2015/03/17 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.
Erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko kargu publikodunen eta behin-behineko langileen Etika eta Jokabide Kodea arautzen duen 2013ko maiatzaren 28ko Erabakia aldatzen duena.
ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.
Erabakia, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Estrategia 2015-2020 komunikatzeko.
Dekretua, familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko Dekretua aldatzen duena eta Dekretua, familia-politiken eremuan familia-errenta estandari-zatzeko sistemari buruzko Dekretua aldatzen duena.
Dekretua, ardurapean seme-alabak dituzten familiei laguntzeko diru-laguntzak arautzen dituena.
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
Agindua, «Sormen Lantegiak» programaren barruan 2015. urtean diru-laguntzak emateko arauak ezarri eta deialdia egiten duena.
Agindua. Honen bidez, arte plastikoetako eta diseinuko artistiko-irakaskuntzako ikastetxe baimenduei diru-laguntzak emateko deia egiten da.
INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.
Erabakia, "Bilbao Ría 2000, S.A." sozietate anonimoko administrazio-kontseiluko kide bat kendu eta beste bat izendatzeko dena.
Dekretua, Arabako Lurralde Historikoko bost ibai Kontserbazio Bereziko Eremu izendatu eta eremuok babesteko neurriak ezartzekoa.
Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoan ezohiko uholdeak direla-eta aparteko laguntzak artikulatzeko dena.
Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko ibai, estuario eta hezeguneei aplikagarriak zaizkien Kontserbazio Bereziko Eremuak (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuak (HBBE) babesteko arauei buruzkoa.
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.

ERABAKIA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORREKO ETA INSTITUZIONALEKO KARGU PUBLIKODUNEN ETA BEHIN-BEHINEKO LANGILEEN ETIKA ETA JOKABIDE KODEA ARAUTZEN DUEN 2013KO MAIATZAREN 28KO ERABAKIA ALDATZEN DUENA.

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZAK ETIKA ETA JOKABIDE KODEKO HIRU ATAL ALDATUKO DITU, FUNTZIONAMENDUA ETA ERAGINKORTASUNA HOBETZEKO

• Pertsona gehiagok sinatu beharko dute eta sinatzaileek beren gain hartu beharreko balio-, printzipio- eta jokabide-multzoa ere handitu egingo da.
• Arau-hauste ez-larrien kasuan ezarri beharreko neurri sorta zabaldu egingo da, kargu publikodunen jokabidea modu eraginkorragoan aldatzeko, zuzentzeko eta hobetzeko.
• Filosofian doktore eta Etika aplikatuan Ikerkuntzan Zintifikoen Kontseilu Goreneko zuzendari Txetxu Ausín, Eusko Jaurlaritzako Etika Publikorako Batzordeko kide independente izango da, Daniel Innerarity filosofia politiko eta sozialeko katedradunaren ordez.

Gobernu Kontseiluak Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta Instituzionaleko kargu publikodunen eta behin-behineko langileen Etika eta Jokabide Kodea aldatzea erabaki du gaur, Eusko Jaurlaritzako Etika Publikorako Batzordearen lehenengo txostenean jasotako gomendioak barneratzeko.

Lehenik eta behin, Jaurlaritzak 3.1 atala aldatzea erabaki du, Jaurlaritzan goi karguak betetzen dituzten pertsonek beren ardura publikoa ondo betetzeko beren gain hartu beharreko balio-, printzipio- eta jokabide-multzoa zabaltzeko. Zehazki, Kargu Publikodunen Jokabide Kodea eta Haien Interes Gatazkak arautzen dituen ekainaren 26ko 1/2014 Legearen 5., 6., 7. eta 8. artikuluetan jasotakoak barneratuko ditu.

3.1 ATALAREN IDAZKETA BERRIA. «2.1 atalean aipatzen diren kargu publikodunek eta parekoek Kode honetako 4. ataletik 15.era jasotako balio, printzipio eta jokabideak bete beharko dituzte, baita ekainaren 26ko 1/2014 Legeko 5., 6., 7. eta 8. artikuluetan adierazitakoak ere. Arau horiek gutxieneko estandarrak dira, eta beren eskakizun-mailetan osatu egin daitezke kasuan kasuko esparruetan edo erakundeetan onar daitezkeen berariazko edo sektoreko kodeen bidez»

Bigarrenik, 2.1 eta 2.2 atalak aldatu egingo dira, Etika eta Jokabide Kodea, nahitaez, sinatu behar duten kargu publikodunen zerrenda handitzeko. Hemendik aurrera, kode honen eraginpean ere egongo dira Gobernuak izendatzen dituen hurrengo organo hauek:

• Datuak Babesteko Euskal Bulegoa.
• Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoa.
• Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoa.

Gainera, Jaurlaritzak 3.2 atalean aurreikusitako zigor sorta handitzea erabaki du, kargu publikodunen jokabidea modu eraginkorragoan aldatzeko, zuzentzeko eta hobetzeko. Etika Publikorako Batzordearen Txostenak gomendatzen duen bezala, «Etika eta Jokabide Kodea aplikatzeko, hartu beharreko neurriak modulatzea (…) ahalbidetuko duen jarduera-eremu bat» behar zen, «Kode honen xedeak eta helburuak kaltetu gabe» modulatzeko, hain zuzen.

Hala, arau-hausteen aurrean dauden hiru jokabide-aukerei, «berehala kargugabetzea», «organo eskudunera jotzea, (…) diziplina-zehapena abiarazi, bideratu eta, hala egokituz gero, ezartzeko» edo «Ministerio Fiskalera jotzea, (…) falta edo delitua bada», arau-haustearen larritasunarekiko proportzionalagoak diren bestelako neurriak ezartzeko aukera erantsiko zaie.

3.2 ATALAREN IDAZKETA BERRIA.- Kode honetan edo ekainaren 26ko 1/2014 Legeko 5., 6., 7. eta 8. artikuluetan jasotako etika- eta jokabide-arauak hautsi direla edo ez direla behar bezala bete zalantzarik gabe egiaztatu ondoren, Etika Publikorako Batzordeak hurrengo neurri hauetakoren bat hartzeko proposatuko dio izendapenaren organo eskudunari, egindakoaren larritasunaren, haren eragin publikoaren eta irudi instituzionalean duen eraginaren arabera:

a) Inplikatutako pertsona edo pertsonak berehala kargugabetzea.
b) Bestelako neurri ez-zigortzaileak ezartzea, frogatutako egitateen larritasunarekiko proportzionalak, betiere etikaren ikuspuntutik kargu publikodunen jokabidea aldatzeko, zuzentzeko eta hobetzeko eraginkorrak diren neurriak.

Frogatutako egitateak delitu, falta edo arau-hauste administratiboak izan badaitezke, Etika Publikorako Batzordeak zera erabakiko du, kasuan kasu:

a) Ministerio Fiskalera jotzea, Autonomia Erkidegoko Administrazio Nagusiko organo eskudunaren bitartez, egintza edo egintzarik eza delitua edo falta bada.
b) Auzia administrazio-organo eskudunaren esku uztea, balizko arau-hausteagatik diziplina-zehapen bat abiarazi, bideratu eta, hala egokituz gero, ezartzeko.

ALDAKETA GEHIAGO

Gainera, Eusko Jaurlaritzako Etika Publikorako Batzordearen osaketan aldaketa bat egingo da. Hala, filosofia politiko eta sozialeko katedradun eta Gobernantza Demokratikoaren Institutuko ikertzaile eta zuzendari Daniel Innerarityk Filosofian doktore, Etika aplikatuan CSICeko (Ikerkuntzan Zintifikoen Kontseilu Gorena) zuzendari, eta deontologian, komunikazioaren etikan, gobernaketa onean eta giza eskubideetan ikertzaile, Txetxu Ausíni utziko dio bere postua. Beraz, Etika Publikorako Batzordearen osaketa honako hau izango da:

Presidentea, Josu Erkoreka, Herri Administrazio eta Justiziako sailburua.
Batzordekidea: Andrés Zearreta, Funtzio Publikoko sailburuordea.
Itzal handiko batzordekide independentea: Elisa Pérez Vera, Nazioarteko Zuzenbide Publiko eta Pribatuko katedraduna.
Itzal handiko batzordekide independentea: Txetxu Ausín, Filosofian doktorea.
Idazkaria: Maite Iruretagoiena, IVAPeko zuzendaria.

Eusko Jaurlaritzak Daniel Innerarityk egindako lana eskertzen du, bere ahaleginarekin Estatuan aitzindaria den Etika eta Jokabide Kode berritzaile eta zorrotz hau sortzen, ezagutarazten eta ezartzen lagundu baitu.

24 ERABAKI HARTUTA

Etika Publikorako Batzordeak 2013ko urritik (orduan sortu zen) 2014ko abendura bitartean 24 auzi ebatzi ditu. Jaurlaritzako goi kargudunek egindako kontsulta gehienak Jaurlaritzaren esparrutik kanpoko jardueren bateragarritasunarekin lotutako gaiei buruzkoak ziren:

Bestelako jarduerak egitearen bateragarritasunari buruzkoak 2
Irakaskuntza akademikoan aritzearen bateragarritasunari buruzkoak 4
Manifestuei atxikimendua adierazteari buruzkoak 1
Hautaketa- eta kontratazio-prozesuetan parte hartzeari buruzkoak 3
Opariak itzultzeari buruzkoak 1
Jarduera jakin bat egitearekin lotutako interes-gatazkari buruzkoak 7
Karrerako funtzionario plazarekin lotutako interes-gatazkari buruzkoak 3
Ebaluaketa-batzordeetan parte hartzeagatik bertaratzeak kobratzeari buruzkoak 1
Publizitateari eta babesletzari buruzkoak 2
GUZTIRA 24

 

BALANTZE OSO POSITIBOA ETA DOKTRINA OINARRIA

Etika Publikorako Batzordeak Etika eta Jokabide Kodearen ibilbideko lehenengo urte eta erdiari buruzko balantze oso positiboa egin du, tresna honek Eusko Jaurlaritzari politikaren zentzu morala berreskuratzeko konpromisoan aurrera egitea ahalbidetu diolakoan baitago. Baina gainera, goi kargudunek planteatutako auziei esker, jarduera publikoa irizpide zorrotz batzuen arabera orientatzea ahalbidetzen duen doktrina-oinarri bat landu da.

TXETXU AUSÍN CURRICULUM VITAE

Txetxu Ausín Filosofian doktoratu zen Euskal Herriko Unibertsitatean 2000. urtean, «Informatikaren eta zientzia kognitiboen logikaren eta oinarrien» programaren barnean. Tesiaren zuzendariak Miguel Sánchez-Mazas eta Victoria Iturralde izan ziren: arauen sistema logiko berri bat proposatu zuen eta Doktoregoko Aparteko Saria eman zioten.

Gaur egun, Txetxu Ausín zientzialari titularra da Madrilgo CSICko Filosofia Institutuan, (www.ifs.csic.es). Ikasketa Logiko-Juridikoen Taldea (JuriLog) zuzentzen du eta Etika Aplikatuen Unitatearen arduraduna da. Gainera, irakasle gonbidatua da hainbat unibertsitatetan eta ikertzailea Gobernantza Demokratikoaren Institutuan (GLOBERNANCE, www.globernance.org).

Txetxu Ausínen lan-arloak logika, deontika, etika aplikatuak (bioetika, komunikazioaren etika, etika publikoa) eta giza eskubideak dira, eta gai horiei buruzko hainbat liburu, artikulu eta argitalpen idatzi ditu.

Txetxu Ausín, gainera, DILEMATA izeneko etika aplikatuen webgunearen eta aldizkari elektronikoaren zuzendaria da: www.dilemata.net. Gaur egun, I+G+Bko plan nazionaleko (FFI2011-24414) KONTUZ! proiektuaren ikertzaile nagusia da. www.kontuz.weebly.com eta ASAPen (Academics Stand Against Poverty) Espainiako akademiaren ikerketaren lehendakariordea da.
 

 

Erlazionaturiko temak
ETIKA BATZOARDEAREN MEMORIA
MEMORIA ÉTICA PÚBLICA

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.

ERABAKIA, LANEKO SEGURTASUN ETA OSASUNERAKO EUSKAL ESTRATEGIA 2015-2020 KOMUNIKATZEKO.

LABURPENA

JAURLARITZAK 2015-2020 ALDIRAKO LANEKO SEGURTASUN ETA OSASUNEKO EUSKAL ESTRATEGIA ONARTU DU

Jaurlaritzak argi berdea eman dio 2015-2020 aldirako Laneko Segurtasun eta Osasuneko Euskal Estrategiari eta laster bidaliko du Legebiltzarrera. Datozen urtetan gauzatuko diren jarduerak daude jasota dokumentu horretan, laneko jardueren berezko arriskuen zergatiak jatorrian deuseztatzeko edo murrizteko asmoz.

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Ángel Toñak gaur goizean ezagutarazi die gainerako gobernukideei EAEko herritarren lan-baldintzak hobetzera bideratutako Osalanek egindako lan-tresna hori. Garatzeko, 27 milioi euroko hasiera kontu-saila aurreikusi da.

2015-2020 aldirako Laneko Segurtasun eta Osasuneko Euskal Estrategiaren ikuspegia honela laburbildu daiteke: lan-ingurune osasungarria bizitza osasungarriaren alderdietako bat da. Horretarako, laneko arriskuen prebentzioa bere egin behar dute eragile guztiek, eta interes partekatuko arlo eta enpresa-bikaintasunaren nahiz ondo egindako lanaren bereizgarri iritzi behar diote. Horiek barneratzeak berekin dakar enpresaren etengabeko hobekuntza-prozesuan prebentzioa txertatzen duten kudeaketa-ereduak ezartzea. Horretarako, planak honako eginkizun hauek hartzen ditu bere gain:

• Segurtasuna eta osasuna txertatzea euskal jendartea bereizten duen ondo egindako lanaren eta enpresa-bikaintasunaren kulturan.
• Inplikatutako eragileei EAEko enpresa eta herri-administrazioetako laneko arriskuen prebentzioko jarduerak gauzatzen laguntzea.
• Laneko arriskuen prebentzioari buruzko araudia betetzea sustatzea.
• Beste administrazio eta erakunde publiko batzuekin koordinatzea eta lankidetzan jardutea langileen segurtasuna eta osasuna hobetzeko, balioa erantsiz.
• Laneko arriskuen prebentzioan esku hartzen duten eragileekin lankidetzan jardutea, horien denen eta, oro har, herritarren parte-hartze aktiboa sustatuta.
 

 

Erlazionaturiko temak
LANEKO SEGURTASUN ESTRATEGIA
ESTRATEGIA SEGURIDAD

DEKRETUA, FAMILIA ETA LANA BATERAGARRI EGITEKO LAGUNTZEI BURUZKO DEKRETUA ALDATZEN DUENA ETA DEKRETUA, FAMILIA-POLITIKEN EREMUAN FAMILIA-ERRENTA ESTANDARI-ZATZEKO SISTEMARI BURUZKO DEKRETUA ALDATZEN DUENA.

LABURPENA

FAMILIA ETA LANA UZTARTZEKO LAGUNTZAK ALDATU DITU JAURLARITZAK, FAMILIEI LAGUNTZEKO GAINERAKO LAGUNTZEKIN PAREKATZEKO

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Ángel Toñak hala proposatuta, Jaurlaritzak gaur egin duen bileran familiako bizitza eta lana uztartzeko laguntzak arautzen dituen dekretua (ekainaren 29ko 177/2010 dekretua) aldatzea onartu du, Familiei Laguntzeko Legeak jasotzen dituen gainerako laguntzekin parekatzeko.

Aldaketa handiena familiako errenta estandarizatua aplikatzeari buruzkoa da. Gaur egun zaintzaileak kontratatzeko laguntza-lerroarekin gertatzen den moduan, aurrerantzean, familiei laguntzeko lerro guztiak familia-errentaren estandarizazio-sistemak arautuko ditu, baita seme-alabak zaintzeko eta mendekotasun-egoeran dagoen edo osasun-arazo larriren bat duen familiartekoren bat zaintzeko eszedentziagatiko edo lanaldi-murrizketagatiko laguntzak ere. Aldaketa hori dela eta, gainera, familia eta lana uztartzeko laguntzetarako kopuruak eta diru-sarrerak barnean hartuko dituen Agindu bat egin beharko da etorkizunean.

Errenta estandarizatuko sistema familia eta lana bateratzeko laguntza-lerro guztietara hedatzeak berekin ekarri du Gobernuak gaur aldatzea erregulatzen duen araua (154/2012 Dekretua). Aurreko araudiarekiko aldaketa nagusia da koefizientea kalkulatzean kontuan hartzen direla familia-unitatea, %33ko edo handiagoko desgaitasuna, edo gurasoekiko mendekotasuna.

Adingabekoak zaintzeko eszedentziei eta lanaldi-murrizketei dagokienez, berrikuntza hauek sartu dira:

• Lanaldia murrizteko diruz lagundutako egoerarako sarbidea ematen duen seme-alabaren adina 8 urtetik 12 urtera zabaldu da.
• Lanaldia murrizteko egoera diruz laguntzeko gehieneko aldien mugak luzatu dira eta eszedentziak diruz laguntzeko gehieneko aldia luzatu da bikotearentzat etapa bakoitzeko.
• Erditze, adopzio, harrera edo tutoretza anizkoitzaren kasuetan, adingabe bakoitzeko (bigarrenetik aurrera) 320 egunean luzatu dira jarduketa diruz laguntzeko gehieneko aldien mugak, bai etapa bakoitzeko bikotearentzat bai familia-bizitza osoarentzat.
• Laneko eszedentziaren aldi osoa diruz laguntzeko aukera onartzen da, jarduketa hori arrazoitzen duen seme-alabak % 33ko edo hortik gorako desgaitasuna badu.

Zaintzaileak kontratatzeko laguntzei dagokienez:

• Salbuespena aplikatzeko esparrua zabaldu da. Horren arabera, kategoria bereziko familia ugariek diru-laguntza jaso ahal izango lukete, nahiz eta gurasoetako batek lanaldi murriztua izan. Aldaketa honekin, kategoria orokorreko familia ugariek ere aukera horretaz baliatu ahal izango dute.

2015eko apirilaren 1ean jarriko da indarrean Dekretu aldatua eta hori garatzeko Agindua; aurretik gertatutako diruz laguntzeko moduko gertaerak aurreko araudiaren arabera ebatziko dira.
 

 

DEKRETUA, ARDURAPEAN SEME-ALABAK DITUZTEN FAMILIEI LAGUNTZEKO DIRU-LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA.

LABURPENA

JAURLARITZAK BEREN ARDURAPEAN SEME-ALABAREN BAT DAUKATEN FAMILIENTZAKO LAGUNTZEN DEKRETUA ONARTU DU

Ángel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak beren ardurapean seme-alabaren bat daukaten familientzako diru-laguntzak arautzeko dekretua onartu du gaur.

Dekretu berria Familiei laguntzeko 13/2008 Legeko 6.2 artikuluan xedatutakoarekin bat dator, familia-errenta estandarizatzeko sistema egokituz familia mota eta egoeraren arabera tratu bidezkoagoa ematea ahalbidetzeari dagokionez.

Errenta-sistema estandarizatua izateak honako hau esan nahi du: errenta familia-unitateko kide kopuruaren arabera ez ezik unitate horren osaketaren arabera ere haztatzeko baliokidetasun-sistemak aplikatzea, kontuan hartuta, erosahalmen eta bizi-mailari dagokienez, diru-sarrera maila bera izateak ez diela ahalmen ekonomiko bera ematen osaketa ezberdineko familia-unitateei.

Egituraren aldetik, dekretuaren testuak bost kapitulu ditu. Lehenengoan, beren ardurapean seme-alabaren bat daukaten familientzako diru-laguntza orokorrak zehazten dira. Laguntza horiek hiru jarduera-ildoren bidez garatuko dira: ardurapeko seme edo alaba bakoitzeko, erditzeagatik edo adopzio nazional anitzagatik eta nazioarteko adopzioagatik. Lehenengo kapitulu horretan, halaber, diruz lagundu daitezkeen egoeren irismena finkatzen da, adingabekoen tutoretzara zabalduta.

Ardurapeko seme-alaba bakoitzagatiko laguntzak
Bigarren kapituluan, oro har, ardurapeko seme-alaba bakoitzagatiko laguntzak deiturikoak garatzen dira, adinaren eta seme-alaba bakoitzak familia-unitatean daukan ordenaren arabera bereizita.

Hala ere, dekretu berriaren berritasun nagusia da familia-errenta estandarizatuaren sistema aplikatuko dela laguntza horien zenbatekoa zehazteko; lehen, bigarren eta hirugarren seme-alabengatik, eta hurrengoengatik, ematen diren laguntza guztietara hedatuko da irizpide hori, gainera.

Beste berritasun garrantzitsu bat da laguntzen zenbatekoak diruz lagundu daitezkeen egoera guztietarako berdinak izango direla, baita ondorengo urteetako laguntza guztietarako ere (mantentze-laguntzak), seme-alaba bakoitzaren adina edo ordena kontuan hartu gabe. Laguntzak 400 eta 900 euro artekoak izango dira, familia-errenta estandarizatuaren arabera. Beraz, familia-errenta estandarizatua 20.000 €-koa edo hortik beherakoa bada, zenbatekoa 900 eurokoa izango da; familia-errenta estandarizatua 30.000 €-koa edo hortik beherakoa bada, zenbatekoa 500 eurokoa izango da; azkenik, familia-errenta estandarizatua 30.000 €-tik gorakoa bada zenbatekoa 400 eurokoa izango da.

Mantentze-laguntzak urtekoak izango dira, hau da, laguntzak emateko finkatutako adin- eta ordena-baldintzak betetzen dituen seme-alabaren bat ardurapean daukaten familiek urtero eskatu beharko dituzte. Horretarako, familiaren dagokion urteko urtarrilaren 1eko osaketa hartuko da kontuan, zaintza partekatuaren kasuan izan ezik; kasu horretan, aitari eta amari laguntzaren eskatzailea bietako nor izango den adostea exijituko zaie.

Seme-alabengatiko laguntzak jaiotze, adopzio eta adopzio aurreko familia-harrera edo tutoretza dela-eta emango dira. Horrenbestez, lehenengo seme-alabagatik ordainketa bakarra egingo da; bigarren seme-alaba izatean, jaiotzen den urtean ordainketa bat egingo da eta urtea betetzen duenean bigarrena. Hirugarrenaren eta hortik aurrerakoen kasuan, jaiotzen diren urtean ordainketa bat eta beste bat urte bat, bi, hiru, lau, bost eta sei betetzen dituzten urtean. Diru-laguntzaren eskatzaileak % 33ko edo hortik gorako ezintasun aitortu bat baldin badauka edo aitortutako mendekotasun egoera bat, zenbatekoak bikoiztu egingo dira.

Adopzioen kasuan, 18 urtetik beherako pertsona baten adopzio aurreko familia-harreragatik edo tutoretza eratzeagatik kasu horietako bakoitza gertatzen den urtean ordainketa bat egingo da, adina kontuan hartu gabe, eta ondorengo urteetan, seme-alabaren adinaren eta ordenaren arabera.

Erditze edo adopzio nazional anitzagatiko laguntzak
Hirugarren kapituluan, erditze edo adopzio nazional anitzagatiko laguntzak arautzen dira. Erditze berean jaiotako seme-alaba kopuruaren edo aldi berean adoptatutako seme-alaba kopuruaren arabera emango dira, baita familia-errenta estandarizatua kontuan hartuta ere. Aurreko dekretuan bezala, laguntza hau ordainketa bakarrean emango da eta ardurapeko seme-alaba bakoitzeko metagarria izango da.

Nazioarteko adopzioa
Laugarren kapituluan, adingabeen nazioarteko adopzioagatiko laguntzak aurreikusten dira, dela sinpleak dela anitzak. Laguntza horiek ordainketa bakar gisa ematen dira eta zenbateko zehatzak aldi berean adoptatutako adingabe kopuruaren arabera neurtzen dira, baita familia-errenta estandarizatuaren mailaren arabera ere.

Azkenik, bosgarren kapituluan, epea –hiru hilabete, jaiotzen den egunaren biharamunetik aurrera– eta eskaerak aurkezteko tokia zehazten dira, baita horiekin batera aurkeztu beharko den dokumentazioa ere. Gainera, zaintza partekatuaren eta adopzio aurreko familia-harreraren ondorengo adopzioaren kasuan laguntzak nola ematen diren arautzen da.

Dena den, kapitulu honen berritasun nagusietako bat da hainbat laguntza eskatzeko bitarteko elektronikoak erabil daitezkeela. Horrela, herritarrei Administrazioarekiko harremanak erraztuko zaizkie eta laguntzak modu eraginkorragoan kudeatuko dira.
 

 

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

AGINDUA, «SORMEN LANTEGIAK» PROGRAMAREN BARRUAN 2015. URTEAN DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO ARAUAK EZARRI ETA DEIALDIA EGITEN DUENA.

LABURPENA

1 MILLIO EURO “SORMEN LANTEGIAK” EGITARAURAKO

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, 2015eko “Sormen Lantegiak” egitarauaren barnean laguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiten duen Agindua onartu du.

Diru-laguntza hauen helburua da kultur edukiak sortzeko formetan, egituretan eta moduetan berrikuntza sustatzea, beti ere sormena, ikerketa, esperimentazioa eta diziplinartekotasuna oinarri hartuta.

Deialdiak hiru modalitate ditu: “Sorgune”, sormen zentroentzat laguntzak ematen dituena; “Ikertu”, proiektuen diseinurako laguntzak; eta “Arragoa”, kultur produktuak gauzatzeko laguntzak ematen dituena.

Deialdi honek 1.000.000 euroko diru kopurua du. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa da, Agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasita.
 

 

AGINDUA. HONEN BIDEZ, ARTE PLASTIKOETAKO ETA DISEINUKO ARTISTIKO-IRAKASKUNTZAKO IKASTETXE BAIMENDUEI DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO DEIA EGITEN DA.

LABURPENA

82.197 EURO ARTE PLASTIKOETAKO ETA DISEINUKO IKASTETXEETARAKO

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuak proposatuta, gaurko bilkuran agindu bat onartu du. Agindu horien bidez, Plastikoetako eta Diseinuko ikastetxe baimenduei diru-laguntzak emateko deia egiten da.

Agindu honek, 82.197 euroko zenbateko globala hartzen duena, araubide bereziko irakaskuntzen barruko Arte Plastikoetako eta Diseinuko ikastetxe baimenduentzako langile-kostuak finantzatzeko laguntza ekonomikoak ematea du helburu, betiere, 2014-2015 ikasturtean diru-laguntzarik ez badute jaso Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultu Sailetik.
 

 

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.

ERABAKIA, "BILBAO RÍA 2000, S.A." SOZIETATE ANONIMOKO ADMINISTRAZIO-KONTSEILUKO KIDE BAT KENDU ETA BESTE BAT IZENDATZEKO DENA.

LABURPENA

GOBERNU KONTSEILUAK BAIETZA EMAN DIO ANGEL TOÑA BILBAO RIA 2000 SAREN KONTSEILUAN ORDEZKARI GISA JARDUTEARI

Gobernu Kontseiluak baietza eman dio Angel Toña sailburuaren izendapenari, Bilbao Ria 2000 SAren administrazio-kontseiluan Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren ordezkari gisa jardun dadin.
 

 

DEKRETUA, ARABAKO LURRALDE HISTORIKOKO BOST IBAI KONTSERBAZIO BEREZIKO EREMU IZENDATU ETA EREMUOK BABESTEKO NEURRIAK EZARTZEKOA.

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZAK KONTSERBATZEKO EREMU BEREZI IZENDATU DITU NATURA 2000 SAREKO ARABAKO IBAI HAUEK: BAIA, ZADORRA, IHUDA, OMECILLO/TOMECILLO ETA EBRO

Gobernu Kontseiluak gaur onartu duen dekretuan Kontserbatzeko Eremu Berezi izendatu ditu Natura 2000 Sareko Arabako lurralde historikoko bost ibai: Baia, Zadorra, Ihuda, Omecillo-Tumecillo eta Ebro.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik azaldu duenez, «ekimenaren helburua KEBetan Europako zuzentarauan ezarritako Batasunaren intereseko habitat naturalen eta fauna eta flora basa-espezieen kontserbazioa bermatzea da. Halaber, basa-hegaztien eta hegazti migratzaileen biziraupena eta ugalketa ziurtatuta dago eremuak barne hartutako azaleran, Europako biodibertsitatearen mesedetan».

Gobernu Kontseiluaren lehenagoko akordioetan 6 Hegaztientzako Babes Bereziko Eremu (HBBE) izendatu dira, eta 52 leku proposatu Europar Batasunaren Intereseko Leku (EBIL) izateko.

Proposamen hori Europako Batzordeari aurkeztu zitzaion, eta hark Europar Batasunaren Intereseko Lekuen (EBIL) zerrenda onartu zuen, eskualde biogeografiko atlantikoari eta mediterraneoari dagozkionak, Euskal Autonomia Erkidegoa barne hartzen dutenak. Horien artean daude Baia, Zadorra, Ihuda, Omecillo-Tumecillo eta Ebro ibaiak.
 

 

DEKRETUA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN EZOHIKO UHOLDEAK DIRELA-ETA APARTEKO LAGUNTZAK ARTIKULATZEKO DENA.

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZAK OHIZ KANPOKO LAGUNTZAK ONARTU DITU UHOLDEEK ERAGINDAKO KALTEEI AURRE EGITEKO

• Oregi: «Finantza-erakundeek uholdeak jasan dituzten pertsona edo erakundeei kalteak konpontzeko edo kaltetutako aktiboak berrezartzeko ematen dizkieten lehentasunezko maileguen interes-tasa murrizteko dekretua onartu dugu»

• Laguntzak etxebizitza-gastuetara, eraikuntza-lanetara, ordezko ibilgailuak erostera zein nekazaritza, industria, merkataritza, zerbitzu eta turismo arloetara bideratuko dira.

• Maileguaren gehieneko zenbatekoak ezingo du laguntza jaso ditzaketen inbertsioen balioa gainditu, eta, ibilgailuen kasuetan, 2.500 euro arteko laguntzak emango dira beste ibilgailu bat erosteko.

Eusko Jaurlaritzak Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak zein aseguru-etxeek 2015eko urtarrilean, otsailean eta martxoan izandako uholdeetako kalteei aurre egiteko emandako kalte-ordainentzako laguntza osagarriak onartu ditu nekazaritza, industria, merkataritza, zerbitzu, ostalaritza eta turismo arloetarako zein etxebizitza-gastuetarako, eraikuntza-lanetarako edota ordezko ibilgailuak erosteko. Hain zuzen ere, finantza-erakundeek uholdeak jasan dituzten pertsona edo erakundeei ematen dizkieten lehentasunezko maileguen interes-tasa murrizteko dekretua onartu du Eusko Jaurlaritzak.

Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak nabarmendu duenez, «urtarril, otsail eta martxoan izan berri diren uholdeek kalteak eragin dituzte bai ondasunetan, bai industria-jardueran, bereziki udalerri jakin batzuetan. Hori dela eta, beharrezkoa zen modu koordinatuan neurriak hartzea ondorio horiei aurre egiteko. Horrenbestez, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuaren, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren, Ogasun eta Finantzetako sailburuaren eta Segurtasuneko sailburuaren proposamena jarraituz, Gobernu Kontseiluak laguntza sorta bat onartu du».

Oregik argitu duenez, «finantza-erakundeek uholdeak jasan dituzten pertsona edo erakundeei kalteak konpontzeko edo kaltetutako aktiboak berrezartzeko ematen dizkieten lehentasunezko maileguen interes-tasa murrizteko dekretua onartu dugu zehazki». Pertsona bakoitzak eskatutako maileguaren gehieneko zenbatekoak ezingo du laguntza jaso ditzaketen inbertsioen balioa gainditu, eta, ibilgailuen kasuetan, 2.500 euro arteko laguntzak emango dira ordezko ibilgailu bat erosteko.

Gaur onartutako dekretuan aurreikusitako laguntzak beste administrazio publiko batzuek onartutakoekin bateragarriak izango dira. Hori bai, pertsona edo erakunde onuradunak Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioari ezagutarazi beharko dio beste administrazio, erakunde publiko edo erakunde pribatu batetik bestelako diru-laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik jasotzen baldin badu helburu berarekin.
 

 

DEKRETUA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO IBAI, ESTUARIO ETA HEZEGUNEEI APLIKAGARRIAK ZAIZKIEN KONTSERBAZIO BEREZIKO EREMUAK (KBE) ETA HEGAZTIENTZAKO BABES BEREZIKO EREMUAK (HBBE) BABESTEKO ARAUEI BURUZKOA.

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZAK INGURUNE HIDRIKOARI LOTURIKO KONTSERBATZEKO EREMU BEREZIETAKO (KEB) ETA HEGAZTIENTZAKO BABES BEREZIKO EREMUETAKO (HBBE) ARAUAK EZARRI DITU

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du ibaiei, estuarioei eta hezeguneei loturiko Kontserbatzeko Eremu Bereziak (KEB) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuak (HBBE) kudeatzeko arauak ezartzen dituen dekretua. Honako hauei dagokie: Barbadun ibaia, Astondoko dunak, Lea ibaia, Artibai ibaia, Urola ibaia, Iñurritza, Oria ibaia, Oria Garaia, Araxes ibaia, Leitzaran ibaia, Urumea ibaia, Barrundia ibaia, Arakil ibaia, Ega-Berron ibaia, Txingudi-Bidasoa, Txingudiko HBBE, Baia ibaia, Zadorra ibaia, Ihuda ibaia, Omecillo-Tomecillo ibaia, Ebro ibaia. Egun izapidetze-bidean dauden hauei ere badagokie: Arreo-Caicedo de Yusoko lakua, Zadorraren sistemako urtegiak, Salburua eta Guardiako aintzirak.

Dekretua ez da aplikatuko Urdaibaiko KEB eta HBBEtan, ezta Gaztelugatxeko Donieneko KEBean ere, 2013ko ekainaz geroztik berariazko erregimena baitute. 2012 urtean, Eusko Jaurlaritzak KEB izendatu zituen eskualde biogeografiko atlantikoko 14 ibai eta estuario, ibaietako eta estuarioetako Kontserbatzeko Eremu Berezietan (KEB) aplikatu beharreko zuzentarau, erregulazio eta jarduera komunak onartzeaz gain. Urtebete geroago, 2013an, Txingudi-Bidasoa KEB izendatu zen eta Txingudiko KEBa eta HBBEa kontserbatzeko neurriak onartu ziren.

Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik azaldutakoaren arabera, «eskualde geografiko mediterraneoko ingurune hidrikoari loturiko KEB eta HBBE izendatzeko lanak egin bitartean, jabetu gara eskualde biogeografiko atlantikoko ibai eta estuarioetako KEBetan onartutako kontserbazio-neurriak (zuzentarauak eta araudiak), hein handi batean, egokiak direla eskualde mediterraneoan aplikatzeko. Hori bai, horiek ingurune hidrikoari loturiko KEB eta HBBE guztietan aplikatzeko, zenbait aldaketa egin beharko dira».

«Horrenbestez, eskualde biogeografiko atlantikoko zein mediterraneoko ingurune hidrikoei loturiko KEBetan eta HBBEtan aplikagarriak diren zuzentarau eta araudi orokor berriak onartzea komeni da, Urdaibaiko Biosfera Erreserbari eta Gaztelugatxeko Donieneri dagozkionak salbuetsita», zehaztu du Oregik.

Ondorioz, ingurune hidrikoari loturiko Natura Sareko eremu guztietan aplikatzekoak izango dira arau orokorrak, eta, dekretua indarrean sartzean onartuta dauden eremuak arautzeaz gain, etorkizunean onartu daitezkeenak ere arautuko ditu, egun izapidetzen ari direnak barne.

Edukia

Ingurune hidrikoari loturiko KEB eta HBBE horietako kontserbatzeko arau orokorrek erabilera eta jarduera, ingurune edota elementu gakoei buruzko zuzentarauak eta xedapenak jasotzen dituzte, herri-administrazioen jarduera zuzentzera bideratuta daudenak. Era berean, araudiak eta xedapenak jasotzen dituzte, kontserbatu beharreko elementuei eta kontserbazio-helburuei eragin diezaieketen erabileren eta jardueren gaineko arau lotesleak ezartzeko helburua dutenak.