Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabaki nagusiak


2014/06/24 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

LEHENDAKARITZA X. LEG.
Erabakia, Bavierako Estatu Librearekin elkar ulertzeko memoranduma sinatzeko baimena ematen duena, bi aldeentzat interesa duten zenbait alorretan lankidetzarako oinarriak jartzeko.
Erabakia, Lehendakaritzako idazkari nagusiarena, 2014rako «Euskal Gizartearen Egoera» sariaren deia egiteko dena.

Ebazpena, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarena; honen bidez, Berdintasunaren aldeko 2014ko Emakunde Sarirako deialdia egiten da.
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.
Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak Merkatu Batasunaren Legeari buruzko aurreakordioa egin dute eta ez dute Konstituzio Auzitegira joko.
EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.
2014ko Euskal Merkataritzako sarietara hautagaiak aurkezteko epea ireki da.
Merkataritza dinamizatzeko bulegoentzako laguntzen deialdia arautzen duen aginduaren aldaketa lurralde guztira heltzeko asmoz.
ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.
Jaurlaritzak interes sozialeko 23 erakunde gehiago izendatu ditu, gizarte zerbitzuen garapenari egindako ekarpenagatik.
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
Akordia, Euskararen Agenda Estrategikoa onartzeko dena.
Agindua, IRALE programaren baitan 2014. urtean irakastordu barneko ikastaroren batean jarduteko irakasleak liberatu nahi dituzten ikastetxe pribatu edo gizarte-ekimenezkoentzako laguntzetarako dei egiten duena.
Agindua, 2014ko udan eta 2014-2015 ikasturtean Irale programaren barnean Sailaz kanpoko eragileez bideratuko diren ekintzetan parte hartzeko deialdia argitaratzen duena.
Erabakia, unibertsitatez kanpoko eskola-garraioaren zerbitzurako 5.000.000 eurotik gorako aurrekontu-kontratua baimentzeko 2014/15 eta 2015/16 ikasturteetarako.
SEGURTASUN SAILA X. LEG.
Erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoko arrisku erradiologikorako larrialdi-plan berezia onartzen duena.
Erabakia, Detrika, S.A. enpresak Lantaron (Araba) dituen instalazioetako Kanpo Larrialdietako Plana onartzeko dena.
INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.
Eusko Jaurlaritzak Paisaiaren Ekintza-planak osatzeko udaletxeei Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailaren bidez emandako diru-laguntzak arautu ditu.
Agindua, garapen jasangarria sustatzeko ekintzak gauzatzen dituzten udalei, mankomunitateei, beste toki-entitate batzuei, toki-erakunde autonomoei, tokiko garapen-agentziei eta tokiko merkataritza-sozietateei diru-laguntzak emateko modua arautzen duena.
LEHENDAKARITZA X. LEG.

ERABAKIA, BAVIERAKO ESTATU LIBREAREKIN ELKAR ULERTZEKO MEMORANDUMA SINATZEKO BAIMENA EMATEN DUENA, BI ALDEENTZAT INTERESA DUTEN ZENBAIT ALORRETAN LANKIDETZARAKO OINARRIAK JARTZEKO.

LABURPENA

EUSKADIK ETA BAVIERAK LANKIDETZA HITZARMEN BAT
IZENPETUKO DUTE

Euskadik eta Bavierako Estatu Libreak lankidetza hitzarmen bat izenpetuko dute, harremanak indartzeko eta lankidetza estutzeko, kontuan izanik, adiskidetasun loturak eta askatasunaren, demokraziaren, justiziaren eta elkartasunaren balioak partekatzen dituztela.

Hitzarmenak Jaurlaritzaren Kontseiluaren onespena jaso du gaur eta Euskal Exekutiboak kanpo harremanen alorrean dituen lehentasunen barruan kokatzen da, Euskadiren eta estrategikotzak jotzen diren munduko beste eskualde batzuen arteko harremanak bultzatze eta indartze aldera.

Hitzarmen hori izenpetzeak interes komuneko zenbait alorretan lankidetza finkatzea eta sendotzea ekarriko du: interes komunekoetan —ikerketan, garapenean eta berrikuntzan, esaterako—; industria politikan eta industriaren sektore azpimarragarrienetan —automozioa, fabrikatua edo makina erreminta, besteak beste—; ingurumenean eta energian; lanbide heziketan; eta barne seguritasunean.

Hitzarmen honen helburua da 1994tik aurrera erakunde eta ekonomia alorrean Euskadiren eta Bavieraren artean dagoen harreman estua sendotzea. Izan ere, 1994an hainbat alorretan emaitza positiboak izan dituen hitzarmen bat izenpetu zen eta orain hitzarmen hori eguneratu behar da.

Euskal Autonomia Erkidegoaren aldetik, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia izango da gaur onartu den Lankidetza Hitzarmena izenpetuko duen arduraduna
 

 

ERABAKIA, LEHENDAKARITZAKO IDAZKARI NAGUSIARENA, 2014RAKO «EUSKAL GIZARTEAREN EGOERA» SARIAREN DEIA EGITEKO DENA.

EBAZPENA, EMAKUNDE-EMAKUMEAREN EUSKAL ERAKUNDEKO ZUZENDARIARENA; HONEN BIDEZ, BERDINTASUNAREN ALDEKO 2014KO EMAKUNDE SARIRAKO DEIALDIA EGITEN DA.

LABURPENA

BERDINTASUNAREN ALDEKO EMAKUNDE SARIA ETA EUSKAL GIZARTEAREN EGOERA SARIA DEITU DITUZTE

Eusko Jaurlaritzak gaur argi berdea eman dio berdintasunaren aldeko Emakunde sariaren eta Euskal Gizartearen Egoera sariaren deialdiak egiteari. Lehendakaritzak sustatzen ditu bi sariok.

Emakunde sariaren helburua da emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloan egindako lanarengatik nabarmendu diren pertsona fisiko nahiz juridikoei jendaurreko ezagutza egitea eta lan hori jendaurrean nabarmentzea; emakumeek egindako lana aintzat hartzea eta emakumeei boterean dagokien lekua itzultzearren egindako lanetan nabarmendu direnak saritzea, edo sexuen arteko eskubide- eta aukera-berdintasuna sustatzearren egindako lanetan nabarmendu direnak ere. Sariaren diru-kopuru 14.400 euro da.

Euskal Gizartearen Egoera saria, bestalde, azterlanak eta ikerlanak saritzeko da; beti ere, azterlan eta ikerlanok Euskadiko egoera soziopolitikoa ezagutzen edo errealitate horren ikerketa teorikoki edo metodologikoki garatzen laguntzen duten gaien ingurukoak badira.

Goi-mailako titulazioa eta 35 urte baino gutxiago dituzten pertsona fisikoek izango dute lana aurkezteko aukera. Pertsona fisiko horiek beren kasa edota beste batzuekin elkartuta aurkez daitezke.
 

 

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.

EUSKO JAURLARITZAK ETA ESPAINIAKO GOBERNUAK MERKATU BATASUNAREN LEGEARI BURUZKO AURREAKORDIOA EGIN DUTE ETA EZ DUTE KONSTITUZIO AUZITEGIRA JOKO.

LABURPENA

• Aurreakordioari esker, euskal araudia aplikatuko zaie Euskadin diharduten operadore ekonomikoei. Hala, araudi autonomiko leunagoa xede duten enpresak deslokatzea saihestuko da.

• Herri Administrazio eta Justiziako sailburu Josu Erkorekak eta Ogasun eta Administrazio Publikoetako ministro Cristóbal Montorok gutxi barru sinatuko dute aurreakordioa, Euskadiko eta Espainiako aldizkari ofizialetan argitaratuko dena.

Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua Merkatu-batasuna Bermatzeko abenduaren 9ko 20/2013 Legearen hainbat artikuluren gaineko interpretazioari buruz ados jarri dira. Aurreakordioa lortu dute Espainia-Euskadi bitariko batzordean lau hilabetez negoziatzen egon ondoren. Horrela, Auzitegi Konstituzionalera jotzea saihestu dute, gobernu-batzordeak horixe onartu zuen arren joan den otsailean.

Eusko Jaurlaritzaren iritzian, Espainiako gobernua, merkatu-batasunaren aitzakian eta pertsonen, ondasunen eta zerbitzuen ezarpen eta zirkulazio askea argudiatuz, egiatan, Euskal Autonomia Erkidegoaren bere eskumeneko gaietan arautzeko gaitasuna urratzen ari zen.

Esaterako, Espainiako gobernuak Merkatu-batasuna Bermatzeko Legean zehaztutakoaren arabera, operadore ekonomikoek sorburuko agintaritzaren araudia beteko zuketen, ez helburuko agintaritzarena; alegia, ez zuketen beteko jardun ekonomikoa gauzatzen duten herrialdearen araudia. Akordio horri esker, bi gobernuek interpretazio berari helduko diote; operadore ekonomiko batek Euskadin badihardu, edozein dela ere bere sorburua, bere jardueraren gaineko euskal araudia bete beharko du. Hala, aurreakordioari esker, enpresen eta operadore ekonomikoen balizko deslokalizazioa saihestuko da; izan ere, enpresa batzuek araudi autonomiko leunagoko lurraldeetan beren egoitza koka zezaketen, nahiz eta Euskadin jarduten segitu.

Aurreakordioaren beste alderdi bat sektore-batzarren gainekoa da; legeak halabeharrezkotasun izaera galduko du: Euskadik ez badu sinatzen sektore-batzarretako batean adostutakoa, ez da horretara lotuta egongo.

Gainera, aurreakordioaren testuak Euskal Autonomia Erkidegoari aitortutako eskumenen mende dauden interes orokor dezente babesten ditu; adibidez, hizkuntza-eskubideak, kontsumitzaileen babesa, bide-segurtasuna, etab.

Azkenik, lizitazio publikoak Estatuak sortutako kontratazio-plataforma baten bidez argitaratzeko betebeharra ezartzen zuen legeak. Aurreakordioari esker, nahitaez betetzekoa ez, borondatezkoa izango da alderdi hori; baliozkotasun juridikoa emango zaio Euskadiko bitartekoen (esaterako, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria) bidez argitaratutako informazioari.

LEGEGINTZALDIKO AKORDIOAK BITARIKO BATZORDEAN

Akordio horretaz gain, legegintzaldi honetan, batzordeak beste zazpi akordio lortu ditu, Auzitegi Konstituzionalaren aurrean beste hainbeste helegite aurkeztea ekidin dutenak:

• Hezkuntzaren arloko gastu publikoa arrazionalizatzeko premiazko neurriei buruzko 14/2012 Errege Lege Dekretua. (Akordio partziala).
• Osasunari buruzko 16/2012 Errege Lege Dekretua.
(Akordio partziala).
• Transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko Euskadiko Legea.
• Kiroleko dopinaren aurkako Euskadiko Legea.
• Euskadiko Aurrezki Kutxen Legea.
• 2/2013 Legea, maiatzaren 29koa, itsasbazterraren babes eta erabilera jasangarriari buruzkoa eta uztailaren 28ko Kostaldeei buruzko 22/1988 Legea aldatzen duena.
• 8/2013 Legea, ekainaren 26koa, hirien birgaitze, biziberritze eta berrikuntzari buruzkoa.
 

 

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.

2014KO EUSKAL MERKATARITZAKO SARIETARA HAUTAGAIAK AURKEZTEKO EPEA IREKI DA.

LABURPENA

Eusko Jaurlaritzak 2014ko Euskal Merkataritzako Sarien deialdia onartu du, eta, horrenbestez, uztailaren 3tik abuztuaren 2ra bitartean hautagaitzak aurkezteko aukera izango da.

Proposamenak Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko Merkataritzako Zuzendaritzan aurkeztu behar dira, bai lurralde historikoetako ordezkaritzetara joz bai azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan zehaztutako beste edozein bide erabiliz.

Sarion helburua gizartearen aurrean merkataritzaren arlo eredugarriak azpimarratzea da, eta, horretarako, lau kategoria ezberdin ezarri dira:

• Merkataritza sektoreko ibilbide profesionala.
• Merkataritza berrikuntza.
• Merkataritza lankidetza
• Merkataritza inguruneen dinamizazioa.

Hala nahi duten merkataritza arloko eragile sektorial, elkarte, federazio zein enpresa guztiek dute hautagaitzak aurkezteko aukera.
 

 

MERKATARITZA DINAMIZATZEKO BULEGOENTZAKO LAGUNTZEN DEIALDIA ARAUTZEN DUEN AGINDUAREN ALDAKETA LURRALDE GUZTIRA HELTZEKO ASMOZ.

LABURPENA

2014-1016 Euskal Merkataritzako Jarduera Planak merkataritza sektorearen profesionalizatzea laguntzea aurreikusten du, horretarako sektoreka edo eskualde mailan antolatutako lankidetza egitasmoetako kide diren saltokiei laguntza teknikoa eskainiz.

Helburu horrekin bat eginez, Eusko Jaurlaritzak merkataritza dinamizatzeko bulegoentzako laguntza deialdia arautzen duen agindua aldatzea erabaki du, hain zuzen ere deialdiko hainbat arlo zehaztu eta laguntzen eraginkortasuna hobetzeko asmoz. Aldaketa esanguratsuenetako bat aurrerantzean merkataritza dinamizatzeko bulego bat gehiago izango dela da. Hain zuzen ere, Euskadiko lurralde guztira iritsi asmoz, 33 bulego izango dira guztira aurrerantzean.
 

 

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.

JAURLARITZAK INTERES SOZIALEKO 23 ERAKUNDE GEHIAGO IZENDATU DITU, GIZARTE ZERBITZUEN GARAPENARI EGINDAKO EKARPENAGATIK.

Dekretua, JEIKI Fundazioa gizarte-intereseko deklaratzeko dena.

Dekretua, EMAUS Fundación Social fundazioa gizarte-intereseko deklaratzeko dena.

Dekretua, Lantegi Batuak Fundazioa gizarte-intereseko deklaratzeko dena.

Dekretua, Domingo de Arrotegui Fundazioa gizarte-intereseko deklaratzeko dena.

Dekretua, Zorroaga Fundazioa gizarte-intereseko deklaratzeko dena.

Dekretua, Residencia Calzada Fundazioa gizarte-intereseko deklaratzeko dena.

Dekretua, Fundación Vizcaína de Caridad-Residencia Conde de Aresti Fundazioa gizarte-intereseko deklaratzeko dena.

Dekretua, Fundación ADSISen Bilboko Ordezkaritza gizarte-intereseko deklaratzeko dena.

Dekretua, Bizitzen Fundazioa gizarte-intereseko deklaratzeko dena.

Dekretua, Goyeneche Fundazioa gizarte-intereseko deklaratzeko dena.

Dekretua, Parkinson Bizkaia - Asparbi elkartea gizarte-intereseko deklaratzeko dena.

Dekretua, Cáritas Diocesanas de Vitoria-Gasteiz, gizarte-intereseko deklaratzeko dena.

Dekretua, Asociación Red de Apoyo a la Inserción Social - RAIS Euskadi elkartea gizarte-intereseko deklaratzeko dena.

Dekretua, Sociedad Gaztaroa-Sartu Koop. Elk. gizarte-intereseko deklaratzeko dena.

Dekretua, Entidad Agintzari, Sociedad Cooperativa de iniciativa social entitatea gizarte-intereseko deklaratzeko dena.

Dekretua, Asociación de Inserción Social Zabaltzen elkartea gizarte-intereseko deklaratzeko dena.

Dekretua, Cear-Euskadi elkartea gizarte-intereseko deklaratzeko dena.

Dekretua, Comisión Ciudadana Anti-Sida de Álava/HIES-en Kontrako Arabako Iritar Batzordea gizarte-intereseko deklaratzeko dena.

Dekretua, Asociación contra anorexia y bulimia "ACABE-Gipuzkoa elkartea gizarte-intereseko deklaratzeko dena.

Dekretua, Asociación vizcaina de familiares y enfermos psíquicos "AVIFES" elkartea gizarte-intereseko deklaratzeko dena.

Dekretua, Asociación de padres de afectados de autismo y otros trastornos del espectro autista de Bizkaia, APNABI elkartea gizarte-intereseko deklaratzeko dena.

Dekretua, Asociación a favor de personas con discapacidad intelectual de Álava "APDEMA" elkartea gizarte-intereseko deklaratzeko dena.

Dekretua, Junta Provincial de Bizkaia de la Asociación Española contra el cáncer gizarte-intereseko deklaratzeko dena.

LABURPENA

Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Juan Mari Aburtok proposatuta, Jaurlaritzak, gaur bilduta, interes sozialeko izendatu ditu autonomia-erkidegoan diharduten irabazi asmorik gabeko 23 erakunde.

Erakunde bat interes sozialeko izendatzea Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako sailak emandako urriaren 7ko 424/2013 dekretuak arautzen du. Interes sozialeko izendatuta, erakunde horiek autonomia-erkidegoko gizarte-zerbitzuen esparruan izandako ibilbidea eta egindako lana aintzatetsi da. Hala, lehentasuna izango dute euskal administrazio publikoen diru-laguntzetan.

Gizarte-zerbitzuak eskaintzeko eta irabazi asmorik gabekoak izateko betekizunez gain, araudiak zehaztutakoaren arabera, interes sozialeko izendatzeko, langileen % 40k kontratu mugagabea izan behar dute.

Hauek dira gaur interes sozialeko izendatu dituzten 23 erakundeak:

• AGINTZARI, GIZARTE EKIMENEKO SOZIETATE KOOPERATIBOA Irabazi-asmorik gabeko erakundea da, 2000. urtean sortua, eta helburu nagusia du erkidegoaren interes orokorra bilatzea bere lan integratuaren bitartez egoera zailean dauden herritarrak sustatzeko eta zeharko integratzeko. Batez ere Bizkaiko Lurralde Historikoan egiten du lan.

• BIZKAIKO PARKINSON ELKARTEA. Irabazi-asmorik gabeko erakundea da ASPARBI, eta 1993an sortu zen. Helburu nagusia zientifikoa, ongintzakoa eta soziala du, Parkinsonen gaitzak jotako pertsonei laguntzea, hain zuzen. Batez ere Bizkaiko Lurralde Historikoan egiten du lan.

• CEAR-EUSKADI ELKARTEA irabazi-asmorik gabeko elkartea da, 1996. urtean sortua. Nazioarteko laguntza behar duten eta gizartetik bazter gelditzeko arriskua duten errefuxiatu eta lekuz aldatutakoak, apatridak eta migrariak oro har babestea zeharo garatzeko eta haien giza eskubideak babestea eta sustatzea. Euskal Autonomia Erkidegoan dihardu batez ere.

• BIZKAIKO KARITATE FUNDAZIOA - «CONDE DE ARESTI» EGOITZA irabazi-asmorik gabeko elkartea da, 1903. urtean sortua. Haren helburu nagusia da Bizkaian bizi diren baina baliabiderik gabeko pertsonei laguntzea beren egoitzan hartuta. Halaber ematen die jaten erabateko beharrean dauden bilbotar zein pasadizokoei, bai eta gizarte-alorreko ongintzako bestelako laguntza eta arreta eman ere, Patronatuak erabakita. Batez ere Bizkaiko Lurralde Historikoan egiten du lan.

• GAZTAROA-SARTU KOOP. ELKARTEA irabazi-asmorik gabeko elkartea da, 2013. urtean sortua, Gaztaroa Bergizarteratzeko Elkartea eraldatuta. Eraldaketa-erabakia publiko egin zeneko eskriturak dio Gaztaroa Elkartearen ondare, eskubide eta obligazio guztiak jaraunspen unibertsalez kan elkartuko eta gizarte ekimeneko Gaztaroa-Sartu Koop. Elkarteari igaroak direla. Erakunde horren helburu nagusia da mendekotasun-, babesgabetasun-, desgaitasun-, pobrezia- eta gizarte-bazterketako egoeran edo egoteko arriskuan dauden pertsonen eta/edo taldeen gizarteratze eta/edo laneratze osoa lortzera bideratutako jarduerak eta zerbitzuak sustatzea eta garatzea. Batez ere Bizkaiko Lurralde Historikoan egiten du lan.

• ASOCIACIÓN DE INSERCIÓN SOCIAL ZABALTZEN irabazi asmorik gabeko erakundea 1991n sortu zen. Bere helburu nagusia da gizarte-bazterketako egoeran edo egoteko arriskuan dauden pertsona zein taldeen erabateko gizarteratzea lortzera bideratutako jarduerak eta zerbitzuak sustatzea eta garatzea. Batez ere Bizkaiko eta Gipuzkoako Lurralde Historikoetan egiten du lan.

• BIZITZEN FUNDAZIOA irabazi-asmorik gabeko elkartea da, 2001. urtean sortua. Haren helburu nagusia da laneratzeko zailtasun berezia duten gizataldeetako kideen enplegua sustatzea eta zerbitzu horien erabiltzaileen bizi-kalitatea hobetzea. Batez ere Bizkaiko Lurralde Historikoan egiten du lan.

• ADSIS FUNDAZIOAren Bilboko ordezkaritza irabazi-asmorik gabeko elkartea da, 1996. urtean sortua. Haren helburu nagusia da oro har behar handiena duten biztanleen aldeko gizarte-zerbitzuak sustatzea eta ematea, bereziki inadaptazioa eta bazterketa pairatzen dutenen aldekoak. Batez ere Bizkaiko Lurralde Historikoan egiten du lan.

• ASOCIACIÓN CONTRA ANOREXIA Y BULIMIA «ACABE-GIPUZKOA» irabazi-asmorik gabeko elkartea da, 1994. urtean sortua. Haren helburu nagusia da anorexiaren eta bulimiaren kontra jardutea. Gizartea, agintariak, osasun-arduradunak, gazteak eta komunikabideak kontzientziatzea zenbateraino diren larriak gazteek, neskek batik bat, janariarekiko portaera-asalduren (bulimia eta anorexia) ondorioz pairatzen dituzten kalte eta arriskuak. Batez ere Gipuzkoako Lurralde Historikoan egiten du lan.

• COMISIÓN CIUDADANA ANTI-SIDA DE ÁLAVA / HIES-AREN KONTRAKO ARABAKO HIRITAR BATZORDEA irabazi-asmorik gabeko elkartea da, 1987. urtean sortua. Haren helburu nagusia da euskal gizartea GIBak kutsatzeak dakartzan arazoen jakitun egitea eta horren inguruan kontzientziatzea, eragindakoen bazterketa eta diskriminazioa baztertzearren elkartasuna sustatuta, eta infekzioak berekin dakartzan ondorio sozial negatiboen inguruko normalizazioa erdiestea. Batez ere Arabako Lurralde Historikoan egiten du lan.

• ASOCIACIÓN A FAVOR DE PERSONAS CON DISCAPACIDAD INTELECTUAL DE ÁLAVA «APDEMA» irabazi-asmorik gabeko elkartea da, 1962. urtean sortua. Haren helburu nagusia da desgaitasun intelektuala duen pertsonen eta haien familien duintasuna eta eskubideak babestea. Batez ere Arabako Lurralde Historikoan egiten du lan.

• ASOCIACIÓN DE PADRES DE AFECTADOS DE AUTISMO Y OTROS TRASTORNOS DEL ESPECTRO AUTISTA DE BIZKAIA, «APNABI», irabazi-asmorik gabeko elkartea da, 1978. urtean sortua. Haren helburu nagusia da autismoak eragindako pertsonen eta haien senitartekoen ongia sustatzea, laguntza, hezkuntza, aisia, kultura, kirol, zientzia, errehabilitazio, enplegu eta gidaritza alorretako jardueren bitartez. Batez ere Bizkaiko Lurralde Historikoan egiten du lan.

• ASOCIACIÓN VIZCAINA DE FAMILIARES Y ENFERMOS PSÍQUICOS «AVIFES», irabazi-asmorik gabeko elkartea da, 1986. urtean sortua. Haren helburu nagusia da aldarrikapenak egiteko eta Administrazio Publikoarekin elkarlanean jarduteko organo izatea, hark, hartara, arreta psikiatriko eraginkorra erdiesteko behar diren baliabideak ipin ditzan gaixo mentalen, prebentzioaren, osatzean eta erreabilitazio-mailan. Saiatu gizartea jabetu dadin zer-nolako egoeratan dauden gaixo mental horiek, iritzi publikoa aldekoa suerta dadin. Gaixo psikikoen senitartekoentzat nahiz gaian interesa duten beste guztientzat kontsultagune, informaziogune eta orientaziogunearena egitea. Gaixoek zerbitzu psikiatrikoetan eta osasun mentaleko zerbitzuetan parte hartzea sustatzea. Gaixo guztiak gizarteratzea eta laneratzea sustatzea. Buruko gaixotasuna dutenen eta haien senitartekoen arretaren alorrean prozesuak eta emaitzak azter eta iker daitezela sustatzea eta garatzea. Batez ere Bizkaiko Lurralde Historikoan egiten du lan.

• GASTEIZKO ELIZBARRUTIKO CARITAS irabazi-asmorik gabeko elkartea da, 1965. urtean sortua. Haren helburu nagusia da Elizak ebangelizatzeko duen zeregina gauzatzea gizarte-alorreko karitatea eginez, Gasteizko elizbarrutian, forma guztietako ondasunak kristauki partekatzea sustatzen, koordinatzen eta baliabideak jartzen, horrela pertsona guztien sustapenari eta erabateko promozioari lagunduz. Batez ere Arabako Lurralde Historikoan egiten du lan.

• EMAUS FUNDAZIO SOZIALA irabazi-asmorik gabeko elkartea da, 1994. urtean sortua. Haren helburu nagusia da minusbaliatu sozialen, elbarrien eta bazterkeriaren, deserrotzearen, kanporatzearen eta azpigarapenaren biktima diren pertsona, gizatalde eta gizarteen giza sustapena, prestakuntza eta laneko eta gizarteko integrazioa. Euskal Autonomia Erkidegoan dihardu batez ere.

• RESIDENCIA CALZADA FUNDAZIOA irabazi-asmorik gabeko elkartea da, 1892. urtean sortua. Haren helburu nagusia da adineko pertsonak artatzea, behar duten ostatua, mantenua, zaintza eta osasun-laguntza emanez. Gernika-Lumo hirian dihardu batez ere.

• DONOSTIAKO GOYENECHE FUNDAZIOA irabazi-asmorik gabeko elkartea da, 1900. urtean sortua. Haren helburu nagusia da gutxiegitasun fisiko zein psikikoren bat duten haur, gazte eta helduei, bai eta nolabaiteko bazterketa edo desgaitasunen bat pairatzen dutenei ere, arreta egitea. Euskal Autonomia Erkidegoan dihardu batez ere.

• «JEIKI» FUNDAZIOA irabazi-asmorik gabeko elkartea da, 1987. urtean sortua. Haren helburu nagusia da droga-mendekotasunen alorrean garatzea ikerketa-, prebentzio-, arreta- eta gizarteratze-ekintzak. Batez ere Arabako Lurralde Historikoan egiten du lan.

• ASOCIACIÓN ESPAÑOLA CONTRA EL CÁNCER DELAKOAREN BIZKAIKO PROBINTZIA BATZORDEA irabazi-asmorik gabeko elkartea da, 1953. urtean sortua. Haren helburu nagusia da minbiziaren aurka egitea eta dibulgazioaren, prebentzioaren, ikerkuntzaren, prestakuntzaren eta osasun-arretaren alorrean funtzioak eta ekintzak gauzatzea. Batez ere Bizkaiko Lurralde Historikoan egiten du lan.

• LANTEGI BATUAK FUNDAZIOA irabazi-asmorik gabeko elkartea da, 1996. urtean sortua. Haren helburu nagusia da desgitasunen bat duten pertsonen gizarteratzea eta laneratzea sustatzea eta erdiestea. Batez ere Bizkaiko Lurralde Historikoan egiten du lan.

• ASOCIACIÓN RED DE APOYO A LA INSERCIÓN SOCIAL - RAIS EUSKADI irabazi-asmorik gabeko elkartea da, 2000. urtean sortua. Haren helburu nagusia da gizartetik baztertutako edo baztertzeko arriskuan dauden pertsonen gizarteratzea eta laneratzea sustatzea; pertsonek beren buruari duintasuna eta autonomia berreskuratzen laguntzeko aukera ematen duten baliabideak garatzea; nork bere gaitasun pertsonalak eta trebetasun sozialak deskubritzea sustatzea, bakoitzaren ibilbide pertsonalean lagunduta. Euskal Autonomia Erkidegoan dihardu batez ere.

• ZORROAGA FUNDAZIOA irabazi-asmorik gabeko elkartea da, 1714. urtean sortua. Haren helburu nagusia da zerbitzu sozio-sanitarioak eskaintzea adinek pertsonei nahiz mendekoei. Batez ere Donostian dihardu.

• DOMINGO DE ARROTEGUI FUNDAZIOA irabazi-asmorik gabeko elkartea da, 1907. urtean sortua. Haren helburu nagusia da ongintza partikularreko establezimendua kudeatzea, batez ere adineko pertsonei eta babesgabeei ostatua eta laguntza ematen diena. Batez ere Busturian eta Kanalan egiten du lan.
 

 

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

AKORDIA, EUSKARAREN AGENDA ESTRATEGIKOA ONARTZEKO DENA.

LABURPENA

EUSKARAREN AGENDA ESTRATEGIKOA (2013-2016)

Legealdiaren hasieran, Jaurlaritzak legealdi honetarako (2013-2016) 14 Plan Estrategiko egingo zituela iragarri zuen. Hauetako bat da, hain zuzen ere, Euskararen Agenda Estrategikoa. Jaurlaritzak legealdi honetan euskara biziberritzearen alde egingo dituen ekintza eta jarduera nagusiak jasotzen ditu Agendak, hain zuzen. Beraz, Agenda betetzea Jaurlaritza osoaren erantzukizuna da, Jaurlaritzaren sail guztiena, alegia.

Euskararen Agenda Estrategikoak hiru helburu orokor ditu:

   - Euskararen ezagutza zabaltzea

   - Euskararen erabilera handitzea

   - Euskararen kalitatea hobetzea. (Euskararen kalitateaz hitz egiten denean, euskararen komunikagarritasuna hobetzea esan nahi du. Hizkuntza biziago eta komunikagarriago bat lortzea, hain zuzen ere)

Hala ere, dokumentu hau ez da hutsetik sortu, ezta gutxiago ere. Euskararen Agenda Estrategikoa osatzeko hiru dokumentu hauek hartu dira oinarritzat:

-  Euskara 21. Itun berritu baterantz
-  Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP)
-  Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Programa

Hiru dokumentu horietan jasotzen diren ekintzak ez ezik, legealdi hasiera honetan, euskara biziberritze aldera, Jaurlaritzak landu eta onartu dituen hainbat ekarpen gehigarri dira, beraz, Euskararen Agenda Estrategikoa.

Gainera, Agendaren parte dira, baita ere, Jaurlaritzaren jardun-esparru jakin batzuetako Euskararen Erabilera Plan espezifikoak, dagoeneko onartuta dauden hauek:

-  Eusko Jaurlaritzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plan Nagusia (V. Plangintzaldia 2013-2017)
-  Osakidetzaren Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana (2013-2019)
-  EAEko Justizia Administrazioan Hizkuntzen Erabilera Normalizatzeko Plan Orokorra (2009-2017)
-  EITBko Euskararen Erabilerarako Plana (2013-2016).

Halaber, lantzen ari den eta uda honetan aurkeztuko den Ertzaintzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko I. Plana ere Agendari erantsiko zaio eta Agendaren parte bihurtuko da.

Zer lortu nahi du? Euskararen Agenda Estrategikoaren helburua da euskararen bilakaera soziolinguistikoaren adierazle nagusietan aurrerapenak eragiten jarraitzea eta aurrerapauso neurgarriak ematea honako hauetan:

• Euskal biztanleriaren euskara-gaitasun orokorrean
• Euskal biztanleria elebakarraren euskarazko oinarrizko ezagutzan
• Euskal herritarren euskararen erabileran
• Eusko Jaurlaritzaren esparruan euskarak lan-hizkuntza gisa duen erabileran
• Euskal biztanleriaren euskararekiko atxikimenduan
• Eusko Jaurlaritzaren esparruan euskara zerbitzu hizkuntza gisa orokortzera bidean
• Eusko Jaurlaritzaren mendeko sozietate publikoetan euskararen presentzia sendotzera bidean
• Eusko Jaurlaritzaren ordezkarien eta organoen jardun publikoan euskarak duen erabilera mailan
• Eusko Jaurlaritzaren eta gainerako herri aginteen arteko harremanetan euskarak duen erabilera mailan
• Eusko Jaurlaritzan Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideetan
• Eusko Jaurlaritzako langileen eta erakunde-ordezkarien hizkuntza-gaitasunean
• Eusko Jaurlaritzako langileen eta erakunde-ordezkarien euskararekiko atxikimenduan
• Merkataritza gune handietan eta zerbitzu unibertsalak (ura, elektrizitate, gas hornitzaileak eta beste) ematen dituzten enpresa handietan kontsumitzaileen hizkuntza eskubideak duten betetze mailan
• Merkataritza eta ostalaritza orokorraren arloko euskararen erabileran
• Informazio eta komunikazioaren teknologietan euskarak dituen baliabideetan eta erabileran

Aurrerapauso hauen neurketari dagokionez, aipatu beharra dago, Inkesta eta Mapa Soziolinguistikoaren hainbat adierazletan oinarrituko dela nagusiki betetze mailaren ebaluazioa.

Nola lortu nahi dira helburu hauek? Batetik, hizkuntzaren gainean eramango den politika eta hizkuntzaren kudeaketa zehar lerro bihurtuz eta Jaurlaritza osoaren erantzukizun bilakatuz. Bestetik, arlo bakoitzeko gizarte-eragileen lana sustatuz eta haiekiko elkarlana bultzatuz.

Bestalde, helburuen lorpenerako 13 lan ildo, 34 ekimen eta 168 ekintza konkretu definitu dira. Hauek dira 168 ekintza hauen adibide batzuk:

• Euskara ardatz duen hezkuntza sistema eleaniztun batean ikasleek, ahoz eta idatziz, bizitzaren alor desberdinetan, bi hizkuntza ofizialak era egokian eta eraginkorrean erabiltzeko gaitasuna bermatzea.
• Euskararen ezagutza bizitza osorako ikaskuntzaren markoan txertatzea.
• Euskaltegien sarean oinarrizko A1 eta A2 mailak ere ezartzea eta egiaztatzea, eta ikasleen diru-laguntzetarako kontuan hartzea.
• Euskararen erabilera sozialerako aukerak areagotzea, lehentasuna jarriz aisialdi esparruko jardueretan.
• Gazteen harreman eta komunikazio esparruetan (kulturan, musikan, kirolean…) eta bitartekoetan (IKTetan, sarean…) euskararen presentzia handitu dadin sustatzea.
• Lanbide heziketako eta unibertsitateko ikasleek lan-mundura hurbiltzean egin ohi dituzten praktikak euskaraz ere egiteko aukera izan dezaten bultzatzea.
• Herritarren gehiengo nabarmena elebidun izanik euskaldunenak diren gune geografikoetan administrazioak euskaraz normaltasunez funtziona dezan bultzatzea, betiere herritar guztien hizkuntza eskubiderik urratu gabe.
• Gurasoek euren hizkuntza ohiturek seme-alaben hizkuntza portaeran duten eraginaz ohartaraztea eta seme-alabekiko jokabidea lantzea, bikote euskaldun nahiz mistoetan
• Traktoreak diren merkataritza guneetan euskararen presentzia areagotzeko proiektu pilotuak egitea
• Atzerriko hizkuntzetan ekoiztutako puntako eta kalitatezko zinea telebistan euskaraz azpititulaturik ikusteko aukera garatzea.
• Kanpotik etorritako nerabeengan arreta berezia jartzea eta haientzako programa berezien garapena sustatzea.
• Elebideren jarduera sendotzea.
• Arartekoaren eta Elebideren arteko lankidetza herritarren hizkuntza eskubideak indartzeko
• BIKAIN Euskararen Kalitate Ziurtagiria garatzen jarraitzea, hizkuntza kudeaketak kalitate prozesuarekin duen lotura gizarteratuz.
• .eus domeinua ahalik eta esparru gehienetan erabil dadin neurriak hartzea
• Euskal Wikipedia (EW) sustatzea edukiak txertatuz; EWren kokapena aprobetxatzea euskarazko edukietarako sarbide gisa, EWn erreferentzia eta lotura egokiz elikatzea, ikastetxeetan eta unibertsitateetan EWrako artikuluak sortu eta itzultzea, EWn edukiak txertatzeko lankidetza sustatzea (zientzia, teknologia, literatura...).
• Iparraldeko Euskararen Erakunde Publikoarekin eta Nafarroako Gobernuarekin hitzarmenak garatzea, eta hango euskararen sustatzaileen jarduna laguntzea.
• Galiziako Xuntarekin, Kataluniako Generalitatearekin eta Balear Uharteetako Gobernuarekin sinatutako lankidetza hitzarmena garatzea
 

 

AGINDUA, IRALE PROGRAMAREN BAITAN 2014. URTEAN IRAKASTORDU BARNEKO IKASTAROREN BATEAN JARDUTEKO IRAKASLEAK LIBERATU NAHI DITUZTEN IKASTETXE PRIBATU EDO GIZARTE-EKIMENEZKOENTZAKO LAGUNTZETARAKO DEI EGITEN DUENA.

LABURPENA

1,43 MILIOI EURO IRALE PROGRAMARI ATXIKITAKO LANGILEAK DITUZTEN IKASTETXE PRIBATUENTZAT

Jaurlaritzaren Kontseiluak, gaur egindako bilkuran, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, agindu bat onartu du jendaurrean jartzeko dirulaguntzetarako deia, hain zuzen, 2014 urtean zehar irakastorduetan IRALE programaren euskara ikastaroetan parte hartzeko irakasleak liberatu nahi dituzten ikastetxe pribatu edo ekimen sozialeko zentroentzat.

1.439.705 euroko diru kopurua duten dirulaguntza horien helburua euskara ikasteko liberatzen diren irakasleen ordezkapenek sortutako gastuak ordaintzea da.
 

 

AGINDUA, 2014KO UDAN ETA 2014-2015 IKASTURTEAN IRALE PROGRAMAREN BARNEAN SAILAZ KANPOKO ERAGILEEZ BIDERATUKO DIREN EKINTZETAN PARTE HARTZEKO DEIALDIA ARGITARATZEN DUENA.

LABURPENA

442.732 EURO IRAKASLEAK EUSKALDUNTZEKO

Jaurlaritzaren Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, gaurko bilkuran onartu duen Aginduak deialdia zabaltzen du IRALE programako jardueretan, Hezkuntza Sailak zuzenean burutzen ez dituenetan, parte hartzeko.

Agindu honen helburua irakasleak euskalduntzeko, alfabetatzeko eta hobetzeko programako (IRALE) jardueretan, Hezkuntza Sailak zuzenean burutzen ez dituenetan, parte hartzeko interesa duten erakundeei dei egitea da. Jarduera horiek 2014ko udan eta 2014/2015 ikasturtean egingo direnak dira.

Jarduera horiek irakasleen hizkuntza gaitasuna lortzeko ikastaroak izango dira eta irakasorduetatik kanpo emango dira. Deialdi honek 442.732 euroko diru kopurua du.
 

 

ERABAKIA, UNIBERTSITATEZ KANPOKO ESKOLA-GARRAIOAREN ZERBITZURAKO 5.000.000 EUROTIK GORAKO AURREKONTU-KONTRATUA BAIMENTZEKO 2014/15 ETA 2015/16 IKASTURTEETARAKO.

LABURPENA

22,30 MILIOI EURO ESKOLA GARRAIORAKO

Jaurlaritzaren Kontseiluak gaur izan duen bilkuran honako gastu baimen hau onartu du, Hezkuntza, Hizkuntza Polítika eta Kultura sailburuak proposatuta:

22,30 milioi euro unibertsitateaz kanpo eskola garraio zerbitzua 2014/15 eta 2015/16 ikasturtetarako kontratatzeko.
 

 

SEGURTASUN SAILA X. LEG.

ERABAKIA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ARRISKU ERRADIOLOGIKORAKO LARRIALDI-PLAN BEREZIA ONARTZEN DUENA.

LABURPENA

GOBERNU KONTSEILUAK ONARTU EGIN DU EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ARRISKU ERRADIOLOGIKOAREN AURKAKO LARRIALDI PLAN BEREZIA

Gobernu Kontseiluak euskal Autonomia Erkidegoko Arrisku Erradiologikoaren aurkako Larrialdi Plan Berezia onartu du. Horren helburua existitzen diren iturri erradioaktibo txikiek eragin ditzaketen istripuei begira neurririk egokienak planifikatzea da. Honako zentroetan aurki daitezke iturri horiek: ospitaleak, industria-instalazioak, ikerketa-zentroak, unibertsitateak, etab.

EAEn 151 iturri erradiologiko daude erroldatuta. Hala ere, horrek ez du esan nahi beste batzuk erabiliko ez direnik hurrengoak aztertzeko lanetarako: zoruen dentsitatea eta umeltasuna, gammagrafia industriala eta beste batzuk.

Autonomia Erkidegoetako organo eskudunak dira larrialdi erradiologikoen aurkako plan bereziak sortzearen ardura dutenak, eta orokorrean, jarduera guztietan edo arrisku erradiologikoa salbuespen gisa existitu daitekeen kasuetan planen ardura dutenak. Indarrean dagoen legediak erregulatzen dituen instalazio nuklear eta erradioaktiboetako titularrekin elkarlanean egiten dituzte planok.

Aipatutako planean informazioa eskaintzeko, erantzuna antolatzeko eta instituzioen eta organismoen arteko elkarlana egiteko moduak zehazten dira, pertsonentzako garrantzitsuak izan daitezkeen prebentzio-alderdiez gainera.
 

 

ERABAKIA, DETRIKA, S.A. ENPRESAK LANTARON (ARABA) DITUEN INSTALAZIOETAKO KANPO LARRIALDIETAKO PLANA ONARTZEKO DENA.

LABURPENA

GOBERNU KONTSEILUAK ONARTU EGIN DU LANTARONEN (ARABA) EGOITZA DUEN DEKITRA SA ENPRESAREN KANPOKO LARRIALDI PLANA

Gobernu Kontseiluak Lantaron (Araba) udalerrian egoitza duen Dekitra SAren Kanpoko Larrialdi Plana onartu du, Larrialdiak kudeatzeko apirilaren 3ko 1/1996 Legearen 14.3 artikuluan xedatutakoaren arabera. Bertan, Plan berezien sorrera aurreikusten da, arrisku konkretuei aurre egiteko, eta arrisku horien izaeragatik metodologia tekniko-zientifiko zehatza behar denetan. Kasu honetan, arrisku kimikoak izan daitezke legean aurreikusitako arriskuak.

EAEn 30 enpresa kimiko daude normalean «Seveso» gisa ezagutzen diren araudiaren menpe daudenak; horietan, nahitaezkoa da aipatutako kanpoko larrialdi planak izatea.
 

 

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.

EUSKO JAURLARITZAK PAISAIAREN EKINTZA-PLANAK OSATZEKO UDALETXEEI INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKAKO SAILAREN BIDEZ EMANDAKO DIRU-LAGUNTZAK ARAUTU DITU.

LABURPENA

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako Sailak udaletxeei Paisaiaren Ekintza-planak osatzeko diru-laguntzak emateko deialdia egin du. Paisaiaren Ekintza-planak osatzea sustatzen duten udalerriei bideratutako diru-laguntzen lerroa da izan. Plan horiek paisaiaren babes-, kudeaketa- eta antolaketa-ekintzak zehaztea ahalbidetzen duten tresnak dira.

Laguntza horien onuradun izateko, udaletxeen ekinbideak honako ardatzetako bat edo gehiago izan beharko du:

  • Narriadura edo degradazioa, batez ere landa- eta hiri-gunearen arteko trantsizioko hiri-kanpoaldeko lurretan, ibaiertzetan edo industriaguneetan (itsas eta ibai fatxadak, industriaguneen eragina leuntzea, etab.).
  • Azpiegiturek eremu horietan eragindako ondorioak (komunikazio-bideek, telekomunikazioek, antenek, parke eolikoek, etab.).
  • Paisaia arraroaren edo mehatxatuaren berezitasuna, zaurgarritasuna edo adierazgarritasuna (hiri-silueta, mendi-gailur lerroa, behatoki diskordanteak).
  • Herritarren begien bistan dauden guneak (lurraldearen goialdeak, atzeko planoak).
  • Eremu funtzionalaren ezaugarri funtsezkoak (sinboloak, irudi adierazgarriak, berariazko nortasun-elementuak).

Xedatutako zenbatekoa 280.000 eurokoa da. Aginduak Paisaiaren Ekintza-planak idazteko jardueraren % 90 diruz laguntzea aurreikusten du, plan bakoitzari gehienez 30.000 emanez.
 

 

AGINDUA, GARAPEN JASANGARRIA SUSTATZEKO EKINTZAK GAUZATZEN DITUZTEN UDALEI, MANKOMUNITATEEI, BESTE TOKI-ENTITATE BATZUEI, TOKI-ERAKUNDE AUTONOMOEI, TOKIKO GARAPEN-AGENTZIEI ETA TOKIKO MERKATARITZA-SOZIETATEEI DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO MODUA ARAUTZEN DUENA.

LABURPENA

GARAPEN JASANGARRIAREN TOKIKO SUSTAPENERAKO 1,8 MILIOI EURO EMANGO DITU EUSKO JAURLARITZAK, UDAL-EKINBIDEA ETA 2011-2014 ALDIRAKO III. INGURUMEN ESPARRU PROGRAMA BAT ETOR DAITEZEN

Eusko Jaurlaritzak garapen jasangarria sustatu, eta udal-ekinbidea 2011-2014 aldirako III. Ingurumen Esparru Programan ezarritako lehentasunekin lerrokatzen duten Udaletxeei, Mankomunitateei, Tokiko Erakundeei, Tokiko Erakunde Autonomoei, Tokiko Garapen Agentziei eta Tokiko Merkataritza Sozietateei, guztira, 1,8 milioi emango dizkie diru-laguntzatan.

Ana Oregi sailburuak zehaztu duenez, gisa honetako jarduerak lagunduko dira diruz: lurzoru kutsatuen gaineko jarduerak, tokiko jabetza publikoko lurzoruaren kalitatea berreskuratzeko eta ikerketa-lanetarako; atmosferari loturiko jarduerak, eguratsaren kalitatea hobetzeko, zarata murrizteko eta berotegi efektuko gas-isuriak eta klima aldaketak EAEn dituen eraginak murrizteko; biodibertsitatearen arlokoak, EAEko dibertsitate biologikoa kontserbatzeko, leheneratzeko edo hobetzeko; eta Tokiko Agenda 21eri loturiko jarduerak, Tokiko Agenda 21 eta Eskola Agenda 21 koordinatzeko.

Orotara, 1.810.000 euro xedatuko dira, honela banakatuta: Lurzoru kutsatuak (550.000 euro); atmosfera (550.000); biodibertsitatea (550.000 euro); eta Eskola Agenda 21 (160.000 euro).
 

 


Euskadi, auzolana