Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabaki nagusiak


2015/12/15 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.
Eusko Jaurlaritzak jada izendatu ditu Elkarkidetza Âż Borondatezko Gizarte-Aurreikuspeneko Erakundeko biltzar orokorrerako bere ordezkariak.
EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.
Euskadiko Energia Estrategia 2020 egitasmoa berrikusi eta administrazioarentzako energia jasangarritasuneko lege berri bat onartuko duela iragarri du Eusko Jaurlaritzak.
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
Pertsonal ikertzailearen mugikortasun-programa.
EITBren sozietate publikoen kapitala handitzea.
Kongresuak eta zientzia bilerak egiteko laguntzak.
2.350.000 euro Euskadiko kirol federazioentzat.
OSASUN SAILA X. LEG.
Kontsumobidek 456.000 euro bideratuko ditu kontsumitzaileen elkarteei laguntzak emateko, kontsumitzaileen eskubideak eta interesak defendatzeko.
INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.
PARIS COP21

Oregi: «Parisen gehiago lor zitekeen, baina planeta osoan klima-aldaketara egokitzeko eta klima-aldaketa moteltzeko sentsibilitatea sortu da»
Eusko Jaurlaritzak kontserbazio bereziko eremu izendatu du Arkamu-Gibillo-Arrastaria.
Eusko Jaurlaritzak ia bi milioi bideratuko ditu enpresek ingurumenaren arloko hobekuntzak eta doikuntza egin ditzaten.
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.

EUSKO JAURLARITZAK JADA IZENDATU DITU ELKARKIDETZA Âż BORONDATEZKO GIZARTE-AURREIKUSPENEKO ERAKUNDEKO BILTZAR OROKORRERAKO BERE ORDEZKARIAK.

Erabakia, Elkarkidetza Borondatezko Gizarte-aurreikuspeneko Erakundearen Batzar Nagusian Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak izendatzea.

LABURPENA

Gobernu-kontseiluak gaur adostu du nortzuk izendatuko dituen Elkarkidetza - Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakunderako Eusko Jaurlaritzaren ordezkari gisa: Funtzio Publikoko sailburuordea, Andrés Zearreta, eta Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendaria, Elixabete Etxanobe. Orain, entitatearen gobernu batzordeari jakinaraziko zaizkio izendapenok.

Elkarkidetzako bazkide babesleetako bat da Eusko Jaurlaritza; beraz, ordezkaritza izan behar du erakundearen organo nagusian. Bai Funtzio Publikoko sailburuordea, eta bai Toki Administrazioekiko Harremanetarako eta Administrazio Erregistroetako zuzendaria ere, biak ala biak dira Herri Administrazio eta Justizia Saileko goi-kargudunak, eta sail horrexeri dagokio Euskadiko Administrazio Orokor eta Instituzionalak borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakunde edo sistemetan duten partaidetza kudeatzeko eta koordinatzeko ardura.

Elkarkidetzaren helburua da Euskadiko instituzio, organismo nahiz sozietate publikoen gizarte-segurantza publikoko pentsioak osatzea, bai eta langileekin eta erakundearekin loturan hartutako betebeharretan ondoren jarraituko duen edozein erakunderenak ere.
 

 

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.

EUSKADIKO ENERGIA ESTRATEGIA 2020 EGITASMOA BERRIKUSI ETA ADMINISTRAZIOARENTZAKO ENERGIA JASANGARRITASUNEKO LEGE BERRI BAT ONARTUKO DUELA IRAGARRI DU EUSKO JAURLARITZAK.

LABURPENA

• Berrikuspena jendaurreko informazioan jarriko du 2016-2025 eperako Euskadirako energia estrategia sortzeko
• 3E2025 eestrategiak energia berriztagarrien erabilpen handiagorako trantsizioa planifikatuko du, ardatz gisa eraginkortasun energetikoa hartuz.
• Eusko Jaurlaritzaren eraikin guztietan energia kontsumoa kontrolatuko duen Energia Jasangarritasunaren Sailarteko Batzordea eratzeko saioa egin dute gaur goizean, Arantxa Tapia buru zela.
• Euskal administrazioko erakunde guztietan energia kontsumoa murriztea helburu izango duen energia jasangarritasuneko lege berri bat sortuko dute.

Euskadiko Energia Estrategia 2025 egitasmoaren definizioa

Eusko Jaurlaritza Euskadiko Energia Estrategia 2020 (3E2020) plangintza berrikusi eta eguneratzeko lanetan murgilduta dago, erreferentziatzat 2025. urtea hartuta. Egitasmoa behin betiko onartu aurretik, aste honetan bertan irekiko dute jendaurreko informazio fasea.

Agiri berriak hurrengo hamarkadan garapen energetiko jasangarria lortzeko helburu zehatzak finkatzen ditu, eta ingurumen ebaluazioko ikerketa estrategikoak ere aurreikusten ditu, derrigorrezkoak izango ez diren arren.

Euskadiko Energia Estrategia berrikusteko beharra mundu mailan emandako aldaketen ondoriozko marko berrira egokitu beharrak, erregelamendu eta legedi berriek eta krisi ekonomikoaren eraginez euskal gizarteak izandako bilakaerak berak eragin dute. Hain zuzen ere, azken horixe da indarrean den Energia Estrategia berrikusteko faktore nagusietako bat. Izan ere, testuinguru ekonomiko zaila luzatu egin da eta sektore guztietan eragin sakonak utzi ditu. Horregatik, susperraldia ez da modu berean eman sektore guztietan, eta hala zailagoa da krisiaren aurreko enplegu mailetara itzultzea.

Hori dela eta, beharrezkotzat jo da 3E2020 egitasmoa errealitate berri horretara egokitzea. Eusko Jaurlaritzak Energiaren Euskal Erakundearen bitartez hasitako lanen helburua eragile tekniko, enpresarial, industrial eta sozialen ekarpenak jasotzea da, epe ertainera plangintza orekatu bat lortzeko, teknikoki bideragarria eta energetikoki jasangarria izango dena.

Aurki 3E2025 berria jendaurrean jarriko dute herritarrek nahi dituzten ekarpenak egin ditzaten eta euskal gizartearen garapen eta ongizaterako ezinbestekoa den energiaren alorrean erabakiak hartzeko bide berriak irekitzeko.

Informazio publikoa izango da eskuragarri, abenduaren 19tik Otsailaren 2 bitartean. Ondoren, ekarpenak aztertu eta beharrezkotzat jotzen diren aldaketak azken testuan txertatuko dituzte, aldaketa horiek justifikatzeko txosten eta guzti. Jarraian, Gobernu Kontseiluak onartuko du azken testua.

Inbertsioak eta finantzaketa

Proposatutako helburu energetikoak lortzeko, 2016-2025 aldian, 2.790 milioi euro inbertitu beharko dira sektore guztietan.

Kopuru horrek ez ditu barne hartzen energiaren arloko teknologiak garatzeko I+G inbertsioak, ezta dagokion plangintza sektorialetan Estatuak onartu beharreko gasaren zein elektrizitatearen arloetako jarduera arautuetako inbertsioak ere.

3E2025 plangintzaren jarduera eremuak

1. Euskal industriaren energia-lehiakortasuna eta energia-jasangarritasuna hobetzea.
2. Petrolioarekiko energia-mendekotasuna murriztea.
3. Eraikinetan eta etxebizitzetan kontsumoa murriztea eta energia berriztagarrien erabilera areagotzea.
4. Energiaren arloan eraginkorragoa izango den herri-administrazioa sustatzea.
5. Lehen sektoreko baliabideak aprobetxatzea (adibidez biomasa).
6. Energia elektriko berriztagarriaren ekoizpena bultzatzea.
7. Energia-hornidurako azpiegiturak eta merkatuak gainbegiratzea.
8. Energiaren arloko garapen teknologikoa orientatzea.
Azken finean, ondasunak eta zerbitzuak sortzeko energia gutxiago behar duen sistema sozial eta ekonomikoa lortzen laguntzea enpresan, etxean eta garraioan, eta horretarako energia aurrezpena eta eraginkortasuna sustatzea.

Euskal administrazioa, jasangarritasun politiken eredu

3E2025 plangintzan jasotako politika eta neurriak ezartzeak dituen zailtasunak ezagututa, Eusko Jaurlaritzak energia jasangarritasuneko politiken lidergoa bere gain hartu du Euskadiko sektore publikoaren jasangarritasun energetikoari buruzko irailaren 22ko 178/2015 Dekretuaren bitartez.

Gaur goizean, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua Energia Jasangarritasunaren Sailarteko Batzordearen (EJSB) eraketaren buru izan da. Batzordearen zeregina 178/2015 Dekretua aplikatzea izango da, euskal sektore publikoa energia eraginkortasun, aurrezpen eta jasangarritasun neurrien aplikazioan eredu bihurtzeko. Neurriok Eusko Jaurlaritzaren mendeko sail, erakunde eta sozietate publiko guztietan ezarriko dira. Era berean, kudeaketa zentralizatuko eraikinetan, EITBn, Euskotrenen, Osakidetzan, hezkuntzako zentro publikoetan, epaitegi eta justizia jauregietan, museoetan, artxibategietan eta Jaurlaritzaren jabetzako etxebizitzetan ere aplikatuko dira neurriok.

Energia Jasangarritasunaren Sailarteko Batzordea sailburuorde maila duten Eusko Jaurlaritzako sail guztietako ordezkariekin osatu da.

Dekretuak marko orokor bat zehazten du, aitzindaria eta neurgarria, 2015erako % 25era bitarteko kontsumo murrizketa helburuak ezartzen dituena; egitasmoa gauzatzeak 200 milioi euro inguru aurreztea ekarriko du.

Dekretua pixkanaka aplikatzen joango da eta beharrezkoa izango da energia garbiagoei bide egingo dieten teknologia berritzaileak erabiltzea.

Neurri nagusiak energia aurrezpen eta eraginkortasuna bultzatzera bideratuta egongo dira, betiere instalazioetako kontsumoak optimizatzea xede: kontsumoen kontrol handiagoa; eraikinen birgaitzea estalkietan, leihoetan, barne eta kanpoko argiztapen sistemetan, klimatizazio sistemetan...

Dekretuan definitutako helburu zehatzetako batzuk honakoak dira:
• Eraikin publikoen % 32k energia berriztagarriak baliatzeko instalazioak izan beharko dituzte, eta portzentaje hori % 40ra igoko da 2020rako. Helburu hau oso garrantzitsua da biomasaren aprobetxamenduarekin eta geotermiarekin lotutako teknologientzat.
• Hiru urteko epean, erakin eta instalazio guztiek energia-ikuskaritza bat izango dute, baita dagokion Energia Eraginkortasuneko Ziurtagiria ere.
• 100 langile baino gehiagoko administrazioko lantokiek garraio plan bat prestatuko dute bi urteko epean, kostu eta onura energetikoak aztertzeko.
• Eraikin berriek ibilgailu alternatiboak kargatzeko guneak izango dituzte, baita berauen erabilpena errazteko zein bizikletak aparkatzeko tokiak ere.
• Energia elektrikoa erosteko lizitazio publiko guztiek energiaren jatorri berriztagarria bereziki baloratuko dute.

Euskadiko Energia Jasangarritasuneko Lege berria

Eusko Jaurlaritza eredu eta eragile da bai gizartearen bai gainontzeko euskal erakunde publikoen aurrean. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzari bakarrik eragiten dion 178/2015 Dekretua indarrean jarri ondoren, Energia Eraginkortasuneko Lege berria idazteko prozesua abiarazi dute. Hasieran egitasmoa Jaurlaritzaren egutegi legegilearen parte ez bazen ere, gobernuak martxan jartzea erabaki du garrantzitsutzat eta beharrezkotzat jotzen duelako.

Energia Eraginkortasuneko Lege berria erakunde publiko guztiek aplikatu beharko dute. Aurki abiaraziko dute jendaurreko informazioko fasea eta gainontzeko erakundeekin iritziak partekatzekoa, lege proiektua 2016ko uda baino lehenago onartu ahal izateko.
 

 

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

PERTSONAL IKERTZAILEAREN MUGIKORTASUN-PROGRAMA.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko egunean onartu du pertsonal ikertzailearen mugikortasun-programa deitzen duen agindua.

Diru-laguntzak, norgehiagokako erregimenean, deitzea du 120.000 euroko zenbateko globaleko agindu honek helburu, ikerketa-zentroetan egonaldiak, dedikazio esklusiboarekin, egiteko , I+G+i-ko organismo eta zentroetako unibertsitate-irakasleen eta ikertzaileen mugikortasun geografikoa sustatzeko eta haien gaitasunak eta ikerketa-taldeen lehiakortasuna hobetzeko.

Harrera-ekipoaren lan-ildoan integratuta dagoen ikerketa-proiektu bat edo trukeak eta maila handiko lotura zientifikoak ezartzera bideratutako beste jarduera batzuk egin beharko ditu pertsonal ikertzaileak bere egonaldian.
 

 

EITBREN SOZIETATE PUBLIKOEN KAPITALA HANDITZEA.

Dekretua, Euskal Irrati Telebista erakunde publikoari Euskal Telebista, SA sozietate anonimo publikoaren kapital zabalkuntzan partaidetza izateko baimena ematen diona.

Dekretua, Euskal Irrati Telebista erakunde publikoari EITBNET, SA sozietate anonimo publikoaren kapital zabalkuntzan partaidetza izateko baimena ematen diona.

Dekretua, Euskal Irrati Telebista erakunde publikoari Eusko Irratia, SA sozietate anonimo publikoaren kapital zabalkuntzan partaidetza izateko baimena ematen diona.

Dekretua, Euskal Irrati Telebista erakunde publikoari Gasteiz Irratia-Radio Vitoria, SA sozietate anonimo publikoaren kapital zabalkuntzan partaidetza izateko baimena ematen diona.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak, gaurko bileran, Euskal Irrati Telebista erakunde publikoa baimendu du bere sozietate anonimo publikoen kapital handitzean parte hartzeko, sozietate horien batzar nagusiek adostutakoari jarraiki. Aipaturiko sozietate anonimoak dira: Euskal Telebista - Televisión Vasca, Gasteiz Irratia –Radio Vitoria, Eusko Irratia -Radiodifusión Vasca eta EITBNET.

Kapital handitze hau 2015eko aurrekontu aurreikuspenari erantzunez burutzen da, eta merkataritza sozietateetan ohikoa den eran, dagokion kapital handitzearen bidez gauzatzen da.

Horrela bada, Euskal telebistak 850.000,31 euroan handituko du bere kapitala, 141.431 akzio jaulkita, bakoitza 6,01 euroko balio nominalekoa. Kapital handitze honen ondoren, EITB erakunde publikoak sozietate honetan izango duen parte hartzea 47.616.851,37 eurokoa izango da, 7.922.937 akziotan banatuta, hauetako bakoitza 6,01 euroko balioarekin (sozietatearen kapital sozialaren %100)

Eusko Irratiak 49.999,68 euroan handituko du bere kapitala, 46.296 akzio jaulkita, bakoitza 1,08 euroko balio nominalekoa. Kapital handitze hau egin ondoren, EITB erakunde publikoak sozietate honetan izango duen parte hartzea 2.558.609,64 eurokoa izango da, 2.369.083 akziotan banatuta, hauetako bakoitza 1,08 euroko balioarekin (sozietatearen kapital sozialaren %100)

Gasteiz Irratiak 20.007 euroan handituko du bere kapitala, 228 akzio jaulkita, bakoitza 87,75 euroko balio nominalekoa. Kapital handitze honen ondoren, EITB erakunde publikoak sozietate honetan izango duen parte hartzea 1.765.442,25 eurokoa izango da, 20.119 akziotan banatuta, hauetako bakoitza 87,75 euroko balioarekin (sozietatearen kapital sozialaren %100)

EITBNET sozietate anonimoak 50.000 euroan handituko du bere kapitala, 5.000 akzio jaulkita, bakoitza 10 euroko balio nominalekoa. Kapital handitze hau egin ondoren, EITB erakunde publikoak sozietate honetan izango duen parte hartzea 160.000 eurokoa izango da, 16.000 akziotan banatuta, hauetako bakoitza 10 euroko balioarekin (sozietatearen kapital sozialaren %100).
 

 

KONGRESUAK ETA ZIENTZIA BILERAK EGITEKO LAGUNTZAK.

LABURPENA

Jaurlaritzaren Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, Agindu bat onartu du kongresuak eta zientzia bilerak egiteko laguntzetarako deia egiteko.

250.000 euroko diru-kopurua duten laguntza hauen helburua EAEn kongresuak eta zientzia bilerak egiten laguntzea da, oso tresna egokiak baitira ideiak eta ezagupen zientifiko eta teknologiko aurreratuak trukatu eta zabaltzeko, prestigio handiko ikertzaile eta irakasleen parte hartzea bultzatuz.

Ekintza hauek 2016 urteko lehen seihilekoan egin behar dira.
 

 

2.350.000 EURO EUSKADIKO KIROL FEDERAZIOENTZAT.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, Euskadiko kirol federazioen 2016ko kirol-programak finantzatzeko diru-laguntzen deialdia arautzen duen Agindua onartu du.

2.350.000 euroko diru-kopurua duen deialdi honen bidez, Eusko Jaurlaritzak euskal gizartean presente dauden hamaika motatako kirol federazioen urteroko jarduerari eusten laguntzen du. Federazio horien kirol programen garapena babesten da, haiek antolaturiko lehiaketak laguntzen dira, bai eta formazio-jarduerak ere. 2015eko azken deialdiri esker, 46 euskal kirol federaziok jaso zuten diru-laguntza, guztiz kirol-diziplina desberdinetako federazioak: boloak, ur azpiko kirolak, borroka eta sambo, irristaketa, petanka, kirol egokitua, zaldiketa edo aire-kirolak, besteak beste. Guztiek elkarrekin, eta burutzen duten kirol jarduerak, euskal gizartearen ikuspegi aberasgarria eta kirol jardueratan anitza eskaintzen dute.

Diru-laguntza hauek eskuratu nahi dituzten entitateek, besteak beste, 2016ko kirol programen azalpenen-memoria aurkeztu beharko dute, honako puntu hauek zehaztuz: federazioak antolatutako kirol-lehiaketa ofizialak; kirol-prestakuntzarako jarduerak; kirol parte-hartzera bideratutako jarduerak eta desberdintasunak ezabatzeko eta gizon-emakumeen arteko berdintasuna sustatzeko jarduerak.

Deialdi honek 2.350.000 euroko diru kopurua du. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasita.
 

 

OSASUN SAILA X. LEG.

KONTSUMOBIDEK 456.000 EURO BIDERATUKO DITU KONTSUMITZAILEEN ELKARTEEI LAGUNTZAK EMATEKO, KONTSUMITZAILEEN ESKUBIDEAK ETA INTERESAK DEFENDATZEKO.

LABURPENA

Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak, 456.000 euro bideratuko ditu kontsumitzaileen elkarteei laguntza ekonomikoak emateko, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak defenda daitezen sustatzeko.
Gobernu Kontseiluak gaur onartu du laguntza ekonomiko hauek emateko programa eta deialdia garatzen dituen ebazpena, eta Kontsumobideren konpromiso jakin bati erantzunez: kontsumitzaileen elkarteei laguntza ekonomikoetarako mekanismoak ematen jarraitzea, kontsumo-politikak indartzeko.

Hala, 2016ko ekitaldirako deialdiak hiru gastu motatarako diru-laguntzak aurreikusten ditu: kontsumitzaileentzako arreta, asistentzia juridikoa eta kontsumo-proiektuak egitea.

Zehazki, 276.000 euro kontsumitzaileen arretatik sortutako gastuak ordaintzeko baliatuko dira, eta 150.000 euro aholkularitza juridikorako. Azkenik, 15.000 euro Euskadin egindako kontsumo-proiektuak finantzatzeko bideratuko dira, hala nola informazio- eta sentsibilizazio-ekintzak, ondasun eta zerbitzuen kalitateari buruzko inkestak eta analisiak, edota kontsumoaren alorreko azterlanak.

Eskabideak aurkezteko epea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasiko da, eta 2016ko otsailaren 15ean amaituko.

 

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.

PARIS COP21

OREGI: «PARISEN GEHIAGO LOR ZITEKEEN, BAINA PLANETA OSOAN KLIMA-ALDAKETARA EGOKITZEKO ETA KLIMA-ALDAKETA MOTELTZEKO SENTSIBILITATEA SORTU DA»

LABURPENA

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik hau adierazi du: «Gehiago lor bazitekeen ere, klimari buruz Parisen lortutako Akordioa konpromiso positibo bat da eta, ingurumenari dagokionez, gizartea eta gardentasuna kudeatzeko beste modu bat ekarriko bat du; izan ere, akordioak sentsibilitate berezi bat sortu du planeta osoan klima-aldaketara egokitzeko eta klima-aldaketa moteltzeko.»

Klimari buruzko Nazio Batuen Hitzarmen Esparruaren Aldeen Konferentzia –COP21– Parisen egin da eta, bertan, Eusko Jaurlaritzako ordezkaritza ere izan da, Lehendakaria eta Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua konferentzian izan baitira. Biek parte hartu dute Le Bourgeteko eztabaida-foroetan eta herrialdeen, eskualdeen, hirien eta erakunde sozialen lantaldeetan Pariseko Udalean, baita hainbat eskualdetako eta bestelako administrazioetako presidenteekin izan dituzten goi-mailako topaketetan ere.

«Lan honek nabarmendu egin ditu azpiestatuetako administrazioetan klima-aldaketa gutxitzeko eta horretara egokitzeko garatzen ari garen ekimenen konpromisoa eta ekimen horien ondorio positiboa, askotan estatuen ekimenen aurretik baitaude», adierazi du Ana Oregik.

Nazio Batuek sustatutako akordioa munduko isurien % 95 eragiten dituzten 195 estatuk sinatu dute, eta ingurumena babesteko aurrerapauso bat da, planetaren suntsitzea saihesteko munduko herritarren nahia islatzen baitu. Estatuek, herrialdeek, eskualdeek eta hiriek onartu dute beharrezkoa dela munduko tenperatura 2 ºC baino gehiago igo dadila saihestea, ahal izanez gero 1,5 ºC baino gutxiago, mende honen amaierarako.

Ana Oregiren arabera, «Eusko Jaurlaritzak eta nazioarteko hainbat erakundek –The Climate Group, nrg4sd, Iclei, COM eta EncoreAcuerdo– adierazi duten bezala, Parisko akordioaren helburuak anbizio handiagokoak izan zitezkeen. Hala ere, konpromiso serioa eta onuragarria da, eta, ingurumenari dagokionez, gizartea eta gardentasuna kudeatzeko beste modu bat ekarriko du. Planeta osoan sentsibilitate berezi bat sortu da.»

Sailburuaren arabera, «estatuek bost urtez behin isuri-bolumena jakinarazteko betebeharra akordioaren alderdi garrantzitsuenetako bat dela, «zero isuriko» helburua lortzeko erabilgarria izango baita, etengabe desbideratzeak zuzentzen eta doitzen laguntzen baitu. Euskadik duela zenbait urtetik hasi zuen neurketa klima-aldaketari aurre egiteko estrategiaren bidez, eta kontrolen egutegia Parisko akordioaren datetara egokituko du. Parisko akordioaren helburuek estatuen konpromiso zintzoa behar dute».

«Parisko akordioa Planetaren aro berri baten hasiera da. Estatuek, herrialdeek eta eskualdeek boluntarioki bete behar dituzte ezarritako isuri-murrizketak. Horretarako, beren ekonomiako eta ohituretako alderdi asko aldatu beharko dituzte», adierazi du Ana Oregik.

Oregi sailburuak hau nabarmendu du: «Eusko Jaurlaritzak konpromisoa Parisko COP21en ildotik berritu du, energia-iturri garbiagoak lortzeko, berotegi-efektuko gasen isurpenak gutxitzeko, erantzukidetasunaren printzipiotik klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko, garraio jasangarria sustatzeko eta berrikuntza, garapen jasangarria eta lehiakortasuna dinamizatuko dituen karbono gutxiko ekonomia bultzatzeko».

Eusko Jaurlaritzako Ingurumeneko sailburuak adierazi du «Eusko Jaurlaritzak herrialdeen, eskualdeen eta hirien arteko lankidetza eta kooperazioa gehituko dituela Parisko akordioa sinatuz lortutako emaitzetan oinarrituta».

Oregik zorionak eman nahi dizkie «Nazio Batuei, Frantziako Gobernuari eta Klimari buruzko Nazio Batuen Hitzarmen Esparruaren Aldeen Konferentzia –COP21– gauzatzeko parte hartu duten pertsona guztiei lortutako akordioak isuri gutxiko eta klima-aldaketaren ondorioetara egokitutako gizartea izateko bidea ireki baitu».
 

 

EUSKO JAURLARITZAK KONTSERBAZIO BEREZIKO EREMU IZENDATU DU ARKAMU-GIBILLO-ARRASTARIA.

Dekretua, Arkamu-Gibillo-Arrastaria (ES2110004) Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen duena, eta, hori kontserbatzeko neurriak ez ezik, Garobel Mendilerroa (ES0000244) hegaztientzako Babes Bereziko eremuarenak ere onartzen dituena.

LABURPENA

• Bertan 121 hegazti-, 55 ugaztun-, 13 narrasti-, 11 anfibio- eta 6 arrain-espezie bizi dira

Gobernu-kontseiluak Kontserbazio Bereziko Eremu (KEB) izendatu du gaur Arkamu-Gibillo-Arrastaria ingurunea, kontserbazio-neurriak eta Salvada-Gorobel mendilerroko Hegaztiak Babesteko Eremu Bereziaren (HBEB) neurriak ezarrita.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregiren hitzetan, «Europako Natura 2000 Sare ekologikoaren barneko bi eremu horiek Arabako ipar-mendebaldean daude, eta Gorobel mendilerroko HBEBak barruan du Bizkaiko Urduña udalerriaren lurren zati bat ere. Horien mugak gainjarri egiten direnez, eta biodibertsitate-balio antzekoak dituztenez, agiri bakar batean jaso dira bi eremu horietarako helburuak eta kontserbazio-neurriak».

Salvada-Gorobel mendilerroa Angulo menditik Nerbioiren jauzitik harago hedatzen da, tartean, Txarlazo edo Fraile mendi ezagunak daudela. Iparraldeko aldean 25 kilometroko luzera eta 600 metroko desnibela duen kareharrizko horma dago. Hegoaldeko aldeak behera egiten du leun, Burgosko Losa haranera, Santiago mendiarekin muga eginez. Mendilerroaren gainaldean lautada handi bat dago, nagusiki larrez, txilardiz eta pagadiz betea.

Gibillo mendilerroaren mendebaldeko isurialdeko hormak barne hartzen ditu aipatutako eremuak, eta, Gorobel mendilerroaren hormekin batera, Arrastariako zirkua osatzen du. HBEBaren azalera ia osoa, % 71, titulartasun publikokoa da, eta Aiara udalerrian dago.

Bertikaltasuna eta irisgaiztasuna direla medio, kareharrizko hormak leku aproposa dira hegazti harkaiztarrak eta mendikoak hazteko. Gainera, klima atlantikoaren eta mediterraneoaren arteko banalerroan dago eremu hori eta bi klima motetara egokitutako landare- eta animalia-espezieen bizilekua da, mendilerroa biodibertsitate handiko eremu den seinale.

Bertan bizi diren 121 hegazti-espezieez gain, hainbat fauna-espezie dago Gorobel mendilerroan: 55 ugaztun-espezie, 13 narrasti-espezie, 11 anfibio-espezie eta 6 arrain-espezie. Bertako espezieetatik 66 animalia-espezie eta 20 landare-espezie Basa eta Itsas Fauna eta Flora Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan jasota daude. Horietako lau –miru gorria, ferra-saguzar mediterraneoa, igaraba eta bisoi europarra– «galzorian» kategorian daude.

Gorobel mendilerroko HBEBaren 3.800 hektareen % 73 Batasunaren intereseko habitatak dira. Ameztiak, erkameztiak, artadiak eta garrigak daude, baina eremu horren bereizgarria harkaitz-pendizak eta Batasunaren intereseko larrez eta txilardiz osaturiko mosaikoa dira, HBEBaren azaleraren % 62 hartzen dutenez. Horrenbestez, neguan izan ezik, goi-ordokia zein mendilerro-hegalak behi-, ardi- eta zaldi-azienden artzaintza estentsiborako erabiltzen dira.

Arkamu-Gibillo-Arrastaria Kontserbazio Bereziko Eremua hiru unitate geomorfologikoz osatuta dago: Arkamu eta Gibillo mendilerroak eta Arrastariako zirkuaren zati bat. Gainera, KBE horren barnean dago Badaia mendilerroaren zati bat, Tetxako haitzartearen ingurukoa. Badaia mendilerroaren magala malda handikoa da; gainaldean kareharrizko hormak eta kanalak eratzen dira eta garrigak, erkameztiak, sabinadiak, txilardiak eta pinudiak daude.

Arkamu mendilerroa kareharrizkoa da eta leize, dolina (harkaitza urtzean eratutako sakonuneak) eta lapiaz (uraren higadurak harkaitzean eratutako ildoak) asko ditu, formazio karstikoetan ohikoa den legez.

Ipar-ekialdeko isurialde osoa kareharrizko hormatzarrez osatuta dago, hondoan dagoen Kuartango haranetik izugarri ikusten direnak. Gailurrean, erliebea desberdina da zeharo, goi-ordoki bat dagoenez, Lakozmonte haranera doan beherako malda leunekoa. Arkamu mendilerroaren ipar-ekialdean dago Gibillo mendilerroa. Arrastaria, Kuartango eta Basabe haranen artean dago eta gailurrean, 800-900 m-ko altueran, goi-ordoki bat du.

Klima
Klima eta landaredia desberdinak bi isurialdeetan. Ipar-ekialdeko isurialdean, azpiatlantikoa da klima. Eremuaren % 66 Batasunaren intereseko habitata da. Gibillo mendilerroaren iparraldeko eta ekialdeko hegaletan zein Arkamu mendilerroaren sartaldeko isurialdearen hegoaldean eta Arrastaria haranaren sartaldeko isurialdean, batez ere erkameztiak daude. Arkamu mendilerroaren sartaldeko gainerako isurialdean, goi-ordokiaren zati handi batean eta Gibillo mendilerroaren ipar-isurialdean eta Arrastaria haranaren mendebaldeko hegalean, batez ere, pagadi basofiloak daude, garrantzi handia dutenak bertako ekologian eta paisaian.

Eguterak eta goi-ordokiak mendiko garriga sarri batez estalita daude, klima mediterraneoan berezkoa dena. Mendilerroaren gainaldean larreak, txilardiak, sabinadiak eta garrigak daude, KBEaren azaleraren 11.540 hektareen % 30 hartzen dutenak. Azalera horren % 97,5 titulartasun publikokoa da, eta Amurrio, Urkabustaiz, Kuartango, Gaubea eta Erriberagoitia udalerrietako lurrak hartzen ditu. Baso-ustiaketa eskasa den arren, abeltzaintza estentsiboak garrantzi handia du KBE horretan.

Arkamu-Gibillo-Arrastaria KBEan Basa eta Itsas Fauna eta Flora Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan jasotako 55 fauna-espezie eta 4 landare-espezie daude, tartean, errege-koroa, miru gorria eta igaraba, «galzorian» kategoria dutenak. Natura 2000 Sarearen barneko bi eremu horietako faunari dagokionez, kiropteroak aipatu behar dira, bertan 17 espezie bizi baitira; EAEn ezagutzen diren espezieen % 65. Horrenbestez, bi naturagune horiek EAEko saguzar espezie-aberastasun handiena dute eta lehentasunezko eremuak dira horientzat.
 

 

EUSKO JAURLARITZAK IA BI MILIOI BIDERATUKO DITU ENPRESEK INGURUMENAREN ARLOKO HOBEKUNTZAK ETA DOIKUNTZA EGIN DITZATEN.

LABURPENA

Eusko Jaurlaritzak, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren bidez, enpresentzako hainbat diru-laguntza deitu ditu, ingurumenaren babesari dagokionez Europar Batasunen arauez gaindiko inbertsioak finantzatzeko edo ingurumen-babes maila handitzeko helburuz. Deialdiak egunotan egingo ditu. Aurrekontu zuzkiduraren zenbatekoa guztira milioi bat bederatzi ehun eta berrogeita bost mila (1.945.000) eurokoa da.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik azaldu duenez, Batasunak etorkizunean ebatziko dituen arauetara aurretiaz egokitzeko, ingurumeneko azterlanak egiteko eta hondakinak birziklatzeko eta berrerabiltzeko inbertsioak finantzatzeko hainbat laguntza ere deitu dituzte.

«Eusko Jaurlaritzak Euskadiko enpresek ingurumen-inbertsioak egin dezatela sustatzeko diru-laguntzen programak txertatu ditugu ingurumen-politikan. Helburua da ekoizpen-sistemetan teknologia erabilgarri onenak txertatzea, “kutsatzen duenak ordaindu behar du” printzipioaren aplikazioari eutsita betiere eta ingurumeneko kostuen nazioartekotze osoari, kutsatzen duenak ordain ditzan», esan du Oregik.

Joan den azaroaren 6an, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian enpresek ingurumena babesteko inbertsioak egiteko diru-laguntzak erregulatzen dituen dekretua argitaratu zuten, eta 2016ko deialdia onartuta dago. Eskabidea aurkezteko epea gaur onartutako agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik hasi eta 2016ko otsailaren 4an amaituko da .

Ana Oregik azaldu duenez, ondoko proiektu hauei zuzenduko zaizkie diru-laguntzak: burdina-galdategietako hondarrak eta finak, batez ere, moldekatze kimikoko edo moldekatze berdeko hondarrak eta finak, fabrikan leheneratzea eta/edo hirugarrenek birziklatzea ahalbidetzera zuzendutako ekipoak; oregintza-papergintzako lohiak eta zelulosazko zuntzak minimizatzea, leheneratzea edo balioztatzea ahalbidetzera zuzendutako ekipoak; eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak balorizatzeko instalazioetatik datozen agregakin birziklatuekin lotutako aplikazio posibleak analizatzera zuzendutako azterketak, betiere ez badira Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren 2015eko urtarrilaren 12ko Aginduan jasotakoak; zabortegietara edo balio ekonomiko eskaseko erabileretara zuzendutako plastikozko eta kautxuzko hondakinen erabilera aurreratuak eta baliotsuak (sektore nautikoa, hiri-altzariak, amortiguazioa, piezen estrusioa produktu berriak ekoizteko...) sustatzeko azterketak; Europako Ingurumen Kudeaketarako Sistemaren Erregistroan (EMAS) izena emateko edo izen-ematea berritzeko laguntzak; UNE-EN ISO 14006 Ekodiseinuko Araua, ekoetiketak (I. eta II. motakoak) edota karbono-aztarna ezartzeko eta ziurtatzeko laguntzak; eta, azkenik, eraikuntzako eta eraisketetako hondakinak kudeatzeko planak prestatzeko laguntzak, baita metala eraldatzeko sektoreko, plastikoa eraldatzeko, produktu metalikoetako eta makinetako hondakinak kudeatzeko planak ere, Ihoberen web orrian eskuragarri dagoen Ekoscan metodologiari jarraiki.

Dagokion eskaera aurkeztu aurretik egindako inbertsioekin lotutako proiektuak ez dira diruz lagunduko. Eskabideak elektronikoki aurkeztu beharko dira webgune honetan: https://www.euskadi.net/agrupacion_servicios/2014/prot/y22-izapide/es
 

 


Euskadi, auzolana