Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabaki nagusiak


2015/09/15 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

LEHENDAKARITZA X. LEG.
Eusko Jaurlaritzak kooperanteentzako hainbat diru laguntza ildoren deialdiak onartu ditu, guztira 500.000 eurokoak
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.
Eusko Jaurlaritza Herri-kontuen Euskal Epaitegiaren erregimena eta funtzionamendua aldatzeko lege-proposamenak eztabaidatzearen aldekoa da
EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.
Eusko Jaurlaritzaren ordezkaria Ik4 Alliance Research Elkarteko Batzorde Estrategikoan
Eusko Jaurlaritzaren Ordezkaria Tecnalia Research Innovation Fundazioaren Patronatuan
Eusko jaurlaritzak garapen teknologikorako laguntzak indartu ditu, EMAITEIK programarako 50 milioi bideratuta
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
258.000 euro irakurketa eta liburutegien erabilera sustetzeko jardueretarako
776.314 euro lanbide heziketako ikastetxeen hornikuntzarako
INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.
Gobernu Kontseiluak jakinarazi du nor izango diren Pasaiako eta Bilboko portuetako agintaritzetako ordezkari berriak
Gobernu Kontseiluak premiazkotzat jo du Gipuzkoako Foru Aldundiak Beizamaren Saneamendurako Ondasunak Okupatzea
Eusko Jaurlaritzak eta elgoibarko udalak elkarrekin lan egingo dute Euskotrenen geltokiko trenbidea hobetzeko eta ingurua berroneratzeko
Eusko Jaurlaritzak eta Deustuko Unibertsitateak lankidetzan jardungo dute itsaso eta portuetako gaietan trebatzen, ikertzen eta zabaltzen
LEHENDAKARITZA X. LEG.

EUSKO JAURLARITZAK KOOPERANTEENTZAKO HAINBAT DIRU LAGUNTZA ILDOREN DEIALDIAK ONARTU DITU, GUZTIRA 500.000 EUROKOAK

LABURPENA

  • Gainera, lankidetzaren Ignacio Ellacuria saria deitu dute

Gobernu-kontseiluak gaur onartu dituen hiru ebazpenen bidez kooperanteentzako hainbat laguntza-programa deituko dituzte, baita Garapenerako Lankidetzaren Ignacio Ellacuria sariaren beste edizio bat ere.

Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak 200.000 euro bideratuko ditu pobreziaren aurka borrokatzen duten erakundeak eta/edo elkarteak instituzionalki indartzen lan egiten duten EAEko kooperatzaileentzat.

Diru-laguntzak Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak kudeatuko ditu eta GKEek eta erakundeek aurkezten dituzten eskabideen bidez emango dira. Diru-laguntza bakoitzaren urteko gehieneko zenbatekoa 18.000 eurokoa izango da, urtebete eta bi urte arteko eperako.

Halaber, Nazio Batuen sistemaren parte diren nazioarteko erakundeetarako eta horiekin lotutako pertsona juridikoentzako diru-laguntzen deialdia onartu dute. Helburua erakunde horiek pobretutako herrialdeetan duten proiektuetan parte hartzen duten kooperanteak diruz laguntzea da.

Diru-laguntzen zenbatekoa 300.000 eurokoa da guztira, eta beste 240.000 eurorekin luzatzeko aukera izango da. Diru-laguntza bakoitzaren zuzkidura 18.000 eurokoa da.

Azkenik, gobernu-kontseiluak Lehendakaritzak urtero ematen duen Ignacio Ellacuria sariaren beste deialdi bat onartu du. Sari horren bidez, herrien berdintasunaren eta justiziaren alde lan egiten duten Euskadiko eta kanpoko erakundeen, taldeen eta banakoen ekarpena errekonozitzen dute, baita pobrezia deuseztatzeen laguntzen dutenena eta Euskadiko eta nazioarteko gizartea sentsibilizatzen laguntzen dutenena ere.

 

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.

EUSKO JAURLARITZA HERRI-KONTUEN EUSKAL EPAITEGIAREN ERREGIMENA ETA FUNTZIONAMENDUA ALDATZEKO LEGE-PROPOSAMENAK EZTABAIDATZEAREN ALDEKOA DA

LABURPENA

  • Gogorarazi du HKEE Eusko Legebiltzarraren mendeko erakundea dela, eta hari dagokiola aldaketak eztabaidatzea eta ebaztea.

EH-Bildu eta Euskadiko Popularrak Legebiltzarreko taldeek Herri-Kontuen Euskal Epaitegiari buruzko 1/1988 Legea aldatzeko lege-proposamen bana aurkeztu dute, eta haiek kontuan hartzearen alde agertu da gobernu-kontseilua. Proposamenek HKEEko kideak hautatzeko modua eta hautatzeko irizpideak aldatzea eskatzen dute.

Jaurlaritzak gogorarazi du Herri-Kontuen Euskal Epaitegia Eusko Legebiltzarraren mendeko erakundea dela eta hari dagokiola epaitegiaren erregimenari eta funtzionamenduari lotutakoak eztabaidatzea eta ebaztea.

Helburua da, besteak beste, epaitegiko kideak Eusko Legebiltzarreko bilkurak hautatzea, proportzionalki, talde bakoitzaren ordezkarien arabera. Gainera, proposatu dute aurreko bi urteetan zenbait funtzio bete dituzten pertsonek (besteak beste: kudeaketa-lanpostuak eta diru-sarrerak eta gastuak ikuskatzekoak Euskadiko sektore publikoan eta presidentetza- zein zuzendaritza-karguak eta Euskadiko sektore publikoko erakunde autonomoetan eta sozietateetan eta administrazio organoetan) edo diru-laguntza publikoak jaso dituztenek hautatuta gertatzeko aukerarik ez izatea.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzak adierazi du Legebiltzarraren lana eta Euskadiko sektore publikoaren jarduera ekonomikoa eta finantzarioaren kontrolari eta zergapetzeari buruzko legedia errespetatzen dituela.

 

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.

EUSKO JAURLARITZAREN ORDEZKARIA IK4 ALLIANCE RESEARCH ELKARTEKO BATZORDE ESTRATEGIKOAN

Erabakia, IK4 Research  Alliance elkartearen Batzorde Estrategikoko ordezkarien kargu-uztea eta izendapena egiteko.

LABURPENA

Gobernu-kontseiluak IK4 Alliance Research Elkarteko Batzorde Estrategikoko Eusko Jaurlaritzaren ordezkari kargutik kendu du Itziar Alkorta eta horren ordez Adolfo Morais Ezquerro izendatu du. Morais Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea da.

 

EUSKO JAURLARITZAREN ORDEZKARIA TECNALIA RESEARCH INNOVATION FUNDAZIOAREN PATRONATUAN

Erabakia, Tecnalia Research Innovation Fundazioaren Patronatuko ordezkariak izendatzeko eta kargu-uztekoa.

LABURPENA

Gobernu-kontseiluak Tecnalia Research  Innovation Fundazioaren Patronatuko Eusko Jaurlaritzaren ordezkari kargutik Itziar Alkorta Idiakez eta Javier Zarraonandia Zuloaga kendu ditu eta horien ordez Adolfo Morais Ezquerro eta Aitor Patxi Oregi Baztarrika izendatu ditu. Morais eta Oregi Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Sailaren Energia, Meategi eta Industria Administrazioko zuzendaria dira, hurrenez hurren.

 

EUSKO JAURLARITZAK GARAPEN TEKNOLOGIKORAKO LAGUNTZAK INDARTU DITU, EMAITEIK PROGRAMARAKO 50 MILIOI BIDERATUTA

Erabakia, 5.000.000 euro baino gehiago gastatzeko baimena emateko dena. Helburua: Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko Teknologia-zentroen eta Ikerketa Kooperatiboko Zentroen(IKZ) jarduera ez-ekonomikoa laguntzeko Emaitek Plus laguntzen programa finantzatzea 2015eko ekitaldian.

LABURPENA

  • EGSLk, horrela, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragileekin 2015. urtean hartutako konpromisoa bete du
  •  Laguntzak lortutako emaitzen arabera esleituko dira; horretarako, besteak beste, sortutako enpleguak eta enpresak neurtzen dituen aginte-taula bat hartuko da kontuan.
  • Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseilua bihar bilduko da Lehendakaritzan

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak argi berdea eman dio EMAITEK programaren 50.142.850 euroko deialdiari. Hartara, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko Zentro Teknologikoetako eta Ikerketa Kooperatiboko Zentroetako jarduerari lagunduko zaio. Deialdi honekin, Eusko Jaurlaritzak 2015. urtean garapen teknologikorako aurrekontua % 7 igotzeko aurreikuspena bete du.

Laguntza hauen helburua da emaitza handienak dituen merkatuarekiko hurbilago dagoen ikerketa indartzea, Zentro Teknologikoetako eta Ikerketa Kooperatiboko Zentroetako gaitasuna hobetzea, baina laguntzak, batik bat, espezializazio-eremuetan etorkizuneko ikuspegia duten ezagutza berriak jasotzera bideratuko dira.

Etapa berria ZTBESrentzat

Euskadi Europar Batasunean berrikuntza handia duten eskualdeen artean dago. Hala ere, Euskadiko azken urteetako bilakaera dela eta, I+Gren mix horretan aldaketak izan dira. Hala, azken urteetan ikerketa aplikatua igo bada ere, garapen teknologikoa jaitsi egin da eta, beraz, merkatuarekiko gertuen dagoen ikerketa ere jaitsi egin da.

2020rako Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren xedea da eskaritik datozen beharrak eta eskaera zientifiko/teknologikoaren aurrerapenek sustatuko beharrak bateratzea.

Horretarako, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko eragileek berrantolatu ondoren, merkatuarekiko gertuko jarduera bat mantendu beharko dute. Horiek guztiek gero eta espezializatuagoak egon beharko dute Espezializazio Adimentsuaren RIS3 Estrategiarekiko eta ikerketako bikaintasuna mantendu beharko dute. Horrek esan nahi du eragile bakoitzak eskatzen zaizkion emaitzak lortu behar dituela, besteak beste, argitalpenak, patenteak eta oinarri teknologikoko enpresa berriak.

Aginte-taula baten arabera esleituko dira laguntzak

EMAITEK PLUS programak 50,1 milioi euro banatuko ditu emaitzen ebaluazioaren arabera; Emaitzei Begira dagoen Zentro Teknologikoaren Eredu berri batean oinarrituta dago ebaluazio hori eta ZTESren berrantolamenduaren baitan zehaztu da. Zentro Teknologikoek eta Ikerketa Kooperatiboko Zentroek diru-laguntzak jaso nahi badituzte, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko kide diren ziurtagiria izan beharko dute, ekainaren 23ko 109/2015 Dekretu berriarekin bat.

Erakunde onuradun bakoitzaren ebaluazioa egingo da, Emaitzetara Begira dagoen Zentro Teknologikoaren Ereduaren arabera. Ebaluazio bakoitza eragileen tipologia bakoitzerako zehaztu da 2020rako lortu behar diren adierazleak, pisuak eta helburuak ezartzen dituen aginte-taula batean.

Ildo horri jarraiki, lortutako betetze-maila neurtuko da egindako jardueraren, espezializazio-mailaren zein bikaintasun-mailaren eta sareko gainerako eragileekin izandako harremanen-ereduaren mixari dagokionez. Horiek guztiak neurtzeko, hainbat adierazle izango dira kontuan, esaterako, patenteen kopurua, sortutako enpleguen kopurua, finantzazio pribatua lortu den edo nazioarteko lankidetzak egin diren, besteak beste.
 

Laguntzen esleipena

Erakunde onuradun bakoitzak prozedura honen bidez jaso ahal izango duen gehieneko diru-laguntza hau izango da:

  • Zentro teknologikoen kasuan, zentro hauen erreferentzia-ereduak ezartzen du finantzazioaren % 25 publikoa eta lehiarik gabea izango da.
    Atal honetan fokalizazio anitza duten Zentro Teknologiko hauek hartuko dira kontuan: Tecnalia, Azterlan, Ceit, Cidetec, Gaiker, Ideko, Ikerlan, Lortek, Tekniker, Vicomtech
     
  • Ikerketa Kooperatiboko Zentroen kasuan erreferentzia-erduak ezartzen du finantzazioaren % 50 publikoa eta lehiarik gabe izango dela.
    Programa honetako Ikerketa Kooperatiboko Zentroak BioGune, BiomaGUne, EnergiGUne eta NanoGune dira.

Zentro bakoitzari dagokion zenbatekoa esleitzeko, zentro bakoitzak aginte-taula zenbatean betetzen duen hartuko da aintzat, baita zentroaren dimentsioa ere. Azken hori jakiteko deialdi honen aurreko ekitaldiko I+Gren Ustiapenerako Diru-Sarreren bolumena hartuko da kontuan.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseilua, bihar

Bihar, hilak 15, asteazkena, lehendakaria Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluko buru izango da, eta 2020rako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren aurrerabidea aztertuko dute.
Kontseilu honetan foru-aldundiek ordezkari berriak izango dituzte. Gainera, 2014an onartu zuten 2020rako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren (ZTBP2020) jarduera-ildoen gauzatzeaz arituko dira.

Gogoan izan behar da, plan horrek biltzen duela, besteak beste, RIS3 espezializazio adimentsuko estrategia. Horren bidez, Euskadik lehentasunezko hiru arlotan lan egiteko konpromisoa du: manufaktura aurreratuan, energian eta biozientzien arloan, hain zuzen ere.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluak arlo horietan abiarazitako proiektuen aurrerabidea aztertuko du, besteak beste.

Lehendakaria buru izango duen kontseilua, Eusko Jaurlaritzako, foru-aldundietako, unibertsitateetako, Innobasqueko eta Ikerbasqueko ordezkariak ez ezik, Tecnalia fundaziokoak, IK4 Alliance Research Elkartekoak, Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiakoak eta I+Gan inbertsio pribatuaren eragile diren Euskadiko lau enpresetakoak (Iberdrola, Idom, Cie Automotive eta CAF) ere badaude.
 

Dokumentuak
Aginte taula

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

258.000 EURO IRAKURKETA ETA LIBURUTEGIEN ERABILERA SUSTETZEKO JARDUERETARAKO

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, haur eta gazteen artean irakurketa sustatzeko jarduerak eta liburutegi publikoetako zerbitzuen erabilera bultzatzeko jardueretarako diru-laguntzak arautzen dituen Agindua onartu du.

Deialdi honek 258.000 euroko diru kopurua du, eta Euskadiko udalak eta toki erakundeak aurkeztu ahal izango dira bertara, baldin eta Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean sartuta dauden liburutegien gaineko eskumenik baldin badute. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua EHAAn agertu eta hurrengo egunean hasita.

 

776.314 EURO LANBIDE HEZIKETAKO IKASTETXEEN HORNIKUNTZARAKO

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du 2015eko ekitaldirako diru-laguntzak deitzen dituen agindu bat, ikastetxe pribatuen eta Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten udal titularitateko ikastetxe publikoen hornikuntzarako.

Deialdi honek, 776.134 €ko zenbateko globala duenak, Informatika eta Komunikazioak lanbide-arloko heziketa-zikloen hornikuntza gaurkotzea du helburu; gainera, produkzio-sektorearen gaurko bilakaeraren arabera garapen teknologiko aurreratuagoa duten industria-sektoreko heziketa-zikloen hornikuntza ere gaurkotu nahi du.

Itunpeko ikastetxeek eta udal titularitateko ikastetxe publikoek, 2015-2016ko ikasturtean Informatika eta Komunikazioak lanbide-arloko erdi edo goi mailako Lanbide Heziketako heziketa-zikloren bat edo industria-sektoreko heziketa-zikloren bat itunduta edo hitzartuta baldin badute, eskatu ahal izango dituzte diru-laguntzak.

 

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.

GOBERNU KONTSEILUAK JAKINARAZI DU NOR IZANGO DIREN PASAIAKO ETA BILBOKO PORTUETAKO AGINTARITZETAKO ORDEZKARI BERRIAK

Dekretua, Pasaiako Portu Agintaritzako Administrazio Kontseiluko kide batzuk kendu eta beste batzuk izendatzeko dena.
Dekretua, Bilboko Portuko Agintaritzako Administrazio Kontseiluan Euskal Autonomia Erkidegoak dauzkan kide batzuk kargutik kendu eta beste batzuk izendatzeko dena.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak onartu du Pasaiako Portuko Agintaritzako ordezkariak eguneratzea. Hala, Administrazio Kontseilutik kendu ditu Iñaki Errazkin, Amaia Agirregabiria eta Maite Peña, eta, haien tokian, Marisol Garmendia, Izaskun Gómez eta Julen Mendoza sartuko dira, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Pasaiako eta Errenteriako Udaletako ordezkari berri diren aldetik.

Bilboko Portuko Agintaritzari dagokionez, berriz, Administrazio Kontseiluko kide izateari utzi diote Itziar Garamendik eta José Luis Sabasek, eta, haien tokian, Imanol Pradales eta Ricardo Barkala izango dira.




 

GOBERNU KONTSEILUAK PREMIAZKOTZAT JO DU GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIAK BEIZAMAREN SANEAMENDURAKO ONDASUNAK OKUPATZEA

Dekretua, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Gipuzkoako Foru Aldundiak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasunak okupatzea: Beizamako saneamenduaren proiektu eguneratua (2015/07-SA-LI) burutzeko beharrezko ondasun eta eskubideak.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak premiazkotzat jo du Gipuzkoako Foru Aldundiak beharrezko dituen ondasun eta eskubide guztiak okupatzea, nahitaezko desjabetze bidez, Beizamako saneamendurako proiekturako.

Premiaz okupatzeko gisa hartutako ondasunak eta eskubideak informazio publikoko aldian ipini zituzten, eta alegazio bat aurkeztu zuten, administrazioaren espedientean jasota dagoenaren arabera. Zerbitzu teknikoek ondorioztatu dutenez, ez dago hirigintzaren arloko oztoporik espedientea izapidetzeko.

Horrekin amaituko da Beizamako saneamendua, eta Ibai-Eder urtegira isurpen desegokiak egitea saihestuko dute.

 

EUSKO JAURLARITZAK ETA ELGOIBARKO UDALAK ELKARREKIN LAN EGINGO DUTE EUSKOTRENEN GELTOKIKO TRENBIDEA HOBETZEKO ETA INGURUA BERRONERATZEKO

Erabakia, EAEko administrazio orokorraren eta Elgoibarko Udalaren arteko lankidetza-hitzarmena, Elgoibarko udal-mugartean trenbide azpiegituraren trazadura hobetzeko eta Euskotren geltokiaren hiri-antolamendu gauzatzeko proiektua exekutatzeko obrak egiteko.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak onartu du lankidetza-hitzarmena sinatzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Elgoibarko Udalaren artean, Elgoibarreko Euskotrenen geltokiko trenbidea hobetzeko eta inguru hori berroneratzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurraldearen Antolamendurako Artezpideek trenbide-sarerako helburutzat jotzen dute inguruak berroneratzea, ahal dela trenbideak barrera eta muga izan ez daitezen, batez ere hiri-esparru konplexuetan. Horretarako, ikuspegi sektoriala gainditzen dute, eta hirigintza-estrategien eta azpiegituren aurreikuspenaren arteko oreka topatuko da, guztia ere inplikatutako erakunde eta organismo guztien artean harremanak estutzeko kulturan sakonduta.

Ana Oregi sailburuak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak eta Elgoibarko Udalak ondotxo dakite Elgoibarko trenbide inguruko hiri-antolamendua hobetu beharra dagoela, behar besteko kooperazioa eta asistentzia eskaintzeko, guztia ere geltokia hirian ondo integratuta, herrigunea eta San Roke auzoa lotzeko eta bien arteko trantsizio-gune izateko, irisgarritasuna hobetuta, bai oinezkoena, bai autoena.

Oregi sailburuaren esanetan, hainbat lan egingo dituzte: trenbidearen azpiegituretan hainbat jarduketa, sestrapeko eta gaineko esku-hartzeak, guztia ere etorkizunean trenbideak bikoizteko aukera utzita eta behar bezala kontuan izanda integrazio- eta irisgarritasun-irizpideak.

Honako hauek dira jarduketa honek biltzen dituen eraikuntza-proiektuak: Ubitarte Buru eta Ubitarte Gain bitarteko trazatuaren gaineko pasarela, 415.944,93 euroko kostuarekin; irisgarritasuna hobetzea baranda bat ipinita Juan Mugerza kalean, 64.457,91 euroko kostuarekin; irisgarritasuna hobetzea bi igogailu ipinita Trenbide kalearen eta Juan Mugerza kalearen artean, 485.629,43 euroko kostuarekin; irisgarritasuna hobetzea San Roke zubian 86.463,01 euroko zenbatekoarekin; eta Trenbide kaleko aparkalekua hobetzea, 156.721,23 euroko zenbatekoarekin. Guztira 1.209.216,51 euroko inbertsioa izango da.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak partzialki finantzatuko du esandako hobekuntza-proiektuen zenbateko estimatua, gehienez ere 500.000 euroko inbertsioarekin.

 

EUSKO JAURLARITZAK ETA DEUSTUKO UNIBERTSITATEAK LANKIDETZAN JARDUNGO DUTE ITSASO ETA PORTUETAKO GAIETAN TREBATZEN, IKERTZEN ETA ZABALTZEN

Erabakia: itsas eta portuetako gaietan prestakuntza, ikerketa eta zabalkunde jardueretarako, Deustuko Unibertsitateari zuzeneko diru-laguntza bat emateko dena.

LABURPENA

Ana Oregik, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak, gaur goizean azaldu du Gobernu Kontseiluan lankidetza-hitzarmena sinatuko duela José María Guibert Deustuko Unibertsitateko errektorearekin, itsas garraioko eta itsaso eta portuetako enpresetako proiektuekin eta jarduerekin lotutako trebakuntza, ikerketa eta dibulgazioa sustatzeko, baita sektorearen lehiakortasuna sustatzeko ere. Bi erakundeek Itsas eta Portu Enpresen Kudeaketako eta Itsas Zuzenbideko Masterra sustatuko dute elkarrekin.

2000ko irailean, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak eta Deustuko Unibertsitateak hitzarmen bat sinatu zuten Itsas eta Portu Enpresen Kudeaketako Master Aditua emateko. Haren bidez, bi erakundeen harremana artikulatu da, Itsas eta Portu Enpresen Kudeaketako eta Itsas Zuzenbideko Masterra emateko eta alor honetako bestelako proiektu interesgarri batzuk sustatzeko.

Hitzarmen honen bitartez, Deustuko Unibertsitateak trebakuntza, ikerketa, dibulgazioa eta sentsibilizazioa sustatuko du itsas garraioaren esparruan, bai eta itsas eta portu enpresen kudeaketari buruz ere. Era berean, Itsas eta Portu Enpresen Kudeaketako eta Itsas Zuzenbideko Masterra ere emango du, eta haren kudeaketa administratiboaz arduratuko da. Era berean, urtero Deustu Itsas Foroa antolatuko du, gaiaren inguruko berritasunak jorratzeko; bertan, sektorearekin lotutako esparru profesionala eta akademikoa uztartuko dira, eta etorkizunean garatu ahal izateko ideiak, proposamenak eta proiektuak sortuko dira bertan.

Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak urteko jardueren plana definitzen parte hartuko du Deustuko Unibertsitatearekin batera lankidetzan, itsas garraioarekin eta itsas eta portuetako enpresen kudeaketarekin lotutako trebakuntza- eta ikerketa-jarduerak diseinatzen eta garatzen. Halaber, jarduerok finantzatzen ere esku hartuko du: gehienez ere 75.000 euroko muga izango du aurrekontuetan, masterra ematen den ikasturte akademiko bakoitzeko.

Itsas eta Portu Enpresen Kudeaketako eta Itsas Zuzenbideko Masterra, hasiera batean, matrikulazioetatik lortutako diruarekin finantzatuko da, eta Deustuko Unibertsitateak hartuko luke bere gain.
 


Euskadi, auzolana