2014/09/09 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

LEHENDAKARITZA X. LEG.
Giza Eskubideen René Cassin sariaren deialdia egin dute
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.
Euskal Enplegu Publikoaren Lege berriaren zirriborroari dagokion herri-galdeketako eta alegazioetako faseari ekin dio Eusko Jaurlaritzak
Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako Euskal Legea berregiteko eztabaida zabaltzearen aldekoa da Eusko Jaurlaritza
EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.
Prestakuntza-ekintzetarako diru-laguntzak
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
Oinarrizko edo/eta aplikatutako ikerketa, proiektuetarako dirulaguntzak
350.000 euro kultur jaialdi, ziklo, lehiaketa eta jarduera bereziak antolatzeko
LEHENDAKARITZA X. LEG.

GIZA ESKUBIDEEN RENÉ CASSIN SARIAREN DEIALDIA EGIN DUTE

LABURPENA

Jaurlaritzaren Kontseiluak René Cassin sariaren aurtengo deialdia egitea onartu du gaur. Sari hori Jaurlaritzak ematen du Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzaren bitartez.

12.000 euroko diru-zenbatekoa duen sari horren helburua da publikoki goraipatu eta saritzea ibilbide pertsonal nahiz profesionalarekin gure gizartean giza-eskubideak sustatzeko, defendatzeko eta zabaltzeko konpromisoaren lekukotza ematen duten pertsonak eta taldeak.

Rene Cassin jaunaren oroimenez ezarri zen sariaren izena. René Cassin Baionan jaio zen 1887an; Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren inspiratzaile nagusia izan zen 1948an; eta Bakearen Nobel saria eman zioten 1968an.

Hautagaitzak aurkezteko epea hilabetekoa da, deialdi ebazpena EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunean kontatzen hasita.

 

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.

EUSKAL ENPLEGU PUBLIKOAREN LEGE BERRIAREN ZIRRIBORROARI DAGOKION HERRI-GALDEKETAKO ETA ALEGAZIOETAKO FASEARI EKIN DIO EUSKO JAURLARITZAK

LABURPENA

  • EAEko hiru maila instituzionaletan lan egiten duten 110.000 laguni baino gehiagori eragiten die Aurreproiektuak eta, hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak, hiru foru-aldundiek eta EUDELek elkar hartuta egindako lana du oinarri. Orain sindikatuekiko negoziazioari ekingo zaio.
  • Herri Administrazio bakoitzak jardun profesionala eta errendimendua ebaluatzeko eta baloratzeko bere sistema sortu ahal izango du, hartara langile orok karreran gora egin ahal izan dezan.
  • Lanbide Publikoko Zuzendaritza sortuko da, ekonomikoki lagundua, funtzionarioek eta langileek bertara jo ahal izan dezaten.
  • Euskal Enplegu Publikoaren Legearen Aurreproiektuaren testua Eusko Jaurlaritzaren www.euskadi.net webgunean dago ikusgai, eta gaurtik aurrera egongo da Irekian jendaurrean ipinita, herritarrek parte har dezaten.

Euskal Enplegu Publikoaren Legea aztertu du gaur Gobernu Kontseiluak, eta gaurtik aurrera egongo da abian hari dagokion herri-galdeketa eta alegazio-fasea. Eusko Jaurlaritzak, foru-aldundiek eta EUDELek elkar hartuta egindako lanaren fruitua da testua, eta enpleguko sistema publikoa eguneratzea du helburu, orain dela 25 urtez geroztik –1989z geroztik– Euskal Funtzio Publikoaren Legeak araututa baitago.

Halaber, sindikatuekin eta, oro har, sektore publikoko langileekin batera aztertu nahi du Jaurlaritzak zirriborroa; hori dela eta, aste honetan bertan egin du Administrazioaren Negoziazio Mahai Orokorraren deialdia, lege berriari buruzko saio monografiko bat egitearren. Horrekin batera, langile publikoentzako hainbat saio informatibo ere egingo dira hiru Lurralde Historikoetako Aldundien egoitzetan.

110.000 LANGILE

Euskal Administrazio Publikoen zerbitzuan lan egiten duten 110.000 pertsonei eragingo die Euskal Enplegu Publikoaren Lege berriak. Zehazki,

  • Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko langileei, haren Administrazio Instituzionala zein berezko izaera juridikoa duten haren mendeko erakundeak barne.
  • Lurralde Historikoetako Foru Administrazioetako langileei, haien Administrazio Instituzionalak zein berezko izaera juridikoa duten haien mendeko erakundeak barne.
  • Toki Administrazioetako langileei, haien Administrazio Instituzionalak zein berezko izaera juridikoa duten haien mendeko erakundeak barne.
  • Euskal Herriko Unibertsitateko langileak, Administrazio eta Zerbitzuetakoak bakarrik.
  • Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoko langileak, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordekoak, Lan Harremanen Kontseilukoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegikoak, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilukoak, Datuak Babesteko Euskal Bulegokoak eta Kontratuen Inguruko Errekurtsuen gaineko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Organokoak. Halaber, aipatutako Administrazioen mendeko parte-hartzeko, kontsultako, aholkuko nahiz kontroleko beste organo orotakoak, jarduteko unean horien sortze-legeek independentzia aitortu badiete.

KARRERA PROFESIONALAREN AINTZATESPENA

Eusko Jaurlaritzak uste du giza baliabideak direla euskal herri-administrazioen aktibo nagusia; hori dela eta, lehen aldikoz zabaldu die langile publiko guztiei –lan-itunpekoei zein funtzionarioei– karrera profesionala egiteko aukera, hartara beren jardun profesionalak hala merezi izanez gero, aintzatespen profesionala jaso ahal izan dezaten.

Jardun profesionala eta errendimendua edo emaitzen lorpena ebaluatzeko eta baloratzeko sistemak ezarriko dira langileek beren karreran gora egin ahal izan dezaten eta ordain-kondizioak hobetu, lanpostuz aldatu beharrik izan gabe. Garapen profesionalaren hainbat gradu definituko dira, eta horiek gainditu ahala gora egingo dute langileek.

Maila instituzional bakoitzak (EAE, Lurralde Historikoak, Udalak) bere ebaluazio-sistema eta ordain-kondizioak hobetzeko bere eskala finkatu ahalko ditu; haatik, aurreproiektuaren testuak dio nolabaiteko homogeneotasuna gorde beharko dela oro har erakunde guztietan.

Horrez gain, bada beste berritasun bat ere: langile publikoek zuzendaritza mailako lanpostuetara sartzeko aukera izango dute meritua eta gaitasuna aintzat hartuko dituen prozedura publiko baten bitartez. Zuzendaritza Publiko Profesionala sortuko da.
Lanpostu publiko horiei ordain aldagarriko sistema bat aplikatuko zaie, helburuak betetzearen araberako osagarri baten bidez.

NEGOZIAZIO KOLEKTIBOA

Testuak dakarren beste berritasun bat da «Euskal Administrazio Publikoen Negoziazio Mahaia» sortzeko aukera, sindikatuak eta EAEko hiru maila instituzionaletako ordezkariak bilduko dituen negoziazio kolektiboko organoa, hain zuzen ere.

Halaber zainduko da bereziki, «Euskadiko Enplegu Publikoa Koordinatzeko Batzordearen» bidez, administrazioen arteko koordinazioa; besteak beste, langileak administrazio batetik beste batera igarotzeko gidalerroak eta administrazioen artean elkarlan-hitzarmenak sinatzekoak prestatzeko zeregina izango du organo horrek.

Erlazionaturiko temak
Euskal Enplegu Publikoaren Legea
Anteproyecto de Ley de Empleo Público Vasco

NEKAZARITZA ETA ELIKAGAIGINTZA POLITIKAKO EUSKAL LEGEA BERREGITEKO EZTABAIDA ZABALTZEAREN ALDEKOA DA EUSKO JAURLARITZA

Erabakia, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako 17/2008 Legea aldatzeko Euskal Sozialista legebiltzarkide-taldeak aurkeztutako lege-proposamena aintzat hartzearen inguruan Jaurlaritzak duen irizpidea adierazteko.

LABURPENA

Haatik, gaztigatu du Eusko Legebiltzarrean aurkeztu den proposamenak are bihurriago bilakatuko duela nekazaritza- eta arrantza-eskolen egituraketa.

Euskal Sozialisten Taldeak egindako Lege Proposamena, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako 17/2008 Legea aldatzekoa, aintzat hartzearen alde agertu da gaur Gobernu Kontseilua.

Proposamen horren bitartez, legearen lehen artikuluaren –zioen azalpena– 42. atalaren erredakzioa, 70. artikuluaren 1. eta 4. atalena eta 71. artikuluarena aldatu asmo da. Hartara, nekazaritza eta elikagaigintzaren arloko unibertsitateaz besteko lanbide-heziketaren gaineko eskumena Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailetik igaro dadin Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailera (tituluak lortzearekin zerikusia duten kontuei dagokienez) eta Enplegu eta Gizarte Politiketako sailera (enplegurako prestakuntzari eragiten dioten kontuei dagokienez).

Jaurlaritza aldaketa horiek aintzat hartzearen alde agertu da, nekazaritza eta elikagaigintza-politikaren inguruan eztabaidatzeari ongi irizten baitio, Euskadin duen garrantzia dela eta. Haatik, gaztigatu du proposamenak are bihurriago bilakatuko duela nekazaritza- eta arrantza-eskolen egituraketa.

Eusko Jaurlaritzak azpimarratu du gaur egun indarrean dagoen legeak, 17/2008 legeak hain zuzen, dagoeneko eskaintzen dituela sektorean lanbide-heziketa antolatzeko eta Eusko Legebiltzarrak gai honen inguruan egin dituen eskakizunei erantzuteko kudeaketa-proposamen egokienak egiteko behar diren baliabideak, juridikoak zein materialak.

 

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.

PRESTAKUNTZA-EKINTZETARAKO DIRU-LAGUNTZAK

Erabakia, heniketarako akreditatutako Gestión10 Gestión and Formación SL eta Escuela de Maquinistas Mineros del Ayuntamiento de Ermua enpresei diru-laguntza zuzena ematen diena zuzendutako prestakuntza-ekintzak

LABURPENA

Jaurlaritzaren Kontseiluak "Gestión10 Gestión and Formación SL" prestakuntza-erakundeari 18.000 € arteko zuzeneko diru-laguntza eta "Ermuko Udaleko Meatzaritza-makinisten Eskola"ri 18.000 € arteko zuzeneko diru-laguntza ematea erabaki du, erauzketa-industrietan lan egiteko gaitasuna lortzeko prestakuntza-ikastaroak emateko eta azterketak egiteko baimendutako erakunde diren aldetik.

 

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

OINARRIZKO EDO/ETA APLIKATUTAKO IKERKETA, PROIEKTUETARAKO DIRULAGUNTZAK

LABURPENA

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenari jarraituz, gaurko Gobernu Kontseiluak Oinarrizko edo/eta Aplikatutako Ikerketa Proiektuak 2015-2018 epealdian diruz laguntzeko dei egiten duen Agindua onartu du.

Deialdi honek honako bi modalitate hauek bereizten ditu: lehenengoak Oinarrizko edota Aplikatutako Proiektuak gauzatzea sustatu nahi du; bigarrenak proiektu berean erakunde desberdinak parte hartzea sustatu nahi du.

Deialdi honek 688.000 euroko diru-kopurua du. Honela banatuta: 304.000 euro lehenengo urterako, 192.000 euro 2016 urterako, 144.000 euro 2017 urterako eta 48.000 euro 2018 urterako.

 

350.000 EURO KULTUR JAIALDI, ZIKLO, LEHIAKETA ETA JARDUERA BEREZIAK ANTOLATZEKO

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, 2014 urtean kultur arloko jaialdi, ziklo, lehiaketa eta jarduera bereziak antolatzeko diru-laguntzak ematen dituen Agindua onartu du. Espezializazio maila handia izan eta euskal kultur esparruarentzat interes berezikotzat jotzen diren kultur jarduerei zuzendua da deialdi hau.

350.000 euroko diru kopurua du deialdiak, eta beronen onuradun izan daitezke aurrez aipaturiko kultur jarduerak burutzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoak, pribatu nahiz publikoak izan. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua EHAAn agertu eta hurrengo egunean hasita.