Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabaki nagusiak


2014/07/01 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

LEHENDAKARITZA X. LEG.
Erabakia, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziarekin, Emakunderekin (Emakumearen Euskal Erakundea) eta Munduko Landa Foroarekin Familia Nekazaritzako Nazioarteko Egunaren esparruan lankidetzan aritzeko esparru-hitzarmen bat sinatzea baimentzekoa.
400.000 euro Gaza eta Siriako herriei janari laguntza emateko
ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.
Abokatuen elkargoentzako diru laguntzak, etorkinei laguntza juridikoa dohainik emateagatik.
OGASUN ETA FINANTZA SAILA X. LEG.
Erabakia, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren 5411 ÂżNekazaritzako eta Arrantzako Ikerketa eta GarapenaÂż Programan konpromiso-kredituak aldatu eta urteka banatzeko dena. Zenbatekoa: 610.000,00 euro.
Erabakia, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren 4312 "Etxebizitza" programaren konpromiso-kredituak aldatu eta urteka banatzeko dena. Zenbatekoa: 1.350.025,00 euro.
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
Agindua, 2014an egingo edo hasiko diren kirol-lehiaketa ofizialetan, nazioarteko eremua eta izaera dutenetan, kategoria absolutuan parte hartzeko diru-laguntzak emateko erregimena ezartzen duena.
Erabakia, 5.000.000,00 eurotik gorako gastua baimentzeko dena, 2014/15 ikasturtean doktoreak ez diren ikertzaileen doktoretza aurreko prestakuntza programa berritzeko eta beka berrien deialdia egiteko finantzaziorako, hain zuzen.
SEGURTASUN SAILA X. LEG.
Lege-proiektua, Jendaurreko ikuskizunen eta jolas jarduerena.
OSASUN SAILA X. LEG.
Dekretua, Kontsumoko erreklamazio-orriak eta kontsumitzaile eta erabiltzaileen kexa, erreklamazio eta salaketak artatzeko prozedura arautzekoa.
LEHENDAKARITZA X. LEG.

ERABAKIA, GARAPENERAKO LANKIDETZAREN EUSKAL AGENTZIAREKIN, EMAKUNDEREKIN (EMAKUMEAREN EUSKAL ERAKUNDEA) ETA MUNDUKO LANDA FOROAREKIN FAMILIA NEKAZARITZAKO NAZIOARTEKO EGUNAREN ESPARRUAN LANKIDETZAN ARITZEKO ESPARRU-HITZARMEN BAT SINATZEA BAIMENTZEKOA.

LABURPENA

FAMILIA-NEKAZARITZA SUSTATZEKO ESPARRU-HITZARMENA SINATUKO DUTE EUSKO JAURLARITZAK ETA MUNDUKO LANDAGUNEAK

Elankidetza –Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia–, Emakunde eta Munduko Landagunearekin batera esparru-hitzarmen bat sinatzea onartu du gaur Gobernu Kontseiluak familia-nekazaritza eta landaguneak garatzera bideratutako ekimen, ekintza eta proiektuak sustatzearren.

Gaur onartu den hitzarmena aurten ospatzen den Familia Nekazaritzaren Nazioarteko Urtean kokatu behar da, eta aukera berezia ematen du nazio, eskualde eta nazioarte mailan ekoizteko eredu horrek gosearen, elikadura eskasaren eta pobreziaren aurka egindako lana aintzatesten duten nekazaritza-politikak sustatzeko, beti ere jasangarriro eta lurraldea zein ingurumena errespetatuta.

Hitzarmen honen esparruan gauzatzen diren ekimen eta proiektuak xede hauek dituzte:
• Euskadi munduan proiektatzea eta kokatzea eta Euskadiren interes multisektorialak kanpoan sustatzea.
• Familia-nekazaritzaren ekoizte-ereduaren gaineko erabakietan eta politiken diseinuan parte hartzea, bereziki ezaugarri fisiko zailetakoetan, hala nola Euskadiko mendi-eremuan, zeintzuek, orobat, bertan biltzen baitituzte ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren ikuspegitik ahulak diren egiturak.
• Giza garapen jasangarriaren eta pobrezia eta desberdintasuna errotik ateratzearen aldeko apustua egitea. ETA
• Ekintza positiboko jarduera espezifikoak proposatzea gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna familia-nekazaritza sustatzeko ekimenetan txertatzeko eta ikusarazteko.

Hitzarmenetik eratortzen diren jarduera konkretuen antolamendu-, exekuzio- eta finantzaketa-baldintzak kasu bakoitzean egingo diren hitzarmen partikularretan zehaztuko dira eta gaur onetsi den esparru-hitzarmen honetara ekarriko dira.
 

 

400.000 EURO GAZA ETA SIRIAKO HERRIEI JANARI LAGUNTZA EMATEKO

LABURPENA

Jaurlaritzaren Kontseiluak gaur ekintza humanitarioko bi laguntza ematea onartu du. Laguntza horiek UNRWA Euskadi Agentziari (Errefuxiatuen aldeko ONUko Agentzia) eman zaizkio Gaza eta Siriako bizilagunei janari laguntza emateko. Diru laguntzak ia 400.000 eurokoak dira eta Lankidetzarako Euskal Agentziak ematen dituen larrialdietarako eta ekintza humanitarioetarako etengabeko finantzaketa-lerroan daude; diru-laguntza horiek urte bukaerako 2,6 milioi eurokoak izango dira.

Zehazki, 200.000 euroko diru-laguntza eman da Siriako gatazka dela-eta lekuz aldatuta dauden bizilagun errefuxiatuei janari laguntza emateko. Laguntza 8.500 janari-saski erosteko izango da eta horiek Sirian UNRWAk dituen zelaietan dauden familien eguneroko oinarrizko beharretarako izango dira.

Horretaz gain, Jaurlaritzaren Kontseiluak argi berdea eman dio 200.000 euroko beste laguntza bat emateari. Laguntza hori UNRWA agentziak jasoko du Gazako (Palestina) zerrendan dauden bizilagunei janari laguntza emateko. Euskadiren laguntza Larrialdi Programaren barruan UNRWA-k Gazan janari laguntzarako urtero egiten dituen lau erronda osatzeko izango da, eta horrek 20.000 pertsonen nutrizio egoera hobetzeko aukera emango du, inguru horretako bizilagun ahulenen egoera hobetzeko, hain zuzen.

 

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.

ABOKATUEN ELKARGOENTZAKO DIRU LAGUNTZAK, ETORKINEI LAGUNTZA JURIDIKOA DOHAINIK EMATEAGATIK.

Erabakia, Arabako abokatu-elkargoari diru-laguntza emateko dena, babesik gabeko egoeran dauden etorkinek aholkularitza juridiko espezializatua jaso dezaten.

Erabakia, Gipuzkoako abokatu-elkargoari diru-laguntza emateko dena, babesik gabeko egoeran dauden etorkinek aholkularitza juridiko espezializatua jaso dezaten.

Erabakia, Bizkaiko abokatu-elkargoari diru-laguntza emateko dena, babesik gabeko egoeran dauden etorkinek aholkularitza juridiko espezializatua jaso dezaten.

LABURPENA

Juan María Aburto Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzak Euskadiko hiru abokatuen elkargoei 150.000 euroko diru-laguntza ematea adostu du, ahultasun egoeran (bizileku-baimenik edo lanik ez izateagatik) dauden etorkinei ematen dieten laguntza juridikoagatik, atzerritartasun gaietan.

Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzak 90.000 euro emango dizkio Bizkaiko elkargoari, 35.000 euro Arabakoari eta 25.000 euro Gipuzkoakoari.

Gobernuak diru-laguntza horiek emango dizkie abokatuen elkargoei honako arrazoiengatik: abokatu partikular bat kontratatzeko baliabide ekonomiko propiorik ez duten pertsonei laguntza juridikoa dohainik emateagatik, ahultasun egoera berezian dauden pertsonei (genero-indarkeriaren biktimei, gaixotasun larriak dituztenei, etab.) laguntza juridikoa emateagatik eta ahultasun egoeran dauden etorkinei lege-zerbitzu espezializatuak eskaintzeagatik.

Etorkinentzako arreta sarea hirugarren sektoreko erakunde batzuen lanarekin osatzen da, gizarteratze prozesuetan laguntzen dietenak. Hirugarren sektoreko erakunde horiek pertsonaren problematika zabalagoa hartzen dute, eta ez juridikoa bakarrik.
 

 

OGASUN ETA FINANTZA SAILA X. LEG.

ERABAKIA, EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILAREN 5411 ÂżNEKAZARITZAKO ETA ARRANTZAKO IKERKETA ETA GARAPENAÂż PROGRAMAN KONPROMISO-KREDITUAK ALDATU ETA URTEKA BANATZEKO DENA. ZENBATEKOA: 610.000,00 EURO.

LABURPENA

ERABAKI-PROPOSAMENA, EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILAK 5411 NEKAZARITZA ETA ARRANTZAKO IKERKETA ETA GARAPEN PROGRAMARA BIDERATZEN DITUEN 610.000 EUROKO KONPROMISO-KREDITUEN BANAKETA URTEKA EGITEA BAIMENTZEN DUENA.

Gobernu Kontseiluak Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak nekazaritza, arrantza eta elikadura sektoreei zuzendutako I+G+b arloko diru-laguntzen BERRIKER Programako 610.000 euroko konpromiso-kredituak aldatzea eta urteka banatzea erabaki du.
 

 

ERABAKIA, ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILAREN 4312 "ETXEBIZITZA" PROGRAMAREN KONPROMISO-KREDITUAK ALDATU ETA URTEKA BANATZEKO DENA. ZENBATEKOA: 1.350.025,00 EURO.

LABURPENA

ERABAKI-PROPOSAMENA, ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKA SAILAREN 4312 ETXEBIZITZA PROGRAMAN 1.350.025,00 EUROKO KONPROMISO-KREDITUEN BANAKETA URTEKA EGITEA BAIMENTZEN DUENA.

Gobernu Kontseiluak Enplegu eta Gizarte Politika Sailaren 4312 Etxebizitza Programan 1.350.025,00 euroko konpromiso kredituak, «Auzoak berritzea eta hiriak berroneratzea» eta «Irisgarritasuna» jarduera-ildoei dagokienez, aldatzea eta urteka banatzea erabaki du.
 

 

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

AGINDUA, 2014AN EGINGO EDO HASIKO DIREN KIROL-LEHIAKETA OFIZIALETAN, NAZIOARTEKO EREMUA ETA IZAERA DUTENETAN, KATEGORIA ABSOLUTUAN PARTE HARTZEKO DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO ERREGIMENA EZARTZEN DUENA.

LABURPENA

340.000 EURO NAZIOARTEKO KIROL-LEHIAKETETAN PARTE HARTZEKO

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, nazioarteko izaera duten kirol-lehiaketa ofizialetan parte hartzeko diru-laguntzak ematen dituen Agindua onartu du. Kirol-lehiaketa hauek, 2014an hasi edo burutu beharko dira.

Deialdi honetara aurkeztu ahal izango dira kirol elkarte edo taldeak, kirol helburua duten entitateak, beti ere nazioarteko federazio baten edo nazioarteko liga profesional baten egutegi ofizialean sartuta dauden kirol-lehiaketetan parte hartzen badute. Lehiaketa hauek gainera, goi mailako kirola sustatzera bideratuak izan beharko dute. Ez dira diru-laguntza deialdi honetan aintzat hartzen parte-hartzea sustatzea helburu duten kirol-programak (aisialdi-kirola, kirol osasungarria) ez eta euskal kirol selekzioek parte hartzen duten lehiaketak ere. Kirol Federazioek ezin dituzte diru-laguntza hauek eskatu.

Deialdi honek 340.000 euroko diru-kopurua du. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua EHAAn argitaratu eta biharamunean hasita.
 

 

ERABAKIA, 5.000.000,00 EUROTIK GORAKO GASTUA BAIMENTZEKO DENA, 2014/15 IKASTURTEAN DOKTOREAK EZ DIREN IKERTZAILEEN DOKTORETZA AURREKO PRESTAKUNTZA PROGRAMA BERRITZEKO ETA BEKA BERRIEN DEIALDIA EGITEKO FINANTZAZIORAKO, HAIN ZUZEN.

LABURPENA

8,69 MILIOI EURO PERTSONAL IKERTZAILEAREN PRETAKUNTZA ETA HOBEKUNTZARAKO BEKETARAKO

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Polítika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du 2014/2015ko ikasturtean doktorea ez den pertsonal ikertzailearen prestakuntzarako doktoretza aurreko programan beka berriak deitu eta zeudenak berritzen dituen agindua.

Agindu honek, 8.699.823 euroko zenbateko globalean, 2014-2015ko ikasturtean doktorea ez den pertsonal ikertzailearentzako bekak finkatu eta deitzea ditu helburu. Deialdiak beka berriak ematea eta 2013/2014ko ikasturterako eman zirenak berritzea hartzen ditu. Bai eta 2015ean doktoretza eskuratu dutenentzako sariak ere.

Doktoretza aurreko programak ikertzaileen prestakuntza sustatu nahi du, doktorearen titulua lortzeko eta kalitateko ikerketa zientifikoari lotutako gaitasun eta trebetasunak eskuratzeko doktoretza-programa baten barruan, ondorengo bi azpiprograma hauen bidez:

Doktorea ez den pertsonal ikertzailearen prestakuntzarako beken azpiprograma Euskal Autonomia Erkidegoko aplikazio-zentroetan: A modalitatea.

Doktorea ez den pertsonal ikertzailearen prestakuntzarako beken azpiprograma Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko aplikazio-zentroetan, bai Espainiako estatuan (B modalitatea) bai atzerrian (C modalitatea).
 

 

SEGURTASUN SAILA X. LEG.

LEGE-PROIEKTUA, JENDAURREKO IKUSKIZUNEN ETA JOLAS JARDUERENA.

LABURPENA

IKUSKIZUN PUBLIKOEN ETA JOLAS JARDUEREN LEGE PROIEKTUA ONARTU DUTE

• Hauek dira testuaren asmoak: ikuskizunetan segurtasuna areagotzea, gizarte-ohituren bilakaerara egokitzea eta ekintzaileen ekimenari mesede egitea, bikoiztasunak ezabatuz eta ikuskaritza eta kontrolerako administrazioaren esku-hartzea arrazionalizatuz

Gobernu Kontseiluak Ikuskizun Publikoen eta Jolas Jardueren Lege proiektua onartu du gaur goizean. Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak azaldu duenez, honako helburuak ditu:

- ikuskizun eta jarduera publikoen garapen segurua erraztea,
- parte-hartzaileen segurtasuna eta osasuna zaintzea,
- ikuskizunak leku hartzen duten ekipamenduen erosotasuna eta ingurumen-jasangarritasuna jagotea
- eta ikuskizunen garapenean bizikidetza baketsu eta ordenatua egotea.

Lege proiektuak indarrean dagoen araudia ordezkatuko du, 1995ean onartu zena; hiru helburu nagusi ditu:

- ikuskizunetan segurtasuna handitzea, antolatzaileei segurtasunerako eta bizikidetza baketsurako baldintzak betetzera behartuz
- aisialdirako gizarte-ohituren bilakaerara, establezimendu mota berrietara eta espazio publikoetan egiten diren aisialdiko jardueren ugaritzera egokitzea
- Eta ekintzaileen ekimenari mesede egitea, administrazioaren esku-hartzeetan bikoiztasunak ezabatuz

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 10.38 artikuluak ezartzen duenez, ikuskizun publikoen arloko eskumena Euskadirena da esklusiboki, eta horretan oinarriturik onartu zen Ikuskizun Publikoei eta Jolas Jarduerei buruzko azaroaren 10eko 4/1995 Legea.

Ia hamabost urte igaro dira lege hori onartu zenetik. Horrek behartzen gaitu gizarte- eta kultura-parametro berrien trataera birplanteatzera, egun aisialdiarekin harremana duten jardueren orokortasunari eta dibertsifikazioari kasu eginez. Egoera horrek honakoen sentsibilitate, eskubide eta betebeharren arteko oreka eskatzen du:

- ikuskizunen eta jolas-jardueren antolatzaileak
- ikusleak edo erabiltzaileak eta
- jarduera horiek eragiten dien beste pertsona batzuk; pertsona horiek ez daude behartuta bizikidetza normalizatu batetik haratago doazen eragozpenak jasatera.

Horretaz gain, esperientziak diosku pertinentea dela hutsune zehatz batzuk betetzea edo lege-babesa indartzea alderdi batzuetan, hala nola ikusle edo erabiltzaileen eskubideen eta betebeharren araubidean edo zehatzeko araubidean.

Legeak 65 artikulu izango ditu, bost titulutan, xedapen osagarri batean, sei xedapen iragankorretan eta hiru azken xedapenetan banatuta. Gainera, ikuskizun publikoen, jolas jardueren eta establezimendu publikoen katalogoa jasotzen duen eranskina du.

Bost titulu

Legearen I. tituluan zioa eta aplikazio-eremua ageri dira, legez kanpo dauden gaiak eta debekatuta dauden ikuskizunak eta jolas jarduerak zehaztuz.

Debekuen artean nabarmentzekoa da ostalaritza lokalez kanpoko edariak kalean edo espazio publikoetan eta taldean kontsumitzea, dagokion lekuko araudiak hala zehazten duenean, eta beste pertsona batzuei edo inguruaren narriadurari eragiten dien eragozpenei erantzunez.

Gainera, Jendaurreko Ikuskizun eta Jolas Jardueren Euskal Kontseilua arautzen du, administrazioen arteko eta parte-hartze publikorako kudeaketaren eta elkarlanaren ardura izango duena.

II. tituluan, jendaurreko ikuskizunek eta jolas jarduerek bete behar dituzten oinarrizko arauak xedatzen dira: ikusle edo erabiltzaileen eta antolatzaileen, eta horiez gainera, artista, aktore eta gainerako pertsonalaren eskubideak eta betebeharrak. Gainera, alderdi berritzaileenetako bat da legeak beste pertsona batzuen eskubideak ere biltzen dituela, beren interes legitimoetan eraginak jasan dituztenak.

Titulu horretan espresuki aipatzen dira haurren eta gazteen babeserako neurriak.

Neurrietan, adingabekoentzat egokiak ez diren jardueretan horien presentzia debekatzen da: pornografia edo muturreko indarkeria azaltzen den erakusketetan, festetarako areto eta diskoteketan, adinarekiko mugapenik ez duten sareetan sartzea posible den ziber-lokaletan eta jolaserako lokal batzuetan, duten araudiaren arabera.

Taberna berezietan eta pubetan sartzea eta bertan geratzea ere debekatuta dute 16 urtetik beherakoek, adinekoek lagunduta egon ezean, eta edonola ere, alkohola kontsumitu gabe eta 22:00ak arte

III. tituluak establezimendu publikoen eta ikuskizun eta jolas jardueretarako zentroen irekiera-araubidea xedatzen du. Bertan, legeak establezimendu publikoen irekierarako sektoreen araudi desberdinek exijitzen dituzten lizentzien nahaspila errazten du.

Udalerriei dagokie establezimendu publikoen irekieraren aldez aurreko kontrola egitea. Hala ere, ikuskizunetarako autonomia-autoritateek esku-hartu ahal izango dute, indarrean dagoen txosten baten bitartez, jarduera klasifikatuko lizentzia jaso aurretik, eta 700 pertsona baino gehiago biltzen diren eta legeak aurreikusten dituen kasuetan.

Autonomiaren ardura izango da honako ezaugarriak dituzten ikuskizunak zaintzea: zezenak, piroteknia eta hiriarteko bideetan eginiko kirol frogak.

Espazio publikoetako ospakizunei dagokienez, udalaren esku-hartzea domeinu publikoaren erabilera pribatu edo berezirako lekuko atribuzioen araberakoa izango da. Hala ere, autonomiak ere esku-hartu ahalko du, indarrean dagoen txosten baten bitartez, eta 700 pertsona edo gehiagoko sarrera-mugapena duten espazio publikoen kasuetan.

IV. tituluan zaintza, kontrola eta ikuskaritza arautzen dira.

Ikuskizunak bertan behera utzi ahalko direla aurreikusten da, kasu hauetan:

- legeak debekatzen dituenean
- aldez aurreko baimenik izan edo horren berri eman ez denean edo baldintzen aurka egitean, ez badira exijitutako segurtasun-baldintzak betetzen
- pertsonentzako edo ondasunentzako arrisku zehatz bat dagoenean edo pertsona eta ondasunentzako arriskutsuak izan daitezkeen anabasa larriak aurreikusten direnean

Sarritan, ikuskizunak egiteak edo jendetzak biltzeak bildu direnen segurtasunerako arriskuak dakartzate, eta beharrezkoa izaten da ohiz kanpoko polizia-zerbitzuen erabilera.

Legeak ikusleen edo erabiltzaileen segurtasuna babesteko polizia-zaintza berezia jartzeko aukera xedatzen du, ikuskizuna edo jolas jarduera egin bitartean, jende asko egoteagatik, istiluen edo indarkeriazko gertaeren aurrekariak izateagatik edo beste arrazoi batzuengatik arrisku berezi bat existitzen denean, futbol eta saskibaloi partidetan gertatzen den antzera.

Zerbitzu berezi horiek gastu publikoa dakarte, eta publikoaren, baina batez ere ekitaldien antolatzaileen onurarako dira, irabazi asmoa dutenean, esku-hartze publikorik gabe negozioa ezingo baitute nahi erako garantien arabera egin.

Horretarako, legeak tasen eta prezio publikoen legean aldaketa bat aurreikusten du, Ertzaintzaren zerbitzu berezietarako tasa gehitu behar baitzaio. Horrekin antolatzaileek beren ekitaldiek izandako ondorio publikoen arduren banaketa egin dezatela sustatu nahi da.

Tasa horren menpe dago ohiz kanpoko polizia-zerbitzuen kontratazioa, jendaurreko ikuskizunetan pertsonen eta ondasunen segurtasunerako uneko edo benetako arriskua dela eta kontratatu beharrekoak.

Ordaindu beharreko kuota bertaratu diren funtzionario kopuruaren (31 euro bakoitzeko) eta zerbitzuaren denboraren arabera zehaztuko da. Bakarrik hartuko dira kontuan barrutian eta inguruetan prestatutako zerbitzuak, eta ekitaldiak irauten duen bitartean; behar izanez gero, ekitaldiaz aurreko eta osteko orduak ere hartuko dira kontuan. Muga hori ez dagokie zaleen eta kirol-kluben eskolta- eta laguntza-zerbitzuen kitapenari.

Tokiko instituzioek eta irabazi asmorik gabeko erakundeek ez dute tasa ordaindu beharko.

V. tituluan legearen zehatzeko araubideaz hitz egiten da, eta honakoak multzokatzera zuzendutako lau kapitulu ditu bere barne: arau-hausteak, zigor-motak, agindu eta iraungipen araubidea eta eskumena eta prozedura, hurrenez hurren.

Autonomiako organo eskudunek zigortuko dituzte arau-hauste oso larriak, eta gainontzeko arau-hausteak zigortzeko eskumena autonomikoa ala lekukoa izango da, kontrolerako eta ikuskaritzarako atribuzioen inguruan egindako banaketaren arabera.
 

 

OSASUN SAILA X. LEG.

DEKRETUA, KONTSUMOKO ERREKLAMAZIO-ORRIAK ETA KONTSUMITZAILE ETA ERABILTZAILEEN KEXA, ERREKLAMAZIO ETA SALAKETAK ARTATZEKO PROZEDURA ARAUTZEKOA.

LABURPENA

GOBERNU KONTSEILUAK ONARTU DU KONTSUMOKO ERREKLAMAZIO ORRIAK ETA KONTSUMITZAILEEN ETA ERABILTZAILEEN KEXAK, ERREKLAMAZIOAK ETA SALAKETAK ARTATZEKO PROZEDURA ARAUTZEKO DEKRETU BERRIA

Gobernu-kontseiluak onartu du kontsumoko erreklamazio-orriak eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen kexak, erreklamazioak eta salaketak artatzeko prozedura arautzeko Dekretu berria. Dekretu berri horren bidez, Kontsumobide-Kontsumoaren Euskal Institutuak kontsumitzaileen eskubideen defentsa eta babesa sendotzea eta kontsumoko liskarrak konpontzeko metodo arina ezartzea du xede.

Hala, araudi berriak Kontsumobideren edo Kontsumitzaileentzako Udal Informazio Bulegoen aurrean aurkeztutako erreklamazioen, kexen eta salaketen administrazio-izapidearen prozedura hobetzeko alderdiak eta neurriak jaso ditu. Hala, babes handiagoa izango dute administrazioaren aurrean kontsumoari buruzko erreklamazioak, kexak edo salaketak egin nahi dituzten kontsumitzaileek eta erabiltzaileek, horretarako bideak erabilita.

Erreklamazio-orria da administrazioari kontsumo-arloko erreklamazioak ezagutarazteko bitarteko nagusia. Dekretu berrian ezarritakoaren arabera, nahitaez eduki beharrekoak izango dira erreklamazio-orriak. Halaber, nahitaezkoa izango da aisialdiko jardueretan eta ikuskizun publikoetan edukitzea, aurreko araudian halakorik jasota ez zegoen eta. Erreklamazio-orriak edukitzetik salbuetsita egongo diren bakarrak irakaskuntza arautua eta lanbide liberalen gaineko hezkuntza eskaintzen duten baimendutako zentroak izango dira, baldin eta beren jarduera gauzatzeko aurrez legez onartutako elkargo profesional batean inskribatu behar badira. Horrelakoetan, erreklamazioak kasuan kasuko elkargo profesionalaren bidez izapidetuko dira, erregelamendu arautzailean ezarritakoaren arabera.

Halaber, araudi berrian ezarritakoaren arabera, enpresek nahitaez adierazi beharko dituzte beren datuak erreklamazio-orrietan. Horren berri emateko, Kontsumobidek Eusko Jaurlaritzako Merkataritza Zuzendaritzarekin elkarlanean, irailetik aurrera, Euskadiko enpresetan eta saltokietan ikuskaritza informatiboko kanpaina bat gauzatuko du, aipatutako betebeharra gogorarazteko.

Erreklamazio-orriei dagokienez, arauan jaso dira izan beharreko ezaugarriak, erreklamazioen berri emateko modua eta kontsumitzailearen eskaerari emandako erantzuna.

Dekretu hori onartuta, Euskal Autonomia Erkidegoko kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskurako erreklamazio-orriak arautzen zituen urtarrilaren 14ko 5/1997 Dekretua baliogabetu da, ez baitzion egoki erantzuten Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatuari buruzko abenduaren 22ko 6/2003 Legearen 12.2. artikuluaren xedapenari.

Erreklamazio-orrien eta kontsumoari buruzko gainerako alderdien gaineko informazioa kontsultatu daiteke Kontsumobideren web gunean: www.Kontsumobide.net. Bestela, Bilboko, Donostiako edo Gasteizeko bulegoetara jo daiteke.
 

 


Euskadi, auzolana