Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabaki nagusiak


2015/10/27 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

LEHENDAKARITZA X. LEG.
Lankidetzako Euskal Agentziaren eta giza eskubideen aldeko erakundeen arteko hiru hitzarmen onartu dituzte.
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.
Eusko Jaurlaritzak azaroaren 1era arte argentinako MacachĂ­n herrian egingo den Euskal Aste Nazionalean parte hartuko du.
Eusko Jaurlaritzak herritarrek eragindako eta gizartearen beharrak erantzuteko proiektuei bideratutako Elkarlan sarien lehen edizioa deituko du.
OGASUN ETA FINANTZA SAILA X. LEG.
Gobernuak onartu egin du Euskadiko 2016ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorren Lege Aurreproiektua.
Borondatezko gizarte aurreikuspeneko erakundeei buruzko erregelamendua onartzen duen dekretu-proiektua.
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
UPV/EHUren Luis Ruiz de Aguirre artxiboa Euskadiko Artxibo Historikoari lagatzea.
4.500 euroko diru-laguntza UNEDi.
Itzulpen Memorien Banku Publikoa eskualdatzeko hitzarmena sinatzea herri arduralaritzaren euskal erakundearekin (IVAP).
SEGURTASUN SAILA X. LEG.
Gobernu-kontseiluak Ertzaintzarentzat bereizgarririk gabeko 600 ibilgailu alokatzeko kontratua onartu du.
INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.
Eusko Jaurlaritzak enpresek ingurumena babesteko inbertsioak egiteko diru-laguntzen emakida arautu du.
LEHENDAKARITZA X. LEG.

LANKIDETZAKO EUSKAL AGENTZIAREN ETA GIZA ESKUBIDEEN ALDEKO ERAKUNDEEN ARTEKO HIRU HITZARMEN ONARTU DITUZTE.

Erabakia; horren bitartez, baimena ematen da lankidetza-hitzarmena sinatzeko Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Addameer Prisoner Support and Human Rights Association artean.

Erabakia; horren bitartez, baimena ematen da lankidetza-hitzarmena sinatzeko Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Forum Mulherren artean.

Erabakia; horren bitartez, baimena ematen da lankidetza-hitzarmena sinatzeko Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren eta Comité de Familiares a Detenidos Desaparecidos de Honduras (COFADEH) artean.

LABURPENA

Elankidetza - Garapenerako Lankidetzako Euskal Agentziak giza eskubideak babesteko nazioarteko hiru erakunderekin sinatuko dituen beste hainbeste hitzarmenei baimena eman die Gobernu Kontseiluak.

Zehazki, Hondurasen Desagertutako Atxilotuen Batzordearekin (COFADEH) proiektu bat finantzatzeko hitzarmen bat sinatuko du Elankidetzak: Erdialdeko Amerikako herrialde horretan giza eskubideen alde egiten dutenen babesa eta sustapena da helburua.

Bortxaz desagerrarazitako biktimen senideek osatzen dute COFADEH erakundea; 1982an sortu zenetik, eskarmentu handia hartu du Hondurasen giza eskubideen alde egiteagatik esetsiak eta mehatxatuak diren pertsonak babesten eta aldezten. Hala, haien herrialdean erreferente bihurtu dira arlo horretan.

Gaur onartutako hitzarmenak 242.000 euro hartzen ditu guztira, eta giza eskubideen babesle horien segurtasun pertsonala hobetzeko aukera emango du, bai eta haien eta haien erakundeen ordezkaritza eta defentsa legala hobetzekoa ere.

Era berean, Addameer Prisoner Suport and Human Rights Associationekin hitzarmena sinatzea onartu du Gobernu Kontseiluak, zertarako eta palestinar preso eta atxilotuen giza eskubideak babesteko programa bat finantzatzeko.

Palestinako lurralde okupatuan, larria da egoera soziopolitikoaren narriadura, eta palestinar biztanleen giza eskubideen urratze masiboan zertzen da. Testuinguru horretan, Addameer erakundeak giza eskubideak urratu diren kasu ugariri egin die jarraipena. Doako laguntza juridikoa eskaintzen die milaka preso eta atxiloturi eta haien senideei, kartzeletan eta Palestinako nahiz Israeleko atxiloketa-zentroetan. Elankidetzarekin hitzarmenak 200.000 euro bideratzen ditu, guztira, eta pertsona horien eskubideen babesa sendotzeko aukera emango dio erakundeari.

Azkenik, Gobernuak Mozanbikeko Forum Mulher erakundearekin hitzarmena sinatzea ere onartu du; 297.000 euro guztira, Emakumeen Munduko Martxaren Nazioarteko Idazkaritza sendotzeko.

Gaur egun, emakumeen eskubideak defendatzen dituen GKE horrek barne hartzen du Emakumeen Mundu Martxaren Nazioarteko Idazkaritza, zeinak 2000 urtean pobreziaren eta genero-indarkeriaren aurkako kanpaina bat abiarazi baitzuen, funtsean, lau jarduera-esparru hauetan eragin nahian: emakumeen ahalduntze ekonomikoa, genero-indarkeria, guztientzako onura eta zerbitzu publikoak, eta bakea eta desmilitarizazioa.
 

 

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.

EUSKO JAURLARITZAK AZAROAREN 1ERA ARTE ARGENTINAKO MACACHÍN HERRIAN EGINGO DEN EUSKAL ASTE NAZIONALEAN PARTE HARTUKO DU.

LABURPENA

• Eusko Jaurlaritzako eledun Josu Erkoreka, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Maria Ángeles Elorza, Kanpoko Euskal Komunitatearen zuzendari Asier Vallejo eta Euskadiren Argentinako (Mercosur) ordezkari Sara Pagola Argentinako euskal etxe guztietako milaka lagun biltzen dituen urteroko hitzordu horretara joango dira.
• Euskal ordezkaritzak honako hauek bisitatuko ditu: Euskadiren Argentinako Bulegoa (Mercosur); irekita dagoen munduko euskal etxe zaharrena, Laurak Bat; eta Euskaditik kanpo curriculumean euskara barne hartzen duen ikastetxe bakarra, Llavalloleko Euskal Echea ikastetxea.
• Gaur egun, Argentinan 84 euskal etxe daude erregistratuta: horrek kanpoan dagoen euskal gizataldearen erreferente nagusi bihurtzen du herrialdea.

Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza bat, Herri Administrazio eta Justiziako sailburu eta eledun Josu Erkoreka buru dela, Argentinako Macachín herrian datorren igandera arte, azaroaren 1era arte, egingo den Euskal Aste Nazionaleko ospakizun-ekitaldietara joango da. Gainera, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi María Ángeles Elorza eta Kanpoko Euskal Komunitatearen zuzendari Asier Vallejo joango dira Argentinara, eta Euskadiren Argentinako (Mercosur) ordezkari Sara Pagolak haiekin bat egingo du han.

Euskal Aste Nazionala atzo, astelehena, hilak 26, hasi zen, Macachín herrian, Panpa probintzian. Argentinako euskal gizataldea osatzen duten pertsona guztien urteroko topaketa handia da. Hitzordu hori antolatzearen ardura herrialdeko euskal etxe garrantzitsuenen artean txandaka hartzen dute. Oraingoan, Macachínekoaren txanda da eta Eusko Jaurlaritza diasporarekiko topaketa garrantzitsu horretan parte hartzera gonbidatu du.

Euskal Aste Nazionalean antolatzen diren kultur ekitaldi ugarien artean, Argentina osoko euskal etxeetako ehunka gazte dantzariren topaketa nabarmentzen da, maila artistiko handiko erakustaldiak egiten baitituzte.

Bidaia ofizialean, Josu Erkorekak, Marian Elorzak, Asier Vallejok eta Sara Pagolak, halaber, Panpako gobernadore Oscar Jorgerekin, Macachíneko intendente (alkate) Jorge Cabakekin eta Euzko Argentinar Bazkun Alkartasuna (FEVA) osatzen duten pertsonekin bilduko dira.

BUENOS AIRESEKO AGENDA

Euskal ordezkaritzak Buenos Airesera ailegatuko denean, lehenik eta behin, Euskadiren Argentinako Bulegoa (Mercosur) bisitatuko du.

Halaber, hiriburuko Laurak Bat euskal etxea osatzen duten pertsonekin bilduko da (1877an sortu zuten). Laurak Bat irekita dagoen munduko euskal etxerik zaharrena da.

Azkenik, euskal ordezkaritzak Llavallol herrira joan eta han Euskal Echea ikastetxea bisitatzeko (1904an sortu zuten) baliatuko du Buenos Aireseko egonaldia. 50eko hamarkadara arte, euskal gizataldearen ikastetxea izan zen. Gaur egun, bere funtsari eusten dio: euskal kultura bere hezkuntzaren zehar-lerroa da eta euskara curriculumaren barruan dago, atzerriko hizkuntza gisa, ingelesarekin eta frantsesarekin batera. Ondorioz, Euskaditik kanpo euskara curriculumeko ikasgai gisa duen ikastetxe bakarra da.

ARGENTINAKO EUSKAL DIASPORA

XIX. mendeko bigarren erdian eta XX. mendeko lehen laurdenean iritsi zen Argentinara euskal herritarren uholde handia, Argentinako Errepublikak garai hartan ezarritako immigrazioa sustatzeko politiken laguntzaz. Emigrazio hura, nagusiki, behar ekonomikoek bultzatua izan zen. Geroago, Espainiako Gerra Zibilaren eta frankismoko lehenengo urteen testuinguruan gertatu zen azken uholde handia. Belaunaldi hori ez zen aurrekoak bezain ugaria izan, baina kutsu politiko nabarmena zuen eta kultur arloan oso aktiboa zen.

Emigrazio handi horren eraginez, gaur egun euskal jatorrikoen ondorengo asko daude herrialdean. Ezinezkoa da zorrotz kuantifikatzea, baina zenbait kalkuluren arabera, Argentinan bizi diren pertsonen % 10ek euskal abizenen bat daukate. Eusko-argentinarrak komunitate oso antolatua dira: Eusko Jaurlaritzak Argentinan 84 euskal etxe aintzatetsi ditu eta horrek kanpoan dagoen euskal gizataldearen erreferente nagusi bilakatzen du herrialde hori.
 

 

EUSKO JAURLARITZAK HERRITARREK ERAGINDAKO ETA GIZARTEAREN BEHARRAK ERANTZUTEKO PROIEKTUEI BIDERATUTAKO ELKARLAN SARIEN LEHEN EDIZIOA DEITUKO DU.

LABURPENA

• Osasun, ingurumen, garapen ekonomiko, hezkuntza eta gizarte kohesio arloetako beharrei erantzutea helburu duten hiru proposamen onenak sarituko dira.
• Saritutako proiektuek 6.000 euroko laguntza ekonomikoa jasoko dute, baita Eusko Jaurlaritzaren aholkularitza teknikoa ere, proposamena hobetzeko.
• Elkarlan sariak Euskadiko gizarte eragileei bideratuta daude eta eragileok politika publikoetan duten partaidetza sustatzea da azken helburua, gardentasuna eta herritarrei galdetzea bultzatzeko asmoz.

Gobernu Kontseiluak “Elkarlan, Eusko Jaurlaritzaren balio publikoko kogenerazio proiektuak” sarien deialdia onartu du gaurko bileran. Sarion helburua honako bost arlo hauetako behar edo gizarte erronkei erantzuteko hiru proposamen onenak aitortzea da: osasuna, ingurumena, garapen ekonomikoa, ikaskuntza eta gizarte kohesioa. Sarion lehendabiziko deialdia da eta gizarte zibileko erakundeei zuzenduta dago: gobernuz kanpoko erakundeak, elkarteak, irabazi asmorik gabeko fundazioak...

Lehiaketaren oinarriak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, hurrengo egunetan. Hautagaitzak aurkezteko epea, berriz, hilabete batekoa da, eta elektronikoki egin beharko da honako webgunearen bitartez: www.euskadi.eus. Proposamen guztiek pertsona eta kolektiboen ahalduntze-prozesuak aktibatzeko gaitasuna agertu beharko dute, bai diseinu fasean, bai inplementazio fasean.

Hautatutako hiru egitasmoetako bakoitzak honako sari hau jasoko du:

• 6.000 euro, gehienez ere, proiektuan azaldutako hobekuntza neurriak indarrean jartzeko.
• Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzarekin elkarlanean diagnostiko bat eta jarduera-plan bat prestatzea egitasmoa garatzeko.
• Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzaren aholkularitza proiektua aberasteko prozesuan.
• Proiektuaren berri ematea informazio eta komunikazio bideetan, egitasmoari jendaurreko aitorpena emateko eta berau sustatzeko.

Elkarlan sarien deialdiarekin Eusko Jaurlaritzak aurrera egiten du gizarte eragileen partaidetza sustatzeko konpromisoan. Era berean, gardentasuna eta herritarrak entzun eta kontsultatzeko nahia ere bultzatzen ditu.

HERRITARREN PARTAIDETZAKO LIBURU ZURIA

Herritarren partaidetzako jardunbide egokiak bultzatzeko asmoa duen sariketa honek, Jaurlaritzak Euskadiko demokraziari eta herritarren parte-hartzeari buruzko Liburu Zuria lanean hartutako konpromisoekin bat egiten du, uneotan indarrean jartzen ari direnak. Zehazki, sariketa deituta, Eusko Jaurlaritzak Liburu Zuriko helburuetako bat betetzen du: herritarren partaidetza sustatzen duten formulak garatzea ahalbidetzen duten esperientzia berritzaileak bultatzea.

Euskadiko demokraziari eta herritarren parte-hartzeari buruzko Liburu Zuria 2014an aurkeztu zen EAEko herri-administrazioaren eta herritarren arteko elkarrizketarako, negoziaziorako eta akordiorako mekanismo iraunkorrak sortzeko tresna gisa. Hain zuzen, herritarrek beraiei zuzenean eragiten dieten erabakietan parte hartu ahal izatea da Liburu Zuriaren azken helburua.

Euskadiko administrazio publiko batek egindako ezaugarri horietako lehendabiziko lana da Liburu Zuria eta askotariko 400 lagun eta 150 erakundek hartu zuten parte berau egiteko lanetan: udalak, aldundiak, desgaitasuna duten pertsonen elkarteak, adineko pertsonak, kultura elkarteak, unibertsitateak, ikastetxeak, gobernuz kanpoko erakundeak, gizarteratze elkarteak...
 

 

OGASUN ETA FINANTZA SAILA X. LEG.

GOBERNUAK ONARTU EGIN DU EUSKADIKO 2016KO EKITALDIKO AURREKONTU OROKORREN LEGE AURREPROIEKTUA.

Lege-proiektua, Euskal Autonomia Erkidegoko 2016. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena.

LABURPENA

• Gaur, Gobernu Kontseiluak onartu egin du Euskal Autonomia Erkidegoko 2016ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorren Lege Aurreproiektua. Urriaren 30ean (ostirala) erregistratuko da Eusko Legebiltzarrean.

1.- 2016ko Aurrekontuen testuinguru makroekonomikoa

2016ko Aurrekontuen prestaketa sendotze-bidearen testuinguru ekonomikoaren barruan sartzen da, nahiz eta, oraindik ere, beherantz joateko arriskua dagoen.

Munduko ekonomia modu iraunkorrean ari da hazten (+%3,1, 2015eko lehen eta bigarren hiruhilekoetan), baina gero eta pisu handiagoa du ekonomia aurreratuetan, eta apurka-apurka desazeleratzen ari da garapen-bidean dauden herrialdeetan. Bilakaera horretan, zenbait faktorek izan dute eragina; hain zuzen ere, faktore guztietatik, petrolioaren prezioak 2014ko udatik hona izandako jaitsiera izan da esanguratsuena, horrek herrialde garatuenei egin baitie on.

Zehazki, Europar Batasunak bi onura izan ditu: batetik, esandako moduan, petrolioaren prezioa murriztu egin delako, eta, bestetik, moneta-politika hedagarriagoa jarri delako martxan, eta, ondorioz, kredituak zentzuzko prezioetan eskuratu ahal izan direlako eta euroaren balio-galerak esportazioak bultzatu dituelako.

Testuinguru horretan, euskal ekonomiak urtearteko %2,7ko hazkundea izan zuen 2015eko bigarren hiruhilekoan, eta puntu erdian hobetu zuen lehen hiruhilekoko aurrerapena. Ondorioz, 2015ari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailak handitu egin ditu urteko batez besteko hazkunde-aurreikuspenak, %2,5etik %2,7ra, hau da, hasieran aurreikusitakoa baino bi hamarren gehiago.

2016. urteari dagokionez, eta munduko hazkundearen itxaropenei erreparatuta, apur bat ahuldu dira azken hilabeteotan. Zehazki, Espainiak 2016rako duen hazkunde-itxaropena ez da 2015ekoa bezain sendoa.

Egoera horretan, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailak %2,5eko hazkunde ekonomikorako itxaropena dauka 2016rako, batez beste.

Barneko zein kanpoko eskariek hazkundea bultzatuko dute. Kontsumo pribatua eta inbertsioa hazi egingo dira, baina, aurreikuspenen arabera, lehenengoa apaldu egingo da eta bigarrena, berriz, sendotu. Eskaintzaren ikuspuntutik, ekoizpen-adar guztiek hasieran esperotako mailaren antzeko neurrian ahalbidetuko dute hazkundea.

Lan merkatuari dagokionez, antzeko hazkunde-tasak aurreikusten dira 2015ean eta 2016an (+%1,8 eta +%1,7, hurrenez hurren); ondorioz, batez beste, lanaldi osoaren baliokideak diren 15.000 lanpostu sortuko lirateke urtero, aipatutako epealdi bakoitzean.

Aurreikuspen horiek arrisku-testuinguruaren barruan ulertu behar dira; horien artean, Txinaren moteltze ekonomikoa dago. Ameriketako Estatu Batuetako interes-tasen gorakadak izan dezakeen eragin zalantzagarria ere kezka bihurtu da. Munduko ekonomiaren susperraldiak bizi duen beste mehatxuetako bat da herrialde jakin batzuetako tentsio geopolitikoak larritu egin direla.
Arrisku horiek gauzatuko balira, ekonomia guztiak ukituta geratuko lirateke, merkataritzaren eta finantzen kanalen mugaz gaindiko kutsatze-efektuen ondorioz.

2.- 2016ko Aurrekontuen testuinguru ekonomiko-finantzarioa

Foru Aldundiek Euskadiko Aurrekontuak finantzatzeko egiten dituzten ekarpenek hazkundea izango dute: 2015eko 8.738 milioi euroko zenbatekotik, 2016ko ekitaldiko ia 9.103 milioi eurora. Zenbateko hori aurrekontu arloko diru-sarrera guztien %83,3 da –portzentaje hori %97ra handituko litzateke, euskal “Y”-aren kudeaketaren ardura eta zorpetzea albo batera utziz gero–.

Hala ere, Euskadik datorren urtean bete behar duen defizit-helburua (BPGren %0,3) oraingo ekitaldikoa baino txikiagoa da (%0,7). Ondorioz, zorpetze garbirako gaitasuna ere txikiagoa izango da; hain zuzen ere, 2015ean baino 242 milioi euro gutxiago, aurtengo 580 milioi euroetatik 2016ko 338 milioietara igaroz.

Zorra amortizatzeko 2016ko ekitaldirako aurreikusitako egutegiaren ondorioz, adierazitako gastu-kapitulua 892 milioi eurokoa izango da.

3.- Gobernu-ekintzaren estrategia eta helburuak, 2016ko Aurrekontuetan

Gobernuak berretsi egiten du ordena sozio-ekonomikoaren helburu estrategikoetako batekiko konpromisoa; hain zuzen ere, pertsonen oinarrizko beharrizanen estaldura bermatzearena, ongizaterako eta gizarte-kohesiorako eredua zainduz.

Hori dela eta, 2016rako Aurrekontuen Proiektuak Administrazioaren ardurapeko izaera publikoko politika sozialen hornidurara bideratutako gastuak sendotzen ditu.

Beste ikuspuntu batetik, Gobernuak hazkunde-itxaropenak bermatzeko eta bultzatzeko apustua egin du, eta, ondorioz, jarduera ekonomikoa eta enpleguaren sorrera berreskuratzeko politikak hartu beharko dira.

Hori horrela, Aurrekontuen Proiektuaren bitartez 2016ko ekitaldirako egiten den inbertsio-ahalegina nabarmendu behar da. Inbertsiora bideratutako kapituluen zenbaketaren ondorioz (VI, VII eta VIII. kapituluak), aurreko ekitaldietako zifra finkatu eta apur bat handitu behar da, 1.214 milioitara heldu arte 2016an. Eta “Y” trenbidea eraikitzeari dagokion kudeaketa-aginduaren efektua kontuan hartu gabe, kapitulu horien zifra finkatu egingo da 2016an, 864 milioi euroko zenbatekoarekin.

Era berean, aipatu beharra dago, 2016rako aurrekontuaren gastu osoaren hazkundea 294 milioi eurokoa izango bada ere, I. kapitulutik VIII.era bitartean planteatzen den gastu-hazkundea 113 milioi eurokoa izango dela, %1,1eko hazkundearekin 2015. urteko datuekiko.

4.- 2016ko Aurrekontuen ezaugarri nagusiak

2016rako Aurrekontu Proiektua Sailen arabera aztertuz gero, ikus daiteke Sail guztiek izango dituztela hazkundeak 2015. urtearekiko.

Hornidura handienak izango dituzten Sailak Osasuna eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura dira, 3.422 eta 2.842 milioi eurorekin, hurrenez hurren.

Osasun Sailaren hornidurak, batez ere, Sailak Osakidetzarekin duen Kontratu-Programaren aurrekontura bideratuko dira; hain zuzen ere, Kontratu-Programa horren aurrekontuak 26 milioiko hazkundea izango du, eta, guztira, 2.541 milioiko hornidura izango du, hau da, Osasun Sailaren aurrekontuaren %74.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailari dagokionez, bere aurrekontua, termino absolutuetan, 43 milioi euroan handitu da, euskal hezkuntza sistemaren babesaren konpromisoa jasoz bere maila guztietan.

Gastu sozialaren esparruari amaiera emateko, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak berrikuntza bat du: 7 milioi euroko ekarpena, udal erakundeek eskaini beharreko zerbitzu berriak finantzatzeko. Prestazioen eta gizarte-zerbitzuen zorroaren dekretua finantzatzeko asmoz, funts hori 10 milioi eurorekin hornituko da, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluak duela gutxi lortutako akordioan jasota geratu den moduan.

Gainera, 4 milioi euroko hornidura duen partida aurreikusten da, pertsona errefuxiatuen arretatik erator litezkeen beharrizanei aurre egiteko.

Ondorioz, behin euskal gizartearen kohesiora eta ongizatera bideratutako politiken lehentasuna finkatuta, Gobernuak gastu-bolumen handia ere esleitu du gure ekonomia sustatzeko. Horren erakusgarri, 13,7 milioi euroko zenbateko osagarria gehitu da, eta, horri esker, ikerketara, teknologiara eta berrikuntzara bideratutako hornidurak handitu ahal izango dira, 2015. urteko datuekin konparatuta. Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna saila ere igotzen da, 5,5 milioi euro hain zuzen ere, euskal ehun ekonomikoaren sustapen eta garapen gaiak sartuz.

2016rako Aurrekontu Proiektua sailkapen ekonomikoaren ikuspegitik aztertuz gero, I. kapituluaren (Langile-gastuak) zenbatekoak administrazioaren zerbitzupeko langileen ordainsarien %1eko hazkundea jasotzen du, bai eta gizarte segurantzaren kotizaziorako oinarrien hazkundeak ere. Gastuen IV. kapituluak (Transferentziak eta diru-laguntzak) 3.267 milioi euroko bolumena dauka. Antzeko kopurua, 3.285 milioi euro, II. kapitulura (Funtzionamendu-gastuak) egongo da bideratuta; horren barruan, Osakidetzaren Kontratu-Programaren zenbatekoa dago sartuta.

Aipatutako hiru gastu-kapituluak biltzen dituzten ekintzen barruan daude Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) finantziazioa edota euskal hezkuntza sistemaren finantziazioa, gastu-kopuru handienak dituzten ekintzetako batzuk baino ez aipatzearren.

III. kapituluko (Finantza-gastuak) gastuei dagokienez, 5 milioi euro inguruko murrizketa dute, 2015. urtearekin alderatuta.

Inbertsiora bideratutako kapituluen (VI, VII eta VIII. kapituluak) hornidura 1.214 milioi eurokoa da, lehenago jasota geratu den moduan.

Azkenik, 2016ko Aurrekontu Proiektua Funtzioen arabera aztertuz gero, nabarmendu beharra dago gastuaren maila mantendu eta apur bat igo ere egin dela politika sozialetan. Zorraren amortizazioak kontuan hartu gabe, politika horiek gastu osoaren %75,4 izango dira.
 

 

BORONDATEZKO GIZARTE AURREIKUSPENEKO ERAKUNDEEI BURUZKO ERREGELAMENDUA ONARTZEN DUEN DEKRETU-PROIEKTUA.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak gaur onartutako dekretu-proiektuak borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeei buruzko otsailaren 23ko 5/2012 Legea garatzeko erregelamendua onartzen du.

Arau horren bidez, erregelamendu bat garatuko da, hain justu, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeen bidezko pentsio-sistema indartzeko helburua duen araudiari dagokiona.

Euskadirako sektore ekonomiko garrantzitsu baten erregelamendu-garapena da; ez bolumen ekonomikoagatik bakarrik (EAEko urteko BPGaren herena baino gehiago), baita gizarte-aurrerapenerako eta elkartasunerako elementu bereizgarria delako ere, Euskadik azkeneko 30 urteetan gizarte-segurantza osatzeko sistema borondatezko gisa garatu duen aldetik.

Zehazki, dekretuak onartutako erregelamenduak honako arauak jasotzen ditu:
- BGAEen sailkapena arautzen da, jardueraren edota hartarako sarbidearen bidez; BGAEen gobernu-organoak; bat-egiteko, banatzeko, desegiteko edota likidatzeko prozesuen bidezko egiturazko aldaketak; babestutako kontingentziak eta BGAEek eman beharreko prestazioak, desgaitasunak dituzten pertsonentzako araudi berezi bat barne hartuta, pertsona horiei estaldura handiagoa emango dien araubide espezifiko malguago bat araututa.
- Era berean, bazkideen eta onuradunen eskubideak arautzen dira, bazkideek bizitza-zikloko inbertsio-estrategiak aukeratzeko duten eskubidea indartuta, guztia ere bazkideen bizitzan zehar errentagarritasun/arrisku binomioa optimizatzeko xedez.
- Gainera, informazio-eskubidea ere arautzen da, eta unearen arabera bazkideei eman beharreko informazioaren xehetasunak ezartzen dira; hau da, BGAE bateko etorkizuneko bazkide posibleei eta bazkideei erretiratu aurreko aldian, prestazioa jasotzeko fasean eta informazio hau artikulatu behar den formuletan.
- Gobernu onaren politika ere erregulatuko da, BGAEen kudeaketa, antolaketa eta funtzionamendua hobetzen jarraitzeko.
- Barne hartzen du, halaber, BGAEen bazkideen ahalmen hau: hain zuzen, banakako edo elkartutako modalitateetan gizarte-aurreikuspeneko planei egindako ekarpenei dagozkien eskubideak baliatzeko ahalmena, hamar urtetik gorako antzinatasuna badute.
- Era berean, Euskadiko BGAEen Erregistroaren antolaketari eta funtzionamenduari buruzko lege-garapena ere arautzen da. Bereziki, Bazkideen Fitxategi Orokorra arautzen da, onuradun posibleak ezagutzeko, hildako pertsona baten BGAEa bazkide bezala hartu daitekeen ala ez argitzeko, balizko prestazioak kobratu ahal izateko.
- Era berean, Gizarte Aurreikuspeneko Euskal Kontseilua arautzen da, gizarte-aurreikuspen osagarria aztertzeko, sustatzeko, hedatzeko eta defendatzeko organo kolegiatu moduan; esandako kontseiluaren izaera arautuko da, zer saili atxikita dagoen eta non duen egoitza, baita zer egitura eta osaketa duen ere. Administrazio Orokorreko eta foru-aldundietako ordezkariak ez ezik, enpresetako zein sindikatuetakoak ere izango ditu, baita gizarte-aurreikuspeneko sektorekoak eta sona handiko adituak ere.
- Azkenik, xedapen gehigarriek, iragankorrek, indargabetzaileak eta azken xedapenek auzi mota horiei dagozkien arauak ezartzen dituzte.
 

 

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

UPV/EHUREN LUIS RUIZ DE AGUIRRE ARTXIBOA EUSKADIKO ARTXIBO HISTORIKOARI LAGATZEA.

Erabakia, Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetza-hitzarmen bat izenpetzeko baimena emateko dena, Luis Ruiz de Aguirreren jatorrizko dokumentuak eta hainbat kopia Euskadiko Artxibo Historikoan gordailuan jasotzeko, doan.

LABURPENA

Gobernu kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, UPV/EHU eta Euskadiko Administrazio Orokorraren arteko hitzarmena sinatzea baimendu du. Hitzarmen honen bidez, 1936ko Gerra Zibilari buruzko Luis Ruiz de Aguirreren artxiboko dokumentu originalak eta zenbait kopia lagatzen dizkio Euskal Herriko Unibertsitateak, doan eta gordailu eginkizunerako, Euskadiko Artxibo Historikoari.

Luis Ruiz Aguirreren artxiboko dokumentuak Bilbon egoitza duen Euskadiko Artxibo Historikoan gordeko dira, bertan kontserba daitezen eta historia arloko ikerlari nahiz adituek kontsulta ahal izan ditzaten.
 

 

4.500 EUROKO DIRU-LAGUNTZA UNEDI.

Erabakia, Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalari dirulaguntza zuzen bat ematekoa 2011ko apirilaren 20an izenpetutako lankidetza-hitzarmenaren arabera bere jarduera garatzeko.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak onartu du, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, UNED-i 4.500, 30 euroko diru-laguntza ematea: 1.336,53 euro Gasteizko zentrorako, eta 3.163,77 euro Portugaletekorako.

Diru-laguntza honek bi kopururen arteko aldea berdintzea du helburu: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailaren 2015eko aurrekontuetan UNEDentzat erreserbatutako kopuruaren eta unibertsitate horri matrikulatutako ikasle kopuruaren arabera dagokion kopuruaren arteko aldea berdintzea, hain zuzen ere.
 

 

ITZULPEN MEMORIEN BANKU PUBLIKOA ESKUALDATZEKO HITZARMENA SINATZEA HERRI ARDURALARITZAREN EUSKAL ERAKUNDEAREKIN (IVAP).

Erabakia, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearekin lankidetza-hitzarmen bat izenpetzeko baimena emateko dena, Itzulpen Memorien Banku Publikoa IVAPi eskualdatzeko.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak baimendu du, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, Itzulpen Memorien Banku Publikoaren (IMBP) eskualdatzea egiteko Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea (IVAP) eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren arteko hitzarmena sinatzea.

Akordio honen inguruko xehetasunak aurrerago jakinaraziko dira, hitzarmena bera gauzatzean.
 

 

SEGURTASUN SAILA X. LEG.

GOBERNU-KONTSEILUAK ERTZAINTZARENTZAT BEREIZGARRIRIK GABEKO 600 IBILGAILU ALOKATZEKO KONTRATUA ONARTU DU.

LABURPENA

• Segurtasun Sailak aurreikusi duenez, ibilgailu berriak 2016ko bigarren hiruhilekoan egongo dira ertzain-etxeen eskura

Gobernu-kontseiluak gaur onartu du Ertzaintzarentzat bereizgarririk gabeko 600 ibilgailu alokatzeko kontratua, Segurtasun Sailak hala eskatuta.

Behin gastua onarturik, lehiaketara aterako da kontratua, 11.952.000 euroko gehieneko gastuarekin, lau urtetan ordaintzeko.

Enpresek marka desberdinetako bost ibilgailu eskaini beharko dituzte talde bakoitzarentzat, eta 2014 urtean Estatuan gehien saldutako hamar marken artean egon behar dute eskainitako ibilgailuak.

Alokairuak 48 hilabeteko epea izango du, beste 24 hilabetez luzagarria.

Horniketa-kontratuan zerbitzu hauek sartzen dira: ibilgailuen mantentze-lan osoa, arauzko aldizkako ikuskapenak, eta erabilerarengatik nahiz higadurarengatik egin beharreko konponketak, baita neguan pneumatikoak aldatzea ere.

Segurtasun Sailak aurreikusi duenez, ibilgailu berriak 2016ko bigarren hiruhilekoan egongo dira ertzain-etxeen eskura.

Kontratu horren bitartez, Ertzaintzaren parke mugikorra berritzen jarraitu du Segurtasun Sailak; iragan maiatzean abiarazi zuen prozesu hori, hain zuzen, poliziaren ekipamendua eta bereizgarriak dituzten 120 patruila-auto monobolumen esleituz.
 

 

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.

EUSKO JAURLARITZAK ENPRESEK INGURUMENA BABESTEKO INBERTSIOAK EGITEKO DIRU-LAGUNTZEN EMAKIDA ARAUTU DU.

Dekretua, enpresei ingurumena babesteko inbertsioak egiteko dirulaguntzak arautzen duena.

LABURPENA

• Hainbat diru-laguntza deialdiren urteko idazketaren oinarria izango da: Europako etorkizuneko arauei aldez aurretik egokitzeko, ingurumen-ikerketak egiteko, birziklatzeko inbertsioetarako, lur-eremu kutsatuen saneamendurako, eta ingurumen arloan aholkatzeko zerbitzuetarako.

Eusko Jaurlaritzak oniritzia eman dio Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren dekretu-proiektuari; hain zuzen, enpresei ingurumenaren babesa hobetzen laguntzeko, diru-laguntzen urteroko deialdi berri bat ezartzeko egin duenari. Honako diru-laguntzen urteroko deialdiaren idazketaren oinarri izango da dekretua: Europako etorkizuneko arauei aldez aurretik egokitzeko diru-laguntzak, ingurumen-ikerketak eta birziklatzeko inbertsioak egiteko, lur-eremu kutsatuen saneamendurako, eta ingurumen arloan aholkatzeko zerbitzuetarako.

2002-2009 urteen arteko deialdiak beste dekretu baten bitartez arautu ziren, harik eta 2010ean Europar Batasunaren araudiari egokitu zitzaizkion arte. Bruselak aldaketak egin ostean, beharrezko zen berriz ere dekretua moldatzea eta haren aplikazio-eremua zabaltzea, diru-laguntzen araubide gehiago sartu ahal izateko, Batzordeak jo duenez ez dute eta barne-merkatuan eraginik.

Dekretu berriak ezartzen duenez, diru-laguntzek eragin sustagarria izan behar dute eta, beraz, eskaera aurkeztu aurretik abiarazitako proiektuak ez dira diruz lagunduko. Bi prozedura ezartzen dira –ohikoa eta erraztua– eta bere horretan utzi dira zenbait kontu: esaterako, emandako diru-laguntza ordain-agindu bakar baten bitartez ordainduko da eta, betiere, baldin eta aldez aurretik justifikatu bada diruz lagundutako inbertsioa benetan zertu dela, eta zenbat kostatu duen.

Diru-laguntzen kategoria guztien barruan, dekretuak barne hartzen ditu Batasuneko arauez harago doazen diru-laguntzak, Batasunaren araurik ezean ingurumen-babesaren maila handitzen dutenean: Batasuneko etorkizuneko arauetara aldez aurretik egokitzeko laguntzak, ingurumen-azterketak egiteko laguntzak, hondakinak birziklatzeko eta berrerabiltzeko inbertsioak egiteko laguntzak, lur-eremu kutsatuak saneatzeko laguntzak –ezin denean kutsaduraren arduraduna identifikatu, edota kutsatzailea ezin denean, legez, lurraren birgaitzea finantzatzeko arduradun gisa hartu, «kutsatzen duenak ordaintzen du» printzipioari jarraiki–, eta ETEei diru-laguntzak ingurumen arloko aholku-zerbitzuetarako. Era berean, enpresa oso kutsagarriak berriz kokatzeko diru-laguntzak emateko aukera desagertu da.
 

 


Euskadi, auzolana