabarmenak eskaini dituztenak gutxienez hamar urtean; edo, bestela, beste unibertsitate edo irakasgune eta ikergune batzuetako irakasle edo ikertzaile ospetsuak.

2.- Irakasle bisitariek eta irakasle emerituek kasuan kasuko sailak edo unibertsitateko egiturak esleitutako kolaborazioak eraman ahal izango dituzte aurrera, aplika daitekeen legeriaren barruan.

3.- Irakasle hauen arduraldia ez da zertan izan gainerako irakasleen parekoa, ez betebehar akademikoei dagokienez, ez lanlekuan egon beharrari dagokionez. Batez ere, zeregin hauek beteko dituzte: mintegiak, ikastaro monografikoak, espezializazio ikastaroak edo ikerketa proiektuak.

4.- Irakasle bisitariek eta irakasle emerituek ezin izango dute bete inolako kargu akademikorik.

37. artikulua.- Estatutu hauetako 27.4 artikuluan adierazitakoari kalterik egin gabe, lanpostuak premiaz eta aldi baterako betetzeko, kontuan hartuko da Gobernu Kontseiluak onartutakoa UPV/EHUko Irakasleen Batzordearen proposamenari jarraiki.

38. artikulua.- 1.- Gobernu Kontseiluak lankide akademikoak izendatu ahalko ditu, kontuan hartuta ikastegien, sailen edo unibertsitateko beste egitura batzuen proposamenak. Lankide horiek kualifikazio handiko profesionalak izango dira, irakaskuntzan eta ikerketan modu eraginkorrean lagundu ahal izango dutenak jarduera osagarrien bidez.

2.- Lankide akademikoak urte baterako izendatuko dira. Izendapena luzatu egin ahal izango da, edo iraunkorra izan, baina lankide horiek ez dute jasoko ordainsaririk eta ez dute izango inolako kontratu harremanik UPV/EHUrekin.

39. artikulua.- 1.- Prestakuntza bidean dauden ikertzaileen kasuan gerta daitezkeen egoera juridikoak, hala bekadun gisa nola prestakuntza bidean dauden kontratatu gisa, aplikagarria den arautegi orokorrera egokituko dira.

2.- Gobernu Kontseiluak beharrezkoa izan daitekeen arautzea ezarriko du, ikusita Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordearen proposamena.

3.- Unibertsitateko gobernu organoetako ordezkaritzari dagokionez, UPV/EHUko Hauteskunde Arautegi Orokorraren arabera dagokien sektorean sartuko dira prestakuntza bidean dauden ikertzaileak.

40. artikulua.- 1.- Ikertzaile bisitariek aldi batean egingo dituzte ikerlanak UPV/EHUn, onarpen gutunaren bidez edo beste erakunde batzuekin (unibertsitateak, ikerguneak eta erakunde publiko edo pribatuak) sinatuko diren lankidetza hitzarmenen bitartez.

2.- Gobernu Kontseiluak zehaztuko du lankidetza hitzarmenetan gutxienez jasoko dena, bai eta unibertsitateko zeintzuk organok izango duten onarpen gutunak egiteko eskumena ere. Halaber, ikertzaile bisitarien araubidea onartuko du.

3.- Ikertzaile bisitarien jardunak ez du eragingo inolako kontratu harremanik UPV/EHUrekin.

41. artikulua.- 1.- UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileek eskubide hauek izango dituzte, legerian eta estatutu hauetan jasotako beste eskubide edo ahalmenez gain:

a) Katedra askatasunarekin eta ikertzeko askatasunarekin aritzea, ideia eta sineste zientifikoak askatasunez adierazita.

b) Bitarteko egokiak izatea eginkizunak behar bezala betetzeko, beren duintasun pertsonal eta profesionala erabat errespetatuta eta kalterik egiteke, horregatik, eraginkortasun eta eragimen printzipioei.

c) Karrera profesionalean aurrera egitea, legerian xedatutako moduan, berdintasun, merezimendu eta gaitasun printzipioei jarraiki. Era berean, etengabeko prestakuntzarako eta ezagutza eta gaitasunak etengabe eguneratzeko eskubidea izango dute, beren jarduerari lotutako zereginak eta eginkizunak egokiro bete ahal izateko.

d) Jarduera akademikoa aintzat hartu eta errespetatzea, eta ebaluazioa aldez aurretik ezarritako irizpide publiko, objektibo eta gardenen arabera egitea. Era berean, beraiengan eragina duten ebaluazioen emaitzak ezagutzea eta, beharrezkoa izanez gero, erreklamazioak egitea.

e) Parte hartzen duten lan akademikoen egiletzat edo egileen taldeko kidetzat hartua izatea.

f) Askatasunez sindikatzeko eskubidea, eta negoziazio kolektiboa eta greba askatasunez egitekoa.

g) UPV/EHUk eskainiko dituen gizarte prestazioak izateko eskubidea, bai eta baldintza egokiak ere laneko osasunaren arloan.

h) Lana eta familiako bizitza bateratzeko erraztasunak izateko eskubidea.

i) Unibertsitatean sartzeko eta zeregin eta jarduera profesionalak burutzeko nahiz karrera profesionala garatzeko benetako genero berdintasuna izatea.

2.- Irakasle eta ikertzaileen irakats betebeharrak berdintasunez banatuko dira, estatutuotako 27.4 artikuluan jasotako irizpideei jarraiki.

42. artikulua.- UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileek betebehar hauek izango dituzte, legerian eta estatutu hauetan jasotakoez gain:

a) Ezagutza zientifikoak eta prestakuntza eguneratzea, irakaslana, ikerlana eta gaitasun pedagogikoa hobetzeko.

b) UPV/EHUren kalitatea eta funtzionamendua hobetzen laguntzea, zerbitzu publiko moduan, irakaslanak, ikerlanak eta kudeaketa lanak eginda dagokien alorrean.

c) Irakasleen eta ikertzaileen lana kontrolatu eta ebaluatzeko prozeduretan parte hartzea, eta irakaslanaren, ikerlanaren eta kudeaketa lanen berri ematea urtero kasuan kasuko sail, ikerketa institutu edo ikastegiari.

d) Eskolak ematea kasuan kasuko diziplina alorrean, ikasleen ikaskuntza eta ebaluazioa bultzatzeko egoki diren irakats metodoak erabilita, hezkuntza helburuak lortu ahal izateko.

e) Esleitutako irakats lanak eta tutoretzak egitea, baita ere ikerketaren eta berrikuntzaren alorreko lanak eta ezagutzaren transferentziari lotutakoak. Halaber, kudeaketa lanak egitea.

43. artikulua.- 1.- Irakasleek eta ikertzaileek indarreko legeria orokorrean eta autonomia erkidegokoan aipatutako ordainsariak jasoko dituzte edo, halakorik egonez gero, akordio edo hitzarmen kolektibo aplikagarrian zehaztutakoak, ordainsarien erregimenari jarraiki.

2.- Aurrekoari kalterik egin gabe, Gobernu Kontseiluak beste ordainsari batzuk zehaztu ahal izango ditu irakasle eta ikertzaileen lana bultzatzeko programen barruan.

3.- Irakasle eta ikertzaileek espezializazio eta kualifikazio jarduerak egiten dituztenean, UPV/EHUk ordainsari bereziak eman ahal izango dizkie unibertsitateari emandako zerbitzu profesionala ordaintzeko. Gobernu Kontseiluak erabakiko du noiz ordainduko diren, errektorearen proposamena ikusita.

44. artikulua.- 1.- Gobernu organoek unibertsitateko irakasleak prestatzeko programak sustatuko dituzte, bakoitzak dagokion esparruan eta kontuan hartuta campusaren ikuspegia, irakasleen etengabeko prestakuntza eta hobekuntza indartu ahal izateko, batez ere ikasketa berrikuntzaren eta hizkuntza gaitasunaren alorretan. Programa horiek bat etorriko dira bai UPV/EHUren plangintza estrategikoarekin bai ebaluazio agentzien eskakizunekin, eta aldez aurretik negoziatuko dira irakasleen eta ikertzaileen ordezkaritza organoekin, indarreko legerian adierazitako moduan.

2.- UPV/EHUk aurrekontu saila izango du horretarako.

45. artikulua.- 1.- Gobernu Kontseiluak honako hauek nola emango diren zehaztuko du, kontuan hartuta UPV/EHUko Irakasleen Batzordearen iritzia: irakasleen eta ikertzaileen zerbitzu betekizun, lizentzia, baimen eta eszedentzia guztiak. Dena dela, horiek guztiak zehaztu baino lehen negoziatu egin beharko ditu irakasleen eta ikertzaileen ordezkaritza organoekin, indarrean egongo den legerian adierazitako moduan. Horien artean arautuko ditu, beren-beregi, prestakuntza eta ikerketa jarduerak hobetzera zuzenduak.

2.- Zerbitzu betekizunaren, lizentziaren, baimenaren edo lanpostua gordeta izateko eskubidea ematen duen aldi baterako eszedentziaren ondorioz lanpostua hutsik geratzen bada, irakaslana bere gain hartu beharko du sailak, ikerketa institutuak edo kasuan kasuko guneak. Egoera hori ordenamendu juridikoan edo negoziazio kolektiboan inolako baldintzarik gabe jasotako eskubide baten ondorio bada, edo nahitaez bete beharreko karguei edo eginkizunei badagokie, irakaslana beteko dela ez da bermatu beharko.

46. artikulua.- 1.- Irakasle eta ikertzaile funtzionarioek eta irakasle kontratatu iraunkorrek urte sabatikoa eskatu ahal izango dute, sei urte eraman ondoren lanean UPV/EHUn arduraldi osoan, Gobernu Kontseiluak ezarritako arauei jarraiki. Hortaz, bitartekoak gordeko dira, ahal izanda, premien araberako kontratazioak egiteko, irakasleen eta ikertzaileen ordezkaritza organoekin negoziatu ondoren, indarrean egongo den legerian adierazitako moduan. UPV/EHUko Irakasleen Batzordeak eskaerei buruzko iritzia emango du, kasuan kasuko ikastegia, saila edo ikerketako egitura entzun ondoren. UPV/EHUk urtero finkatuko du sabatikoen programa, eta erreserba egingo du aurrekontuan helburu hori beteko dela bermatzeko.

2.- Gobernu Kontseiluak irakaskuntzarekin, ikerketarekin eta irakasle eta ikertzaileen kudeaketarekin zerikusirik duen jarduerari loturiko pizgarri eta aitorpenen sistema arautu ahal izango du.

47. artikulua.- 1.- Irakasleek arduraldi osoan edo partzialean egingo dute lan.

2.- Oro har, arduraldia osoa izango da eta ez da emango baimenik arduraldia aldatzeko ikasturtea bukatu arte.

3.- Arduraldia urteka zenbatu ahal izango da, Gobernu Kontseiluak onartuko dituen irizpideei jarraiki.

48. artikulua.- 1.- UPV/EHUko Irakasleen Batzordeko burua errektorea izango da, edo horretarako eskuordetza daukan errektoreordea, eta batzordeko kideak izango dira unibertsitatearekin lotura iraunkorra daukaten irakasleen taldekoak izanik irakaskuntzaren eta ikerketaren arloan gutxien dela hamar urteko esperientzia duten zortzi lagun, jakintza arlo desberdinetakoak. Gobernu Kontseiluak onartuko duen arautegian zehaztutako moduan aukeratuko dira irakasle horiek. Arautegi horrek emakumezkoen eta gizonezkoen kopuruak orekatuak izateko bidea ezarriko du.

2.- Hauek dira UPV/EHUko Irakasleen Batzordearen eginkizunak:

a) Aholku ematea errektoreari eta Gobernu Kontseiluari.

b) Irakasleei buruzko arautegia onartzeko proposamena egitea Gobernu Kontseiluari.

c) Unibertsitateko irakasleen plazak betetzeko lehiaketak ebatziko dituzten batzordeetako kideak proposatzea errektoreari, bai eta irakasle kontratatuak hautatzeko batzordeetakoak ere.

d) Irakasleen eta ikertzaileen premien inguruan sailek aurkeztuko dituzten memoriei buruzko iritzia ematea.

e) Estatutu hauek edo UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak esleituko dizkion gainerakoak.

3.- Gobernu Kontseiluak, aparteko kasuetan eta behar bezala arrazoituta, aldatu ahal izango du batzordearen osaera, betiere proportzioa gordeta, eta haren arautegia onartuko du, hura entzunda. Azpibatzordeak eratzeko aukera jaso ahal izango da arautegian, gai espezifikoak azter ditzaten. Azpibatzorde horiek erabakiak hartzeko ahalmena izango dute.

49. artikulua.- 1.- Irakasleen eta ikertzaileen ordezkaritza organoak honakoak dira:

a) Irakasle eta Ikertzaileen Batzarra, irakasle eta ikertzaile funtzionarioen ordezkaritza organo bateratua.

b) Enpresa Batzordea, irakasle eta ikertzaile kontratatuen ordezkaritza organo bateratua.

c) Atal sindikalak, hau da, UPV/EHUko irakasle eta ikertzaile funtzionarioen eta kontratatuen ordezkari diren organo sindikalak.

2.- Irakasleen eta ikertzaileen ordezkaritza organoak beren arauen bidez eta estatutu hauetan xedatutakoari jarraiki arautuko dira.

3.- Hauek dira, besteak beste, irakasleen eta ikertzaileen ordezkaritza organoen betekizunak:

a) Irakasleen eta ikertzaileen lan baldintzen negoziazio kolektiboa.

b) Irakasleen eta ikertzaileen defentsa lan gatazketan eta diziplina espedienteetan, interesdunak beren-beregi eskatuz gero.

c) Ondoko zereginetan parte hartzea, estatutu hauetan adierazitako moduan: irakasleen eta ikertzaileen politika zehazteko lanetan; lanpostuen zerrenda definitzeko irizpideak prestatzeko zereginetan, bai eta irakasleak eta ikertzaileak ebaluatzeko irizpideak prestatzeko zereginetan ere; irakasleen eta ikertzaileen hobekuntza eta prestakuntza programak aurrera eramateko beharrean; eta esleitu ahal izango zaizkien gainerakoetan.

IV. KAPITULUA

ADMINISTRAZIO ETA ZERBITZUETAKO LANGILEAK

50. artikulua.- 1.- Honako hauek izango dira UPV/EHUko administrazio eta zerbitzuetako langile:

a) Langile funtzionarioak.

b) Lan kontratudun langileak.

c) Beste administrazio publiko batzuetako funtzionarioak, indarreko legeriari jarraiki UPV/EHUn lanean jarduten dutenak.

2.- Konfiantzako langileak ere administrazio eta zerbitzuetako langile izango dira. Honako hauek izango dira konfiantzako langileak: konfiantzako lanpostuak edo aholkularitza berezia emateko lanpostuak beteko dituztenak, baldin eta karrerako funtzionarioentzat eta lan kontratu finkoko langileentzat ez badira. Konfiantzako lanpostu horiek ezaugarri horrekin agertu beharko dira lanpostuen zerrendan. Langile horiek errektoreak izendatuko ditu eta lanpostutik ere berak kenduko ditu, nahi duenean. Edozein modutan ere, lanpostua utzi beharko dute errektoreak kargua uztean.

51. artikulua.- 1.- Administrazio eta zerbitzuetako langileak arduratuko dira kudeaketa administratibo, ekonomiko eta teknikoaz eta, halaber, laguntza eta aholkularitza emango diete UPV/EHUko egiturei eginkizunak aurrera eraman ditzaten.

2.- Administrazio eta zerbitzuetako langileek laguntza eta aholkularitza emango diete agintari akademikoei eta, orobat, kudeaketa eta administrazioaz arduratuko dira, nagusiki arlo hauetan: giza baliabideak, antolakuntza administratiboa, gai ekonomikoak, informatika, artxiboak, biblioteka, informazioa, zerbitzu orokorrak, eta zerbitzu zientifiko eta teknikoak. Laguntza eta aholkularitza emango diete, baita ere, ikerketari eta teknologiaren transferentziari eta UPV/EHUk helburuak betetzeko kudeaketa administratiboaren alorrean beharrezko dituen bestelako prozesuei.

52. artikulua.- 1.- Administrazio eta zerbitzuetako langile funtzionarioak honako hauen bidez arautuko dira: Estatutuak, unibertsitate legeria, Euskal Autonomia Erkidegoak bere eskumenen esparruan emandako arauak, enplegatu publikoari buruzko arautegia eta UPV/EHUko lan baldintzak arautzeko hitzarmenak.

2.- Administrazio eta zerbitzuetako lan kontratudun langileak honako hauen bidez arautuko dira: Estatutuak, unibertsitate legeria, enplegatu publikoari buruzko arautegia, lan arloko legeria eta hitzarmen kolektibo aplikagarriak.

53. artikulua.- Gobernu Kontseiluak erabakiko ditu administrazio eta zerbitzuetako langileen ordainsariak, kontuan hartuta otsailaren 25eko 3/2004 Legeak, Euskal Unibertsitate Sistemari buruzkoak, xedapen gehigarrietatik bederatzigarrenean zehaztutakoa. Ordainsari horiek aldez aurretik administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkaritza organoekin negoziatuko dira, indarreko legeriari jarraituz.

54. artikulua.- UPV/EHUko administrazio eta zerbitzuetako langileek eskubide hauek izango dituzte, indarrean dagoen legerian eta estatutu hauetan jasotako beste eskubideez gain:

a) Lanak edo eginkizunak behar bezala betetzea, eta lanpostutik kenduak ez izatea, arrazoirik edo bermerik jaso gabe.

b) Beteko duten lanpostuari dagozkion ordainsariak jasotzea, UPV/EHUko lanpostuen zerrendaren arabera.

c) Lana aurrera eramateko eta lanpostuari lotutako eginkizunak ezagutzeko beharrezkoak izango diren bitartekoak eta informazioa izatea.

d) Promoziorako bidea emango duen etengabeko prestakuntza profesionala jaso eta karrera profesionala aurrera eramatea.

e) Kalitate edo hobekuntza prozesuetan parte hartzea eta ezagutzea beren lana ebaluatzeko erabiliko diren irizpideak eta prozedurak, bai eta ebaluazioen emaitzak ere.

f) Askatasunez sindikatzeko eskubidea, eta negoziazio kolektiboa eta greba askatasunez egitekoa

g) Lana eta familiako bizitza bateratzeko erraztasunak izateko eskubidea.

h) Benetako genero berdintasunerako eskubidea, lanpostuak eskuratzeko prozesuetan, zereginak eta jarduera profesionala betetzean eta karrera profesionalean.

55. artikulua.- UPV/EHUko administrazio eta zerbitzuetako langileek betebehar hauek izango dituzte, indarrean dagoen legerian eta estatutu hauetan jasotako beste betebeharrez gain:

a) Izendapeneko edo kontratuko betekizunak betetzea, modu horretara UPV/EHUk bere helburuak bete eta kalitatea eta funtzionamendua hobetu ditzan, zerbitzu publikoa den aldetik.

b) Zerbitzuaren funtzionamendu egokia ziurtatzea, nagusiak, lankideak edo menpekoak bertan ez daudenean.

c) Prestakuntza eta kualifikazio profesionalak eguneratuta izatea, eta prestakuntzako jardueretan parte hartzea.

d) Beren jarduna ebaluatu eta kontrolatzeko prozeduretan parte hartzea. Prozesuok, aldez aurretik, langileen ordezkaritza organoekin negoziatuko dira.

e) Eginkizunak aurrera eramatean zerbitzu publikoa izatearen printzipioa betetzea eta, hortaz, printzipio horren kontrako portaerarik ez izatea, ezta ere zerbitzu publikoen neutraltasuna zalantzan jar dezakeen bestelakorik.

f) Betetzen duen karguagatik dakizkien gaien inguruko diskrezioa gordetzea, eta informazio hori ez erabiltzea bere mesederako edo beste batzuen mesederako, ezta ere interes publikoa kaltetzeko.

56. artikulua.- 1.- Gobernu Kontseiluak onartu behar ditu administrazio eta zerbitzuetako langileen kidegoak eta eskalak. Aldez aurretik, langileen ordezkaritza organoekin negoziatuko da.

2.- Lan kontratudun langileen sailkapena indarreko hitzarmen kolektiboaren araberakoa izango da.

57. artikulua.- 1.- Erreferentziako plantilla izango da administrazio eta zerbitzuetako langileen politika planifikatzean kontuan hartuko den lehen irizpidea.

2.- Erreferentziako plantilla zehaztu eta definitzean kontuan hartuko dira Gobernu Kontseiluak unibertsitateak campusetan zerbitzua behar bezala emateko xedez onartutako irizpideak. Aldez aurretik, langileen ordezkaritza organoekin negoziatuko da.

58. artikulua.- 1.- UPV/EHUk lanpostuen zerrenden edo antzeko tresnen bitartez antolatuko du bere egitura. Tresna horietan, gutxienez, honako hauek jasoko dira: lanpostuen izenak, lanpostuak administrazioko zein unitateri dauden atxikita, sailkapen profesionaleko taldeak, kidego edo eskalak, egoki izanez gero, hizkuntza eskakizuna eta derrigortasun data, bai eta lanpostuak betetzeko sistemak eta ordainsari osagarriak ere.

2.- Gobernu Kontseiluak ontzat eman beharko ditu tresna horiek, organo eskudunaren proposamena jasota eta, aldez aurretik, langileen ordezkaritza organoekin negoziatuta. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, bai eta tresna horien aldizkako eguneratzeak ere.

59. artikulua.- 1.- UPV/EHUk, bere autonomiaz baliatuta, administrazio eta zerbitzuetako langileak hautatuko ditu, funtzionarioak zein lan kontratudunak. Lan eskaintza publikoa egingo du horretarako, deialdi publikoaren bidez, eta indarrean egongo den legerian jasotako sistemen bitartez hautatuko ditu langileak. Edonola ere, berdintasun, merezimendu, gaitasun eta zabalkunde printzipioak bermatuko ditu.

2.- Langileak hautatzeko prozesuetan arreta berezia jarriko da prozesu horietan egingo diren probak bat etor daitezen lanpostuan bete beharreko eginkizunekin, indarreko legeriari jarraiki.

60. artikulua.- UPV/EHUren lan eskaintzan jasotako plaza hutsak betetzeko egingo diren hautatze probetako deialdia Gobernu Kontseiluak onartuko du, kontuan hartuta errektorearen proposamena, eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkaritza organoekin negoziatu ondoren, indarreko legerian adierazitako moduan. Deialdi hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

61. artikulua.- UPV/EHUko langile funtzionarioak edo lan kontratu finkoko langileak hautatzeko egingo diren probetako oinarrietan honako hauek adierazi beharko dira, nahitaez:

a) Lanpostu hutsen kopurua; taldea, kidegoa eta eskala edo lan kategoria; eta barne sustapenerako izango diren lanpostuen ehunekoa.

b) Lehiakideek bete beharko dituzten baldintzak.

c) Probak, programak eta merezimenduen zerrenda, baldin badaude; era berean, lehiakideak baloratzeko irizpideak eta arauak.

d) Langileak hautatuko dituen epaimahai edo organo teknikoaren osaera.

e) Kasuan-kasuan eskatuko den prestakuntza ikastaro selektiboaren edo praktikaldiaren ezaugarriak, beharrezkoa izanez gero.

62. artikulua.- 1.- UPV/EHUk funtzionarioen barne sustapena bultzatuko du, hau da, titulazio talde bateko kidego eta eskalatik goragokora pasatzea. Langileak hautatzeko prozesuetako oinarrietan legalki onartutako prozesu espezifikoei kalterik egin gabe, plazak gorde ahal izango dira UPV/EHUn lanean ari diren funtzionarioentzat, hots, kasuan kasuko eskalan sartzeko baldintzak beteko dituztenentzat.

2.- Lan kontratudun langileen barne sustapena indarrean egongo den hitzarmen kolektiboari jarraiki egingo da.

3.- Barne sustapenerako prozesuetan ezagutza proba orokorrak edo espezifikoak sar daitezke, bai eta prestakuntza ikastaro selektiboak eta objektibotasuna bermatzeko egokiak izan daitezkeen bestelako sistemak ere.

4.- Gobernu Kontseiluak garatuko du administrazio eta zerbitzuetako langileen karrera profesionalari buruzko arautegia, indarreko legeriari jarraiki eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkaritzaren iritzia kontuan hartuta.

63. artikulua.- Funtzionarioen lanpostuak funtzio publikoari buruzko arautegian adierazitako moduan beteko dira.

64. artikulua.- Errektoreak arautuko ditu aldi baterako premiei eta presazkoei erantzuteko egongo diren poltsak, campuska antolatu ahal izango direnak, kontuan hartuta gerentearen proposamena eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkaritza organoekin negoziatu ondoren. Edonola ere, berdintasun, merezimendu, gaitasun eta zabalkunde printzipioak bermatuko ditu.

65. artikulua.- 1.- UPV/EHUk administrazio eta zerbitzuetako langileen kanpoko zein barruko etengabeko prestakuntza bermatu, sustatu eta bultzatuko du, beren eginkizunak aurrera eramateko beharrezkoak diren gaitasuna, kalitatea eta espezializazioa eskura ditzaten. Prestakuntza eta Hobekuntza Batzordeak eginkizunen programa antolatuko du urtero, kontuan hartuta UPV/EHUren plan estrategikoa eta errektoreak urtero ezarriko dituen helburuak. Batzorde hori Gerentziaren eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkariek osatuko dute, modu parekatuan.

2.- Era berean, mugikortasuna bultzatuko du Europako Unibertsitate Eremuan eta administrazio eta zerbitzuetako langileek beste unibertsitate eta erakunde publiko edo pribatu batzuek antolatutako ekintzetan parte har dezatela, UPV/EHUren zerbitzuak hobetu ahal izateko.

3.- Administrazio eta zerbitzuetako langileei baimen bereziak eman ahal izango zaizkie unibertsitateko kudeaketa eta zerbitzuen kalitatea hobetzera zuzendutako prestakuntzako ekintzetarako, Gobernu Kontseiluak erabakiko dituen arauei jarraiki. Baimen horiek urte baterako izango dira gehienera.

4.- UPV/EHUk diru saila izango du aurrekontuan eskaera horietarako eta lanpostuko ordezkoa ordaintzeko.

66. artikulua.- 1.- Hauek dira administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkaritza organoak:

a) Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen Batzarra, administrazio eta zerbitzuetako langile funtzionarioen ordezkaritza organo bateratua.

b) Enpresa Batzordea, lan kontratudun langileen ordezkaritza organo bateratua.

c) Atal sindikalak, hau da, UPV/EHUko administrazio eta zerbitzuetako langile funtzionarioen eta lan kontratudun langileen ordezkari diren organo sindikalak.

2.- Administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkaritza organoak beren arauen bidez eta estatutu hauetan xedatutakoari jarraiki arautuko dira.

3.- Hauek dira, besteak beste, administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkaritza organoen betekizunak:

a) Administrazio eta zerbitzuetako langileen lan baldintzen negoziazio kolektiboa.

b) Administrazio eta zerbitzuetako langileen defentsa lan gatazketan eta diziplina espedienteetan, interesdunak beren-beregi eskatuz gero.

c) Ondoko zereginetan parte hartzea, estatutu hauetan adierazitako moduan: administrazio eta zerbitzuetako langileen politika zehazteko lanetan; erreferentziako plantilla eta lanpostuen zerrenda definitzeko irizpideak prestatzeko zereginetan, bai eta lan eskaintza publikoa eta sustapen prozesuak prestatzeko zereginetan ere; administrazio eta zerbitzuetako langileen lan poltsak arautzeko lanetan; eta esleitu ahal izango zaizkien gainerakoetan.

V. KAPITULUA

PREMIA BEREZIAK DAUZKATEN PERTSONAK

67. artikulua.- UPV/EHUk ekintzak bultzatuko ditu premia bereziak dauzkaten unibertsitateko kideek eta gainerako kideek aukera berdintasun berberak dauzkatela ziurtatzeko. Beraz, beharrezko baliabideak, informazioa, laguntza eta bitartekoak jarriko ditu premia bereziak dauzkaten pertsonen eskura.

68. artikulua.- 1.- UPV/EHUk bermatu egingo die aukera berdintasuna ezintasunak dauzkaten ikasleei eta unibertsitateko gainerako kideei. Beraz, debekatu egingo du edozein diskriminazio mota eta ekintza positiboa bultzatuko du, aipatutako pertsonen parte hartzea erabatekoa eta eraginkorra izan dadin unibertsitatean.

2.- Ezintasunak dauzkaten ikasleak eta unibertsitateko gainerako kideak ezin izango dira izan diskriminatuak beren ezintasunagatik, ez zuzenean ez zeharka, unibertsitatera sartzeko prozesuan, bertan ari direnean, eta titulu akademikoak edo onartuta dauzkaten bestelakoak baliatzean.

3.- Ezintasunak dauzkaten ikasleek horrelakorik behar balute, unibertsitateko ikastegiek eta sailek esanguratsuak ez diren egokitzapen curricularrak egingo lituzkete eta ikasleen beharretara moldatutako tutoretza espezifikoak ezarriko.

4.- UPV/EHUk egokitu egin beharko du bere ingurunea, legeriak xedatutakoari jarraiki, ezintasunak dauzkaten pertsonak oztoporik gabe ibili ahal izan daitezen bertan.

5.- UPV/EHUk kontuan hartuko du ezintasunak dauzkaten pertsonei lana emateko arautegietan xedatutakoa, eta aplikatu egingo du langileak hautatu eta kontratatzean.

69. artikulua.- UPV/EHUk programa bereziak onartuko ditu, gainerako administrazio publikoekin elkarlanean, mota guztietako terrorismoaren biktimek eta genero indarkeriaren biktimek laguntza indibiduala, babesa eta beharrezko egokitzapenak izan ditzaten irakaskuntzaren alorrean.

VI. KAPITULUA

DIZIPLINA ARAUBIDEA

70. artikulua.- 1.- Errektoreak hartuko ditu ikasleen, irakasle eta ikertzaileen, eta administrazio eta zerbitzuetako langileen diziplina araubideari buruzko erabakiak, indarrean egongo den legeriak beste organo bati esleitzen ez dizkionak.

2.- UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak onartuko du diziplina arautegia, kontuan hartuta errektorearen proposamena eta ikasleen, irakasle eta ikertzaileen, eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkaritza organoak entzun ondoren.

3.- Diziplina arautegiak behar beste bermatuko ditu interesdunen oinarrizko eskubideak eta prozedurari dagozkionak.

71. artikulua.- Unibertsitateko agintari hauei dagokie, beren eskumenen arabera, isilpeko informazioa jasotzea eta diziplina espedientea irekitzeko proposamena egitea: errektoreari, errektoreordeei, gerenteari, ikastegietako dekano eta zuzendariei, sailetako zuzendariei eta unibertsitateko ikerketa institutuetako zuzendariei. Ikastegietako edo campusetako ikasleen kontseiluetako buruak eta UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluko burua ere salatzaile izan ahalko dira aipatutako kasuetan.

72. artikulua.- 1.- Errektoreak aginduko du diziplina espedienteen instrukzioa egitea, eta berak ebatziko ditu.

2.- Errektoreak ikastegietako dekano eta zuzendariei eskuordetu ahal izango die diziplina arloko ahalmena hutsegite arinak direnean, tramiteak egin eta zigorrak jartzeko.

3.- Espedienteak tramitatzean behin-behineko neurriak hartu ahal izango dira.

73. artikulua.- 1.- Unibertsitateko kideek egin ditzaketen hutsegiteak edo arau husteak eta jarri beharreko zigorrak kasuan kasuko lege xedapenek arautuko dituzte.

2.- Arau husteak eta zigorrak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke. Zigorra sailkatzeko kontuan hartuko da zein izan den hutsa egin duenaren asmoa, zerbitzuan zelako nahastea sortu duen, kaltea zein izan den eta araua behin eta berriro hautsi duen.

VII. KAPITULUA

ALDEZLEA (UPV/EHUKO ARARTEKOA)

74. artikulua.- 1.- Aldezlea erakunde burujabe eta inpartziala da. Aldezleak bide alternatiboak bultzatuko ditu, aurkakoak izango ez direnak, unibertsitateko jarduera guztiekin zerikusia duten arazoak eta gatazkak ebazteko.

2.- UPV/EHUn gutxienez 10 urte lanean daramatzan edozein pertsona izan daiteke aldezle, eta errektoreordeen pareko estatusa izango du.

3.- Gobernu Kontseiluak proposatuko du, gehiengo osoz, aldezle izateko hautagaia, Klaustroak aukera dezan. Agintaldia bost urtekoa izango da, eta berriro aukeratu ahal izango da. Aukeratua izateko, beharrezkoa izango da Klaustroko bileran dauden kideen bi herenek aldeko botoa ematea.

75. artikulua.- 1.- Aldezleak unibertsitatearen kalitatea hobetzeko ahaleginak egingo ditu, esparru guztietan. Arazoak ahalik eta arinen bideratuko ditu eta eskubidea izango du bere lanaren gaiarekin zerikusia duten espediente eta dokumentu administratibo guztiak eskuratzeko.

2.- Aldezleak ofizioz nahiz alde batek eskatuta jardungo du, edo unibertsitateko kide batek edo interes legitimoa duen norbaitek kexak edo eskakizun idatziak aurkeztu dituelako.

3.- Aldezleak ez du hartuko parte hauteskunde prozeduretan. Era berean, onartezintzat joko ditu epaitegietan erabakitzeke dauden gaiei buruzko kexak.

4.- Ezingo da jarri errekurtsorik aldezlearen gomendioen aurka.

76. artikulua.- 1.- Hauek dira aldezlearen eginkizunak:

a) Beharrezkoa den informazioa eskatzea unibertsitateko instantziei, bere helburuak bete ahal izateko.

b) Unibertsitateko edozein organotako arduradunen agertzea eskatzea, beharrezkoa bada eginkizunak aurrera eramateko.

c) UPV/EHUko kide anitzeko organoen bileretara joatea, beharrezkoa bada eginkizunak aurrera eramateko. Hori dela eta, kide anitzeko organoen bileretan aztertuko diren gaien zerrenda jaso beharko du garaiz.

d) Eskatuko zaizkion edo beharrezkotzat ikusiko dituen txostenak egitea, aurrera eramango dituen jardueren inguruan.

e) Berari helarazitako kexei irtenbidea emateko egokitzat hartuko dituen gomendioak ematea, bai eta unibertsitatearen kalitatea hobetzeko egokiak izan daitezkeen gomendioak ere.

f) Estatutu hauek edo indarrean egongo den legeriak esleituko dizkioten gainerako guztiak.

2.- Aldezleak bere eginkizunak betetzeko beharrezkoa diren giza baliabideak eta baliabide materialak izango ditu.

77. artikulua.- 1.- Aldezleak jardueren memoria aurkeztuko dio urtero Unibertsitateko Klaustroari. Egoki deritzonean, nahi dituen kasuak azaldu ahal izango ditu; halaber, kasuan kasuko zerbitzuen eta langileen aipamena egin ahal izango du.

2.- Aldezleari ez zaio irekiko espedienterik eginkizunak behar bezala aurrera eramatean adierazitako iritziengatik edo egindako ekintzengatik.

3.- Aldezleak hauetako arrazoiren batengatik utziko du kargua: berak eskatuta, beste karguren batekin bateragarri ez delako, agintaldia bukatu zaiolako, heriotzagatik edo ezintasunagatik, eta kondena irmoagatik. Era berean, aldezlea kargutik kentzeko eska diezaioke Unibertsitateko Klaustroak errektoreari, eginkizunak ez betetzeagatik edo eskubideak urratu dituzten jarduerengatik. Errektoreak hala egin beharko du, eskaera Klaustroko kideen herenak egin badu eta klaustrokideen bi herenek aldeko botoa eman badu.

III. TITULUA

UNIBERTSITATEAREN JARDUNA

I. KAPITULUA

XEDAPEN OROKORRA

78. artikulua.- Hauek dira UPV/EHUren oinarrizko jarduerak: irakaskuntza, ikaskuntza, ikerketa, unibertsitate hedakuntza, eta administrazio zerbitzuen bidez horiek guztiak kudeatu eta bideratzea.

II. KAPITULUA

UNIBERTSITATEKO IRAKASKUNTZA

79. artikulua.- 1.- UPV/EHUko irakaskuntzaren helburua da:

a) Diziplina batean edo gehiagotan prestakuntza orokorra ematea jarduera profesionalari begira.

b) Prestakuntza aurreratua ematea, espezializatua edo diziplina anitzekoa, ikasketa edo lanbide espezializatura bideratua, edo, bestela, ikerlanetan hastera bultzatzea.

c) Prestakuntza aurreratua ematea ikerketa tekniketan.

d) Unibertsitate mailako bestelako prestakuntza osagarria edo bizitza osoko prestakuntza eskaintzea.

2.- Berrikuntza pedagogikoa bultzatzea, bai eta lankidetzan oinarritutako ikasteko modu dinamikoak ere.

3.- UPV/EHUko irakaskuntzak ikaslearen heziketa osoa izango du kontuan: izpiritu kritikoa bultzatuko du, bakean eta bizikidetzan oinarritutako balioak indartuko ditu eta gizarteratzea sustatuko du, guztia jasangarritasuna eta gizarte erantzukizuna oinarri hartuta eta, betiere, oinarrizko eskubideak errespetatuta eta gizonen eta emakumeen berdintasunaren errespetuari arreta berezia eskainiz.

4.- UPV/EHUk irakaskuntzaren kalitatea eta gizartearen premiekiko egokitasuna zainduko du, eta irakaskuntzaren jarraipena ziurtatuko, barne programen zein kanpokoen bidez. Barne programetan ikasleen partaidetza bermatuko da.

80. artikulua.- 1.- UPV/EHUn matrikulatzeko eskubidea izango dute legeetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten guztiek.

2.- Zenbait ikasketa edo titulaziotan sartzeko eskariak UPV/EHUk ezarritako plaza mugak kontuan hartuta onartuko dira, Gobernu Kontseiluak adostutako irizpideei jarraituz.

81. artikulua.- UPV/EHUk lankidetza programak bultzatuko ditu, egoera larriagoetan dauden herrialde eta herrietako ikasleek unibertsitatean ikasteko aukera izan dezaten eta aurrerapen eta hobekuntzan laguntzeko, betiere, lankidetza esparruaren barruan.

82. artikulua.- 1.- Unibertsitateko ikasketa ofizialak hiru ziklotan daude egituratuta: gradua, masterra eta doktoregoa. Ikasketa horiek gaindituta kasuan kasuko titulu ofiziala lortzeko eskubidea izango du ikasleak.

2.- UPV/EHUk berezko tituluak lortzeko eskubidea dakarten unibertsitateko ikasketak eman ahal izango ditu. Titulu hauek onartu edo homologatu egin ahal izango dira, autonomia erkidegoko legediaren babesean.

3.- Horrez gain, UPV/EHUk unibertsitateko beste ikasketa batzuk ere eman ahal izango ditu, ikasketa osagarriak edo etengabeko prestakuntzakoak, baina ez da UPV/EHUko berezko titulurik lortuko.

83. artikulua.- 1.- Gobernu Kontseiluari dagokio titulu ofizialak lortzera bideratutako ikasketetarako prozedura zehaztea, eta tituluok ezartzeko, aldatzeko edo kentzeko proposamenak egitea unibertsitateko arautegiari jarraituz.

2.- Edozelan ere, graduko titulu berriak sortzeko ekimena, ikasketa planak egin edo berraztertzekoa eta ikasketak kentzekoa, errektoreari, Campuseko Batzarrari edo Ikastegiko Batzarrari dagokio.

84. artikulua.- 1.- Ikastegiak, sailak edo doktorego eskolak koordinatu egingo dira beren artean ikasketak garatzeko, eta errektoreak izango du azken erabakimena kontuan izanda kasuan kasuko txostenak.

2.- Oro har, matrikula egiteko epea ireki aurretik emango da ikasketa eskaintzaren berri, eta behar beste iragarriko da; guztia ezar daitekeen araudiari jarraituz.

85. artikulua.- 1.- Gobernu Kontseiluak onartuko du, Graduondoko Batzordearen proposamenari jarraituz, doktoregoko ikasketei buruzko arautegia, bai eta irakats betebeharretan izango dituen ondorioak ere.

2.- Doktoregoko ikasketak ezartzeko eta kentzeko ekimena errektoreari, sailei eta doktorego eskolei dagokie.

3.- UPV/EHUk beharrezko neurriak hartuko ditu unibertsitate arteko doktorego ikasketen eskaintza bultzatzeko estatuko zein nazioarteko sareetan.

4.- Doktore titulua lortzeko doktorego tesia gainditu behar da. UPV/EHUk neurriak hartuko ditu doktorego tesien originaltasuna eta kalitatea bermatze aldera.

86. artikulua.- 1.- Gobernu Kontseiluak arautuko ditu unibertsitateko berezko ikasketak eta unibertsitateko gainerako ikasketak, esaterako espezializazio programak eta bizitza osoko prestakuntza. Era berean, organo horrek arautuko ditu ikasketa hauen araubide akademikoa, beren eragina irakats betebeharretan, administrazio eta zerbitzuetako langileek izango duten parte hartzea eta, egoki izanez gero, ikasketen kudeaketa ekonomikoa eta ebaluazioa.

2.- Errektoreari, campusei, ikastegiei, salei, unibertsitateko institutuei edo unibertsitateko beste egitura batzuei dagokie mota horretako ikasketak ezartzeko ekimena.

3.- Gizarte Kontseiluak finkatuko ditu, Gobernu Kontseiluaren proposamenari jarraituz, berezko tituluen, espezializazio ikastaroen eta unibertsitateko beste ikasketa batzuen prezioak.

87. artikulua.- 1.- Graduko Batzordeko burua errektorea izango da, edo horretarako eskuordetza daukan pertsona, eta batzordeko kide izango dira: unibertsitatearekin lotura iraunkorra daukaten irakasleen taldekoak izanik irakaskuntzaren arloan gutxien dela hamar urteko esperientzia duten hamabost irakasle, hiru jakintzaren arlo bakoitzeko; eta graduko bost ikasle, jakintzaren arlo bakoitzeko bat. Gobernu Kontseiluak, aparteko kasuetan eta behar bezala arrazoituta, handitu ahal izango du batzordeko kide kopurua, betiere, proportzioa gordeta; era berean, batzordearen funtzionamendua eta kideak izendatzeko prozedura arautu ahal izango ditu. Kideak izendatzeko prozeduran neurriak zehaztuko ditu emakumezkoen eta gizonezkoen kopuruak orekatuak izan daitezen.

2.- Graduko Batzordean ikasleek erraztasuna izan dezaten beren eginkizunak betetzeko, ordezkari titularrek zein ordezkoek hartu ahal izango dute parte.

88. artikulua.- Graduko Batzordearen eskumenak dira:

a) Aholku ematea errektoreari eta Gobernu Kontseiluari.

b) Gobernu Kontseiluari honako hauek aurkeztea, ontzat eman ditzan: graduko ikasketen helburuen proposamena, plangintza estrategiko orokorraren arabera egina, eta ikasketa horien akademia antolakuntza eta gestiorako arautegien proposamena.

c) Ikastegietako kalitate batzordeek zereginak zuzentasunez betetzen dituztela zaintzea.

d) Graduko titulu ofizialetako eta berezko tituluetako ikasketen eta graduko titulurik izan gabe egin daitezkeen beste ikasketa batzuen garapena ebaluatzea, bai eta UPV/EHUko graduen kalitateari buruzko urteko txostena egitea ere.

e) Graduko tituluak sortu edo aldatzeko proposamenen berri ematea.

f) Graduko ikasketen arloko ikasketa berrikuntzako programen berri ematea.

g) Ikastegiak eta sailak sortu, aldatu eta kentzeko proposamenen berri ematea Gobernu Kontseiluari, kasuan kasuko campuseko batzarra entzun ondoren.

h) Graduko ikasketetarako plaza mugak urtero aurkeztea Gobernu Kontseiluari, Campuseko Batzarra entzun ondoren.

i) Batzordearen eskumeneko diren berezko tituluak luzatzeko erabakia hartzea.

j) Graduko sari bereziak onartzea ikastegiaren proposamenari jarraituz.

k) Estatutuok eta hauek garatzeko arautegiek eta indarreko legediak esleitutako gainerako eskumen guztiak, bai eta UPV/EHUko gobernu organoek eskuordetutakoak ere.

89. artikulua.- 1.- Graduondoko Batzordearen burua errektorea izango da, edo horretarako eskuordetza daukan pertsona, eta batzordeko kide izango dira: unibertsitatearekin lotura iraunkorra daukaten irakasle edo ikertzaile doktoreen taldekoak izanik irakaskuntzaren edo ikerketaren arloan gutxien dela hamar urteko esperientzia duten hamabost lagun, hiru jakintzaren arlo bakoitzeko; eta master edo doktoregoko bost ikasle. Gobernu Kontseiluak, aparteko kasuetan eta behar bezala arrazoituta, handitu ahal izango du batzordeko kide kopurua, betiere, proportzioa gordeta; era berean, batzordearen funtzionamendua eta kideak izendatzeko prozedura arautu ahal izango ditu. Kideak izendatzeko prozeduran neurriak zehaztuko dira emakumezkoen eta gizonezkoen kopuruak orekatuak izan daitezen.

2.- Graduondoko Batzordean ikasleek erraztasuna izan dezaten beren eginkizunak betetzeko, ordezkari titularrek zein ordezkoek hartu ahal izango dute parte.

90. artikulua.- Graduondoko Batzordearen eskumenak dira:

a) Aholku ematea errektoreari eta Gobernu Kontseiluari.

b) Graduondoko ikasketen helburuak onartzeko proposamena egitea Gobernu Kontseiluari, plangintza estrategiko orokorraren barruan, bai eta ikasketa horien akademia antolakuntza eta gestiorako arautegien proposamena onartzekoa ere.

c) Graduondoko ikasketetako kalitate batzordeek beren lana zuzentasunez egiten dutela bermatzea eta ziurtatzea.

d) UPV/EHUko graduondoko titulu ofizialetako eta graduondoko berezko ikasketen garapena ebaluatzea, bai eta UPV/EHUko graduondokoen kalitateari buruzko urteko txostena egitea ere.

e) Graduondoko tituluak sortu edo aldatzeko proposamenen berri ematea.

f) Graduondoko ikasketen arloko ikasketa berrikuntzako programen berri ematea.

g) Ikastegiak eta sailak sortu, aldatu eta kentzeko proposamenen berri ematea Gobernu Kontseiluari, kasuan kasuko campuseko batzarra entzun ondoren.

h) Batzordearen eskumeneko diren berezko tituluak luzatzeko erabakia hartzea.

i) Doktorego tesien epaimahaietarako proposamenak egitea.

j) Graduondoko sari bereziak onartzea.

k) Estatutuok eta hauek garatzeko arautegiek eta indarreko legediak esleitutako gainerako eskumen guztiak, bai eta UPV/EHUko gobernu organoek eskuordetutakoak ere.

III. KAPITULUA

IKERKETA

91. artikulua.- 1.- UPV/EHUren eginkizun funtsezkoa da ikerketa, ikerketa baita jakintza sortzeko tresna, irakaskuntzaren oinarria, komunitatearen aurrerapenerako baliabidea eta jakintza gizartera transferitzeko euskarria. Ikerketan aritzea irakasleen eta ikertzaileen eskubidea da, eta betebeharra, arduraldiaren eta maila akademikoaren araberakoa. Edozelan ere, ikerlanaren zuzendari izateko doktore izan behar da.

2.- UPV/EHUk bere egiten du ikerketa zientifiko, tekniko, humanistiko eta artistikoaren garapena, baita ikertzaileak prestatzeko helburua ere.

3.- UPV/EHUk ikertzeko askatasuna onartu eta bermatuko du, zientzialariek onetsitako lege eta kode edo arau deontologikoetan jasotako mugen barruan.

4.- UPV/EHUk euskararen erabilera bultzatuko du ikerlanetan eta zabalkunde zientifiko, tekniko, humanistiko eta artistikoan. Era berean, beste hizkuntza batzuen erabilera ere bultzatuko du jarduera horietan.

5.- UPV/EHUk ikerketaren bikaintasuna, diziplina artekotasuna eta nazioartera zabaltzea bultzatuko du, bai eta garapena ere, horretarako edozein finantziazio iturri erabilita.

6.- UPV/EHUk berdintasunaren arloko ikerketa bultzatuko du eta arlo horretako ikertzaileak prestatzeko laguntza emango, eta ikertaldeetan emakumezkoen eta gizonezkoen arteko oreka izatea sustatuko du.

7.- UPV/EHUk garapenerako lankidetzaren arloko ikerketa bultzatuko du, mundu mailako garapen gizatiar eta jasangarria lortzeko mehatxu diren arazoak hobeto ezagutu eta hobeto ulertzeko.

92. artikulua.- 1.- UPV/EHUko ikerketarako bide izango dira: irakasleak eta ikertzaileak, ikertaldeak, sailak, unibertsitateko ikerketa institutuak eta horretarako eratuko diren bestelako gune edo egiturak.

2.- UPV/EHUk ikertaldeak eratu eta garatzea bultzako du, bai eta taldeon kalitatea, diziplina artekotasuna eta bikaintasun sareetan aritzea ere; era berean, beste erakunde eta enpresa batzuekin batera talde mistoak sortzea sustatuko du.

3.- UPV/EHUk lankidetza hitzarmenak egin ahal izango ditu erakunde publiko zein pribatuekin, azpiegiturak erabiltzeko, langileak trukatzeko edo ikerketa proiektuak egiteko.

4.- Ikerlana elkarrekin antolatzeko xedez, gune, unitate, enpresa, parke edo beste antolaketa mota batzuetan parte hartu ahal izango du, izaera juridikoarekin zein gabe, guztia estatutu hauetako 148. artikuluan zehaztutakoari jarraituz.

5.- Edozelan ere, emaitzen transferentzian ezagutzaren hedapena eta gizarte garapena izan behar dira irizpide nagusi, transferentzia bidegabe atzeratu gabe.

93. artikulua.- 1.- UPV/EHUk sail bateko edo gehiagoko irakasle eta/edo ikertzaileek osatutako ikertaldeak onartu ahal izango ditu, baina, berariaz eskaria eginda, kanpoko ikertzaileek ere hartu ahal izango dute parte horietan, baldin eta ibilbidea egina badute ikerketan eta kanpoko erakundeek emandako aldeko ebaluazioa badute.

2.- Gobernu Kontseiluak arautuko ditu ikertalde izateko baldintzak, betebeharrak, motak eta ondorioak, kontuan hartuta Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordearen proposamena eta jakintza arloen ezaugarriak.

3.- Ikertalde onartuak unibertsitateko erregistroan jasoko dira.

94. artikulua.- Gobernu Kontseiluak irakasleen irakats betebeharrak murriztu ahal izango ditu aldi baterako, irakasle horiek gehienbat ikerlana egin behar dutela uste badu; beharrezkotzat ikusiz gero, irakats betebehar guztietatik salbuetsiko ditu ikerlana baino ez dezaten egin. Horretarako prozedura onartuko du, urte sabatikoen arautegiari eragin gabe, eta kontuan hartuko du sailaren edo unibertsitateko ikerketa institutuaren iritzia. Betebeharrak aldi baterako gutxitzeak ez du izango eraginik lanpostuen zerrendan jasotako ezaugarrietan eta egoeran.

95. artikulua.- 1.- UPV/EHUk aurrekontu saila izango du ikerketa gastuei aurre egiteko, langileen gastuetarako kapituluaz eta hainbat urtetarako inbertsio programaz gain.

2.- Baliabide horiek kasuan kasuko deialdietan xedatutako irizpideen arabera esleituko dira, kontuan hartuta kanpoko ebaluatzaileek eskaerez emandako iritzia.

96. artikulua.- 1.- UPV/EHUk ikerketaren emaitzak ustiatu eta babestea bultzatuko du, jabetza intelektual eta industrialaren araubideari jarraituz.

2.- Gobernu Kontseiluak zehaztuko du, arautegi bitartez, ikerketako emaitzen merkataritza ustiapeneko irabazietatik zenbat dagokion UPV/EHUri, zenbat asmatzaileari eta zenbat sortutako taldeei.

97. artikulua.- 1.- UPV/EHUk onartutako ikertaldeek, sailek, ikerketa institutuek eta bertako irakasleek horien bidez edo irakasleen ikertze ekimenak bideratu eta ikerlanen emaitzak transferitzeko unibertsitateak antolatuko dituen organo, gune, fundazio edo egituren bitartez, kontratuak egin ahal izango dituzte pertsona, unibertsitate edo erakunde publiko edo pribatuekin lan zientifiko, tekniko, humanistiko edo artistikoak egiteko, bai eta ikasketa berezituak edo prestakuntzarako ekintza bereziak egiteko ere.

2.- UPV/EHUk mota horretako kontratuak egitea bultzatuko du, bai eta enpresek, erakunde publiko nahiz pribatuek edo beste gizarte erakunde batzuek finantzatutako ikerketa proiektuak aurrera eramatea ere. Bestalde horien kudeaketa campusetan, deszentralizatuta, egingo dela bermatuko du eta horren ardura Ikerketaren Emaitzak Transferitzeko Bulegoak izango du, edo antzeko organo, gune, fundazio eta egiturek edo beste pertsona juridiko batzuek; guztia ezar daitekeen legedi orokorrari jarraituz.

3.- Elkargo batek araututako zereginen bat egin beharra suertatzen denean, irakasle eta ikertzaileak kasuan kasuko elkargoko kide izan behar dira (helburu horretarako bakarrik), eta, beharrezkoa bada, kasuan kasuko jarduera profesionaleko zerga erroldan alta emanda egon.

4.- Ikerketa, aholkularitza eta laguntza teknikoko kontratuak ez dira izango, inolaz ere, irakaskuntzaren kalitatearen kaltegarri.

5.- Lanak egiteko beharrezko diren baimenak emateko eta kontratuak egiteko, prozedurari jarraitu beharko zaio irakasle eta ikertzaileei dagokien sail, institutu edo ikerketa egiturak parte hartuta edo, egoki bada, errektoreordetza eskudunak ere parte hartuta. Kontratuan zehaztutakoari kalterik egin gabe, ondasunak kasuan kasuko sail, institutu edo ikerketa egiturari atxikiko zaizkio irakasle arduradunek izan dezaten horiek erabiltzeko lehentasuna, eta baliabideak banatzean -gastu zuzenak eta zeharkakoak ordaindu ondoren-, ordainsari mugak izan behar dira kontuan. Gobernu Kontseiluak zehaztuko du kontratuotarako araubidea.

98. artikulua.- Estatutuetako 92. artikuluan zehaztutako hitzarmen eta ekintzetarako, ezagutza gizartera, ekoizpen sistemara eta erakundeetara transferitzea bultzatuko duten neurri eta baldintzak zehaztuko dira.

99. artikulua.- 1.- Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordeak ikerketaren plangintza, koordinazio, pizgarri, kontrol eta ebaluazioari buruzko aholkua emango die errektoreari eta Gobernu Kontseiluari, eta ikerketa politikaren inguruko proposamenak egingo ditu, arlo zientifiko, tekniko, humanistiko eta artistikoan unibertsitate sistema eraginkorra lortze aldera.

2.- Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordeko burua errektorea izango da, edo horretarako eskuordetza daukan errektoreordea, eta batzordeko kide izango dira unibertsitatearekin lotura iraunkorra daukaten irakasle edo ikertzaile doktoreen taldekoak izanik irakaskuntzaren eta ikerketaren arloan gutxien dela hamar urteko esperientzia egiaztatua duten hamabost lagun, hiru jakintzaren arlo bakoitzeko. Gobernu Kontseiluak, aparteko kasuetan eta behar bezala arrazoituta, handitu ahal izango du batzordeko kide kopurua, betiere proportzioa gordeta; era berean, batzordearen funtzionamendua eta kideak izendatzeko prozedura arautu ahal izango ditu. Kideak izendatzeko prozeduran neurriak zehaztuko ditu emakumezkoen eta gizonezkoen kopuruak orekatuak izan daitezen.

3.- Hauek dira Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordearen eginkizunak:

a) Urteko eta urte anitzerako ikerketa programazioa proposatzea Gobernu Kontseiluari kontuan hartuta, besteak beste, campusen ikuspegia eta haien ekimenak.

b) Aurrekontua banatzeko irizpideak eta proposamenak egitea, Gobernu Kontseiluak onartutako irizpide eta prozedurei kalterik egin gabe.

c) Ikerketaren finantziaziorako deialdien berri ematea. Deialdiak publikoak izango dira.

d) UPV/EHUko ikerlanen berri izan eta hori ebaluatzeko aukera emango duten azterlanak eskatu eta egitea.

e) UPV/EHUko ikertaldeen urteroko memoria egitea, taldeen, sailen eta unibertsitateko ikerketa institutuen memorietan oinarrituta.

f) Estatutuok eta hauek garatzeko arautegiek esleitutako gainerako eginkizun guztiak, bai eta UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak emandakoak ere.

4.- Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordeko kideek ezingo dute hartu parte, inolaz ere, beraiei zuzenean eragiten dieten gaietan, eta ez dute eskuratuko gai horiei buruzko informaziorik, gainerako ikertzaileen eskura ere egongo dena ez bada.

100. artikulua.- Ikertalde onartuek, sailek, unibertsitateko ikerketa institutuek, gainerako ikerketa egiturek eta, horien bitartez, irakasleek eta ikertzaileek memoria aurkeztuko diote urtero, ikasturtearen amaieran, Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordeari, urtean zehar egindako jardueren eta lortutako emaitzen berri emateko. Memoria hori eredu arautuari jarraiki prestatuko dute.

IV. KAPITULUA

IRAKASKUNTZARI ETA IKERKETARI LAGUNTZEKO ZERBITZUAK

101. artikulua.- UPV/EHUk irakaskuntza eta ikerketari laguntzeko beharrezko diren zerbitzuak sortuko ditu, kontuan izanda, betiere, campus ikuspegia. Gobernu Kontseiluak onartuko ditu kasuan kasuko arautegiak.

102. artikulua.- Ikerketako Zerbitzu Nagusien helburua izango da ikerketa jarduerei laguntza ematea, ikerketaren izaera dela-eta horrelakorik behar izanez gero.

103. artikulua.- Unibertsitateko biblioteka ikasteko, irakasteko eta ikertzeko baliabideen gunea da, bai eta unibertsitate osoaren funtzionamenduarekin eta kudeaketarekin zerikusia daukaten bestelako jarduerak aurrera eramateko baliabideena ere.

104. artikulua.- Campus Birtuala ikasketa eta irakaskuntza birtualari laguntza emateko zerbitzua da, bai eta teleprestakuntzako jarduerei laguntzekoa ere. Horrez gain, ikerketari laguntza emateko zerbitzua ere izan daiteke eta ikerketako sareetan parte hartzeko bidea.

V. KAPITULUA

KALITATEAREN BERMEA ETA UNIBERTSITATEKO JARDUERAREN EBALUAZIOA

105. artikulua.- 1.- Irakaskuntzaren, ikerketaren eta kudeaketaren kalitatea eta bikaintasuna bermatzeko xedez, UPV/EHUk ondokoak bultzatuko ditu:

a) Jardunaren plangintza estrategikoa eta helburu estrategikoak bete egingo direla ziurtatuko duten neurriak. Batez ere, ikastegietan, zerbitzuetan eta kudeaketako beste unitate batzuetan kudeaketa osorako sistemak garatzea bultzatuko du.

b) Ekintza eta programazio aplikatuen eta unibertsitateko egitura guztien ebaluazio sistematikoa.

c) Irakaskuntzako eta ikerketako jarduerak eta administrazio eta zerbitzuetakoak hobetzeko eta berritzeko programazioak onartzea.

d) Titulazioen jarraipena egitea kalitatea bermatzeko barne sistemen bidez.

e) Gizarteari kontuak ematea.

2.- Gobernu Kontseiluari dagokio unibertsitateko jardueren kalitatea bermatzeko eta ebaluatzeko bitartekoak zehaztea, bai eta egitura egokiak sortzea ere, betiere, kontuan hartuta campusen ikuspegia eta campusetako ekimenak.

106. artikulua.- 1.- Ebaluazio prozedurak barnekoak zein kanpokoak izan daitezke. Kanpoko ebaluazioa unibertsitateko egitura eskuduneko arduradunen eta kanpoko agentzia edo adituen arteko lankidetza, kontsulta eta aholkularitza prozesua izango da.

2.- Irakaskuntzaren arloko jarduerak ebaluatzeko zerbitzu arduradunek, beren eskumenen alorrean, ebaluazioa egiteko behar duten informazioa eskuratu ahal izango dute, eta informazio horren tratamendurako, loteslea izango da konfidentzialtasuna eta sekretua gordetzeko betebeharra.

3.- Unibertsitateko zerbitzu, ikastegi, sail, ikerketa institutu eta gainerako egiturek nork bere jarduerak ebaluatzeko behar duten informazioa eskuratu ahal izango dute, erantzukizuna eta eskumenak oinarri hartuta.

107. artikulua.- 1.- Irakasleen kalitatea eta irakaskuntzarena bermatzeko xedez, Gobernu Kontseiluak UPV/EHUko irakasleen irakats lana ebaluatzeko arautegia, programak eta prozedurak onartuko ditu, guztia irakasle eta ikertzaileen eta ikasleen ordezkaritza organoen parte hartzearekin.

2.- Irakats lana konfiantza giroan ebaluatuko da berdintasun irizpideei jarraituz. Horrela, bada, irakasleek ebaluazioan lortutako emaitzen kontrako alegazioak egiteko eta errekurtsoa jartzeko eskubidea izango dute.

3.- Ebaluazioaren emaitzak, osotasunean edo zehaztuta, irakasleei, sailei, ikastegiei, ikasleen ordezkariei eta barneko zein kanpoko talde interesdunei behar bezala jakinaraziko zaizkie egin beharreko balorazioa egin dezaten.

108. artikulua.- 1.- Gobernu Kontseiluak onartuko ditu ikerlana ebaluatzeko arautegia, prozedura eta irizpideak, kontuan hartuta Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordearen proposamena eta irakasle eta ikertzaileen ordezkaritza organoen iritzia.

2.- Irakasle eta ikertzaileek, ikertaldeek, sailek, unibertsitateko ikerketa institutuek eta gainerako entitateek egindako ikerlanen ebaluaziorako abiapuntua haiek aldiro aurkeztu beharreko memoriak izango dira.

109. artikulua.- Gobernu Kontseiluak administrazio eta zerbitzuetako langileen kudeaketa ebaluatzeko sistemak ezarriko ditu, etengabeko hobekuntzara zuzenduak. Proposamena gerenteak egingo du administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkaritza organoen iritzia kontuan hartuta.

VI. KAPITULUA

NAZIOARTEKO HEDAKUNTZA

110. artikulua.- Irakaskuntzako jarduera atzerrian zabaltzeko xedez, UPV/EHUk honako hauek sustatuko ditu:

a) Ikasleak, irakasle eta ikertzaileak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak beste unibertsitate batzuetakoekin trukatzea, batez ere Europako Unibertsitate Eremuko eta Iberoamerikako unibertsitateetakoekin.

b) Elkarlanean aritzea kalitatea bermatzeko, eta ebaluazio, akreditazio eta ziurtagirietarako mekanismo berberak erabiltzea.

c) Unibertsitateko ziklo guztietan ikasketak atzerriko beste unibertsitate eta ikergune batzuekin batera ematea.

d) Irakasleen lanean eta ikerketan zientziaren arloan erabiltzen diren hizkuntzak erabiltzea.

e) Beste autonomia erkidego batzuetako ikasleak erakartzea ikasketa eskaintzaren berri behar beste zabalduta eta beste unibertsitate batzuekin hitzarmenak sinatuta.

111. artikulua.- UPV/EHUk irakasle eta ikertzaileen kontratuetarako politikak zehaztuko ditu nazioartean gaitasun handia aitortua duten irakasle eta ikertzaileak erakartzeko; helburua hori izanik, irakasle eta ikertzaileen lanpostuen zerrendan baldintza bereziak zehaztu ahal izango dira, batez ere, hizkuntza ez-ofizialak jakitea zenbait lanpostu betetzeko, UPV/EHUk irakaskuntzaren eta ikerketaren arloan dituen premien arabera.

VII. KAPITULUA

UNIBERTSITATEAREN GIZARTE HEDAKUNTZA ETA ERANTZUKIZUNA

112. artikulua.- 1.- Unibertsitate hedakuntzaren helburua da bideak bilatu eta sustatzea gizon eta emakumeek zientziaren, teknikaren, gizartearen, giza zientzien eta artearen arloan daukaten ezagutza zabaltzeko unibertsitatean eta gizartean.

2.- UPV/EHUk, campusen ikuspegi eta ekimenak kontuan hartuta, honako hauek sustatuko ditu:

a) Unibertsitateko kideen prestakuntza osora zuzendutako kultura eta kirol jarduera osagarriak sustatu eta koordinatzea.

b) Unibertsitateko argitalpenak ezagutzera ematea.

c) Ikasleen trukeak berariaz programatzea, bizitzaren edozein arlotan prestakuntza interesgarria eskain diezaieketen erakundeekin.

d) Gizarteari zuzendutako unibertsitate eta kultura hedakuntzako jarduerak antolatzea.

e) Euskararen erabilera bultzatzea unibertsitate hedakuntzako ekintzetan.

f) Gainerako erakunde publikoekin elkarlanean jardutea, langabetuak gizarteratu eta lan munduan sar daitezen.

g) Unibertsitateko kideak elkartasuneko ekintzetan eta boluntario lanetan aritzea.

h) Emakumeen eta gizonen berdintasunaren aldeko jarduerak bultzatzea.

3.- UPV/EHUk tokiak eta egiturak jarriko ditu, bereak edo beste erakunde publiko eta pribatu batzuekin hitzartutakoak, gorago aipatutako helburuak lortzeko. Era berean, helburu horiek bete ahal izateko ekintzak eramango ditu aurrera.

113. artikulua.- UPV/EHUk, campusen ikuspegia eta ekimenak aintzat hartuta, ikasle ohien elkarteak, langile erretiratuenak, kirol elkarteak, kultura elkarteak, aisialdikoak eta unibertsitateko kideen errealizazio pertsonala eta gizon eta emakumeen arteko elkarlana bultzatuko duten bestelako elkarteak sustatuko ditu, bai eta gizarteak UPV/EHU hobeto ezagutzea sustatuko dutenak eta unibertsitatearen eta gizartearen arteko harremanak bultzatuko dituztenak ere.

114. artikulua.- 1.- UPV/EHUk konpromisoa hartzen du gizarte erantzukizunez jarduteko bai kudeaketan, bai irakaskuntza eta ikerketan, bai hedakuntzan.

2.- Gizarte erantzukizunez aritzeko, UPV/EHUk gizon eta emakumeen berdintasuna eta bakean bizitzeko balioetan eta giza eskubideetan oinarritutako hezkuntza bultzatuko ditu, eta unibertsitateko kideen partaidetza, ingurumen balioak eta jasangarritasun irizpideak sustatuko.

3.- UPV/EHUk helburu horiek betetze aldera egindako jarduerak bilduko dituen txostena egingo du urtero.

IV. TITULUA

HIZKUNTZA OFIZIALEN ERABILERA

I. KAPITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

115. artikulua.- 1.- UPV/EHUk euskararen eta gaztelaniaren erabilera normal eta ofiziala bermatuko du, bere eskumenen eta eginkizunen eremuan.

2.- Errektoreak errektoreorde bat izendatuko du, euskara UPV/EHUn normalduz eta garatuz joan dadin egingo diren ekintzak sustatu eta koordinatuko dituena.

3.- UPV/EHUk euskararen erabilera normaldua bultzatuko du, eta unibertsitateko kideek hizkuntza hori ikasi eta eguneratu dezatela sustatuko, horretarako izango dituen planen arabera.

4.- UPV/EHUk euskararen normalkuntzarako Euskal Autonomia Erkidegoan ezarritako arauak beteko ditu.

116. artikulua.- 1.- Unibertsitateko kideei eskubide hauek aitortzen zaizkie:

a) Hizkuntza ofizialetako edozeinetan jardutea.

b) Hizkuntza ofizialetako edozeinetan izatea harremanak UPV/EHUko organoekin.

c) Irakaskuntzako programazioan zehaztutakoaren arabera aukeratutako hizkuntza ofizialean ikastea eta ebaluazio probak hizkuntza horretan egitea.

d) Ikerlanak hizkuntza ofizialetako edozeinetan egin, argitaratu eta defendatzea.

2.- UPV/EHUko organo guztiek, dagokien eskumenen esparruan eta campus ikuspegia kontuan hartuta, eskubide horiek errespetatu egingo direla eta urratuko ez direla bermatuko dute.

II. KAPITULUA

EUSKARA UPV/EHUN

117. artikulua.- 1.- UPV/EHUko langileen euskalduntze prozesua eta lanerako prestatzekoa planifikatu egingo da. Gobernu Kontseiluak ezarriko ditu irizpideak eta lehentasunak, langile horiek unibertsitateko jarduerak euskaraz egiteko gai izan daitezen.

2.- Gobernu Kontseiluak zehaztuko du zein lanpostutan izango den derrigorrezko hizkuntza biak jakitea.

118. artikulua.- 1.- UPV/EHUko Euskara Batzordeko burua euskararen arloko errektoreordea izango da eta batzordeko kide izango dira: unibertsitatearekin lotura iraunkorra daukaten irakasle edo ikertzaileen taldekoak izanik irakaskuntzaren eta ikerketaren arloan gutxien dela hamar urteko esperientzia dutenen artetik hamar lagun, bi jakintzaren arlo bakoitzeko; campusetako euskara batzordeetako ordezkari bana, unibertsitatearekin lotura iraunkorra daukaten irakasle eta ikertzaileen taldekoak; hiru ikasle; eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat campus bakoitzeko. Gobernu Kontseiluak batzordearen funtzionamendua eta kideak izendatzeko prozedura arautuko ditu.

Euskara Batzordean ikasleek erraztasuna izan dezaten beren eginkizunak betetzeko, ordezkari titularrek zein ordezkoek hartu ahal izango dute parte.

Kideak izendatzeko prozeduran neurriak zehaztuko dira emakumezkoen eta gizonezkoen kopuruak orekatuak izan daitezen.

2.- Hauek dira Euskara Batzordearen eskumenak:

a) Aholku ematea errektoreari eta Gobernu Kontseiluari.

b) Hizkuntza plangintza proposatzea Gobernu Kontseiluari, kontseiluak onar dezan.

c) Campusetan eta ikastegietan euskararen erabilera normaldu eta hobetzeko neurri egokiak proposatzea.

d) Aholkua ematea UPV/EHUko gobernu organoei unibertsitateko hizkuntza politikari buruzko gaietan.

e) Hizkuntza normalkuntzako neurriak urtero ebaluatzea.

f) UPV/EHUn euskaraz irakasteko gaitasun agiria eskuratzeko arautegia proposatzea Gobernu Kontseiluari, kontseiluak onar dezan.

g) Estatutuok eta hauek garatzeko arauek eta indarreko legeriak esleitutako gainerako guztiak, bai eta UPV/EHUko gobernu organo orokorrek eskuordetutakoak ere.

119. artikulua.- 1.- UPV/EHUko campus bakoitzean Euskara Batzorde bat egongo da.

2.- Campuseko Euskara Batzordeko burua campuseko taldeko pertsona bat izango da eta Campuseko Batzarraren arautegian zehaztuko da osaera. Ahalegina egingo da emakumezkoen eta gizonezkoen kopuruak orekatuak izan daitezen.

3.- Ikastegietan Euskara Batzordea eratu ahal izango da ikastegiko arautegiari jarraituz.

4.- Campuseko, eta hala dagokionean, Ikastegiko Euskara Batzordearen helburua euskararen erabilera bultzatzea izango da UPV/EHUko planifikazio orokorraren arabera, eta unibertsitate hedakuntzako eta prestakuntzako jarduerak sustatuta.

V. TITULUA

UPV/EHUren EGITURA

I. KAPITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

120. artikulua.- Gobernu Kontseiluak arautuko ditu estatutu hauetan jasotako unibertsitate egiturak sortu, aldatu edo kentzeko prozedurak kasuan-kasuan ezar daitekeen legediari jarraituz.

121. artikulua.- 1.- Ikastegiak, sailak, unibertsitateko ikerketa institutuak eta doktorego eskolak Gobernu Kontseiluak onartutako oinarrizko arautegiari jarraituz arautuko dira eta barne arauen bidez osatu ahal izango dute oinarrizkoa.

2.- Gobernu Kontseiluak onartuko du, behin betiko, horietako bakoitzaren arautegia, legeak agintzen duen legezkotasun txostena egin eta gero.

122. artikulua.- Unibertsitateko egiturek autonomiaz kudeatuko dute aurrekontua, eta UPV/EHUk izendatzen dizkien zenbatekoez gain, honakoak ere sartuko dira partidan:

a) Berek betetzen dituzten zereginen etekin garbietatik dagokiena.

b) Zientziaren, teknikaren eta artearen alorreko lanak egiteko edo espezializazio ikasketak emateko nahiz prestakuntzarako jarduera bereziak egiteko kontratuetatik sortutako diru sarreretatik dagokien zatia.

c) Diru laguntzak, kasuan kasuko diru laguntzarako zehaztuta dauden baldintzen arabera.

d) Modu agerian eta beren-beregi egiten dizkioten dohaintza eta legatuak, eman zaizkien baldintza berberetan.

II. KAPITULUA

UNIBERTSITATEKO CAMPUSAK

123. artikulua.- Unibertsitateko campusek harremanak bultzatuko dituzte ikastegien, sailen, unibertsitateko ikerketa institutuen eta hura osatzen duten gainerako unitateen artean, guztien interesekoak diren esparruetan. Era berean, UPV/EHUren eta inguruko erakunde publiko eta pribatuen arteko ohiko harremanak bultzatu eta gauzatuko dituzte.

124. artikulua.- 1.- Unibertsitateko campusek UPV/EHUko organo orokorrekin lankidetzan beteko dituzte beren eginkizunak.

2.- Hauek dira campusen eginkizunak:

a) Beren baliabideen kargurako programa eta neurriak hartzea, arloan eragina duten orokorrekin kontraesanean baldin ez badaude.

b) Programa eta neurri orokorrak egokitu, garatu eta gauzatzea.

c) Unibertsitateko beste organoekin lankidetzan campuseko giza baliabideak kudeatzea.

d) Bere eremuan unibertsitateko kide guztiek erabiltzeko diren baliabide eta azpiegiturak eta irakaskuntzan eta ikerketan erabiltzekoak direnak kudeatzea.

e) Erakundeen arteko harremanak bultzatu eta garatzea, bai eta unibertsitate eta kultura hedakuntza ere.

f) Bere eremuaren barruan, unibertsitateko irakats eskaintza koordinatzea eta ikerketa sustatzea.

g) Bere eremuaren barruan, ondarearen kudeaketa ekonomiko eta finantzarioa kontrolatzen laguntzea eta ikerketa sustatzea.

h) Bere eremuaren barruan, UPV/EHUren plangintza estrategikoa eta hizkuntza plangintza garatu eta urtero gauzatzea.

i) Bestalde, unibertsitateko egituretan eragina izan dezaketen ekimenak zehaztu eta bultzatu ahal izango dituzte, betiere, beren eskumenen eta beste instantzia batzuen eskumenen babesean.

3.- Beren eskumenen babesean, campusek beren eginkizunak beteko dituzte, besteak beste, arlo hauetan:

a) Ikasleentzako laguntza.

b) Euskara eta eleaniztasuna.

c) Langileak eta zerbitzuak.

d) Unibertsitate hedakuntza eta beste erakunde batzuekiko harremanak.

e) Gizarte erantzukizuna.

f) Irakaskuntzako jarduera.

g) Ikerketa, ezagutzaren transferentzia eta zientziaren eta teknologiaren garapena.

4.- Gobernu Kontseiluak zehaztuko ditu aurreko atalean adierazitako jarduera arlo bakoitzerako campusek izango duten ahalmena, campus anitzeko eredua garatzeko ezar daitezkeen beste arau, antolaketa neurri eta aurrekontuei kalterik egiteke.

125. artikulua.- Unibertsitateko campusek beren eginkizunak betetzeko behar dituzten langileak izango dituzte, eta autonomiaz kudeatuko dituzte UPV/EHUko aurrekontu orokorrean campus bakoitzari esleitutako aurrekontu partidak.

126. artikulua.- 1.- Unibertsitateko Klaustroari dagokio campusak sortu, aldatu edo kentzea, Gobernu Kontseiluaren proposamenari jarraituz eta kasuan kasuko gobernu eta ordezkaritza organoen iritzia entzun eta gero.

2.- Saila sortu edo aldatzeko proposamenarekin batera, memoria bat aurkeztu beharko da. Bertan adierazi beharko da legeak eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen direla, eta datu hauek bildu beharko dira:

a) Campusaren izena, egoitza eta izendatu zaizkion lokalak.

b) Unibertsitateko campusa sortu edo aldatzearen helburuen, premien eta garrantziaren azalpena.

c) Ekimenarekin bat egin duten ikastegien onespena, eta campusari atxiki gura zaizkion ikastegi, sail, ikerketa institutu, ikastegi atxiki edo bestelako unitate, egitura edo guneen zerrenda.

d) Campuseko zerbitzu orokorren organigrama, eta aurreikusita dauden eginkizunak betetzeko behar beste langile eta baliabide daudela dioen adierazpena, edo, hala dagokionean, beharko liratekeen langile eta baliabideez hornitzeko proiektu arrazoitua.

3.- Institutua kendu edo aldatzeko proposamena arrazoitua izan beharko da, eta neurri horrek eragingo liekeen ikasketa edo ikerketa jarduerak nora aldatuko liratekeen zehaztu, eta zeri atxikita geratuko liratekeen horrek ukitutako langile eta baliabideak.

III. KAPITULUA

IKASTEGIAK

127. artikulua.- 1.- Ikastegiek titulu akademikoak lortzera bideratutako unibertsitate ikasketak edo beste ikasketa eskaintza batzuk antolatzen dituzte. Era berean, beste titulu batzuk lortzera bideratutako ikasketak ere eman ahal izango dituzte eta UPV/EHUk zehaztutako beste eginkizun batzuk beteko.

2.- Eskolek eta fakultateek ikasketak antolatzeko ardura dute eta graduko tituluak lortzera bideratutako ikasketa prozesuak eta administrazioaren arlokoak gidatu, koordinatu eta kudeatuko dituzte.

128. artikulua.- 1.- Hauek dira ikastegien eginkizunak:

a) Ikastegiaren ardurapeko ikasketak antolatu eta kudeatzea.

b) Urtero irakats eskaintza egitea, UPV/EHUren ikasketa programazioaren arabera eta estatutu hauetako 84. artikuluan zehaztutakoari jarraituz.

c) Ikastegiaren ardurapeko ikasketei lotutako irakaskuntzaren kalitatea ebaluatzea.

d) Irakasle eta ikertzaileek eta administrazio eta zerbitzuetako langileek beren eginbeharrak betetzen dituztela jagotea.

e) Ikastegiaren aurrekontua kudeatzea eta atxikita dauzkan baliabideak administratu eta langileak gidatzea.

f) Ikastegiaren urteko plangintza egin eta betetzea.

g) Urteko memoria egitea.

h) Hizkuntza plangintza orokorra ikastegira egokitu eta garatzea.

i) Etengabeko hobekuntza bultzatzea, eta langileen ezagutzen eguneratzea eta gaitasuna sustatzea.

j) UPV/EHUko gainerako organoei eginkizunak betetzen laguntzea.

k) Zientzia, teknika, arte eta giza zientzien arloko jarduerak bultzatzea, bai eta ikasketa osagarriak eta etengabeko prestakuntza ere.

2.- Ikastegi bakoitzean Akademia Antolakuntzako Batzordea eratuko da ikastegiko jarduera akademikoa hobeto antolatzeko xedez proposamenak osatu eta Ikastegiko Batzarrari aurkezteko. Batzordeko burua ikastegiko dekano edo zuzendaria izango da, edo horretarako eskuordetza daukan pertsona, eta Ikastegien Oinarrizko Arautegian zehaztutako osaera izango du, emakumezkoen eta gizonezkoen kopuruak orekatuak izan daitezen ahaleginduz. Batzorde honek ebatziko ditu, indarreko arautegiari jarraituz, kredituak aitortu edo baliozkotzeko eskariak.

3.- Bestalde, ikastegi bakoitzean Kalitate Batzordea eratuko da tituluen garapen curricularra hobeto planifikatu eta jarraipen hobea egiteko, bai eta irakasleen ebaluaziorako txostenak egiteko ere. Ikastegiko dekano edo zuzendaria izango da batzordeburua, edo horretarako eskuordetza daukan pertsona, eta Gobernu Kontseiluak onartutako arautegiari jarraituz osatuko da eta beteko ditu bere eginkizunak. Ahalegina egingo da emakumezkoen eta gizonezkoen kopuruak orekatuak izan daitezen.

129. artikulua.- Unibertsitateko ikastegiek beren eginkizunak betetzeko behar dituzten langileak izango dituzte, eta UPV/EHUko aurrekontu orokorrean sail berezituak; bakoitzak autonomiaz kudeatuko du berea.

130. artikulua.- 1.- Gobernu Kontseiluari dagokio fakultateak eta eskolak sortu, aldatu edo kentzeko proposamenak onartzea.

2.- Ikastegiak sortu edo aldatzeko proposamenarekin batera, memoria bat eta ukitutako organoen txostenak aurkeztu behar dira, bai eta legeak eta Oinarrizko Arautegian zehaztutako baldintzak betetzen direla zehaztu.

3.- Proposamena arrazoitua izan behar da, eta jasota ageriko dira baliabideetan eta jardueretan izango duen eragina.

131. artikulua.- 1.- Irakaskuntzako jarduera dela-eta beharrezkoa denean, ikastegiko atalak sortu ahal izango dira. Atalak Gobernu Kontseiluak onartuko ditu ikastegiaren proposamenari jarraituz, eta bakoitzak koordinatzaile bat izango du, eta arauetan jasotako ordezkaritza eta kudeaketa organoak.

2.- Ikastegiko aurrekontuan atalari dagokion zatia bereizita azalduko da.

3.- Aurrekontuaren kudeaketa eta administrazio tramiteak atalak egingo ditu, baldin eta kasuan kasuko campuseko errektoreordetzaren baimena badauka; bestela atala kokatuta dagoen ikastegiak edo atalari dagokion campuseko ikastegi batek egingo ditu.

132. artikulua.- 1.- Gobernu Kontseiluak ezarriko du ikastegiak unibertsitateari atxikitzeko eskariei buruzko arautegia, betiere, arloan ezar daitezkeen arauei kalterik egin gabe. Halakoak unibertsitateari atxiki ahal izango zaizkio baldin eta UPV/EHUk dituen helburuen kontrakoak ez badira. Eskariotan gutxienez honakoak zehaztu beharko dira:

a) Eskaeraren edukiak eta nondik norakoak.

b) Irakasle eta ikertzaileak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak, eta kontrataziorako araubide juridiko-ekonomikoa.

c) Baliabideen jatorria zehazten duen azterketa ekonomikoa.

d) Uneko instalazioak eta proiektuan daudenak.

e) Irakaskuntzarako baldintzak.

f) Gobernu, administrazio eta ordezkaritzarako araubidea.

g) Hitzarmenaren iraupena eta oinarrizko edukiak.

h) Ikastegiaren arautegi proiektua.

2.- Hitzarmenaren ondorioz egindako jardueretatik UPV/EHUri dagozkion eskubide ekonomikoak Gizarte Kontseiluak onartuko ditu, Gobernu Kontseiluaren proposamenari jarraituz.

3.- Ikastegiko publizitate guztian agertuko da UPV/EHUri atxikitako ikastegia dela.

4.- Unibertsitateari atxikitako ikastegiak UPV/EHUren begiradapean egongo dira uneoro, autonomia erkidegoari dagokion ikuskatzaile lana eragotzi barik. Unibertsitateak eskatzen dien informazio guztia eman beharko diote ikastegiek.

5.- Jardunean hasi ondoren ikastegi atxikiak legeriak eskatzen dituen baldintzak edo atxikitze hitzarmenean hartutako konpromisoak betetzeari utziko balio, edo UPV/EHUren eginkizun instituzionaletatik urrunduko balitz, egoera hori dagokion epean konpontzeko eskatuko lioke unibertsitateak. Epea amaituta egoera konpondu ez balitz, ikastegi atxikiari entzun ondoren, atxikipena kenduko zaio eta jakinaren gainean jarriko autonomia erkidegoa, dagozkion ondorioak sor ditzan.

IV. KAPITULUA

SAILAK

133. artikulua.- 1.- Sailak irakaskuntzako eta ikerketako unitateak dira, eta sailen ardura da jakintza eremu batean edo gehiagotan eta ikastegi batean edo gehiagotan irakaskuntza koordinatzea UPV/EHUko irakats programazioari jarraituz. Era berean, sailen zeregina da irakasleek eta ikertzaileek irakaskuntzaren eta ikerketaren arloan dituzten jarduera eta ekimenak bultzatzea.

2.- Sailak jakintza eremuak oinarri hartuta sortu edo aldatuko dira, jakintza eremutzat hartuta jakintza arloak ez ezik, Gobernu Kontseiluak zehaztutako irizpideen arabera irakaskuntzako proiektu koherentea garatuko duten gainontzekoak ere.

3.- Gobernu Kontseiluari dagokio saila sortzeko beharrezko izango den irakasle eta ikertzaile kopurua, kategoria eta arduraldia zehaztea, baina, edozelan ere, gutxienez 18 kide arduraldi osoa izanik lotura iraunkorra daukaten irakasle eta ikertzaileen taldekoak edo parekoak izan behar dira eta horietako 12, gutxien dela, doktoreak.

134. artikulua.- Honako hauek dira sailaren eginkizunak:

a) Bere eskumeneko irakaskuntza jarduerak koordinatzea eta ematea.

b) Saileko irakasle eta ikertzaileen ikerlana bultzatzea eta babestea.

c) Lankidetzan jardutea UPV/EHUko beste egitura batzuekin eta beste erakunde publiko edo pribatuekin, bai irakaskuntzaren arloan, bai ikerketan.

d) Zientziaren, teknikaren, giza zientzien edo artearen alorreko jarduerak sustatzea, unibertsitateko ikasketak garatzea eta estatutu hauetako 97. artikuluan zehaztutako gainontzekoak.

e) Saileko kideen berrikuntza zientifiko eta pedagogikoa sustatzea.

f) Aurrekontua kudeatzea, baliabide materialak administratzea eta saileko langileak edo sailari atxikitakoak zuzentzea.

g) Sailaren urteko plana garatu eta betetzea.

h) Urteko memoria egitea.

i) UPV/EHUko gainerako organoei eginkizunak betetzen laguntzea.

j) Ikasketa planak egiten parte hartzea, baita bere eskumeneko gainontzeko jardueretan ere.

135. artikulua.- 1.- Salbuespen moduan, sail bateko irakasle bat aldi baterako beste sail bati atxiki ahal izango zaio, Gobernu Kontseiluak onartutako irizpide orokorrei jarraiki.

2.- Ez da onartuko atxikipena aldatzea horrek sailaren irakats betebeharrak bete gabe geratzea badakar.

136. artikulua.- Sailek beren eginkizunak betetzeko behar dituzten langileak izango dituzte, eta UPV/EHUko aurrekontu orokorrean sail berezituak; bakoitzak autonomiaz kudeatuko du berea.

137. artikulua.- 1.- Gobernu Kontseiluari dagokio sailak sortu, aldatu edo kentzeko erabakia hartzea, kasuan zerikusia duten sailek aurretik iritzia emanda eta egoki diren txostenak kontuan hartuta.

2.- Saila sortu edo aldatzeko proposamenarekin batera, memoria bat aurkeztu beharko da. Bertan adierazi beharko da legeak eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen direla, eta datu hauek bildu beharko dira:

a) Sailaren izena, bilduko dituen jakintza eremuen zerrenda eta erabakiak ukitutako irakasleen, ikertzaileen eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen zerrenda.

b) Atxikiko zaizkion gai edo irakasgaiak eta ikerketa lerroak.

c) Sailari atxikitako ondasunak, azpiegiturak eta lokalak.

d) Sail berriak behar izango dituen baliabideen eta funtzionamendu gastuen ebaluazio ekonomikoa.

e) Sailaren behin-behineko arautegia.

3.- Saila kendu edo aldatzeko proposamena arrazoitua izan beharko da, eta neurri horrek eragingo liekeen ikasketa edo ikerketa jarduerak nora aldatuko liratekeen zehaztu, eta zeri atxikita geratuko liratekeen horrek ukitutako langile eta baliabideak.

138. artikulua.- 1.- Unibertsitate arteko sailak edo sail mistoak sortzeko, hitzarmena sinatu behar da, aurrez, kasuan kasuko unibertsitatearekin, goi mailako hezkuntzako ikastegiarekin edo ikergunearekin.

2.- Saila sortzeko hitzarmenak estatutu hauetan eskatzen diren formalitateak bete behar ditu. Hitzarmenak sailaren gobernu eta funtzionamendua arautuko ditu, alde bakoitzak egin dezakeen kontrol eta egiaztatze lana eragotzi barik, eta aurreko artikuluan aipatutako memoriak eduki behar dituen gutxieneko edukiak jasoko ditu.

139. artikulua.- 1.- Sailak sail atalak sortu ahal izango ditu bere arautegiaren bidez, oinarrizko arautegian zehaztutakoari jarraituz.

2.- Sail atal bakoitzak koordinatzaile bat izango du, atalari atxikitako irakasle edo ikertzaile bat.

3.- Sailaren aurrekontuan atalei dagokien zatia bereizita azalduko da.

V. KAPITULUA

UNIBERTSITATEKO IKERKETA INSTITUTUAK

140. artikulua.- Unibertsitateko ikerketa institutuek zientziaren, teknikaren eta giza zientzien alorreko ikerketan eta arte sorkuntzan dihardute gehienbat; gainera, ikasketa espezializatuetako eta graduondoko ikastaroetako irakaskuntza lanak egin daitezke institutuotan. Halaber, institutuek aholkularitza teknikoa emango dute beren eskumeneko esparruan.

141. artikulua.- Honako hauek dira unibertsitateko ikerketa institutuen eginkizunak:

a) Ikerketa eta zientziaren arloko berrikuntza bultzatzea.

b) Graduondoko ikasketak antolatu eta garatzea, bai eta berezko tituluetara edo espezializaziora bideratutako beste ikasketa batzuk ere.

c) Estatutu hauetako 97. artikuluan jasotako jarduerak garatzea.

d) Beren artean edo UPV/EHUko eta beste erakunde publiko zein pribatu batzuetako ikastegiekin eta sailekin lankidetzan jardutea, irakaskuntza eta ikerlanak egiteko.

142. artikulua.- 1.- Unibertsitateko ikerketa institutuak hiru motatakoak izan daitezke:

a) UPV/EHUrenak berarenak. UPV/EHUk berak bultzatuak dira eta guztiz txertatuta daude UPV/EHUren egituran.

b) Atxikiak. Beste erakunde publiko edo pribatu batzuen mendekoak dira, baina UPV/EHUrekin lankidetza hitzarmena sinatua dute. Hitzarmenean jasota egon behar da nola gauzatuko den lankidetza.

c) Mistoak. Hitzarmen bidez beste erakunde publiko eta pribatu batzuekin lankidetzan sortutakoak. Hitzarmenean jasota ageriko da institutua erakunde bien mende dagoela, eta institutuaren arautegia ere jaso behar da.

2.- Unibertsitateko ikerketa institutuak sortu, aldatu edo kentzeko erabakia arloan ezar daitekeen legediari jarraituz hartuko da Gobernu Kontseiluak iritzia eman ondoren; institutua aldatu edo kentzekoa denean, institutuaren iritzia ere izan beharko da kontuan. Proposamenarekin batera erabakia arrazoitzeko txostena aurkeztu beharko da.

3.- Institutuak unibertsitateari atxikitzeko, estatutuotako 145.2 artikuluko baldintzak bete behar dira.

143. artikulua.- 1.- Oinarrizko arautegian zehaztutakoari jarraituz, unibertsitatearen beraren ikerketa institutuko kide izango dira:

a) Institutuan ari diren irakasle eta ikertzaile doktoreak.

b) Institutuan prestatze bidean dauden ikertzaileak.

c) Institutuaren diruaz ordaindutako ikertzaileak.

d) Institutuari atxikitako administrazio eta zerbitzuetako langileak edo bere diruaz kontratatutakoak.

e) Ikasleen ordezkariak, halakorik balego.

2.- Oinarrizko arautegian zehaztutakoari jarraituz, unibertsitateko ikerketa institutu mistoko kide dira institutuan ari diren UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileak. Edozelan ere, UPV/EHUren beraren institutuetarako zehaztutako prozedura bete beharko da.

144. artikulua.- Gobernu Kontseiluak arautuko du unibertsitateko institutuen oinarrizko funtzionamenduaren edukia eta finantzazio sistema.

145. artikulua.- 1.- Gobernu Kontseiluak eman behar die hasierako onespena unibertsitateko ikerketa institutuak sortu edo aldatzeko proposamenei, Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordeak aurretik aldeko iritzia emanda. Proposamenak egiteko, txostena eskatuko zaie ukitutako sailei.

2.- Honako baldintza hauek bete behar dira institutua sortzeko:

a) Ikertzaile gaitasun eta ikerketa ildo egiaztatuak dauzkaten ikertaldeak egotea lehendik.

b) Unibertsitatetik kanpoko ebaluazio batean kalitate bikaina egiaztatua izana.

c) Institutuak izango duen aztergaiak interes estrategikoa izatea.

d) Ohiko diru laguntzaz gain, baliabide ekonomikoak izatea, erakunde publikoekin zein pribatuekin sinatutako kontratuei eta ikerketa proiektuei esker.

e) Sortu nahi den institutuaren bidez lortu nahi diren helburu zientifikoak unibertsitateko sailen baten bidez lortu ezina arrazoitzeko azalpena.

3.- UPV/EHUren beraren ikerketa institutua sortzeko proposamenarekin batera memoria bat aurkeztu beharko da, gutxienez honakoak zehaztuta:

a) Institutuaren helburuak, premia zientifikoa eta garrantzi soziala.

b) Institutuko ikerketa ildoak eta irakaskuntza lanak, eta lortu nahi diren helburu zientifikoak UPV/EHUn dagoeneko sortuta dagoen egituraren baten bidez lortu ezina arrazoitzeko azalpena.

c) Beharrezkoak diren langileen eta baliabideen ebaluazio ekonomikoa, eta diru sarreren eta funtzionamendu gastuen kalkulua.

d) Hasiera batean unibertsitateko ikerketa institutuari atxikiko zaizkion irakasleak eta ikertzaileak eta bakoitzaren ikerketa merezimenduak, institutua sortu beharra arrazoitzen dutenak.

e) Unibertsitateko ikerketa institutuko behin-behineko arautegia.

4.- Saila kendu edo aldatzeko proposamena arrazoitua izan beharko da, eta neurri horrek eragingo liekeen ikasketa edo ikerketa jarduerak nora aldatuko liratekeen zehaztu, eta zeri atxikita geratuko liratekeen horrek ukitutako langile eta baliabideak.

VI. KAPITULUA

DOKTOREGO ESKOLAK

146. artikulua.- 1.- Doktorego eskolak jakintzaren arlo bateko edo desberdinetako doktoregoko programak, zientziaren arloko graduondokoak eta ikerketaren arloko prestakuntza koordinatu eta kudeatzeko ardura duten zentroak dira.

2.- Gobernu Kontseiluak hartuko du doktorego eskolak sortu, aldatu edo kentzeko erabakia, bai eta arautegia onartzekoa ere, ukitutako sailen iritzia entzun ondoren.

3.- Doktorego eskola sortu edo aldatzeko proposamenarekin batera, txostena aurkeztu behar da. Bertan adieraziko beharko da legeak eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen direla, eta datu hauek bildu beharko dira:

a) Eskolaren izena.

b) Eskolak koordinatuko dituen ikerketa ildoak eta doktoregoko programak.

c) Eskolaren giza baliabideak, baliabide materialak eta azpiegiturak.

d) Baliabideen eta funtzionamendu gastuen ebaluazio ekonomikoa.

e) Eskolaren behin-behineko arautegia.

147. artikulua.- Doktorego eskolaren eginkizunak dira, besteak beste:

a) Doktorego eskolen eta ikerguneen arteko lankidetza bultzatzea.

b) Nazioartean gaitasun handia aitortua daukaten adituak erakartzeko ekintzak sustatzea.

c) Doktoregoko programen eskaintza zabaldu eta hedatzea.

d) Elkarlanean antolatutako nazioarteko doktoregoak eta doktoregoko ikasketen trukeak bultzatzea.

VII. KAPITULUA

UPV/EHUKO EDO UPV/EHURI ATXIKITAKO GAINERAKO GUNE, EGITURA EDO ENTITATEAK

148. artikulua.- 1.- UPV/EHUk, helburuak betetze aldera, beste gune edo egitura batzuk sortu ahal izango ditu, bereak edo mistoak (erakunde publiko edo pribatuekin elkarlanean), edo beste gune edo egitura batzuetan partaide izan ahalko da, baldin eta bilatzen diren helburuak ezin badira egokiro bete UPV/EHUn dagoeneko sortuta dauden egituren bitartez. Nortasun juridikodunak edo gabeak izan daitezke.

2.- Estatutu hauei, barne araudiari eta indarreko legediari jarraituz sortu, antolatu eta funtzionatuko dute.

149. artikulua.- 1.- Gobernu Kontseiluak hartuko ditu aurreko artikuluan aipatutako erabakiak. Jarduerak irakaskuntzaren arlokoak badira, graduko edo graduondoko batzordearen aldeko txostena beharko da, eta ikerketakoak direnean, Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako Batzordearena, eta, beti ere, ukitutako campus, ikastegi, sail eta institutuen iritzia entzun beharko da. Aparteko nortasun juridikoa dutenean, Gobernu Kontseiluak Gizarte Kontseiluari aurkeztuko dio proposamena.

2.- Jarraibidea bera izango da guneak edo egiturak aldatu edo kendu nahi direnean, iraungitzera doazenean edo atxikipena bertan behera utzi nahi denean.

3.- Edozelan ere, unibertsitateko institutuei eskatzen zaien txosten arrazoituaren parekoa aurkeztu behar da.

150. artikulua.- 1.- Nortasun juridikoa izango duten gune edo egiturak sortzeko edo horietan partaidetza izateko prozedurak partzuergo, sozietate, elkarte, fundazio edo kasuan kasuko entitateari dagokion arautegiari jarraitu beharko dio.

2.- Erakunde publiko edo pribatuekin batera nortasun juridikorik gabeko egiturak sortzeko, hitzarmena sinatu beharko da eta bertan jaso ondokoak: iraupena, finantza arloko eta bestelako konpromisoak, jarduerak, antolaketa, funtzionamendua eta koordinazio sistemak.

3.- Irakaskuntzaren arloko jarduerak beteko badira, bermatu egingo da akademia gestioko arautegia eta ikasleen eskubideak bete egingo direla, eta errespetatu egingo direla UPV/EHUk ikuskatzeko daukan ahalmena eta aldezlearen eskumenak.

151. artikulua.- 1.- Aurreko artikuluan aipatutako nortasun juridikodun guneak edo egiturak sortzeko hornidura, kapital sozialera egindako ekarpenak eta UPV/EHUk bere aurrekontuen kontura erakunde horien alde egiten dituen bestelako ekarpenak Euskal Autonomia Erkidegoak horretarako ezarriko dituen arauen mende egongo dira.

2.- Kapitalean edo ondare fondoan UPV/EHUk gehiengo partaidetza daukanean, erakundea behartuta egongo da kontuak ematera UPV/EHUren epe eta forma berberekin.

152. artikulua.- 1.- Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egonik UPV/EHUren tituluak lortzera bideratutako ikasketak ematen dituzten gune edo egiturek aparteko araubidea izango dute, beren inguruaren eskakizunetara egokitzeko, eta, betiere, indarreko legediak ezarritakoari jarraituz.

2.- Horrelako egiturak Gobernu Kontseiluaren proposamenari jarraituz sortu edo kenduko dira eta legean zehaztutakoari jarraitu beharko zaio.

VI. TITULUA

ADMINISTRAZIOKO ZERBITZU OROKORRAK ETA UNIBERTSITATEKO KIDEEI LAGUNTZA EMATEKOAK

153. artikulua.- 1.- Administrazioko zerbitzu orokorrek, UPV/EHUko errektorearen eta gobernu organoen zuzendaritzapean, unibertsitateko ekintzak eta jarduera akademikoak garatzeko beharrezko diren administrazio eta kudeaketa prozesuen ardura dute.

2.- Gobernu Kontseiluaren eskumena da zerbitzu horietako arautegiak onartzea.

154. artikulua.- 1.- Zerbitzuok, modu deszentralizatuan antolatuta eta eginkizunak ere banatuta izanda, ondoko arloak bultzatuko dituzte:

a) Ikasleei harrera egin eta aholku eta orientazioa ematea.

b) Titulatuen laneratzea.

c) Kultura eta kirol ekintzak sustatu eta horietarako laguntza ematea.

d) Interesgarritzat jotzen diren zientzia, teknika eta arte lanak zabaltzea.

e) Unibertsitateko kideen osasuna eta ongizatea.

f) Hizkuntzak ikastea.

g) Ikasteko metodologia berrien arloko prestakuntza.

h) Beren autonomiaz baliaturik antola ditzaketen bestelako guztiak.

2.- Unibertsitateko kideei laguntza emateko zerbitzuak sortu, aldatu edo kentzeko eskumena Gobernu Kontseiluarena da, edo, bestela, Campuseko Batzarrarena.

155. artikulua.- 1.- Ikastetxe nagusiak UPV/EHUn txertatutako zentroak dira, eta ikasleei bizilekua ematea eta ikasleentzako kulturaren eta zientzien arloko prestakuntza bultzatzea dute helburu, eta unibertsitateko zerbitzurako beteko dute beren jarduna.

2.- UPV/EHUk ikastetxe nagusiak sortu edo atxiki ahal izango ditu, estatutuotan edo hauek garatzeko arautegietan zehaztutakoari jarraituz.

3.- Errektorearen ekimenez sortuko dira UPV/EHUren beraren ikastegi nagusiak, eta Gobernu Kontseiluak onartuko du horiek sortzea aldez aurretik Campuseko Batzarraren aldeko iritzia izanda.

156. artikulua.- 1.- Gobernu Kontseiluak onartuko du ikastetxe nagusien oinarrizko arautegia, eta, gutxien dela, ikastetxe nagusiak sortzeko eta funtzionamendurako irizpide orokorrak jasoko dira.

2.- Era berean, UPV/EHUk ikastetxe nagusi atxikiaren sustatzailea den erakunde publiko edo pribatuarekin sinatuko duen oinarrizko hitzarmena ere onartu behar du Gobernu Kontseiluak. Hitzarmen horretan jasota egon behar da erakundearen konpromisoa ikasleei estatutu hauetan aitortzen zaizkien eskubideak errespetatzeko.

3.- UPV/EHUren beraren ikastetxe nagusiko zuzendaria errektoreak izendatuko du.

157. artikulua.- Gobernu Kontseiluak, era berean, unibertsitateko kideentzako egoitzak sortu edo atxikitzeko prozedurak arautuko ditu eta ondorioak zehaztuko.

VII. TITULUA

UPV/EHUren GOBERNUA ETA ORDEZKARITZA

I. KAPITULUA

XEDAPEN OROKORRAK

158. artikulua.- 1.- UPV/EHUren gobernua, ordezkaritza, kontrola, aholkularitza eta administrazioa kide anitzeko eta kide bakarreko organoen bitartez bideratzen dira.

2.- Gobernu Kontseiluak kide anitzeko edo kide bakarreko organo espezifikoak sortu ahal izango ditu, bai eta bestelako karguak ere.

159. artikulua.- Kide bakarreko gobernu organoetako karguak betetzeko ezinbestekoa da arduraldi osoan lan egitea, legeak aurreikusita dauzkan salbuespenekin. Ezin izango da aldi berean kargu bat baino gehiago bete kide bakarreko organoetan.

160. artikulua.- 1.- Unibertsitateko gobernu eta ordezkaritzarako kide anitzeko organoen erabakiak bileran dauden kideen gehiengo soilaz hartuko dira. Gehiengo soila dago aldeko botoak kontrako botoak baino gehiago direnean.

2.- Errektorearen, Unibertsitateko Klaustroaren, Gobernu Kontseiluaren eta Gizarte Kontseiluaren erabakiek administrazio bidea agortzen dute, eta haien aurka administrazioarekiko auzi errekurtsoa jar daiteke zuzenean, baina horrek ez du eragotziko aurretik aukerako administrazio errekurtsoa jartzea.

3.- Kide bakarreko eta kide anitzeko beste organoen erabakien kontra errekurtsoa jar dakioke errektoreari.

4.- Xedapen orokorren aurka egiteko zuzenean jo daiteke administrazioarekiko auzien jurisdikziora.

161. artikulua.- Maila desberdinetako edo maila bereko organoen artean eskumen arazoak sortzen direnean bien gainetik dagoen organoak ebatziko ditu eta, ez balego, errektoreak.

II. KAPITULUA

KIDE ANITZEKO GOBERNU ETA ORDEZKARITZA ORGANOETAKO KIDEAK HAUTATZEA

162. artikulua.- 1.- Gobernu Kontseiluak kide anitzeko eta kide bakarreko organoen Hauteskunde Arautegi Orokorra onartuko du.

2.- UPV/EHUko Hauteskunde Arautegi Orokorra garatu eta interpretatzeko Hauteskunde Batzorde Orokorra eratuko da. Batzordearen osakideak Gobernu Kontseiluko kideak izango dira, hauteskunde talde bakoitzetik bat, eta ahalegina egingo da emakumezkoen eta gizonezkoen kopuruak orekatuak izan daitezen.

163. artikulua.- 1.- Unibertsitatea osatzen duten kidegoen ordezkariak hautatzerakoan sufragio unibertsal, libre, berdin, zuzen eta sekretuaz emango da botoa hala Klaustro Orokorrean nola ikastegietako batzarretan, sailetako kontseiluetan eta unibertsitateko ikerketa institutuetan.

2.- Hauteskunde Arautegi Orokorrari jarraiki dagokien erroldan ageri direnak izango dira hautesle eta hautesgarri. Hauteskundeetarako deia egiten denean errolda ixteko egunaren berri ere emango da.

3.- Hauteskunde talde batean baino ezingo da erabili sufragio aktibo eta pasiborako eskubidea. Pertsona bat aldi berean bada irakasle eta ikertzailea eta administrazio eta zerbitzuetako langilea, arduraldi handieneko profila gailenduko da. Edozelan ere, pertsona bat irakasle eta ikertzailea bada edo administrazio eta zerbitzuetako langilea bada, ezin izango du ikasle moduan parte hartu hauteskundeetan.

4.- Ordezkariak hautatzeko, hauteskunde barruti bakoitzean hauteskunde batzorde bat eratuko da, hauteskunde taldeen ordezkari banak osatua.

5.- Ikasleek beren aukera akademikoei kalterik egin gabe parte hartu dezatela bultzatzeko, UPV/EHUk neurriak hartuko ditu ikasleen jarduera akademikoa eta haien ordezkaritza lanak bateragarriak izan daitezen.

164. artikulua.- 1.- Hauteskunde sistemak gutxiengoen errespetua bermatuko du.

2.- Kide anitzeko organoetarako hauteskundeetan hautagai zerrenda kolektibo, itxi eta ordenatuak aurkeztuko dira. Hondarrik handienaren sistema proportzionalari jarraiki zenbatuko dira botoak.

3.- Hautetsiez gain, kidego bakoitzerako ordezkoak ere aldarrikatuko dira, jasotako boto kopuruen araberako ordenan. Hautetsiak kargua uzten duenean zerrenda bereko hurrengo kide ez-hautetsiak beteko du haren lekua.

4.- Bai behin-behineko ordezkapenak eta bai behin betikoak Hauteskunde Arautegi Orokorrean arautuko dira.

165. artikulua.- 1.- Ikasleen ordezkariak bi urterako hautatuko dira eta kide anitzeko organoetan izan behar dituzten ordezkarien hauteskundeak Hauteskunde Arautegi Orokorrak zehazten dituen datetan egingo dira.

2.- Irakasleek eta ikertzaileek eta administrazio eta zerbitzuetako langileek Klaustroan eta ikastegietako batzarretan izan beharreko ordezkariak lau urterako hautatuko dira.

166. artikulua.- Ordezkaria izatea norberari dagokion ezaugarria da. Honako hauek izango dira kargua uzteko arrazoi:

a) Heriotza, ezintasuna edo kargurako gaitasuna kenduta izatea.

b) Hauteskundeak baliogabetzea.

c) Agintaldia amaitzea.

d) Dimisioa aurkeztea.

e) UPV/EHUko kidea izateari uztea, edo hautatua izan zen kidegoko kidea izateari uztea.

f) Bileretara behin eta berriro huts egitea, kasuan kasuko arautegiaren arabera.

III. KAPITULUA

UPV/EHUKO ORGANO OROKORRAK

167. artikulua.- 1.- Gizarte Kontseilua gizarteak UPV/EHUn parte hartzeko daukan organoa da. Legeak eta estatutu hauek ematen dizkioten zereginak dauzka, eta legeak eta estatutuok agindutakoaren arabera dago osatua.

2.- Gizarte Kontseiluko kide dira: errektorea, idazkari nagusia eta gerentea, bai eta, gutxienez, irakasle edo ikertzaile bat, ikasle bat eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat ere, Gobernu Kontseiluak bere kideen artetik aukeratuak.

168. artikulua.- Unibertsitateko Klaustroa unibertsitateko kideen ordezkaritzarako organo gorena da. Bere eskumenen eremuan hartzen dituen erabakiek kide anitzeko beste organo guztiak behartzeko indarra daukate.

169. artikulua.- Hauek dira Unibertsitateko Klaustroaren osakideak: errektorea (bera izango da burua), idazkari nagusia (Klaustroko idazkaria izango da), gerentea eta 240 kide gehiago, honetara banatuak:

- 135 (% 56,25): irakasle iraunkor doktoreak.

- 18 (% 7,50): irakasle iraunkor ez-doktoreak.

- 5 (% 2,09): gainerako irakasle eta ikertzaileak.

- 53 (% 22,08): ikasleak.

- 29 (% 12,08): administrazio eta zerbitzuetako langileak.

170. artikulua.- 1.- Unibertsitateko Klaustrorako hauteskundeetan ikasleentzat eta irakasle eta ikertzaile iraunkor doktoreentzat hauteskunde barrutia ikastegia izango da. Gainerako irakasle eta ikertzaileentzat hauteskunde barrutia campusa izango da. Irakasle eta ikertzaileek Klaustroan izango dituzten ordezkarien banaketa ikastegietako eta campusetako proportzio erlatiboaren araberakoa izango da, eta arduraldien haztapenaren araberakoa. Ikastegi bakoitzak gutxienez irakasle eta ikertzaile iraunkor doktoreen ordezkari bat izango du Klaustroan.

2.- Administrazio eta zerbitzuetako langileek Klaustroan izango dituzten ordezkariak banatuko dira talde horiek campus bakoitzean dituzten kideen proportzio erlatiboaren arabera, campusa izango baita haien hauteskunde barrutia.

3.- Unibertsitateko Klaustroak bere arautegian behar diren baliabideak zehaztuko ditu emakumezkoen eta gizonezkoen kopuruak orekatuak izan daitezen.

171. artikulua.- Unibertsitateko Klaustroaren eskumenak:

a) UPV/EHUko Estatutuak egitea.

b) Klaustroaren Funtzionamendurako Arautegia onartzea.

c) Beren karguagatik edo beste organo batzuek izendaturik Gobernu Kontseiluko berezko kide ez direnak hautatzea.

d) Campusak sortu, aldatu edo kentzea, Gobernu Kontseiluak proposatuta.

e) Egoki deritzen batzordeak sortzea, Klaustroak berak zehaztutako helburu eta eskumenekin.

f) UPV/EHUren plangintza estrategikorako eta hizkuntza plangintzarako oinarriez iritzia ematea, bai eta errektoreak, Gobernu Kontseiluak edo klaustrokideen laurden batek aurkezten dizkioten gai guztiez ere.

g) Estatutuek eta legeria orokorrak ematen dizkioten gainerako eskumen guztiak.

172. artikulua.- 1.- Klaustrokide hautetsien heren baten eskariz ezohiko bileran bilduta, Klaustroak errektorea aukeratzeko hauteskundeetarako deia egin ahal izango du, Klaustrokideen bi herenek ontzat joz gero. Proposamenak aurrera egiten badu, Klaustroa desegin egingo da eta errektoreak kargua utziko du, baina jardunean jarraituko du harik eta errektore berriak kargua hartu arte.

2.- Horretarako deitutako Klaustroa egin ezin balitz quorum nahikoa ez dagoelako, edo proposamena onartuko ez balitz, sinatzaileek ezin izango dute halako proposamenik aurkeztu bozketa egiten denetik urtebete igaro arte.

173. artikulua.- 1.- Errektoreak egingo du, bere ekimenez, Klaustroaren ohiko bilerarako deia.

2.- Klaustroaren ezohiko bilerarako deia, berriz, honako hauek egin dezakete: Gobernu Kontseiluak erabaki baten bidez, Klaustroko kide hautetsien laurden batek edo kidego baten ordezkarien gehiengo osoak.

3.- Erabakiak onartu ahal izateko beharrezkoa izango da klaustrokideen erdiak bileran egotea lehen deialdian eratutakoa bada, edo, bigarren deialdian eratutakoa bada, kideen heren bat bertan egotea.

4.- Errektoreak ikasturte bakoitzeko lehen lauhilekoan egin beharko du Klaustrorako deia, urteko kudeaketa memoria eta eginkizunen programa aurkeztu eta eztabaidatzeko.

174. artikulua.- Gobernu Kontseiluak unibertsitateko politika orokorraren jarraibideak ezarri eta garatzen ditu, bai eta jarraibideok aplikatzeko prozedurak ere, irakaskuntzaren, ikerketaren, giza baliabideen eta baliabide ekonomikoen antolamenduaren arloan. Era berean, aurrekontuak egiten ditu eta urte anitzerako plana prestatzen du.

175. artikulua.- 1.- Hauek izango dira Gobernu Kontseiluaren osakideak: errektorea, Kontseiluko burua izango dena; idazkari nagusia, Kontseiluko idazkaria izango dena; gerentea; eta beste 42 kide, honetara banatuak:

a) Zortzi errektoreorde, errektoreak izendatuak. Horien artean egongo dira, nahitaez, campuseko errektoreordeak.

b) Unibertsitateko Klaustroak hautatutako hogei kide. Horietatik zortzi irakasle iraunkor doktoreen ordezkariak izango dira; beste bi, irakasle eta ikertzaile iraunkor ez-doktoreen ordezkariak; beste bat, gainerako irakasle eta ikertzaileen ordezkaria; bost, ikasleen ordezkariak, haietako bat gutxienez, graduondoko ikaslea dela; eta lau, administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkariak. Kidego bakoitzak bere ordezkariak hautatuko ditu bere kideen artetik.

c) Fakultate eta eskoletako dekano eta zuzendarien zazpi ordezkari, horietako lau Bizkaiko Campusekoak, bi Gipuzkoakoak eta bat Arabakoa, guztiak ere Klaustro osoak aukeratuak.

d) Sail, institutu eta doktorego eskolen zazpi ordezkari, Klaustroko arautegiak zehazten duen erara banatuak, eta Klaustro osoak aukeratuak.

2.- Gainera, unibertsitatekoak ez diren Gizarte Kontseiluko bi kide egongo dira Gobernu Kontseiluan.

3.- Ahalegina egingo da emakumezkoen eta gizonezkoen kopuruak orekatuak izan daitezen.

176. artikulua.- Gobernu Kontseiluaren bilera deia, aztergaien zerrenda eta bilerako akta Kontseiluaren arautegiak zehazten duen moduan zabalduko dira eta unibertsitateko kide guztien esku jarriko dira.

177. artikulua.- 1.- Hauek dira Gobernu Kontseiluaren eskumenak:

a) Errektoreari bere eginkizunetan laguntzea, errektorea aukeratzeko hauteskundeetarako deia egitea eta UPV/EHUko Estatutuak bete daitezen zaintzea.

b) Araugintzarako ahalmena erabiliz, estatutu hauek garatu eta aplikatzeko arauak nahiz unibertsitatearen antolamendurako arauak onartzea, Estatutuetan aurreikusita egon zein ez, bai eta UPV/EHUn aplikatzeko bestelako arauak onartzea ere.

c) Plan estrategikoa eta hizkuntza normalkuntzarako plana onartzea.

d) Politika akademikoaren ildo nagusiak ematea eta ikasketen nahiz ikerketaren kudeaketa, antolamendu eta plangintzarako arau orokorrak onartzea.

e) Gizarte Kontseiluari aurkeztea, ontzat eman ditzan, UPV/EHUko aurrekontuen proiektua eta urte anitzerako programazioa, bai eta urteko kontuak ere, hala bereak nola bere menpeko entitateenak.

f) Unibertsitateko Klaustroari campus berriak sortzeko proposamenak aurkeztea, ontzat eman ditzan.

g) Ohoreak eta sariak emateko arautegia onartzea.

h) Osasun erakunde eta establezimenduekiko itunak onartzea

i) Sailak sortu, aldatu edo kentzea, bai eta sailen egoitza administratiboa zein den erabakitzea ere.

j) Beste erakunde batzuekin hitzarmenak egiteko eta denuntziatzeko jarraibideak onartzea.

k) UPV/EHUn ikasleak onartzeko arautegia onartzea.

l) Titulu eta ikasketen proposamenak eta haien ikasketa planak onartzea edo aldatzea.

m) Irakasle eta ikertzaileak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak kontratatzeko baldintzak ezartzea eta kontratu ereduak eta lanpostuen zerrendak onartzea.

n) Bere eginkizunak hobeto betetzeko komenigarri deritzen batzordeak eratzea.

o) Legeek, estatutuok eta hauek garatzeko arauek ematen dizkioten gainerako eginkizun guztiak.

178. artikulua.- Errektorea UPV/EHUko agintari akademiko gorena da, unibertsitatearen ordezkaria da eta berori zuzendu eta gobernatzen du.

179. artikulua.- 1.- Errektorea unibertsitateko kideek hautatuko dute, hautaketa zuzenaz eta sufragio unibertsal, libre eta sekretuaz. Errektore izateko hautagai izan ahalko dira UPV/EHUn jardunean dauden eta arduraldi osoa daukaten unibertsitateko katedradunen kidegoko irakasle funtzionarioak. Errektorea Euskal Autonomia Erkidegoko organo eskudunak izendatuko du.

2.- Hautagaiek klaustrokideen % 10en sinaduraren bermea aurkeztu beharko dute, eta, horrekin batera, beren programa eta gobernu taldearen egitura. Gobernu Kontseiluak hauteskunde kanpainarako laguntza emango die hautagaiei eta Klaustroaren ezohiko bilerarako deia egingo du, hautagaiek programak aurkeztu eta Klaustroarekin eztabaida ditzaten.

3.- Lehenengo txandan errektore aldarrikatuko da boto baliodunen erdiak baino gehiago biltzen dituen hautagaia, estatutu hauetako 169. artikuluan aipatutako haztapenak behin aplikatuta. Inork lortuko ez balu boto kopuru hori, bigarren bozketa egingo da, baina horretan bakarrik lehiatuko dira lehen bozketan boto gehien lortu dituzten hautagai biak, lehen aipatutako haztapenak kontuan hartuta. Bigarren txandan botoen gehiengo soila lortzen duen hautagaia aldarrikatuko da errektore, estatutu hauetako 169. artikuluan zehazten diren haztapenak aplikatuta.

4.- Hautagai bakarra badago, lehen bozketa baino ez da egingo eta unibertsitateko kideek hori bozkatu edo zuri eman ahalko dute botoa. Hautagai bakar hori errektore aldarrikatuko da baldin eta boto baliodunen herena baino gehiago bere aldekoak badira, estatutu hauetako 169. artikuluan zehazten diren haztapenak behin aplikatuta.

5.- Errektorearen agintaldia lau urtekoa izango da, eta, gehienez ere, beste agintaldi bat bete ahal izango du aurrekoaren segidan.

180. artikulua.- 1.- Errektoreak erabaki bat emango du, argitara emango dena, bere eskumenak taldekideei eskuordetzeko. Era berean, erabaki horretan argi eta garbi adieraziko du zein errektoreordek egingo dion ordezkoa kanpoan edo gaixorik dagoenean. Errektoreak sei hilabete baino gehiago emango balitu gaixorik edo kanpoan, Gobernu Kontseiluak hauteskundeetarako deia egingo luke.

2.- Honako hauek izango dira errektore kargua uzteko arrazoi: heriotza, ezintasun legala, kargurako gaitasuna kenduta izatea, dimisioa, UPV/EHUkoa izateari uztea, agintaldia amaitzea edo Klaustroak hauteskundeetarako deia egitea, estatutu hauetako 172. artikuluan aurreikusitako moduan.

3.- Errektoreak dimisioa aurkeztuz gero, agintaldia amaituz gero edo Klaustroak errektorea aukeratzeko hauteskundeetarako deia eginez gero, errektoreak jardunean jarraituko du harik eta errektore berriak kargua hartu arte.

181. artikulua.- 1.- Errektoreak eskumen hauek izango ditu:

a) UPV/EHUren ordezkari legala izatea.

b) Buru izatea Klaustroaren eta Gobernu Kontseiluaren bileretan, bai eta unibertsitateko gainerako organoen ekitaldi eta saioetan ere bertan dagoenean, legeak bestelako lehentasunik ezarrita ez badauka.

c) Unibertsitateko Klaustroaren eta Gizarte Kontseiluaren erabakiak garatu eta betearaztea eta organo bioi bere kudeaketaren berri ematea.

d) UPV/EHUko organoek beren eginkizunak behar bezala bete ditzaten eta gobernu organoen erabakiak eta aplikatu beharreko gainerako arauak bete daitezen zaintzea eta horretarako behar diren neurriak hartzea.

e) UPV/EHUko organigraman langile guztien buru izatea.

f) Tituluak ematea UPV/EHUren izenean.

g) Honoris causa doktoreak izendatzea eta UPV/EHUren domina eta bestelako ohore ikurrak edo sariak ematea, horretarako dauden arautegiei jarraiki.

h) Irakasle eta ikertzaileen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen lanpostuak betetzeko lehiaketetarako deia egitea.

i) UPV/EHUko kide bakarreko organoetarako hautetsiak izendatzea eta kargutik kentzea.

j) UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileak eta administrazio eta zerbitzuetako langileak izendatu eta kontratatzea.

k) Zerbitzuen ikuskaritza eratu eta antolatzea.

l) Zigortzeko ahalmena erabili eta hala dagokionean unibertsitateko kideak zigortzea, eta hala dagokionean zehapen proposamenak aurkeztea eskumena daukan administrazio organoari.

m) UPV/EHUko gobernu organoen erabakien kontra jartzen diren errekurtsoak ebaztea, estatutu hauetako 160. artikuluaren arabera administrazio bidea agortzen ez dutenean.

n) Behar diren batzordeak izendatzea eta kabineteak sortzea, aurrekontuen mugen barruan.

o) Aurrekontua prestatzeko eta gastua gauzatzeko prozesuak zuzentzea.

p) UPV/EHUren eskubide eta interesen alde egoki deritzen ekintzak burutzea, eta atzera egiteko, transakziorako eta amore emateko ahalmena erabiltzea.

2.- Gainera, errektoreak beteko ditu legeriak, estatutuok eta hauek garatzeko arauek bere gain uzten dituzten beste eskumen guztiak eta beste organo batzuei beren-beregi esleituta ez daudenak.

182. artikulua.- 1.- Errektorea salbuetsita egongo da irakaslanetik eta unibertsitateko katedradunei dagozkien gainerako betebeharretatik; eskubide hori gauzatzeko, nahikoa du bere sailari jakinaraztea.

2.- Agintaldia behin amaituta, eta karguan urte bi edo gehiago eman baditu, errektoreak eskubidea izango du ordaindutako baimen bakar bat izateko, gehienez urtebetekoa, irakaskuntzan eta ikerketan eguneratze aldera. Errektoreak agintaldi osoa bete badu baimena bi urtekoa izan ahalko da.

3.- Agintaldia amaituta, errektore ohiek goi mailako ordezkaritza, protokolo eta kudeaketa lanak egin ahal izango dituzte unibertsitatearentzat, errektore berriak hala eskatzen badie, Gobernu Kontseilua jakitun ipinita.

183. artikulua.- 1.- Errektoreordeak errektoreak izendatuko ditu, UPV/EHUn zerbitzuak betetzen dituzten irakasle eta ikertzaile iraunkor doktoreen artetik. Emakumezkoen eta gizonezkoen kopuruak orekatuak direla bermatuko da.

2.- Honako hauek izango dira errektoreorde kargua uzteko arrazoi: heriotza, ezintasun legala, kargurako gaitasuna kenduta izatea, UPV/EHUkoa izateari uztea, agintaldia amaitzea edo errektoreak hala erabakitzea. Errektoreordeei dimisioa onartu ahal izango zaie, baina baliteke jardunean egon behar izatea ordezkoak kargua hartu arte.

3.- Errektoreordeek errektoreari lagunduko diote bere lanean, eta gainera beraiei beren-beregi eskuordetutako edo beren gain utzitako zereginak gidatu eta koordinatuko dituzte. Unibertsitateko campus bakoitzean campuseko errektoreorde bat egongo da.

184. artikulua.- 1.- Errektoreak zuzendariak izendatu ahalko ditu unibertsitateko kideen artetik errektoreordeei laguntzeko, errektoreordeen proposamenez. Ahalegina egingo da emakumezko eta gizonezko zuzendarien kopuruak orekatuak izan daitezen.

2.- Gobernu Kontseiluak onartu egin beharko du, aldez aurretik, errektoreordetzetako zuzendaritzen organigrama, eta horrekin batera zuzendarien eginkizunen, ordainsarien eta zereginetatik salbuetsiak izateko aukeren zehaztapena.

185. artikulua.- 1.- Errektoreak irakaslanetik salbuetsi ahal izango ditu errektoreordeak, neurri batean edo erabat.

2.- Agintaldia behin amaituta, eta karguan hiru urte edo gehiago eman badituzte, errektoreordeek eskubidea izango dute ordaindutako baimen bakar bat izateko, gehienez urtebetekoa, irakaskuntzan eta ikerketan eguneratze aldera.

186. artikulua.- 1.- Idazkari nagusia UPV/EHUko gobernu eta administrazio orokorreko kide anitzeko organoen ekintza eta erabakien fede emailea da. Errektoreak izendatuko du, UPV/EHUn zerbitzuak betetzen dituzten irakasle eta ikertzaile iraunkor doktoreen artetik.

2.- Honako hauek izango dira idazkari nagusiaren kargua uzteko arrazoi: heriotza, ezintasun legala, gaitasuna kenduta izatea, UPV/EHUkoa izateari uztea, agintaldia amaitzea edo errektoreak hala erabakitzea. Idazkari nagusiari dimisioa onartu ahal izango zaio, baina baliteke jardunean egon behar izatea bere ordezkoak kargua hartu arte.

187. artikulua.- 1.- Hauek dira idazkari nagusiaren eginkizunak:

a) Klaustroaren eta Gobernu Kontseiluaren akta liburuak egin eta jagotea, eta organo horietako idazkari izatea, bai eta UPV/EHUri eragiten dioten xedapen guztiak batzea ere.

b) UPV/EHUko Erregistro Orokorra eguneratua izatea.

c) UPV/EHUko gobernu organo orokorren akta eta erabakien fede ematea eta ziurtagiriak egitea, bai eta idazkari nagusia den aldetik bere aurrean gertatzen diren edo UPV/EHUko dokumentazio ofizialean jasota dauden ekintza edo gertakari guztien ziurtagiriak ere.

d) UPV/EHUko erabaki guztien publizitatea bermatzea.

e) UPV/EHUko Artxibo Orokorra eta zigilua zaintzea.

f) UPV/EHUren ekitaldi ofizialen antolamenduaz arduratzea eta protokoloa betearaztea.

g) Indarreko legeriak eta estatutu hauek bere gain uzten dituzten gainerako eginkizunak.

2.- UPV/EHUko legelariak unibertsitateko Zerbitzu Juridikoan jardungo dute, idazkari nagusiaren zuzendaritzapean, eta UPV/EHUko organoek bere gain uzten dituzten arazoez arduratuko dira. UPV/EHUren defentsa eta ordezkaritza bertako Lege Zerbitzuko legelariek egingo dute, nahiz eta horrek ez duen eragotziko behar izanez gero unibertsitatearen defentsa kanpoko legelarien eskuetan uztea. Ordezkaritza lana auzitegietako prokuradoreen esku utzi ahal izango da.

188. artikulua.- 1.- Errektoreak irakaslanetik salbuetsi ahal izango du idazkari nagusia, neurri batean edo erabat.

2.- Agintaldia behin amaituta, eta karguan hiru urte edo gehiago eman baditu, idazkari nagusiak eskubidea izango du ordaindutako baimen bakar bat izateko, gehienez urtebetekoa, irakaskuntzan eta ikerketan eguneratze aldera.

189. artikulua.- 1.- Gerentea UPV/EHUren administrazio eta ekonomia zerbitzuak antolatu eta kudeatzeaz arduratzen da, Gobernu Kontseiluak emandako xedapenei jarraiki.

2.- Errektorearen jarraibideen arabera jardungo du.

190. artikulua.- 1.- Gerentea errektoreak izendatuko du, Gizarte Kontseiluarekin ados jarrita.

2.- Gerenteak goi mailako titulazioa izan beharko du, arduraldi osoan jardungo du bere karguaren zereginetan eta ezin izango du irakaslanik egin.

3.- Errektoreak eta Gizarte Kontseiluko buruak zehaztuko dituzte, ados jarrita, gerentearen ordainsarien ezaugarriak.

4.- Hauek izango dira gerente kargua uzteko arrazoi: heriotza, ezintasun legala, kargurako gaitasuna kenduta izatea, dimisioa edo errektoreak hala erabakitzea. Azken bi kasuetan errektoreak erabakiko du jardunean jarraitu behar duen ala ez.

191. artikulua.- Hauek dira gerentearen eginkizunak eta eskumenak:

a) UPV/EHUren aurrekontuak gauzatu daitezen zaintzea, aurrekontuetako aurreikuspenak betetzen direla gainbegiratuz, VIII. tituluan eta gai honi dagozkion arauetan xedatutakoari jarraiki.

b) Unibertsitatearen administraziorako baliabide eta langileen antolamenduaz UPV/EHUko gobernu organo orokorrek hartzen dituzten erabakiak bete daitezen zaintzea.

c) Ondarea administratu, zaindu eta kudeatzea, VIII. tituluari eta gai honi dagozkion arauei jarraiki. Horretarako, ondasun eta eskubideen inbentarioa egin eta eguneratu beharko du.

d) Administrazio eta zerbitzuetako langileen buru izatea, errektoreak ahalmen hori eskuordetzen dioenean.

e) Errektoreak eskuordetzen dion edo estatutuok, hauek garatzeko arauek edo indarreko legeriak ematen dioten beste edozein eskumen.

192. artikulua.- Bere eginkizunak betetzeko eta eskumenak gauzatzeko, gerenteak gerenteordeen eta, beharrezkoa denean, zuzendarien laguntza izango du. Zuzendari eta gerenteordeok errektoreak izendatuko ditu, gerentearen iritzia entzunda, eta, campuseko gerenteordeen kasuan, baita dagokion campuseko errektoreordearen iritzia entzunda ere. Kargua utziko dute gerenteak kargua utziko lukeen arrazoi berberengatik.

193. artikulua.- 1.- Gerenteordeek beren izendapenaren arabera dagozkien arloak zuzenduko dituzte, eta gerenteak edo errektoreak eskuordetzen dizkien eskumenak izango dituzte. Edozelan ere, campus bakoitzeko zuzendaritza administratiboa campuseko gerenteordearen lana izango da.

2.- Estatutu hauetako 190.2 artikuluan aurreikusitakoa gerenteordeei ere aplikatuko zaie.

IV. KAPITULUA

CAMPUSETAKO ORGANOAK

194. artikulua.- 1.- Campuseko Batzarra campus bakoitzaren gobernu eta ordezkaritza organoa da, kide anitzekoa.

2.- Hauek dira Campuseko Batzarraren zereginak:

a) Campuseko errektoreordeari bere zereginetan laguntzea.

b) Campusaren jardunaren ildo nagusiak, urteko memoria eta urteko eginkizunen plana onartzea; eta Gobernu Kontseiluari premien memoriaren, urte anitzerako programazioaren eta hizkuntza normalkuntzarako eta eleaniztasunerako politikaren berri ematea.

c) Bere arautegia behin betiko onartzea, legezkotasun txostena egin ondoren.

d) Campuseko ikastegiekin, institutu edo unibertsitatearen egiturekin, titulazioekin eta zerbitzuekin zerikusi zuzena duten proposamenak eta txostenak bidaltzea unibertsitateko gobernu organo orokorretara, eta ikastetxe nagusiak eta unibertsitate egoitzak onetsi, campusari atxiki eta bertan txertatzeaz iritzia ematea.

e) Ikasketak koordinatzea, irakaskuntza eta ikerketa behar bezala burutu daitezen zaintzea, eta campuseko kideen lan baldintzak eta elkarbizitza hobetzen laguntzea, horretarako behar diren neurriak hartuz.

f) Campusari bakarrik eragiten dioten hitzarmenak sinatzeko baimena ematea, Gobernu Kontseiluak emandako jarraibideei eutsiz.

g) UPV/EHUk campusean dauzkan ondasun eta higiezinak erabiltzeko moduari buruzko iritzia ematea.

h) Guztientzako eremuak erabiltzeko arauak ezartzea eta ikasgelak nahiz jardun akademikorako beste espazioak behar bezala aprobetxa daitezen bermatzea.

i) Bere zereginak hobeto betetzeko egoki deritzen batzordeak eratzea.

j) Estatutuok edo hauek garatzeko arautegiek ematen dizkioten gainerako eskumenak, edo unibertsitateko gobernu organoek eskuordetzen dizkiotenak.

195. artikulua.- 1.- Era berean, Campuseko Batzarrak campuseko errektoreordea kargutik kentzea proposa diezaioke errektoreari. Horretarako, lehendabizi batzarraren heren batek ezohiko bilerarako deia egin beharko du zentsura mozioari buruzko bozketa egiteko; batzarkideen bi herenek aldeko botoa emanez gero, zentsura mozioak aurrera egingo du.

2.- Proposamena onartuko ez balitz, sinatzaileek ezin izango dute halako proposamenik aurkeztu bozketa egiten denetik urtebete igaro arte.

196. artikulua.- 1.- Campuseko Batzarreko burua campuseko errektoreordea da. Campuseko Batzarraren bilerarako deia haren arautegiak zehazten duenean egin beharko da, bai eta batzarkideen laurden batek hala eskatzen duen bakoitzean.

2.- Campuseko Batzarrak osakide hauek izango ditu: idazkaria, gerenteordea, gehienez hiru zuzendari, campuseko errektoreordeak izendatuak; ikastegi bakoitzeko dekano edo zuzendaria; gehienez sailetako sei zuzendari; campusean egoitza duten institutuen ordezkari bat; irakasle eta ikertzaileen zortzi ordezkari gehienez; ikastegi bakoitzeko ikasleen ordezkari bat; eta administrazio eta zerbitzuetako langileen hiru ordezkari. Ahalegina egingo da emakumezkoen eta gizonezkoen kopuruak orekatuak izan daitezen.

197. artikulua.- 1.- Campuseko errektoreordea errektorearen ordezkari iraunkorra da, eta, beraz, agintari gorena campus bakoitzean. Campusaren gobernu, ordezkaritza eta administrazioa dira bere zereginak; guztientzako zerbitzuak kudeatzen ditu, eta unibertsitate osoarentzako jarraibide orokorrak eta Campuseko Batzarrak onetsitakoak garatzen ditu campusean.

2.- Campuseko errektoreordeak ikastegi, sail eta ikerketa institutuetan eta campusean kokatutako gainerako ataletan sortzen diren arazoak aztertzen ditu, eta behar diren erabakiak hartzen ditu bere eskumeneko gaietan, edo UPV/EHUko gobernu eta ordezkaritza organo orokorretara bideratzen ditu.

198. artikulua.- 1.- Hauek dira campuseko errektoreordearen eskumenak:

a) Campuseko Batzarrean buru izatea.

b) UPV/EHUko organo orokorren eta Campuseko Batzarraren jarraibideak garatu eta aplikatzea eta haien erabakiak betetzea. Campuseko Batzarrari bere gestioaren berri emateaz gain, kontuak eman beharko ditu haren aurrean.

c) Inguruko erakunde publiko eta pribatuekiko harreman arruntetan UPV/EHUren ordezkari instituzionala izatea.

d) Unibertsitateko langileek beren lanpostuaren jabetza hartzen dutenean UPV/EHUren ordezkaria izatea bere campusean.

e) Behar dituen aholku batzordeak izendatzea.

f) Eskuordetzan ematen zaizkion eskumenak erabiltzea, bai eta campuseko beste organo batzuei beren-beregi esleitu ez zaizkien gai deszentralizatuetarako eskumenak ere.

2.- Campuseko errektoreordeei campuseko zuzendariek, campuseko gerenteordeak eta campuseko idazkariak lagunduko diete beren zereginetan.

199. artikulua.- 1.- Campuseko idazkariak errektoreak izendatuko ditu, campuseko errektoreordeen proposamenez. Campuseko idazkariak Campuseko Batzarraren aktak egingo ditu, eta akta liburuak egiteaz eta zaintzeaz arduratuko da; erabakiei publizitatea ematea bermatu beharko du, Campuseko Batzarraren eta campuseko beste administrazio eta gobernu organoen erabakien fede eman eta erabaki horien ziurtagiriak egingo ditu. Halaber, bere aurrean gertatzen diren edo campuseko dokumentazio ofizialean jasota dauden ekintza edo gertakarien fede eman eta horien ziurtagiriak egingo ditu; gainera, Erregistro Orokorra eguneratua izaten lagunduko du, eta campuseko artxiboa zainduko. UPV/EHUko beste organo batzuek eskuordetzen dizkioten beste zeregin guztiak ere beteko ditu.

2.- Campuseko idazkariek unibertsitateko idazkari nagusiarekin koordinatuko dituzte beren zereginak. Idazkari nagusiak irizpide bateratuak emango dizkie unibertsitate osorako onartutako arautegiak aplikatzeko.

200. artikulua.- 1.- Campuseko gerenteordeak laguntza emango die campuseko errektoreordeari eta Campuseko Batzarrari ondarearen eta ekonomia eta administrazioaren arloko gauza guztietan.

2.- Zehatzago, eta gerentearen jarraibideei eutsiz betiere, honako hauek egingo ditu gerenteordeak:

a) Campusaren kudeaketa ekonomikoa eta administratiboa egingo du, eta zerbitzu orokorren jarduna zuzenduko du campusean, bai eta zerbitzu orokorrei sostengua emateko zerbitzuak gidatu eta koordinatu ere.

b) Campuseko administrazio eta zerbitzuetako langileak gidatu eta koordinatuko ditu.

c) Etengabeko prestakuntza eta hobekuntza programak proposatu eta bideratuko ditu campuseko administrazio eta zerbitzuetako langileentzat.

d) Aholku emango die campuseko administrazio atalei edo campusean txertatutako erakundeei, eta beren zereginak koordinatuko ditu.

3.- Era berean, eskuordetzan ematen zaizkion gainerako eskumenak izango ditu, bai eta estatutuotan eta hauek garatzeko arauetan ematen zaizkion beste eskumen guztiak ere.

V. KAPITULUA

IKASTEGIETAKO GOBERNU, ORDEZKARITZA, ZUZENDARITZA ETA KUDEAKETA ORGANOAK

201. artikulua.- 1.- Hauek izango dira Ikastegiko Batzarraren osakideak, gutxienez: dekanoa edo zuzendaria (batzarreko burua izango da), idazkaria, erantzukizun handieneko administrazio eta zerbitzuetako langilea, ikastegiko atalen koordinatzaileak, eta ikastegiko arautegiak zehaztuko duen kide kopuru bat, unibertsitateko kidegoen artean banatuko dena. Ikastegien Oinarrizko Arautegiak behar diren mekanismoak ezarriko ditu hautatuak ez diren pertsonen kopuruak ez desitxuratzeko 169. artikuluan ezarritako kidegoen ordezkarien banaketa.

Ikastegiko arautegiak behar diren neurriak zehaztuko ditu emakumezkoen eta gizonezkoen kopuruak orekatuak izan daitezen.

2.- Ikastegiko Batzarrak ohiko hiru bilera egingo ditu, gutxienez, urtean. Ezohiko bilerak, berriz, batzarkideen laurden batek edo kidego bateko kide guztiek hala eskatzen dutenean egingo ditu.

3.- Bileren aktak ikastegiko arautegiak zehazten duen moduan zabalduko dira eta ikastegiko kide guztien esku jarriko dira.

202. artikulua.- 1.- Ikastegiko Batzarrak ikastegiaren bizitza akademikoan eragina daukaten oinarrizko erabaki guztiak hartu behar ditu, eta zeregin hauek bete:

a) Ikastegiko arautegia prestatu eta Gobernu Kontseiluari proposatzea, onar dezan.

b) Ikastegiko dekano edo zuzendaria hautatzea, ikastegiko arautegian hala aurreikusita badago.

c) Gobernu organoei irakasleen plantillan eta administrazio eta zerbitzuetako langileen plantillan dauden beharrizanak aurkeztea.

d) Unibertsitateko planetan jasotako helburuak ikastegira egokitzeko plana onartzea.

e) Hizkuntza normalkuntzako planak betetzeko eta planoi jarraipena egiteko ikastegiak dauzkan premien memoriak aurkeztea Campuseko Errektoreordetzari, hark errektoreari edo, hala dagokionean, Gobernu Kontseiluari bidera diezazkion.

f) Ikastegiari atxikitako irakasle lanpostuen eskarien txostena egitea.

g) Ikasketa planak eta beren aldaketak egin eta proposatzea Gobernu Kontseiluari, bai eta titulazioak ezarri, aldatu eta kentzeko proposamenak ere.

h) Irakaskuntzarako azpiegituren planak edo irakaskuntzan nahiz ikerketan sortutako bestelako premien planak osotasunean aztertu eta dagokionean onartzea, ikastegiari atxikitako sailen edo sail atalen proposamenez.

i) Ikastegiak eskaintzen dituen ikasketen kalitatea aldiro ebalua dadin bermatzea, eta unibertsitatearen zerbitzu publikoa hobetzeko neurriak proposatzea.

j) Bere zereginak betetzeko egoki deritzen batzordeak eratzea.

k) Estatutuok eta hauek garatzeko arauek haren gain uzten dituzten gainerako eginkizun guztiak, edo UPV/EHUko gobernu organoek eskuordetzen dizkiotenak.

2.- Ikastegiko Batzarrak batzorde iraunkor bati eskuordetu ahal izango dizkio bere eginkizunak. Batzordearen osaera ikastegiko arautegiak zehaztuko du, baina, betiere, kidegoek Ikastegiko Batzarrean dauzkaten ordezkarien ehuneko berberak izango dituzte.

3.- Edozelan ere, batzarrak ezin izango ditu eskuordetu lehen ataleko a), b), g) eta j) paragrafoetan aipatutako eginkizunak.

203. artikulua.- 1.- Dekano edo zuzendariak fakultate edo eskolen gobernu, ordezkaritza eta administraziorako organoak dira.

2.- Zuzendariak eta dekanoak ikastegiari atxikitako irakasle eta ikertzaile iraunkor doktoreen artetik hautatuko dira eta errektoreak izendatuko ditu. Halako irakaslerik ez balego, irakasle eta ikertzaile iraunkorren artetik aukeratuko lirateke.

3.- Ikastegiko arautegiak hauteskunde sistema eta prozedura ezarriko ditu. Sufragio unibertsalaren bidez nahiz Ikastegiko Batzarraren bitartez aukeratu ahalko da zuzendari edo dekanoa.

4.- Agintaldia lau urtekoa izango da. Ikastegiko arautegiak mugatu ahal izango du zenbat agintaldi egin daitezkeen segidan.

5.- Dekano edo zuzendariek estatutuotako 180.2 artikuluan jasotako arrazoiengatik utziko dute kargua. Hauteskundeak sufragio unibertsalaz egin badira, dekano edo zuzendariek 172. artikuluan jasotako arrazoiengatik utziko dute kargua, horko aurreikuspenak Ikastegiko Batzarrari aplikatuta. Dekano edo zuzendaria Ikastegiko Batzarrak hautatu badu, zentsura mozioaren bidez utzarazi ahalko zaio kargua, ikastegiko oinarrizko arautegian aurreikusitakoari jarraiki.

204. artikulua.- 1.- Hauek dira dekano edo zuzendariaren zereginak:

a) Ikastegiaren ordezkaria izatea eta ikastegiari atxikitako langile guztien zuzendari funtzionala izatea.

b) Ikastegiaren jarduera guztiak gidatu, koordinatu eta gainbegiratzea.

c) Ikastegiko kide anitzeko organoetan buru izatea.

d) Ikastegiko Batzarraren, gobernu organo orokorren eta dagokion campuseko organoen jarraibideak aplikatzea eta haien erabakiak betetzea.

e) Errektoreari bere eskumeneko izendapenak proposatzea.

f) Ikastegiko Batzarrari urteko memoria eta plana aurkeztea.

g) Irakasleek beren irakaskuntza betekizunak betetzen dituztela gainbegiratzea, Ikuskaritza Zerbitzuarekin lan eginez.

h) Horretarako eskumena duten zerbitzu teknikoekin koordinaturik, ikastegiko leku guztien higienea eta segurtasuna bermatzea, eta horretarako behar diren neurriak hartzea.

i) Ikastegiko kideen eskari eta proposamenak bideratzea.

j) Ikastegiaren ebaluazioa eta etengabeko hobekuntza bultzatzea.

k) Gainerako gobernu organoek eskuordetzan ematen dizkioten gainerako eginkizunak, edo unibertsitateari buruzko legeriak, estatutuok edo hauek garatzeko arauek esleitzen dizkiotenak eta, beren-beregi beste organo batzuei esleituta egon barik, ikastegiarekin zerikusia daukaten eginkizunak.

2.- Era berean, dekano edo zuzendariak lankidetza hitzarmenak sinatuko ditu, Gobernu Kontseiluak emandako jarraibideei eutsiz.

205. artikulua.- 1.- Errektoreak irakaslanetik salbuetsi ahal izango ditu dekano edo zuzendariak, neurri batean edo erabat.

2.- Agintaldia amaituta, eta karguan hiru urte edo gehiago eman badituzte, eskubidea izango dute irakaslanetik beste urtebetez salbuetsita egoteko, irakaskuntzan eta ikerketan eguneratze aldera.

206. artikulua.- 1.- Errektoreak, dekano edo zuzendariak proposatuta, dekanorde edo zuzendariordeak izendatuko ditu behar diren baldintzak betetzen dituzten ikastegiko irakasle eta ikertzaileen artetik. Ahalegina egingo da emakumezkoen eta gizonezkoen kopuruak orekatuak izan daitezen.

2.- Dekanorde edo zuzendariordeek dekano edo zuzendariak eskuordetzen dizkien eginkizunak beteko dituzte, eta beren izendapenean zehazten diren arloen zuzendaritza hartuko dute.

3.- Honako hauek izango dira kargua uzteko arrazoi: dimisioa, heriotza, ezintasun legala, kargurako gaitasuna kenduta izatea, UPV/EHUko kide izateari uztea edo errektoreak hala erabakitzea, dekano edo zuzendariak proposatuta.

4.- Dekano edo zuzendaria gaixorik edo kanpoan balego, izendapenean beren-beregi horretarako zehaztutako dekanorde edo zuzendariordeak egingo lioke ordezkoa. Zuzendariak sei hilabete baino gehiago emango balitu gaixorik edo kanpoan, jardunean dagoen dekanorde edo zuzendariordeak hauteskundeetarako deia egingo luke.

207. artikulua.- 1.- Idazkari akademikoa errektoreak izendatuko du, dekano edo zuzendariak proposatuta, eta jardunean dagoen irakasle bat izango da. Dekanorde edo zuzendariordeen arrazoi berberengatik utziko du kargua.

2.- Idazkari akademikoak ikastegiko gobernu, ordezkaritza eta administraziorako kide anitzeko organoen ekintza eta erabakien fede ematen du; akta liburuak egiteaz eta zaintzeaz arduratzen da eta ziurtagiriak egiten ditu, hala erabakienak nola bere aurrean gertatzen diren ekintza eta gertakari guztienak edo ikastegiko dokumentazio ofizialean jasota daudenenak.

208. artikulua.- 1.- Errektoreak irakaslanetik salbuetsi ahal izango ditu ikastegiko dekanorde, zuzendariorde eta idazkariak, gehienez ere arduraldiaren erdiraino.

2.- Agintaldia amaituta, eta karguan hiru urte edo gehiago eman badituzte, eskubidea izango dute irakaslanetik beste sei hilabetez salbuetsita egoteko, irakaskuntzaren eta ikerketaren arloan eguneratze aldera.

VI. KAPITULUA

SAILETAKO GOBERNU, ORDEZKARITZA, ZUZENDARITZA ETA KUDEAKETA ORGANOAK

209. artikulua.- 1.- Sailaren gobernua Kontseiluaren eta zuzendariaren eginkizuna da.

2.- Hauek izango dira Saileko Kontseiluaren osakideak: zuzendaria, idazkaria, irakasle iraunkor guztiak eta irakasle ez-iraunkor doktore guztiak, sailari atxikitako gainerako irakasleen ordezkariren bat (saileko arautegiak zehaztuko du zenbat), sailak ematen duen ziklo bakoitzeko ikasleen ordezkari bat gutxienez, eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat, gutxienez.

210. artikulua.- Arautegiak aurreikusita eduki ahal izango du kontseiluaren batzorde iraunkor bat sortzea. Batzorde hori osatuko dute zuzendariak, idazkariak, sail atalen koordinatzaileek eta hiru kidegoen ordezkariek, Sailen Oinarrizko Arautegian xedatutakoaren arabera.

211. artikulua.- 1.- Saileko Kontseiluak ohiko bilera egingo du urtean behin gutxienez, eta ezohiko bilera egingo du kideen heren batek edo kidego bateko kide guztiek hala eskatzen dutenean.

2.- Hauek dira Saileko Kontseiluaren eginkizunak:

a) Saileko zuzendaria hautatzea arautegiak xedatutakoari jarraiki.

b) Urteko txosten ekonomikoa, saileko irakaskuntzaren eta ikerketaren memoria, eta eginkizunen plana onartzea.

c) Urteko irakats eskaintza programatu eta ebaluatzeko irizpideak onartzea.

d) Saileko irakasleei irakats betebeharrak eta haien balizko aldaketak esleitzea.

e) Irakasgaien oinarrizko programak ezartzea, kasuan kasuko ikasketa planaren barruan.

f) Masterreko, doktoregoko eta gainerako ikasketetako (unibertsitateko berezko tituluetako ikasketak izan edo ez) eskaintzak proposatzea.

g) Doktorego tesiak ebaluatu behar dituzten pertsonak izendatzeko proposamenak onartzea legeak baimendutako baldintzetan, bai eta bestelako epaimahaietako kideak izendatzekoak ere.

h) Saileko irakasle eta ikertzaileen ikerketa jarduerak eta ekimenak bultzatzea.

i) Plaza berriak eskatzea eta saileko langileen lanpostuen zerrendan egin beharreko aldaketak proposatzea.

j) Irakasleen lanari buruzko txosten arrazoituak egitea, irakaskuntza merezimenduak esleitu eta kontratuak berritze aldera.

k) Bere eskumenen esparruan, kontratuak egiteko baimena ematea, zientziaren, teknikaren edo artearen arloko lanak egiteko.

l) Venia docendi eman behar bada, aurretiko txostena egitea.

m) Indarreko legeriak, estatutuok eta hauek garatzeko arauek bere gain uzten dituzten gainerako guztiak, bai eta eskuordetzen zaizkionak ere.

3.- Batzorde Iraunkorrak beteko ditu, alde batetik, bere arautegiaren arabera kontseiluak eskuordetutako eginkizunak, eta, bestetik, kontseiluak une jakinetan eskuordetzen dizkionak. Edozelan ere, kontseiluak ezin izango dizkio eskuordetu ez zuzendaria aukeratzeko eskumena, ez saileko arautegia onartzekoa.

4.- Bileren aktak saileko arautegiak zehazten duen moduan zabalduko dira eta saileko kide guztien esku jarriko dira.

212. artikulua.- 1.- Zuzendaria Saileko Kontseiluak aukeratuko du, saileko kide diren irakasle eta ikertzaile iraunkor doktoreen artetik, eta UPV/EHUko errektoreak izendatuko du.

2.- Saileko zuzendaririk ez balego, Saileko Kontseiluaren bilerarako deia egingo da, oinarrizko arautegiak ezarrita daukanari jarraiki, hark behar diren neurriak har ditzan sailak behar bezala jarduteko.

3.- Zuzendariaren agintaldia lau urtekoa izango da eta ikastegiko arautegiak mugatu ahal izango du zuzendariak zenbat agintaldi egin ditzakeen segidan.

4.- Zuzendariek estatutuotako 180.2 artikuluan jasotako arrazoiengatik utziko dute kargua. Haien aurkako zentsura mozioa onartuz gero ere utziko dute kargua, Sailen Oinarrizko Arautegian aurreikusita dagoen legez.

213. artikulua.- Campus edo ikastegi desberdinetan diharduten sailetan sail atalak eratu ahal izango dira, Sailen Oinarrizko Arautegiaren arabera. Atalak koordinatzaile bat izango du.

214. artikulua.- 1.- Hauek dira saileko zuzendariaren eginkizunak:

a) Sailaren ordezkaria izatea.

b) Saileko Kontseiluko burua izatea, baita, dagokionean, saileko Batzorde Iraunkorreko burua ere, saileko arautegiari jarraiki.

c) Saileko kideen eskari eta proposamenak jaso eta bideratzea.

d) Saileko administrazio eta zerbitzuetako langileen zuzendari funtzionala izatea.

e) Sailaren urteko memoria, eginkizunen plana eta txosten ekonomikoa egitea.

f) Saileko kide anitzeko organoek hartutako erabakiak betetzea.

g) Irakaskuntza normaltasunez eta benetan eman dadin zaintzea.

h) Zientzia, teknika, giza zientzia eta artearen arloko ikerlanak egiteko sailak egiten dituen kontratuak sinatzea.

i) Saileko beste organo batzuei eman ez zaizkienak, unibertsitateko gobernu organoek eskuordetutakoak eta estatutuok nahiz indarreko legeriak esleitzen dizkiotenak.

2.- Era berean, lankidetza hitzarmenak ere sinatuko ditu, Gobernu Kontseiluaren jarraibideei eutsiz.

215. artikulua.- Errektoreak irakaslanetik salbuetsi ahal izango ditu zuzendariak, gehienez ere arduraldiaren erdiraino.

216. artikulua.- 1.- Saileko idazkaria errektoreak izendatuko du, zuzendariak proposatuta. Jardunean dagoen irakasle edo ikertzaile bat izango da.

2.- Honako hauek izango dira kargua uzteko arrazoi: dimisioa, heriotza, ezintasun legala, kargurako gaitasuna kenduta izatea, UPV/EHUko kide izateari uztea edo errektoreak hala erabakitzea, zuzendariak proposatuta.

3.- Idazkariak saileko gobernu, ordezkaritza eta administraziorako kide anitzeko organoen ekintza eta erabakien fede ematen du; akta liburuak egiteaz eta zaintzeaz arduratzen da eta ziurtagiriak egiten ditu, hala erabakienak nola saileko dokumentazio ofizialean jasota dauden ekintza edo gertakarienak.

VII. KAPITULUA

UNIBERTSITATEKO IKERKETA INSTITUTUETAKO, DOKTOREGO ESKOLETAKO ETA BESTELAKO GUNE, EGITURA EDO ENTITATEETAKO GOBERNU, ORDEZKARITZA, ZUZENDARITZA ETA KUDEAKETA ORGANOAK

217. artikulua.- 1.- Unibertsitateko ikerketa institutuetako zuzendariak institutuen ordezkariak dira eta institutuen zuzendaritza eta kudeaketa arruntaz arduratzen dira.

2.- Unibertsitateko ikerketa institutu bakoitzeko arautegiak zehaztuko du zelan osatuko den Institutuko Kontseilua (betiere institutuarekin zerikusia duten kidego guztiak ordezkatuta egotea bermaturik), zein eskumen izango dituen Kontseiluak, zeintzuk izango diren zuzendaria hautatzeko arauak (doktoreen artetik hautatuko da) eta zein eskumen izango dituen.

3.- Ikerketa institutu misto edo atxikiek eta UPV/EHUk irakaskuntza, ikerketa, kultura edo unibertsitate hedakuntzarako sortutako bestelako unitate misto edo entitateek jardungo dute haien sorrera edo atxikipena xedatu zuen erabaki edo hitzarmenaren arabera.

218. artikulua.- Doktorego eskolak Batzarra edo Kontseilua eta zuzendaria izango du, oinarrizko arautegiak zehazten duen bezala hautatuko edo izendatuko direnak.

219. artikulua.- Gobernu Kontseiluak arautuko ditu UPV/EHUn sortzen diren nortasun juridikorik gabeko gainerako egitura edo entitateak.

220. artikulua.- Gobernu Kontseiluak beren-beregi eman beharko du baimena unibertsitateko kideek parte hartzeko UPV/EHUk berak sortutako edo UPV/EHUren esku-hartzeaz sortutako erakunde edo enpresa publiko edo pribatuetako administrazio kontseiluetan edo gobernu organoetan.

VIII. TITULUA

UPV/EHUren EKONOMIA ETA FINANTZA ARAUBIDEA

I. KAPITULUA

XEDAPEN OROKORRA

221. artikulua.- 1.- UPV/EHUk autonomia dauka ekonomia eta finantzetan, eta bere eginkizunak betetzeko behar dituen ekonomia eta finantza baliabideak eta ondasunak izango ditu.

2.- Fondoak eduki eta kudeatzen dituzten unitate guztiek honako printzipio hauek hartuko dituzte aintzat: legezkotasuna, eraginkortasuna, gardentasuna, elkartasuna eta UPV/EHUri eta gizarteari ahalik eta zerbitzurik onena ematea.

II. KAPITULUA

UPV/EHUREN ONDAREA

222. artikulua.- 1.- UPV/EHUren ondarea unibertsitateak jabetzan edo titularitatean dituen ondasun eta eskubideek osatuko dute, bai eta etorkizunean eskuratzen edo esleitzen zaizkion gainerako guztiek ere, betiere arau orokorrei men eginez.

2.- UPV/EHUk jasotzen dituen dohaintzak eta erosten duen material inbentariagarri eta bibliografikoa unibertsitatearen ondarean sartuko dira, nahiz eta horrek ez duen eragotziko gerora haien erabilera beste erakunde batzuei esleitu ahal izatea.

3.- Unibertsitateko kide guztien eginbeharra da UPV/EHUren ondarea zaintzea eta egokiro erabiltzea.

4.- Jabetza publikoko eremu, eraikin eta lokalak atxikita dauden zerbitzu eta zereginetarako erabiliko dira lehentasunez, eta unibertsitateko arduradunek behar diren neurriak hartu ahal izango dituzte bateraezinak diren jarduerak bildu ez daitezen.

5.- UPV/EHUk bere ondarea eratzen duten ondasun eta eskubide guztien inbentarioa izango du, eta aldian-aldian eguneratuko.

223. artikulua.- Jabetza publikoko ondasunen eta bere ondarearen administrazioan eta erabileran UPV/EHUk arlo horretako kasuan kasuko legeriari jarraituko dio.

III. KAPITULUA

EKONOMIA ETA FINANTZA BALIABIDEAK

224. artikulua.- UPV/EHUren ekonomia eta finantza baliabideak honako hauek izango dira: hartzen dituen diru laguntzak, Unibertsitate Planetik hartzen dituenak, jabetzan dituen eskubide eta akzioak, ematen dituen zerbitzuetatik datozkion sarrerak, bere jarduerek ematen dizkiotenak eta bere ondarearen etekinak.

225. artikulua.- Bere helburuak betetzeko, UPV/EHUk honako baliabide hauek izango ditu:

a) Euskal Autonomia Erkidegoak urtero egiten dizkion gastu arruntetarako eta kapital gastuetarako transferentziak. Horiek UPV/EHUk bere zeregin arruntak betetzeko adinakoak izan beharko dira.

b) Inbertsioen Urte Anitzerako Planeko eta indarreko programa kontraturako fondoak.

c) Unibertsitateko titulu ofizialetako ikasketei loturiko zerbitzu akademikoen eta legean jasotako gainerako eskubideen diru sarrerak, Euskal Autonomia Erkidegoak horretaz xedatzen duenaren arabera.

d) Berezko ikasketei, espezializazio ikastaroei eta UPV/EHUk modu autonomoan antolatzen dituen gainerako jarduerei dagozkien zerbitzu akademiko eta administratiboen diru sarrerak.

e) Erakunde publiko eta pribatuek egindako transferentziak eta herentzia, legatu eta dohaintzetatik etorritako diru sarrerak.

f) Bere ondarearen etekinak, eta indarreko arauei jarraiki unibertsitateak burutzen dituen bestelako jarduera ekonomikoetatik etorritako sarrerak.

g) Unibertsitateari buruzko Lege Organikoko 83. artikuluan aurreikusten diren kontratuetatik etorritako diru sarrerak, Gobernu Kontseiluak kontratu horietarako zehazten duen araubide ekonomikoaren arabera.

h) Euskal Autonomia Erkidegoaren baimenaz unibertsitateak egiten dituen mailegu eragiketen emaitzak.

i) Altxortegiko soberakinak.

j) Bestelako diru sarrerak.

IV. KAPITULUA

EKONOMIA ETA FINANTZEN KUDEAKETA

226. artikulua.- 1.- Gobernu Kontseiluak, gerentearen proposamenez, UPV/EHUren ondarearen eta haren ekonomia eta finantza baliabideen kudeaketa arautuko du. Gobernu Kontseiluak antolaketarako neurriak edo bestelakoak hartu ahal izango ditu, aurrekontua egoki gauza dadin bermatzeko.

2.- Gerentearen eskumena da ondarea eta ekonomia eta finantza baliabideak kudeatzea, estatutu hauetan administrazio organoetarako ezarrita dagoena eragotzi barik.

3.- Ondarearen eta ekonomia eta finantza baliabideen kudeaketarako arautegia Gobernu Kontseiluak onartuko du.

227. artikulua.- Ekonomia eragiketa guztiak behar bezala kontabilizatuko dira UPV/EHUko kontabilitate erregistroetan, ekitaldiaren kitapena egiteko egin behar den urteko txosten ekonomikoan sartze aldera.

228. artikulua.- 1.- UPV/EHUk bere helburuak betetzeko behar dituen egintza eta negozio juridiko guztiak sinatu ahal izango ditu, honi dagokion legerian ezarritako muga eta baldintzen barruan.

2.- Bere kontratuak tramitatzean UPV/EHUk printzipio hauek beteko ditu: lizitazioetara aurkezteko askatasuna, prozeduren publizitatea eta gardentasuna, bereizkeriarik eza eta hautagai guztien tratu berdina.

229. artikulua.- Kontratazio organoak, gerentearen proposamenez eta legezkotasun txostena jaso ondoren, UPV/EHUren administrazio baldintza zehatzen orrien ereduak onartuko ditu, kontratazio administratiboan aplikatu beharreko legeriak arautzen dituen obra, hornigai eta zerbitzuen kontratuetarako.

230. artikulua.- 1.- UPV/EHUko kontratazio organoa errektorea da, ahalmen hori eskuordetu badezake ere.

2.- Kontratazio administratiboari buruzko arauek Kontratazio Mahaia eratzea eskatzen dutenean, errektoreak zehaztuko du zelan osatuko den mahaia, eginkizun hori eskuordetu badezake ere.

V. KAPITULUA

URTE ANITZERAKO PROGRAMAZIOA

231. artikulua.- 1.- Inbertsio eta azpiegituren urte anitzerako programazioa Gobernu Kontseiluak egingo du eta gero Gizarte Kontseiluari bidaliko dio, onar dezan.

2.- Unibertsitate Planean zehaztu ahal izango da unibertsitateak programa-kontratuen bidez jasoko duen urte anitzerako finantzazioa.

232. artikulua.- 1.- UPV/EHUk urteko aurrekontu bat izango du, bakarra, publikoa eta orekatua. Urte naturaleko sarrera eta gastuak bilduko ditu. Euskal Autonomia Erkidegoak hitzartutako diru laguntza arrunta globala izango da, eta irakaslan nahiz ikerketa lan arrunta ziurtatzeko adinakoa.

2.- Sarrera eta gastuen kopuruak kalkulu arrazoituetan oinarrituko dira. Diru sarrerak behin-behinekoak izango dira eta gastuak, berriz, gehieneko zenbateko batekin onartuak.

3.- Ekitaldi bakoitzeko aurrekontuarekin batera aurrekontua gauzatzeko oinarri eta arau batzuk ere egongo dira, gastua modu deszentralizatuan kudeatzea bermatuko dutenak eta ekitaldi horretako ekonomia eta finantza jardunerako izango direnak.

4.- Eranskin bat ere izango dute, non UPV/EHUren entitate instrumentalen sarrera eta gastuen kalkulua jasoko den, erakunde horien gobernu organoek onartua.

233. artikulua.- 1.- Sarreren egoera orrian diru iturri guztien nondik norakoak zehaztuko dira, eta haien zenbateko osoari erantsi beharko zaio gerakin orokorra, hau da, aurreko ekitaldiaren kitapenetik sortutako soberakina, gerakin espezifikoa behin kendu ondoren.

2.- Honako hauek joko dira gerakin espezifikotzat (eta beraz, kreditua sortuko dute hurrengo ekitaldirako eta hasieran horien esleipendun izan ziren atal funtzionalen esku geratuko dira):

a) Ikerketa proiektu eta azpiegituretarako diren kreditu erabili gabeak.

b) Kanpoko baliabideez hornitutakoak diren eta helburu jakin batzuetarako diren kreditu erabili gabeak.

c) Hartuta dauden baina arrazoi sendoengatik bete ezin izan diren konpromisoen gastuei dagozkien kreditu erabili gabeak.

3.- Kredituen gerakin espezifikoek espezifiko izateari utziko diete berez zegokien jarduera amaitu eta hurrengo ekitaldia bukatzean.

234. artikulua.- 1.- Gastuen egoera orrian gastuaren kontzeptu guztiak eta zenbatekoak zehaztuko dira. Honako xehetasun hauek adierazita sailkatuko dira gastuak:

a) Gastu mota.

b) Programa edo helburua.

c) Gastu gunea.

d) Bestelakoak, unean-unean erabakiko direnak.

2.- Betiere, gastu arrunta eta inbertsio gastua bereiziko dira.

235. artikulua.- 1.- Errektoreak aurrekontuaren proiektua aurkeztuko dio urtero Gobernu Kontseiluari, onar dezan.

2.- Gobernu Kontseiluak onartutako proiektua Gizarte Kontseiluari aurkeztuko zaio, behin betiko onar dezan.

236. artikulua.- Aurrekontuan aldaketak egiteko indarreko arau orokorrei jarraikiko zaie, eta ekitaldi bakoitzean unibertsitateko aurrekontuari erantsiko zaion arautegiari.

237. artikulua.- Ekitaldiko lehen eguna baino lehen UPV/EHUko aurrekontua onartuko ez balitz, aurreko ekitaldiko aurrekontua luzatutzat joko da berez, harik eta aurrekontu berria onartu arte, Gobernu Kontseiluak ontzat jotzen dituen aldaketekin.

238. artikulua.- UPV/EHUk, Barne Kontroleko Zerbitzuaren bidez, bere gastu eta sarreren barne kontrola bermatuko du legezkotasun, eraginkortasun eta eragimen printzipioen arabera. Zerbitzu hori errektorearen menpe egongo da zuzenean eta autonomia funtzionala izango du Gerentziarekiko.

239. artikulua.- 1.- Urteko txosten ekonomikoa ekitaldi ekonomikoaren kontuak aurkeztu eta emateko dokumentua da.

2.- Urteko txosten ekonomikoa Gerentziak egingo du, legean aurreikusitako edukiak jasoz.

3.- Errektoreak Gobernu Kontseiluari eta Gizarte Kontseiluari aurkeztuko die txostena, onespena emateko hurrengo urteko lehen seihilekoan, eta gero Euskal Autonomia Erkidegoko Gobernu Kontseiluari bidaltzeko.

240. artikulua.- UPV/EHUk erakunde baten kapitalean edo ondare fondoan parterik handiena daukanean edo erakunde horretako zuzendaritza organoetako kide gehienak UPV/EHUkoak direnean, erakunde horren urteko kontuak aurkeztuko zaizkie Gobernu Kontseiluari eta Gizarte Kontseiluari, UPV/EHUren epe eta prozedura berberekin.

IX. TITULUA

ESTATUTUAK ALDATZEA

241. artikulua.- Honakoek egin dezakete proposamena Estatutuak aldatzeko:

a) Errektoreak.

b) Gobernu Kontseiluak.

c) Klaustrokideen heren batek.

242. artikulua.- 1.- Errektoreak proposatzen duenean Estatutuak aldatzea, aukera hauek izango ditu:

a) Klaustroko Mahaira zuzenean bidaltzea proposatzen duen testu berria eta aldaketarako arrazoien azalpena, horrek tramita dezan.

b) Klaustroko Estatutuen Batzordera jo eta adieraztea zein puntu proposatzen duen aldatzea, batzordeak testua idatz dezan. Errektoreak ontzat jotzen badu testu berria, Klaustroko Mahaiari bidaliko dio, tramita dezan.

2.- Estatutuak aldatzeko proposamena Gobernu Kontseiluak egiten duenean, testu berria proposatu beharko du eta aldaketarako arrazoiak eman. Testua gehiengo osoz onartua izan beharko da Gobernu Kontseiluan. Gero errektoreak Klaustroko Mahaira bidaliko du testua, horrek tramita dezan.

3.- Estatutuak aldatzeko proposamena klaustrokideen heren batek egiten duenean, testu berria proposatu beharko dute eta aldaketarako arrazoiak eman. Gero errektoreak Klaustroko Mahaiari bidaliko dio testua, tramita dezan.

243. artikulua.- 1.- Errektoreak Klaustroko Mahaiari bidaliko dio aldaketarako proposamena, eta Unibertsitateko Klaustroa biltzeko deia egingo du, ekimena aurkezten denetik hilabete biko epean gehienez, proposamenaz erabaki dezan.

2.- Klaustroaren arautegiak Estatutuak aldatzeko prozedura eta zuzenketak aurkezteko baldintzak arautuko ditu.

244. artikulua.- Estatutuak aldatzeko proiektuak aurrera egiteko beharrezkoa izango da bileran dauden klaustrokideen gehiengo osoak alde bozkatzea.

245. artikulua.- 1.- Klaustroko Estatutuen Batzordeko burua errektorea izango da, edo horretarako eskuordetza daukan pertsona, eta idazkari nagusia batzordeko kideetako bat izango da. Gainera honako hauek egongo dira batzordean: irakasle eta ikertzaile iraunkor doktoreen lau ordezkari, irakasle eta ikertzaile iraunkor ez-doktoreen ordezkari bat, gainerako irakasle eta ikertzaileen ordezkari bat, ikasleen bi ordezkari eta administrazio eta zerbitzuetako langileen bi ordezkari. Batzordearen osakideak talde horietakoek hautatuko dituzte beren kideen artetik Klaustroan. Hauteskunde prozesuan behar diren neurriak hartuko dira emakumezkoen eta gizonezkoen kopuruak orekatuak izan daitezen.

2.- Hauek izango dira batzordearen eskumenak: Estatutuak aldatzeko proiektuak egitea edo irizpena ematea halako proiektuez; Klaustroaren arautegia egitea; eta bere gain uzten diren gainerako eskumen guztiak.

246. artikulua.- 1.- Onartutako aldaketak eta estatutu berrien testua Euskal Autonomia Erkidegoko gobernuari aurkeztu beharko zaizkio, legezkoak diren azter dezan eta gero Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara ditzan.

2.- Aldaketak onartutzat joko dira, baldin eta indarreko legeriak horretarako ezartzen duen epean Euskal Autonomia Erkidegoko gobernuak horien kontra berariazko erabakirik ematen ez badu.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.- 1.- Irakasle eta ikertzaile funtzionario edo kontratatu iraunkor moduan osasun erakundeetako asistentzia zerbitzuei lotutako lanpostuak eskuratzeko prozesua arautuko da horretarako arautegi espezifikoaren arabera eta osasun erakundeekiko itunari jarraiki.

2.- Aldi baterako irakasle eta ikertzaile moduan lanpostuok eskuratzeko prozesua horretarako arautegi espezifikoaren arabera eta osasun erakundeekiko itunari jarraiki arautuko da.

Bigarrena.- Lektoreek autonomia erkidegoan ofizialak ez diren hizkuntzak edo haien literaturak irakasten dituzte unibertsitatean, UPV/EHUk eta estatu espainiarrak edo UPV/EHUk eta Espainiako edo atzerriko beste erakunde batzuek sinatutako hitzarmenen ondorioz. Kontratuen baldintzak, arduraldia, kontratuaren iraupena eta luzapena hitzarmen horien arabera arautuko dira. Hitzarmenen edukia Gobernu Kontseiluak onartutako oinarrizko hitzarmenaren araberakoa izango da.

Hirugarrena.- Unibertsitateko irakasleen kidegoetan sartzeko estatuko akreditazioa edo irakasle eta ikertzaile kontratatuen kategorietara sartzeko ebaluazioa arautzen duten irizpideak aplikatze aldera, Gobernu Kontseiluak baliokidetza taula bat egingo du, estatutu hauetako 11.2 artikuluan aipatutako kide bakarreko organoak eta pareko karguak agertuko dituena.

Laugarrena.- Hala erabakitzen duenean, Gobernu Kontseiluak nolabaiteko aitorpena egin ahal izango die bere kideei, egindako lana saritzeko, gobernu, zuzendaritza edo kudeaketa organoetan edo Estatutuetatik sortutako batzordeetan parte hartzeagatik.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.- 1.- Estatutuak garatzeko arauak berrikusi eta indarrean jarri artean, orain indarrean dauden arautegiak aplikatu beharko dira, legeria orokorrari eta estatutu hauei kontra egiten ez dieten guztian.

2.- Edozelan ere, arauen kontraesanetik sor litezkeen lege hutsuneak betetzeko, Gobernu Kontseiluak behar diren behin-behineko arau osagarriak emango ditu.

3.- Estatutu hauek indarrean jarri eta gehienez sei hilabeteko epean Gobernu Kontseiluak egutegi bat egingo du Estatutuak garatzeko arautegia berrikusteko.

Bigarrena.- 1.- Unibertsitateko Klaustroak, Gobernu Kontseiluak eta campus, ikastegi, sail eta ikerketa institutuen gobernurako kide anitzeko organoek orain arte bezala osatuta jarraituko dute harik eta kideak aldatzeko sasoia heltzen zaien arte. Orduan estatutu hauetan zehaztutako moduan eratuko dira, estatutuok indarrean sartu eta bi urteko epean gehienez ere.

2.- Era berean, estatutu hauetan aurreikusitako batzordeek orain arte bezala osatuta jarraituko dute, harik eta kideak aldatzeko sasoia heltzen zaien arte. Orduan estatutu hauetan zehaztutako moduan eratuko dira.

3.- Aldatzeko sasoia heltzen bazaie haien arautegia onartu baino lehen, hauteskundeak estatutu hauen bidez arautuko dira, eta, dagokionean, Hauteskunde Arautegi Orokorraren bitartez, edo/eta Gobernu Kontseiluak onartutako arautegiaren arabera.

Hirugarrena.- 25.3 artikuluan aipatutako irizpideak onartu artean eta salbuespenez, errektoreak berak esleitu ahalko ditu irakaslanak beharrezkoa baldin bada zerbitzua bermatzeko.

Laugarrena.- Gobernu Kontseiluak batzorde berezi bat izendatu artean 34.6 artikuluan aurreikusitako erreklamazioetarako, estatutu hauetako 31.3 artikuluan aipatutako Erreklamazio Batzordeak ebatziko ditu erreklamazio horiek.

Bosgarrena.- 1.- Estatutu hauek indarrean sartzean 133.3 artikuluan aurreikusitako gutxieneko kide kopurua ez daukaten sailek lanean jarraitu ahal izango dute, baina kopuruari buruzko eskakizunak bete beharko dituzte, Sailen Oinarrizko Arautegian zehazten diren epe eta baldintzetan.

2.- 133.3 artikuluan adierazitako eskakizunei dagokienerako, Gobernu Kontseiluak irizpide bereziak jarri ahal izango ditu zeregin asistentzialak unibertsitatearekin ituna daukan ospitale batean betetzen duten irakasle eta ikertzaileentzat.

Seigarrena.- Estatutuok indarrean sartzean unibertsitateko ikerketa institutuei atxikitako irakasle eta ikertzaile ez-doktoreek hala izaten eta bertan betetzen dituzten zereginak betetzen jarraitu ahal izango dute.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indargabe geratzen dira UPV/EHUko aurreko Estatutuak, abenduaren 23ko 322/2003 Dekretuaren bidez onartuak; era berean, indargabe geratzen dira estatutu hauetan zehaztutakoaren kontra dauden xedapen guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Estatutuok Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko dira indarrean.


Azterketa dokumentala