2015/05/19 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

LEHENDAKARITZA X. LEG.
Euskal ordezkaria Datuak Babesteko Espainiako Agentziaren Kontseilu Aholku-emailean.
EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.
Eusko Jaurlaritzak 47 milioi europaren laguntzetarako deia egin du NPB-ren baitan.
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
Ikastetxe publikoetako ikasleen eskola-garraioa arautzen duen Dekretua.
435.890 euro ikasle ijitoei zuzendutako hezkuntza-jardueretarako.
Ortoprotesietako eta Laguntza Produktuetako Goi Mailako Teknikaria.
Genero Berdintasuna Sustatzeko Goi Mailako Teknikaria.
INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.
Eusko Jaurlaritzak Urkabustaizeko «Irla-Hariztiak» kontserbatzeko eremu berezi izendatu ditu.
Eusko Jaurlaritzak Larrabetzun Errekondo kalea eraikitzeko lurraldeak desjabetzea onartu du.
LEHENDAKARITZA X. LEG.

EUSKAL ORDEZKARIA DATUAK BABESTEKO ESPAINIAKO AGENTZIAREN KONTSEILU AHOLKU-EMAILEAN.

Erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoak Estatuko Datuen Babeserako Agentziaren Kontseilu Aholku-emailean izango duen ordezkaria proposatzen duena.

LABURPENA

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak gaur egindako bileran erabaki du José Ignacio Pariente de Prada Datuak Babesteko Euskal Bulegoaren zuzendaria proposatzea Euskal Autonomia Erkidegoaren ordezkaria izan dadin Datuak Babesteko Espainiako Agentziaren Kontseilu Aholku-emailean.

 

 

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.

EUSKO JAURLARITZAK 47 MILIOI EUROPAREN LAGUNTZETARAKO DEIA EGIN DU NPB-REN BAITAN.

Erabakia, 5.000.000 eurotik gorako gastua egiteko baimena ematekoa. Helburua: Nekazaritza-politika erkidean (PAC) sartutako zuzeneko diru-laguntzen erregimena betearazteko finantzaketa.

LABURPENA

Eusko Jaurlaritzak, maiatzaren 19an egindako azken kontseiluan, NPB Nekazaritza Politika Bateratuaren baitako laguntza zuzenen deialdia onartu du 2015erako. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Sailaren Aginduaren arabera, kalkulatu da 2015eko ekitaldi honetako laguntzetarako 47 milioi euro bideratzea; zenbateko osoa Nekazaritzako Bermerako Europar Fondoaren kargura finantzatuko da (FEAGA) eta exekutibo autonomoaren erakunde ordaintzailearen bitartez gauzatu.

Zenbateko horretatik, 26 milioi oinarrizko ordainketari dagozkio, 14 milioi ingurumenerako onuragarriak diren praktikak aplikatzeagatiko “ordainketa berdea”-ri, eta gainerakoa nekazaritzan hasten diren nekazari gazteei eta ustiategi txikien erregimen sinplifikatuari.

Interesdunek eskaerak ekainaren 15a baino lehen aurkeztu beharko dituzte Foru Aldundien menpe dauden Eskualdeko Nekazaritza Bulegoetan, esakerarekin batera ustiategiaren lursail guztien eta haien erabileren zerrenda ere aurkeztuta. Behin proposamenak aztertuta, Erakunde ordaintzaileak laguntzak ordaintzeari ekingo dio abenduaren 1etik aurrera, Europako araudiak xedatzen duenari jarraituta.

Nekazaritza Politika Bateratuaren laguntza zuzen hauen helburua da belaunaldien arteko erreleboa sustatzea, klimarako eta ingurumenerako onuragarriak diren nekazaritza praktikak bultzatzea, zailtasunak dituzten sektore edo eskualdeetan ekoizpen maila jakinei eustea eta nekazari txikien karga administratiboa murriztea.

2014ko datuak
2014ko ekitaldian honela gauzatu dira NPBren laguntzak:

  • Ordainketa bakarra: 10.686 onuradun
  • Abeltzaintzako Primak: 8.637 abeltzain onuradun,
  • Prima izan duten abereak (behi ume-hazleak): 36.472
  • Prima izan duten abereak: 206.923
  • Hildako abereak: 10.770

 

 

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

IKASTETXE PUBLIKOETAKO IKASLEEN ESKOLA-GARRAIOA ARAUTZEN DUEN DEKRETUA.

Dekretua, Unibertsitateetakoak ez diren Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publikoetako ikasleen eskola garraioa, hezkuntza gaietan eskumena duen sailak finantzatua, arautuko duena.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak, unibertsitatez besteko ikastetxe publikoetako ikasleen eskola garraioa arautzen duen Dekretua onartu du gaurko bileran.

Lehen aldiz arautu du Eusko Jaurlaritzak zerbitzu hau xedapen orokor baten bidez. Dekretuak, orain arte egin izan den eran, zerbitzuaren segurtasuna lehenesten du, eta berau erabiltzeko berdintasun eta ekitate printzipioak babesten ditu. Ikastetxe publikoetako 24.000 ikasle garraiatzen dira egunero, hezkuntzarako sarbidearen unibertsaltasuna bermatzen duen zerbitzu osagarri honen bidez. Horretarako, 500 ibilbidetik gora koordinatzen dira, 521 zaintzaileren lanarekin eta urteko 26 milioi euroko kostuarekin.

Dekretuak jasotzen dituen berrikuntza nagusien artean, aipatzekoa da aurrerantzean batzorde tekniko batek baloratuko dituela salbuespen kasuak, arreta berezia eskatzen duten kasuak –eta orain arte aurreikusi ez direnak- ere artatu ahal izateko helburuz.

Era berean, Dekretuak garraiorako eskubidea jasotzen du batetik, eta garraiatuak izateko balizko baimenak bestetik, plaza libreak izan daitezkeen kasuetarako. Azken hauei dagokienez, lehenetsiko diren aspektuak hauek dira:

• Zaintza partekatua duten familiak
• Emakumeen aurkako biolentzia jasan duten amen seme-alabak

Bestalde, Administrazioak beste ikastetxe batera bideratutako ikasleen kasuan ere, ikasle hauei eta beren neba-arrebei garraio-eskubidea aintzat hartuko zaie, nahiz eta ikastetxe horretan garraio-eskubidearekiko baldintza orokorrak ez bete.

Honekin, Legebiltzarrean adostutakoa betetzen da, egiaztatu den kasuistika zabalari arreta emateari dagokionean. Era berean, Dekretu honen bidez, zerbitzu osagarri honen arautze global eta orokorra ere egin da.
 

 

435.890 EURO IKASLE IJITOEI ZUZENDUTAKO HEZKUNTZA-JARDUERETARAKO.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko bileran agindu bat onartu du eta agindu horren bidez irabazi asmorik gabeko zenbait erankunderi dei egiten baitzaie, hain zuzen ere, eskolaren esparruan ikasle ijitoei zuzendutako hezkuntza-jarduerak garatzeko Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarekin elkarlanean aritu nahi dutenei 2015-2016 kurtsoan.

Agindu honek, 435.890 euroko aurrekontu bat duenak, ondorengo helburuak, batez ere, lortzeko 2015-2016 kurtsoan. egingo diren jarduerak diruz laguntzea du helburu: ikasle ijitoen eskola-arrakasta areagotzea eta kulturen arteko elkarbizitza hobetzea.
 

 

ORTOPROTESIETAKO ETA LAGUNTZA PRODUKTUETAKO GOI MAILAKO TEKNIKARIA.

Dekretua, Ortoprotesietako eta Laguntza Produktuetako Goi Mailako Teknikari tituluari dagokion curriculuma ezarriko duena.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du Ortoprotesietako eta Laguntza Proktuetako Goi Mailako Teknikariaren tituluaren curriculuma zehazten duen dekretua.

Dekretu horren bidez Ortoprotesietako eta Laguntza Proktuetako Goi Mailako Teknikariaren tituluari, Osasungintza lanbide-arloan, dagozkion goi mailako Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma zehazten da Euskal Autonomia Erkidegoan.

Ikastetxeak, pedagogian eta antolaketan duen autonomiaren barruan, du ikastetxearen curriculum-proiektua zehaztearen ardura. Proiektu horretan behar diren erabakiak hartuko ditu ikastetxeak, irakaskuntzan egin beharreko lanari begira haren ezaugarriak eta identitatea konkretatzeko, baita prestakuntza-moduluen programazioak egiteko irizpideak finkatzeko ere.

Ikastetxearen curriculum-proiektuaren barruan, irakasle-taldeak, zikloko arduradunek eta irakasle bakoitzak egin beharko dituzte programazioak, ezartzen diren helburu orokorrak kontuan hartuz, lanbide-modulu bakoitzak dituen ikaskuntzaren emaitzak eta edukiak errespetatuz eta, oso inportantea dena, irakaskuntzen erreferentzia den perfil profesionala euskarri gisa erabiliz.
 

 

GENERO BERDINTASUNA SUSTATZEKO GOI MAILAKO TEKNIKARIA.

Dekretua, Genero Berdintasuna Sustatzeko Goi Mailako Teknikari tituluari dagokion curriculuma ezarriko duena.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du Genero Berdintasuna Sustatzeko Goi Mailako Teknikariaren tituluaren curriculuma zehazten duen dekretua.

Dekretu horren bidez Genero Berdintasuna Sustatzeko Goi Mailako Teknikariaren tituluari, Gizarte eta Kultura Zerbitzuak lanbide-arloan, dagozkion goi mailako Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako curriculuma zehazten da Euskal Autonomia Erkidegoan.

Ikastetxeak, pedagogian eta antolaketan duen autonomiaren barruan, du ikastetxearen curriculum-proiektua zehaztearen ardura. Proiektu horretan behar diren erabakiak hartuko ditu ikastetxeak, irakaskuntzan egin beharreko lanari begira haren ezaugarriak eta identitatea konkretatzeko, baita prestakuntza-moduluen programazioak egiteko irizpideak finkatzeko ere.

Ikastetxearen curriculum-proiektuaren barruan, irakasle-taldeak, zikloko arduradunek eta irakasle bakoitzak egin beharko dituzte programazioak, ezartzen diren helburu orokorrak kontuan hartuz, lanbide-modulu bakoitzak dituen ikaskuntzaren emaitzak eta edukiak errespetatuz eta, oso inportantea dena, irakaskuntzen erreferentzia den perfil profesionala euskarri gisa erabiliz.
 

 

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.

EUSKO JAURLARITZAK URKABUSTAIZEKO «IRLA-HARIZTIAK» KONTSERBATZEKO EREMU BEREZI IZENDATU DITU.

Dekretua, Urkabustaizko Irla-hariztiak Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen duena (ES2110003).

LABURPENA

Eusko Jaurlaritzak Kontserbatzeko Eremu Berezi (KEB) gisa izendatu ditu Urkabustaizeko «Irla-Hariztiak» (Araba), Europako Batzordeak eskualde biogeografiko atlantikoko Batasunaren Garrantzizko Lekuen artean sartutako eremua. Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren arabera: «horrela bermatuko da, Natura 2000 Sarearen baitan, habitat natural mota desberdinak eta Arabako ingurune horretako basafauna- eta basalandare-espezieak iraunaraztea, bai eta ziurtatuko ere, hegazti-espezieak bizirautea eta ugaltzea».

Eusko Jaurlaritzak Hegaztiak Babesteko sei Eremu Berezi (HBEB) izendatu zituen bere garaian, eta 52 gune proposatu zituen Batasunaren Garrantzizko Leku (BGL) izateko. Europako Batzordeak BGLen zerrenda onartu zuen; horien artean, Urkabustaizeko irla-hariztien KEBa. Eusko Jaurlaritzak batasunaren intereseko habitaten azterketan sakondu du, eta orobat aztertu ditu eremuko fauna- eta flora-espezie bereizgarrien kokapena eta kontserbazio-egoera.

Urkabustaizeko irla-hariztiak Atlantikoko eskualde biogeografikoaren barruan sartzen dira. KEB horretan, Natura 2000 Sare ekologikoan sartutako Batasunaren intereseko zazpi habitat daude gutxienez. Basoak dira nagusi, eta azpimarratzekoak dira pagadi azidofiloak, harizti mesotrofo subatlantikoak, erkameztiak eta ameztiak, bai eta, halaber, bertako espezie bereizgarriak ere.

Faunari dagokionez, hainbat espezie nabarmendu daitezke: esaterako, baso-igel jauzkaria (Rana dalmatina) eta 50 bat hegazti-espezie (zata arrunta, arrano sugezalea, miru beltza, miru gorria eta zapelatz liztorjalea, kasu), halakoak daudela egiaztatu baita. Eremu hori oso garrantzitsua da galzoriko espezie gisa sailkatutako saguzar mota bat kontserbatzeko; hain zuzen, Bechstein saguzarra (Myotis bechsteinii), gure erkidegoan, saguzar-espezie horrek KEB horretan baitu kolonia garrantzitsuenetako bat.

Urkabustaizeko irla-hariztiak Kontserbatzeko Eremu Berezi izendatzeko prozeduran gizarteak ere hartu du parte, dagokion prozesuaren bitartez. Eremuak 276,8 hektarea hartzen ditu Zuiako bailaretan eta Oiardoko errekan; iparraldean Gorbeiako mendigunea dago, mendebaldean, Gibijoko mendilerroa eta, hegoaldean, Badaiako mendilerroa.

Atlantikoko hariztien osaera, egitura eta dinamika, hein handi batean, baso horiek jasan duten presio antropikoak eragin du: landaketek, aukerako ebaketek, bakanketek, suteek, biomasa-bilketak eta aziendak. Hala ere, azken hamarkadetan pixkanaka landa-eremuko bizimodua bazter uzteak berriro prozesu naturalak gailentzea eragin du.

KEBa osatzen duten sektoreak:

• LARREEN SEKTOREA: Oiardo herriaren hego-mendebaldean (Urkabustaizko udal-mugartean) kokatua, 9,2 ha-ko azalera duen haritz pedunkulatuen (Quercus robur) eta ametzen (Quercus pyrenaica) baso batek osatzen du. Inguruan sega-belardi atlantikoak ditu eta ez du beste zuhaitz-masekin elkar ukitzen.

• GARAI SEKTOREA: 2,6 ha-ko unada bat da, Oiardo herriaren hego-ekialdean (Urkabustaizko udal-mugartean), harizti batek osatua; bertan, nagusi da haritz pedunkulatua, erkametzarekin batera (Quercus faginea). Larren sektorean bezala, hariztia sega-belardi atlantikoez inguratuta dago, eta beste baso-masetatik isolatua.

• GODAMO MENDIKO ETA ZUIA HARANEKO SEKTOREA 265 ha hartzen ditu eta hiru sektoreetan handiena da. Izarra, Abornikano (Urkabustaizeko udal-mugartean biak) eta Lukiano (Zuiako udal-mugartean) herrien artean kokatzen da. Quercus robur harizti mesotrofo subatlantikoez, pagadi azidofiloez eta ameztiez dago osatuta. AP-68 autobideak sektorea zeharkatzen eta erdibitzen du.

 

 

EUSKO JAURLARITZAK LARRABETZUN ERREKONDO KALEA ERAIKITZEKO LURRALDEAK DESJABETZEA ONARTU DU.

Dekretua, zeinaren bidez urgentziako deklaratzen baita Larrabetzuko Udalak, nahitaez desjabetzeko, honako eskubide eta ondasunak okupatzea: Errekondo kaleko eraikuntza proiektua burutzeko beharrezko ondasun eta eskubideak.

LABURPENA

Eusko Jaurlaritzak adierazi du Larrabetzuko udalak lehenbailehen hartu behar dituela «Nahitaezko Desjabetze Legeetan eta Euskadiko Lurralde Antolakuntzarako Legean xedatutakoaren araberako Errekondo kaleko eraikitze-proiektua»ren eraginpeko ondasun eta eskubideak, jabetza nahitaez kentzeko.

Zerbitzu teknikoek ez dute hirigintza-arloko oztoporik ikusi espedientea izapidetzeko, eta uste dute ezin dela okupazioa atzeratu Errekondo kaleko bide-tartearen bitartez Larrabetzuko Mugikortasun Jasangarrirako Planaren eraginkortasuna bermatu nahi bada.