2015/11/10 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.
Gobernuak euskal sektore publikoaren modernizazioa gobernamendu onaren zimenduetan oinarrituko duten bi lege-proiektu onartu ditu.
Eusko Jaurlaritzak enpleguko politika aktiboen transferentzia ez betetzearekin lotutako beste errekurtso bat jarriko du.
ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.
Jaurlaritzak bi erakunde ¿interes sozialeko¿ izendatu ditu, gizarte zerbitzuen garapenari egindako ekarpenagatik.
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
Lea ibaiko Industria-Paisaia Kultura Ondasun izendatu da.
500.000 euro saltoki handietan errotulazioa euskarara itzultzeko eta langileak euskaraz trebatzeko.
26 milioi ikerketa taldeen jardueretarako.
Auzolandegiak 2016 programarako proiektuak aurkezteko deialdia.
Eskuratutako gaitasun profesionalak egiaztatzea.
INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.
Gobernu-Kontseiluak oniritzia eman dio estatuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskuordetu dion uraren kudeaketa-mandatuari.
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.

GOBERNUAK EUSKAL SEKTORE PUBLIKOAREN MODERNIZAZIOA GOBERNAMENDU ONAREN ZIMENDUETAN OINARRITUKO DUTEN BI LEGE-PROIEKTU ONARTU DITU.

Euskal sektore publikoko antolamendu eta funtzionamenduari buruzko Lege-proiektua.

Euskal sektore publikoko antolamendu eta funtzionamenduari buruzko Lege-proiektua.

LABURPENA

• Gardentasuna, herritarren parte-hartzea eta politika publikoen ebaluazioa: horra hor zerbitzu publikoen kalitatea, efikazia eta efizientzia hobetu nahi duten bi lege-proiektu horien erdigunean dauden hiru ardatzak.
• Horiek onartu ondoren, euskal instituzio publikoek erakunde berriak sortu nahi badituzte, beharrezko direla ziurtatu beharko dute, eta bikoiztasunik ekarriko ez dutela bermatu beharko.
• Lege berriek hiru euskal erakunde mailetan eragingo dute; euskal erakundeek, bestalde, baterako foro bat sortuko dute, eraginkortasun ezak eta administrazioen arteko gainjartzeak konpontzeko, eta administrazio-arteko elkarlana eta koordinazioa sustatzeko.
• Herritarrek politika publiko, dekretu eta araudiak prestatzen parte aktiboa izateko eskubidea izango dute, eta euskal sektore publikoari buruz eskuratu nahi duten informazio oro izango dute eskuragarri.
• Gardena–Gardentasunaren Euskal Agentzia sortuko da, herritarren informazio-eskubidea zaintzeko.

Gobernu-kontseiluak Euskal Sektore Publikoaren Gardentasuna, Herri Partaidetza eta Gobernu Onaren Legearen eta Euskal Sektore Publikoaren Antolaketa eta Funtzionamenduari buruzko Legearen proiektuak onartu ditu gaur. Horiek onartuta, Eusko Legebiltzarrean hartutako konpromisoa bete du Gobernuak; hain zuzen, bi arau desberdinetan euskal Administrazio Publikoaren eraberritzeari eta modernizazioari ekiteko giltzarri diren bi konturi heltzea: haren antolamendu eta egitura berria arautzea, eta herri-partaidetzarako eta gardentasunerako eskubide berriak legalki taxutzea.

Bi lege-proiektuok aintzat hartu dituzte eraginpeko kolektiboek aurkeztutako alegazioak (Foru Aldundiak, EUDEL, sindikatuak, EGK, etab.); horrez gainera, legebiltzarreko taldeekin bilerak egin ondoren onartu dira eta, horri esker, hainbat zuzenketa sartu dira. Bi testuon berritasun nagusia haien aplikazio-eremua hedatu izana da: Euskadiko hiru erakunde-mailei eragingo die, baita haien mendeko erakunde instrumental guztiei ere, ezertan kaltetu gabe euskal erakunde publiko bakoitzak autonomoki antolatzeko dituen eskumenak.

Gaur onartutako bi lege-proiektuak gako dira euskal Administrazio Publikoaren modernizazio beharrezkoari heltzeko; hartara, gai izango da XXI. mendeko herritarren beharrizanei eraginkortasunez erantzuteko, gobernamenduaren printzipio berrietan oinarriturik: hau da, parte-hartzean, gardentasunean eta herritarrek gai publikoetan izango duten lankidetzan.

Orain, Eusko Legebiltzarrari helaraziko dizkiote bi testuak, eztabaidatu eta behin betiko onar ditzaten.

GARDENTASUNA, HERRITARREN PARTAIDETZA ETA GOBERNU ONA

Euskal Sektore Publikoaren Gardentasuna, Herri Partaidetza eta Gobernu Onaren Lege-proiektuak sektore publikoaren funtzionamenduaren funtsezko ardatzak arautzen ditu, herritarren eskubide berrien inguruan. Hau da: politika publikoak ebaluatzeko eskubidea, gai publikoetan parte hartzekoa eta Euskadiko administrazio publikoek sortutako informazio guztia libreki eta gardentasun osoz eskuratzekoa.

Bost titulu, 82 artikulu, bi xedapen gehigarri, hiru xedapen iragankor eta bi azken xedapen ditu. Besteak beste, hauek arautzen ditu:

Gardena–Gardentasunaren Euskal Agentziaren sorrera (67. artikulua). Agentzia horrek izango du herritarren informazio-eskubidea babesteko ardura; berak ebatziko ditu, halaber, gardentasunerako eskubidetik eta datu pertsonalen babeserako, segurtasun publikorako, bizitza pribatua izateko, sekretu profesionalerako nahiz jabetza intelektual eta industrialerako eskubideetatik eratorritako gatazkak. Organo independente moduan funtzionatuko du, bost urteko presidentzia berritu ezin batekin, eta prestigio aitortuko profesional trebe batek beteko du postu hori. Haren aholku-batzordea euskal erakunde guztietako pertsonek osatuko dute: Eusko Legebiltzarrekoak, Herri-Kontuen Euskal Epaitegikoak, Arartekokoak, Datuen Babeserako Agentziakoak, Eusko Jaurlaritzakoak, Foru Aldundietakoak, EUDELkoak eta Euskal Herriko Unibertsitatekoak.

• Araua onartzen denetik aurrera, Euskadiko administrazio publiko guztiek erantzun beharko dituzte herritarrek egindako informazio-eskaerak, 15 egunetik beherako epean (44. art.) erantzun ere. Eusko Jaurlaritza horretan ari da, jada, iaztik 20 egun baino gutxiagoko epean erantzuten.

• Lege-proiektuak kapitulu oso bat eskaintzen dio herritarrek publizitate aktiborako eta datuen zabalkunderako duten eskubideari: hain zuzen, II. kapitulua. Eusko Jaurlaritzak dagoeneko argitaratzen du nazioartean erreferentzia diren erakundeek eskatutako informazio guztia, www.euskadi.eus webgunean. Horrela, lehen postua lortu zuen autonomia-erkidegoen rankigean, 2012 eta 2014 urteetan. Lege-proiektuak gardentasun-eskakizunen maila handitzen du, eta informazioa argitaratzeko betekizuna hedatzen du, hauek ere har ditzan barne: Gobernu Planaren ezarpenaren jarraipenari buruzko informazioa, aholku- eta partaidetza-organoen jarduerari buruzkoa, Gobernuaren giza-baliabideen eta lan-baldintzen antolamendu-planei buruzkoa, politika publikoen ebaluazioari eta arauen eraginei buruzkoa, hautaketa-prozesuei eta zuzendariek nahiz goi-zuzendaritzako langileek finkatutako helburuei eta lortutako emaitzei buruzkoa, bai eta zenbateko gastu publikoa egin den publizitate kanpainetan, zenbat sindikatuko liberatu dauden, zenbat ordu sartzen dituzten eta horri lotutako kostuak, etab. ere.

• Alderdi berritzaileenetako bat da, halaber, herritarrek parte har dezaketen arauak hedatzen dituela. Hala, onartzen denetik, araugintzako herri-ekimena (65. art.) gehituko zaio legegintzako herri-ekimen ezagunari, Gobernuak garatutako araudi dekretuetara hedatzeko herritarren parte-hartzea. Edonork eta edozein ordezkari-taldek izango du bere intereseko gaietan araugintzako ekimenak sustatzeko eskubidea.

• Helburu berarekin sortuko da Gobernu Irekiaren Plataforma, eta funtzio hauek izango ditu: EAEko Administrazio Publikoaren eta herritarren etengabeko elkarreragina, informazioa zabaltzea, herritarrek Internet bidez adierazitakoa aintzat hartzea, herritarren ekarpenak erakustea eta koordinatzea, bi aldeko elkarrizketa bultzatzea, herritarren ekimena sustatzea gai publikoetan eta denon mesederako proiektuetan lankidetza publiko-pribatua sustatzea.

SEKTORE PUBLIKOAREN ANTOLAMENDUA

Euskal Sektore Publikoaren Antolaketa eta Funtzionamenduari buruzko Lege-proiektuak euskal sektore publikoa zehazten, antolatzen eta egituratzen du. Haren funtzionamendua eta betebeharrak arautzen eta erakunde bakoitzaren eskumenak mugarriztatzen ditu; halaber, betekizuntzat ezartzen du administrazio-arteko lankidetza eta koordinazio, bai eta kontrolatzeko eta erregistratzeko prozedurak ere. Giltzarri da Euskadiko administrazio publikoen modernizazioari ekiteko, bereziki, Euskadiko Administrazio Publiko orokorra, 80. hamarkadakoa baita haren indarreko araudia.

Laurogei artikulu, bi xedapen gehigarri, xedapen iragankor bat eta hiru azken xedapen ditu, eta honelako berritasunak hartzen ditu barruan:

EAEko sektore publikoa arrazionalizatzeko eta dimentsionatzeko erakundearteko batzordearen sorrera (7. art.). Foro bat da, eta hiru erakunde mailetako ordezkariak bilduko dira bertan, sektore publikoaren inefizientzia-, gainjartze- eta bikoiztasun-arazo posibleak konpontzeko. Honako hauek osatuko dute:

. Presidentea: administrazio publikoaren arloan sailburu kargua betetzen duen pertsona. 
. Batzordekideak: administrazio publikoaren esparruari lotutako pertsonak: Eusko Jaurlaritzak, hiru foru-aldundiek eta EUDELek izendatuko dituzte.

• Lege-proiektuak, gainera, erakunde publiko berriak sortzeko betekizunak gogortzen ditu. Hala, adibidez, nahitaezkoa izango da erakunde berria sortzeko premia akreditatzea, eta berori eratzeak bikoiztasunik sortuko ez duela bermatzea. (II. kapitulua)

• Orobat, lege maila hartzen dute erakunde publikoen gardentasun, efikazia eta efizientzia-eskakizunek (52. art.): eratzen direnetik, azterketapean jarriko dira, haien helburu eta xedeen betetze-maila jakiteko, bai eta erabiltzen dituen baliabideak, jarduketan lortutako emaitzak, etab. ere. Horrez gain, Euskal sektore publikoko erakundeen erregistroan (58. art.) izen ematera eta bertako datuak eguneratzera behartuak egongo dira, haien egituraren, antolaketaren, osaeraren, kontuen eta beste erakunde publiko nahiz pribatuetan duten partaidetzaren berri emateko.
 

 

EUSKO JAURLARITZAK ENPLEGUKO POLITIKA AKTIBOEN TRANSFERENTZIA EZ BETETZEAREKIN LOTUTAKO BESTE ERREKURTSO BAT JARRIKO DU.

Erabakia; horren bidez, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren 2015eko maiatzaren 28ko ebazpenen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarriko da.

LABURPENA

• Espainiako Gobernuaren asmoa enpresen eta langabetuen artean bitartekaritzan arituko diren enplegu-agentziak SEPEk aukeratuak izatea da, baita Euskadin ere.
• Eusko Jaurlaritzak enpleguko politika aktiboen gaineko euskal eskumena berriz gutxiestea salatu du, eta Espainiako Gobernuari gogorarazi dionez, auzitegiek ere garbi utzi dute zeregin hori, Euskadin, Lanbideren eskumena dela, ez SEPErena.

Gobernu Kontseiluak administrazioarekiko bi auzi-errekurtso jartzea erabaki du gaur, honako ebazpenen kontra: batetik, 2015eko maiatzaren 28ko Ebazpena, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoko (SEPE) Zuzendaritza Nagusiarena, zeinaren bidez Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoari (SEPE) laguntza-zerbitzua emateko lan-agentzia batzuk kontratatzeko administrazio-klausula zehatzen plegua eta baldintza teknikoen plegua onartzen diren, langabetuak laneratzeko lanak egin ditzaten, eta bestetik, 2015eko irailaren 10eko behin betiko esleipen-erabakia.

Aipatutako ebazpenen eta ondorengo esleipenaren arabera, Estatuaren asmoa da SEPErekin hitzarmen bat daukaten enplegu-agentziek egitea enpresen eta langabetuen arteko bitartekaritza lana, baita Euskadin ere. Espainiako Gobernuak berriz ere bere eskumenak gainditu ditu eta 2010ean eskualdatutako enpleguko politika aktiboen eskumena gutxietsi du, Euskadi bere jarduera-esparruan sartuta, zeregin hori Lanbiderena den arren.

Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak gogorarazi duenez, garbi dago Euskadin Lanbidek daukala lana sustatzeko eta enpresen eta langabetuen arteko bitartekaritza-lana egiteko programak egiteaz arduratzen diren agentziekin hitzarmenak egiteko eskumena; izan ere, Gernikako Estatutuaren arabera eskumena berea izateaz gain, zenbait epairen bidez ere gauza bera baieztatu da.

Hala, adibidez, Administrazioarekiko Auzien Epaitegi Nagusiak, joan den uztailaren 29ko epaian, Espainiako Gobernuak onartutako pleguak, SEPErekin elkarlanean aritzen diren agentziak kontratatzeko baldintzak Euskadi bere jarduera-esparruan barne hartuta finkatzen zituztenak, baliogabetzat jo zituen.

BESTE INBASIO BAT

Eusko Jaurlaritzak salatu duenez, Estatuak enpleguko politika aktiboen eskumena husteko eta birzentralizazioa bultzatzeko egin duen legealdi honetako seigarren ahalegina da. Administrazioarekiko bi auzi-errekurtsoez gain, Eusko Jaurlaritzak beste 4 inkonstituzionaltasun errekurtso jarri ditu, eskumen hori bera inbaditzeagatik, honako hauekin lotuta:

• 16/2014 Errege Lege-Dekretua, abenduaren 19koa, enplegua suspertzeko programa arautzen duena.
• 1/2014 Legea, otsailaren 28koa, lanaldi partzialeko langileak babesteari eta arlo ekonomiko eta sozialeko beste premiazko neurri batzuei buruzkoa.
• 18/2014 Legea, urriaren 15ekoa, hazkuntzaren, lehiakortasunaren eta eraginkortasunaren aldeko premiazko neurriak onartzekoa.
(Euskadi-Estatua Bitariko Batzordean negoziatzen ari dira)
• 1/2015 Errege Lege Dekretua, otsailaren 27koa, bigarren aukerako mekanismoari, finantza-karga murrizteari eta bestelako neurri sozialei buruzkoa. (Euskadi-Estatua Bitariko Batzordean negoziatzen ari dira)
 

 

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.

JAURLARITZAK BI ERAKUNDE ¿INTERES SOZIALEKO¿ IZENDATU DITU, GIZARTE ZERBITZUEN GARAPENARI EGINDAKO EKARPENAGATIK.

Dekretua, Minbiziaren aurkako Espainiar Elkartearen Arabako Batzordea gizarte-interesekotzat aitortzeko dena.

Dekretua, Miranda Fundazioa gizarte-interesekotzat aitortzeko dena.

LABURPENA

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Angel Toñak proposatuta, Jaurlaritzak, gaur bilduta, «interes sozialeko» izendatu ditu bi elkarte:

Miranda fundazioa (Barakaldo) 1911. urtean sortutako irabazi asmorik gabeko erakunde honek adinekoei arreta integrala, etengabea eta indibidualizatua ematen dien egoitza bat kudeatzen du. Hala, egoiliarren osasuna eta ongizatea hobetzeko, beren beharren eta asmoen arabera, gizarte-, osasun- eta psikologia-zerbitzuak koordinatzen ditu.

Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartea (Araba) Arabako probintziako batzordea 1991. urtean sortu zuten. Minbiziaren modalitate guztien, ezagunen eta etorkizunean ezagutzen direnen, aurka borrokatzeko helburua du, zabalkundearen, prebentzioaren, ikerketaren eta prestakuntzaren, osasun-arretaren eta sorospenaren bitartez.

Erakunde bat interes sozialeko izendatzeko baldintzak eta prozedura Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politika Sailaren urriaren 7ko 424/2013 Dekretuan datoz araututa. Interes sozialeko izendatuta, erakundeek autonomia-erkidegoko gizarte-zerbitzuen esparruan egindako ibilbidea eta lana aintzatesten dira, eta lehentasuna ematen zaie euskal administrazio publikoen diru-laguntzetan.

Araudiak zehaztutakoaren arabera, erakundeak interes sozialeko izendatzeko, beharrezkoa da, gizarte-zerbitzuak eskaintzeaz eta irabazi-asmorik gabekoak izateaz gain, langileen % 40k kontratu mugagabea izatea.
 

 

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

LEA IBAIKO INDUSTRIA-PAISAIA KULTURA ONDASUN IZENDATU DA.

Dekretua, Lea ibaiko (Bizkaia) Industria Paisaia, monumentu-multzo kategoriarekin, Sailkatutako Kultura Ondasun deklaratzeko dena.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak onartu du, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, Lea ibaiko Industria Paisaia Kultura Ondasun (Monumentu-multzo kategoriarekin) izendatzen duen Dekretua.

Lea ibaiko Industria Paisaia, Bizkaiko Lea-Artibai eskualdean kokaturik, ondasun higigarri, higiezin eta ondare-balioa duten espazio zenbaitek osatzen dute, guztiak ere Lea ibaiaren inguruan industria-aurreko nahiz industria garaian garatutako burdingintza, ontzigintza nahiz errota jarduerei loturikoak. Euskadiko itsasadar guztien artean hauxe da eraldaketarik gutxien pairatu duena, eta bertako urek gardentasuna dute ezaugarri.

Paisaia industrial hau ez ohikoa gertatzen da, funtsezko bi arrazoigatik: batetik, espazioaren eta industria-aurrean nahiz industria garaian bertan burutu zen giza-jardueraren arteko harremana mantentzen duelako, eta bestetik, jatorrizko elementu ugari gordetzen dituelako oraindik, industria-iraultzaren garaian eragin handirik ez baitzuen pairatu inguruak, Euskadiko beste arro hidrografiko batzuetan ez bezala.

Lea ibaiaren ibilbidearen ertzean kokaturik, paisaia industrial honen kultura-ondarea haranean arrastoa utzi duten zenbait ondasun higigarrik, eraikinek edo ekoizpen-gunek osatzen dute. Ondasun higigarri, higiezin eta kultura interesa duten espazioen artean, nabarmentzekoak dira:

- Sistema hidraulikoa: presak, ubideak, uhateak, uraren emana erregulatzeko biltegiak edo tunel hidraulikoak.
- Industria ekoizpenerako eraikinak: burdinolak, errotak, ontziolak, zentral hidroelektrikoak eta zerratokiak.
- Bizilekuak eta erlijio eraikinak: dorreak, jauregiak, baserriak eta ermitak.
- Ondasun higigarria edo industria ekoizpenari loturiko makinaria: gurpil hidraulikoak edo errotarriak, egurrezko ardatzak, kanoiak, sifoiak…
- Obra zibila: zubiak, errepideak, komunikazio bideak.
- Tarteko eta alboko inguruneak: ibaia bera eta bere ertzak, errekan gora sortutako ur geldiak, estuarioa, padurak, nekazal lurrak eta basoak.

Lea ibaiaren Industria Paisaia, eta aipaturiko elementuok honako udalerri hauetan kokatzen dira: Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitz, Aulesti, Gizaburuaga, Ispaster, Amoroto, Lekeitio eta Mendexa.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Lea ibaiaren Industria Paisaia Kalifikatutako Kultura Ondasunen Erroldan erregistratuko du (Euskal Kultura-Ondarearen Zentroari atxikia)
 

 

500.000 EURO SALTOKI HANDIETAN ERROTULAZIOA EUSKARARA ITZULTZEKO ETA LANGILEAK EUSKARAZ TREBATZEKO.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak, gaurko bileran onartu du Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, 2015-2016 epealdian Euskadiko saltoki handietan errotulazio aldakorra euskarara itzultzeko eta langileak euskaraz trebatzeko diru-laguntzak arautzen dituen Agindua. Deialdi honek 500.000 euroko diru-kopurua du.

Deialdi honen bidez, 2015-2016 aldian burututako eta ondorengo kontzeptuokin lotzen diren jarduerak lagunduko dira diruz:

-Errotulazio aldakorra euskarara egokitzea: testuak itzultzeko gastuak lagunduko dira diruz, baita errotulua, kartela edo dagokion osagaia egokitzeko sortzen diren bestelako gastuak ere (materialak, euskarriak…)
-Langileak lanerako euskaraz trebatzea: langileari lanerako berariazko ikastaroak eskaintzea, eta euskaraz diharduen bezeroa nola hartu zehaztuko duen protokoloa sortzea. Era berean, zehaztutako protokoloaren arabera bezeroei arreta egokia egiteko oinarrizko ikastaroak ere barne hartzen dira, bai eta langileek euskara gero eta gehiago erabil dezaten bestelako ekimenak ere.

Deialdi hau kontsumitzaile eta erabiltzaileen hizkuntza eskubideak bermatzeko Eusko Jaurlaritzak bultzaturiko ekimenen barnean sartzen da, beti ere gai horretan indarrean dagoen araudiaren betetze mailan aurrera egiten jarraitzeko helburuz.

Eskaerak aurkezteko epea azaroaren 14tik 28ra bitartekoa izango da.
 

 

26 MILIOI IKERKETA TALDEEN JARDUERETARAKO.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, onartu du 2016tik 2021era arteko aldian euskal unibertsitate-sistemako ikerketa-taldeen jarduerak sustatzeko diru-laguntzak deitzen dituen agindua.

Arte eta Humanitateetan, Zientzietan, Osasun Zientzietan, Gizarte Zientzietan, Zientzia Juridikoetan eta Ingeniaritzan eta Arkitekturan ikerketa-programak aurrera eramaten dituzten euskal unibertsitate-sistemako ikerketa-taldeen jarduerak laguntzeko oinarriak ezartzea eta diru-laguntzak deitzea ditu deialdi horrek, aipatutako aldirako 26 milioi euroko zenbateko globala duenak, helburu, ikerketa-jarduerak erraztu eta sustatze aldera oinarrizko finantziazioa bermatzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza duten unibertsitateetako departamentu eta unibertsitate-institutuetako taldeen ikerketaren kalitatea zientifikoa, eragin soziala eta nazioarteko ikusgarritasuna areagotzeko asmoz.

Kalitateko ikerketa,- egiten dituen jarduerak nazioarteko bihurtzeak, emaitzak eragin zientifiko eta teknologiko handiko foroetan argitara emateak eta euskal gizarteak eta gizarte europarrak XXI. mendean aurre egin behar dieten arazo sozial, ekonomiko eta teknologikoak konpontzeko lagungarri izateak agerian jartzen dute ikerketa horren kalitatea,- sustatu nahi da. Halaber, ikerketa-taldeak zatikatzeko joerarekin hautsi nahi da, talde horiek behar diren tamaina eta masa kritikoa lor ditzaten, euskal ikerketak Ikerketa Espazio Europarraren testuinguruan dituen erronkei aurre egiteko; ikerketa-talde horietan esparru desberdinetako espezialistak, kualifikazio handikoak, elkartuko dira eta dedikazio maila handia eskainiko diete ikerketa-proiektuei, ezagutza-transferentziei eta graduko prestakuntza-programei.
 

 

AUZOLANDEGIAK 2016 PROGRAMARAKO PROIEKTUAK AURKEZTEKO DEIALDIA.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak onartu du, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, 2016ko Auzolandegiak programarako proiektuak aurkezteko deia egiten duen Agindua. Deialdi honetara aurkeztu daitezke, Euskal Autonomia Erkidegoko irabazi asmorik gabeko entitate publiko nahiz pribatuak, eta Auzolandegiak programan parte hartu nahi dutenak. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasita.

Programan parte hartu nahi duten erakundeek edozein tipologia edo modalitatetako proiektuak aurkeztu ahal izango dituzte, boluntarioek auzolandegietan egin beharreko lan-arloari dagokionez (ingurumena, arkeologia, berreraikitzea, gizarte-lana, antzerkia, artea, ondarea berreskuratzea...). Kontuan hartu beharko dute auzolandegien xedea dela hainbat jatorri eta kulturatako gazteen arteko elkarbizitza eta kultura-trukea bultzatzea, auzolandegia hartuko duen komunitatearen onerako izango den boluntario-lanaren bidez, hau da, ondasun edo zerbitzu publiko izango den gizarte proiekzioko lan baten bidez. Auzolandegiak, ahal dela, uztail-abuztuetan egingo dira.
 

 

ESKURATUTAKO GAITASUN PROFESIONALAK EGIAZTATZEA.

Lan eskarmentua edota formalak ez diren prestakuntza bideak direla medio pertsonek lortutako lanbide gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko antolaketa eta prozedura Euskal Autonomia Erkidegoan ezarriko dituen Dekretua

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du Euskal Autonomia Erkidegoan lan-esperientziaren edo prestakuntzarako bide ez-formalen bitartez eskuratutako gaitasun profesionalen antolaketa eta gaitasun horiek ebaluatu eta egiaztatzeko prozedura ezartzen dituen dekretua.

Haien trebakuntza profesionala egiaztatu behar duten pertsona horiek guztiek lan-baldintzak edo lanera txertatzeko era hobetzea du lan-esperientzia edo prestakuntzarako bide ez-formalak ebaluatu eta egiaztatzeko prozedurak helburu; izan ere, horrela garatzeko bidean dauden lan-sektoreetara, lana lortzeko aukera handiagoa ematen dutenak, mugitu ahal izango dira pertsona horiek eta horrek langileei, enpresei eta, oro har, gizarteari ekarriko dizkie onurak.

Prozedura horren bidez Europako Batasunak markatutako exijentziei ematen zaie erantzuna, populazio aktiboaren trebakuntza maila igotzea eta gaitasun profesionalak hobetzea dira Europaren helburuak, eta Europa 2020 estrategiaren helburuak lortzeko izango da baliagarri.
 

 

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.

GOBERNU-KONTSEILUAK ONIRITZIA EMAN DIO ESTATUAK EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOARI ESKUORDETU DION URAREN KUDEAKETA-MANDATUARI.

Erabakia; horren bidez, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioarekin, Kantauriko eta Ebroko Ur Konfederazioekin eta Uraren Euskal Agentziarekin (URA) lankidetza-hitzarmen bat izenpetzeko baimena emango da, Euskal Autonomia Erkidegoko erkidegoarteko arroetan jabari publiko hidraulikoan zenbait jarduera egitea agintzeko.

LABURPENA

• Uraren Euskal Agentziak leihatila bakar modura jardungo du agindutako jarduera guztietan administratutako pertsona eta organoentzat

Gobernu-kontseiluak oniritzia eman dio lankidetza-hitzarmen bat sinatzeari Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioarekin, Kantauriko eta Ebroko Ur Konfederazioekin eta Uraren Euskal Agentziarekin (URA), Euskal Autonomia Erkidegoko erkidegoarteko arroetan jabari publiko hidraulikoan zenbait jarduera egitea agintzeko.

URAk eta Ministerioek sinatuko duten hitzarmen horren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan osoki jasota ez dauden eta ura Kantauri itsasora isurtzen duten arroetan (Bidasoa ibaiarena izan ezik) eta Ebroren arroan (beste autonomia-erkidego batzuekin muga egiten duten ibilguak kanpoan utzita), Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Saila arduratuko da araudi hidraulikoan jasotako baimenei eta erantzukizunpeko adierazpenei buruzko jarduerak egiteaz, ingurumen-baimen integratuen espedienteetan txostenak egiteaz eta polizia-zereginak egin zein zehapen-espedienteak izapidetzeaz.

Uraren Euskal Agentziak, agindutako jarduera guztietan, leihatila bakar modura jardungo du administratutako pertsona eta organoentzat; horrenbestez, hitzarmena sinatu duten administrazio guztien aurrean aurkeztutako agiriak URAri igorriko dizkiote hitzarmenean aurreikusitako mandatua gauzatu ahal izateko.

Uraren Euskal Agentziak 750.000 euro jasoko ditu urtero mandatuaren xede diren jarduerak egiteak ekarritako kostu ekonomikoaren ordainetan. Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak ordainduko du zenbateko hori ekitaldi bakoitza amaitu ondoren.

Hitzarmenak lau urteko hasierako iraupena izango du, baina luzatu ahal izango da, betiere alderdi interesdun batek berariaz ez badu denuntziatzen zazpigarren klausularekin bat etorriz. Euskal Autonomia Erkidegoko jabari publiko hidraulikoaren kudeaketa homogeneoa bermatzearren garatuko da mandatua, horri dagokion arro hidrografikoa dagokiola.

Historia
Estatuari eta autonomia-erkidegoei jabari publiko hidraulikoaren gainean zer eskumen dagozkien arautzen du Estatuko Uren Legeak; Konstituzioak eratutako Estatuaren lurralde-egitura baliabide hidraulikoen kudeaketari aplikatzen dio era horretan, administrazioek eskumenak nahitaezko lankidetza-esparruan gauza ditzaten eta horrela baliabideen arrazoizko erabilera eta babes egokia bermatu ahal izateko.

Euskadiko Autonomia Estatutuak eskumen esklusiboak ematen dizkio autonomia-erkidegoari aprobetxamendu hidrauliko, ubide eta ureztatzeari dagokionez, betiere urak osoki Euskadiren barruan igarotzen badira. Estatutuak eskumen esklusiboak ematen dizkio autonomia-erkidegoari, orobat, interes orokorrekoak ez diren edo beste lurralde batzuei eragiten ez dieten lan publikoen gainean.

Herri Lan, Garraio eta Ingurumen Ministerioak eta Garraio eta Herri Lan Sailak 1994an sinatu zuten hitzarmenaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoaren gain gelditu zen jabari publiko hidraulikoari buruzko baimenak izapidetzea, baita horren zaintza egitea ere, Kantauriko eta Ebroren arro hidrografikoetan. Hitzarmen horren bitartez, halaber, arro kantauriarretako plangintza hidrologikoa egiteko lankidetza-irizpideak ere zehaztu zituzten. Aipatutako irizpide horiek zati batez indarrean daude oraindik, baina berrikusi beharrekoak dira, Euskal Autonomia Erkidegoaren gain beste arlo batzuk ere gera daitezen, hala nola hirigintzako edo bestelako txostenak egitea, baldin eta autonomia-erkidegoaren berezko eskumenetan eragiten badute, edota araudiaren bilakaeraren ondorioz nahitaez aldatu beharreko izapideak. Horrek eragin du kudeaketa-mandatua idaztea.