2015/02/24 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

LEHENDAKARITZA X. LEG.
Ebazpena, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, 2015. urteko ekitaldian kanpoko euskal etxeak dauden tokietara bira kulturalak egiteko diru-laguntzetara biltzeko deia egiten duena.
Erabakia, zeinaren bidez baimentzen da Asmo eta Borondate Onen gutuna izenpetzea Carchi probintziako (Ekuador) Gobernu Autonomo Deszentralizatuarekin, xedea izanik Carchi probintziako Gobernu Autonomo Deszentralizatuko Administrazio Publikoan ahalik eta gardentasun handiena, herritarren lankidetza eta parte-hartzea sustatzea.
ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.
Erabakia, 5.000.000 eurotik gorako gastua egiteko baimena ematen dena, diru-sarrerak bermatzeko eta gizarte bazterkeriaren aurkako abenduaren 23ko 18/2008 Legean ezarritako gizarte-larrialdietarako laguntzen prestazio ekonomikoetarako.
Erabakia, Familia eta lana bateratzeko 2010eko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuko 1. artikuluko a), b) eta d) paragrafoetan aurreikusita dauden diru-laguntza lerroak finantzatzeko 5.000.000tik gora euro gastatzeko baimena emateko.
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
Erabakia, 5.000.000 eurotik gorako obra-kontratua baimentzen duena, IES Hernani BHI (Gipuzkoa) eraikin berria bateratzeko eta urbanizatzeko lanak finantzatzeko.
INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.
Erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioak Bizkaiko Garraio Partzuergoaren Kontseilu Nagusian dituen zenbait kide kendu eta beste zenbait izendatzen dituena.
LEHENDAKARITZA X. LEG.

EBAZPENA, KANPO HARREMANETARAKO IDAZKARI NAGUSIARENA, 2015. URTEKO EKITALDIAN KANPOKO EUSKAL ETXEAK DAUDEN TOKIETARA BIRA KULTURALAK EGITEKO DIRU-LAGUNTZETARA BILTZEKO DEIA EGITEN DUENA.

LABURPENA

EUSKAL ETXEAK DAUDEN TOKIETARA BIRA KULTURALAK EGITEKO DIRU-LAGUNTZAK

Jaurlaritzaren Kontseiluak gaur argi berdea eman dio euskal etxeak dauden tokietara bira kulturalak egiteko diru-laguntza sorta bati.

Laguntza horien guztizkoa 40.000 eurokoa da eta diru-laguntza horietara biltzeko aukera izango dute Euskal Autonomia Erkidegoan egindako ekoizpen kulturalek, euskal etxeak dauden tokietan erakutsi nahi badute obra eta euskal etxeen gonbidapena jaso badute.

Diru-laguntzon bitartez, joan-etorriko txartela, osorik edo zati bat, ordainduko da. Diru-laguntza horiek eskuratzeko eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da diru-laguntzon deialdia EHAAn argitaratzen denetik.
 

 

ERABAKIA, ZEINAREN BIDEZ BAIMENTZEN DA ASMO ETA BORONDATE ONEN GUTUNA IZENPETZEA CARCHI PROBINTZIAKO (EKUADOR) GOBERNU AUTONOMO DESZENTRALIZATUAREKIN, XEDEA IZANIK CARCHI PROBINTZIAKO GOBERNU AUTONOMO DESZENTRALIZATUKO ADMINISTRAZIO PUBLIKOAN AHALIK ETA GARDENTASUN HANDIENA, HERRITARREN LANKIDETZA ETA PARTE-HARTZEA SUSTATZEA.

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZA EKUADORREKO CARCHI-KO GOBERNUAREN LANKIDE IZANGO DA GARDENTASUNAREN ETA HERRITARREN PARTAIDATZAREN ARLOAN

Eusko Jaurlaritzak eta Carchi probintziako Gobernu Autonomoak (Ekuador) Asmo eta Borondate Oneko Agiri bat izenpetuko dute, gardentasunaren eta herritarren partaidetzaren arloko esperientziak ezagutu eta partekatzeko.

Agiri hori gaur onartu du Jaurlaritzaren Kontseiluak, izan ere, Carchiko Gobernu deszentralizatuak interesa agertu du Eusko Jaurlaritzarekin esperientziak trukatzeko Gobernu Irekiaren arloan, Ekuadorreko probintzia horretan proiektu egoki bat abiarazi eta gardentasun handiena, lankidetza eta partaidetza bultzatzeko eta herritarren eta erakundeen arteko komunikazioa hobetzeko, informazio eta komunikazio teknologia berriek eskainitako aukerak baliatuta.

Horrela eta hitzarmen horren arabera, Carchiko Gobernuak eskura izango du Open Irekia-Gobiernu Irekia web plataforma, berrerabili eta garapen komunitateetara zabal dezan. Eusko Jaurlaritzak garatu du plataforma hori software librea oinarri hartuta eta erabiltzaileen, garatzaileen eta komunitate osoaren esku utzi du.

Gobernu Irekiak Administrazioaren eta herritarren noranzko biko komunikazioa, etengabea eta gardena dakar, erabakitze-prozesuetan herritarren partaidetza eraginkorra eta Administrazioaren lankidetza eta kontrola lortzeko.
 

 

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.

ERABAKIA, 5.000.000 EUROTIK GORAKO GASTUA EGITEKO BAIMENA EMATEN DENA, DIRU-SARRERAK BERMATZEKO ETA GIZARTE BAZTERKERIAREN AURKAKO ABENDUAREN 23KO 18/2008 LEGEAN EZARRITAKO GIZARTE-LARRIALDIETARAKO LAGUNTZEN PRESTAZIO EKONOMIKOETARAKO.

LABURPENA

GIZARTE LARRIALDI EGOEREI AURRE EGITEKO 22 MILOI EUROKO AURREKONTU SAILA ONARTU DU EUSKO JAURLARITZAK

Enplegu eta Gizarte Politika Sailaren proposamenari erantzunez, Gobernu Kontseiluak 22 milioi euroko gastua onartu du gaur 2015ean gizarte larrialdi egoerei aurre egiteko, 2014an baino milioi eta erdi euro gehiago.

Gizarte larrialdiko laguntzen helburu nagusia bazterketa egoerak saihestea da, bai arlo pertsonalean, bai arlo sozialean, bai lan arloan. Gizarte larrialdiko laguntzak prestazio ez periodikoak dira, izaera ekonomikoa dutenak, eta gastu zehatz ohiko zein ezohikoei aurre egiteko asmoz ematen dira gizarte bazterketa egoerak prebenitu, saihestu edo arintzeko.

Gizarteratzeko eta diru-sarrerak bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legeak bazterketa arriskuari aurre egitera bideratutako instrumentuak arautzen ditu, baita bazterketa pertsonal, sozial eta laborala arintzera zuzendutakoak ere. Era berean, herritarren gizarte eskubideak gauzatzeko bitarteko pertsonal, sozial edo ekonomikoak ez dituzten pertsonen gizarteratzea erraztea ere badu helburu, adibidez gizarte larrialdiko laguntzak jasotzea bermatuz. Gizarte larrialdiko laguntzek, eskubide subjektiboak diren diru-sarrerak bermatzeko errentarekin eta etxebizitza alokairurako prestazio osagarriarekin batera, diru-sarrerak bermatzeko euskal sistema osatzen dute.

Gaur Eusko Jaurlaritzak onartutako aginduak, familiek jaso beharreko laguntzen ehunekoak ezartzen ditu familion diru-sarreren eta kide kopuruaren arabera. Era berean, diru-sarrerak bermatzeko errentaren % 150 baino gutxiagoko diru-sarrerak dituztenek gizarte larrialdiko laguntzak jasotzeko eskubidea dutela ezartzen du.

Horrez gain, aginduak udalen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko informazio sistema bat ezartzen du unean-unean laguntzak jasotzen dituzten pertsonen gaineko informazioa izan eta programaren bilakaera jarraitzeko. Behin udal bakoitzari dagokion aurrekontu muga ezarrita, Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila bera izango da udal bakoitzari hiru hilez behin esleitutako diru-kopurua helaraziko diona, betiere aldiz aurretik hartzaileen gaineko informazioa jaso baldin badu.

2014an 48.000 pertsona baino gehiagok jaso zituzten laguntzok, hau da, 27.800 familia inguruk. Lurraldeka, Bizkaian 25.832 lagunek jaso zituzten laguntzok, Gipuzkoan 13.873 lagunek eta Araban 8.699 lagunek.
 

 

ERABAKIA, FAMILIA ETA LANA BATERATZEKO 2010EKO EKAINAREN 29KO 177/2010 DEKRETUKO 1. ARTIKULUKO A), B) ETA D) PARAGRAFOETAN AURREIKUSITA DAUDEN DIRU-LAGUNTZA LERROAK FINANTZATZEKO 5.000.000TIK GORA EURO GASTATZEKO BAIMENA EMATEKO.

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZAK 31,37 MILIOI EURO BIDERATUKO DITU FAMILIA ETA LANA UZTARTZEKO NEURRIETARA

Eusko Jaurlaritzak 31,37 miloi euro bideratuko ditu guztira familia eta lana uztartzeko neurriak sustatzeko egitasmoetara. Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren proposamenari erantzunez, Eusko Jaurlaritzak 2015ean laguntzok arautuko dituen agindua onartu du gaur goizean egindako bileran. Hain zuzen ere, 2014arekin alderatuta, % 81,13 haziko dira laguntzok.

Lana eta familia uztartzeko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuak familiei zuzendutako hiru jarduera lerro eta enpresei zuzendutako beste bat biltzen ditu. Laugarren lerro hori Lanbide berak kudeatzen du eta langileen ordezkapena ahalbidetzea du xede. Familiei zuzendutako jarduera lerroei dagokionez, lehendabizikoa seme-alabak zaintzeko eszedentzia edo lanaldi murrizketa eskatu duten langileei bideratuta dago, bigarrena mendekotasun egoeran edo osasun egoera larrian dauden senitartekoak zaintzeko eszedentzia edo lanaldi murrizketa eskatu dutenei, eta, hirugarrena, azkenik, seme-alabak zaintzeko langileak kontratatu dituztenei.

Aipatutako hiru jarduera lerrook 2011-2015 Familiei laguntzeko Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde arteko III. Planaren baitan jasotzen dira. Hain zuzen ere, planaren helburu nagusia euren bizitza ziklo guztian familiak laguntzeko politikak sustatzea da.

Aurrekontu sail handiena duen laguntza lerroa seme-alabak zaintzeko eszedentziak edo lanaldi murrizketak eskatzen dituztenei bideratutakoa da. 2014an, 13.515 lagunek (horietatik batzuk 2013koak izan ziren) jaso zituzten haurrak zaintzeko laguntzok. Horietatik 1.850 lagunek eszedentzia eskatu zuten, eta, 11.665 lagunek, lanaldi murrizketa. Jasotako laguntza 1.243,36 eurokoa izan zen batez beste.

Aginduak jasotako bigarren laguntza lerroa mendekotasun egoeran edo osasun egoera larrian dauden senitartekoak zaintzeko eszedentzia edo lanaldi murrizketa eskatu dutenei bideratuta dago. 2014n, 280 lagunek jaso zituzten laguntzok, batez beste 1.246,48 euro. Horietatik 30 lagunek eszedentzia eskatu zuten, eta, 250 lagunek, lanaldi murrizketa.

Azkenik, hirugarren laguntza lerroa seme-alabak zaintzeko langileak kontratatzen dituztenei bideratuta dago. Hain zuzen ere, enplegatzaileari Gizarte Segurantzako kostuak ordaintzeko laguntza ematen zaio, betiere familia unitatearen errentaren arabera. 2014n, 313 lagunek jaso zituzten laguntzok, batez beste 525,55 euro. 
 

 

Erlazionaturiko temak
TAULA

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

ERABAKIA, 5.000.000 EUROTIK GORAKO OBRA-KONTRATUA BAIMENTZEN DUENA, IES HERNANI BHI (GIPUZKOA) ERAIKIN BERRIA BATERATZEKO ETA URBANIZATZEKO LANAK FINANTZATZEKO.

LABURPENA

5,7 MILIOI EURO HERNANIN BIGARREN HEZKUNTZAKO ERAIKIN BERRIA EGITEKO

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, 5.722.194,61 euroko kontratu bat baimentzeko erabakia hartu du, Bigarren Hezkuntzako Hernani Institutuaren (Hernani BHI) eraikin berria egiteko, eta berau kokatuko den orubea urbanizatzeko.

Bigarren Hezkuntzako eraikin berria Hernaniko (Gipuzkoa) Santa Barbara auzoan lekutuko da, Institutuak egun dituen bi eraikinen ondoko orubean (Santa Barbara eta Agustin Iturriaga eraikinak). Orotara eraikitako 2.480 m² izango ditu egoitzak erdisotoko solairuan, behe solairuan eta honen gainean eraikitako beste bi solairutan. Eraikin berriak 225 ikasle hartzeko gaitasuna izango du, eta bere instalazioen artean, hauek dira nabarmentzekoak:

- Gimnasioa, aldagela eta komunekin         480 m² (erdisotoko solairuan)
- Jantokia, office eta behar dituen gelekin   275 m²
- Erabilera anitzeko 9 gela
- Hezkuntza Beharrizan Berezietarako 3 gela
- 2 banaketa-gela
- Teknologia tailerra

Lan hauekin batera, kanpoko kirol-pistak eta harmailak ere estaliko dira, 1.056 m²-ko aterpea eraikita. Eraikin berriak, sarrera-irteera zuzenak izango ditu erdisotoko solairutik kanpoko kirol gune honetara.

Eraikin berria amaitzean, Hernaniko Bigarren Hezkuntzako ikasleak Santa Barbara auzoko hiru eraikinetan banatuko dira, eta eraikin berri hau DBHko ikasleentzat izango da. Ikastetxe berriak, beraz, udalerri honetako Bigarren Hezkuntzako ikasleen hezkuntza-kalitatean hobekuntza ekarriko du.

Eraikin berria egiteko lanak nahiz urbanizazioari dagozkionak burutzeko 18 hilabeteko epea izango da. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailak 2015eko uda baino lehen lan hauek esleitzea aurreikusten du.

2014-2015 ikasturte honetan Hernani BHIk 781 ikasle ditu Santa Barbara auzoko bi eraikinetan. Horietatik 590 DBH ikasten ari dira, eta gainerako 191 ikasleak berriz Batxilergoa. Baina horiez gain, Institutuak Hernaniko La Florida auzoan beste eraikin bat ere badu, Lanbide Heziketako zikloak burutzen ari diren 145 ikaslerekin.
 

 

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.

ERABAKIA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ADMINISTRAZIOAK BIZKAIKO GARRAIO PARTZUERGOAREN KONTSEILU NAGUSIAN DITUEN ZENBAIT KIDE KENDU ETA BESTE ZENBAIT IZENDATZEN DITUENA.

LABURPENA

GARRAIO PARTZUERGOAREN KONTSEILU NAGUSIAN IZANDAPENA

Jaurlaritzaren Kontseiluak Manuel Leza Olaizola izendatu du Ingurumen eta Lurralde Politika sailaren ordezkari Bizkaiko Garraio Partzuergoaren Kontseilu Nagusian, Iñigo Palomino Zubiaurreren ordez.