2014/05/06 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.
Agindua, Euskadiko Turismo Sariak arautzen dituena.
INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.
Lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko legearen Proiektua.
EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.

AGINDUA, EUSKADIKO TURISMO SARIAK ARAUTZEN DITUENA.

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZAK TURISMO SARIAK ARAUTU DITU IREKI ETA PARTE-HARTZAILEAGOAK IZAN DAITEZEN

Jaurlaritzak aldatu egin ditu Euskal turismoko sariak urtero emateko erabilitako oinarriak. Sari horien bitartez euskal turismo-enpresen berrikuntza eta lehiakortasuna zein Euskadiko turismo-proiekzioari egindako ekarpena aitortzen ditu Jaurlaritzak, bai eta enpresa- eta lan-ibilbideagatik gure turismo-garapena lagundu duten pertsonak ere.

Epaimahaian txandaka hartuko dute parte orain sektoreko hainbat ordezkarik, parte-hartzaileagoak izan daitezen; horrez gain, hiru jardun-esparru hauetako kategoriak ere egongo dira:
• Berrikuntza bultzatzea
• Lehiakortasuna bere jarduera-sektorean
• Lan-ibilbidea

Euskal autonomia-erkidegoko turismo-sektorearekin zerikusia duen jarduera ekonomikoren bat zuzentzen edo kudeatzen duten pertsonek, fisikoek edo juridikoek, eskuratu ahal izango dituzte agindu honen bidez deitutako sariak, bai eta euskal autonomia-erkidegoan jardun-esparrua duten udal, erakunde profesional, korporatibo edo gremioetakoek ere, dela publikoek, dela pribatuek.

Epaimahai Kalifikatzaile bat eratuko da aurkeztutako hautagai-zerrendak aztertzeko; horren osaera Merkataritza eta Turismoko sailburuordearen ebazpenaren bidez egingo den urteko deialdian jakinaraziko da. Erabakiak botoen gehiengoarekin hartuko dira.

Sari hauen jendaurreko errekonozimendua egindako lanaren saria izatea da asmoa, eta saritutako pertsonek, enpresek edo erakundeek motibaziotzat ere hartzea.
 

 

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA X. LEG.

LURZORUA KUTSATZEA SAIHESTU ETA KUTSATUTAKOA GARBITZEKO LEGEAREN PROIEKTUA.

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZAK “LURZORUA KUTSATZEA SAIHESTU ETA KUTSATUTAKOA GARBITZEKO” LEGE-PROIEKTUA ONARTU DU

• AEko ingurumenaren babesak Europak ezarritakoari jarraitzen dio; beraz, lurpeko urak babestu eta prozedurak errazten ditu.

Eusko Jaurlaritzak “lurzorua kutsatzea saihestu eta kutsatutakoa garbitzeko” lege-proiektua onartu du. Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregiren esanetan, haren helburua da “Administrazioaren esku-hartzea murriztea eta hura erraztea “tutoretzarik ez izatearen” printzipioarekin, betiere ingurumen kalitatearen estandarrak mantenduz”. Lege berria, zeina Eusko Legebiltzarrera bidaliko baita eztabaidatu eta behin betiko onar dadin, Hondakinei eta Kutsatutako Lurzoruei buruzko 22/2011 Legearen printzipioei egokitzen zaie eta beste sektore-araudi batzuetako ekarpenak ere jasotzen ditu; esate baterako, Ingurumen Erantzukizunari buruzkoa, edo Industriako Isurketei buruzko Erregelamendua, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legea garatzen duena. Gainera, tasen sistema bat ezartzen du.

Oregi sailburuaren arabera, “lege-proiektuak dakarren berritasuna da, besteak beste, lurzorua kutsa dezaketen jarduerak sailkatzen dituela kutsatzeko ahalmenaren arabera, eta horren araberako betebeharrak finkatzen dituela. Horrenbestez, bi prozedura desberdin ezartzen dira: lurzoruaren kalitatearen adierazpena eta lurzoruaren erabilera-gaitasunaren adierazpena, salbuespenerako aukerak ahaztu gabe”.

“Legeak aurreikuspen berriak ezartzen ditu hondakinak botatzeko jarduerak egin izan diren lekuetarako, arreta handiagoa jartzen du lurzoruaren kutsaduraren eragina jaso lezakeen ura babesten, eta egitura berri bat ezartzen du, eduki berriei koherentzia emateko”, erantsi du Ana Oregik.

Hala, “inola ere ez da emango lekua etxebizitzetarako edo hiri-erabilerarako gai dela adierazten duen ebazpenik, hondakin arriskutsuak edo, hiri-hondakinen kasuan bezala, gasak edo geoteknia-arazoak sor ditzaketen hondakinak uzteko jarduera bat egon denean”, azpimarratu du Ana Oregik legearen artikuluei erreparatuta.

Bi prozedura, eta salbuespenerako aukera

Eusko Jaurlaritzak gaur onartutako lege-proiektuan, orain arte kalitatearen adierazpenerako erabiltzen zen prozeduraz gainera, lurzorua industria erabilerarako bakarrik gai dela adierazteko prozedura ere jaso da.

Lurzoruaren kalitatearen adierazpena egiteko prozedurari dagokionez, garrantzi berezia dute erabilera-aldaketaren inguruan egin diren aldaketek; izan ere, lege-proiektuak aurreikusten du adierazpenak eman behar direla antolamendu xehakatua edo horren aldaketa jasotzen duten hirigintza-tresnak behin betiko onartu baino lehen, eta, ahal dela, kasuan kasuko prozeduraren hasierako faseetan.

Baldin eta ikerketak egitea eragozten duen inguruabarrik badago, antolamendu-tresnari behin betiko onarpena emango zaio lurzoruaren kalitatearen adierazpenik gabe. Kasu horretan, Urbanizazioko Jarduketa Programaren hasierako onarpena baino lehen eman beharko da, edo, bestela, lekua dagoen kudeaketa-esparruaren birpartzelazio- eta urbanizazio-proiektuen hasierako onarpena baino lehen.

Gaitasuna adierazteko prozedura, berriz, aplikagarria izango da soil-soilik lurzorua kutsatzeko ahalmen ertaina duten jarduera eta instalazioen kasuan, eta lurzoruaren egoerari buruzko txostena aurkeztu beharko da, baimendutako entitate batek egina.

Ebazpena emateko epea hiru hilabetekoa izango da, eta lurzoruetarako aurreikusitako jarduerak egitea gaitzen duten eskumenak, lizentziak eta baimenak eman ahalko dira, epe horretan berariazko ebazpenik eman ez bada.

Salbuespentzat joko da industria-jarduera bat martxan jarri edo bertan behera uztea, baldin eta lurzorua gutxi kutsa dezakeen jardueratzat sailkatuta badago.

Berdin gertatuko da leku baten zati bat okupatzen denean, komunikazio-azpiegituretarako zutabeak eraikitzeko lur-mugimenduen ondorioz edo argia, ura, gasa zein telekomunikazioak bezalako zerbitzu orokorrak jartzearen ondorioz. Baita lurzorua kutsa dezakeen jarduera edo instalazio bat handitzean, handitu nahi den jarduerak hartzen duen lursailaren mugen barruan egiten denean ere.

Halaber, ingurumeneko organoak ondoko salbuespen hauek eman ditzake: jarduera edo instalazioa edo jardueren aldizkako instalazioak partzialki uzten direnean; aurrez lurzoruaren kalitatearen adierazpen bat dagoenean eta haren baliozkotasunari buruz kontsultatzen denean; edo kutsadura-zantzuak detektatu direnean eta, kasu horretan, presazko arrazoiak direla-eta gomendagarri denean berehala oneratze-neurriak hartzea.

Lege berriak betebehar batzuk aurreikusten ditu hondeatze-kasuetan, arduradunak hondeatutako materialak zuzen berrerabili edo kudeatzearen ondoriozko salbuespenen kasuetarako, betiere haiek aurrez karakterizatuta. Ingurumen-organoari aurrez arloari eta bolumenari buruzko komunikazio bat igorri beharko zaio, bai eta aurrera eramango diren jarduketak egiaztatzeko azken txosten bat ere. Ez da Administrazioaren berariazko ebazpenik beharko.

Oneratzeko neurriak

Lege berriak arduradunen lehentasun ordena aldatzen du: eragilea eta modu subsidiarioan, jabeak eta edukitzaileak, hurrenkera horretan. Lurzoruaren erabilera berri baten ondorio diren oneratzeko neurriak, kutsadura gertatu zen unean existitzen zen erabilerari lotutako kalitate handiagoko mailak exijitzen dutenak, ezin izango zaizkio exijitu haren eragileari. Kasu horretan, erabilera berriaren sustatzailea izango da oneratzeko neurri horiek hartu beharko dituena.

Lurzorua oneratzeko neurriak ezartzean, ez da baztertuko hondakinen gaian indarrean dagoen araudi sektorialaren aplikazioa. Ingurumen-organoak leku horretan detektatu diren hondakinak zuzen kendu eta kudeatzeko eskakizuna egitea ekar dezake araudi horrek: bereziki, hondakin arriskutsuei dagokienez.

Lurzoruak eskualdatzea

Azpimarratzekoa da, halaber, notarioek ez dutela baimenduko lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak dauden edo egon diren lurzoruen gaineko eskubideak eskuratzeko tituluak eskritura publikoan formalizatzea, eskuratzaileari egoera horren berri eman zaiola era frogagarrian egiaztatzen ez bada.

Jabetza-erregistratzaileek ere uko egingo diote lurzoru horien gaineko eskubideak eskuratzeko tituluak inskribatzeari, eskuratzaileari jakinarazpena helarazi zaiola behar bezala egiaztatu ezean.

Kautelazko neurriak

Administrazioak, presazko eta salbuespenezko arrazoiak direla-eta, kautelazko neurri batzuk ezarri ahalko ditu, aldez aurretik interesdunei entzunaldia eskainita, eta ebazpen arrazoituaren bidez ezarriko ditu neurri horiek, arduradunak nortzuk diren zehaztuta.

Beren eskumenen esparruan lurzorua kutsa dezaketen jarduera edo instalazio bat utzi edo jarri dela dakiten administrazio publikoek, berehala jakinarazi beharko diote hori ingurumen-organoari, eta organo horrek, bere aldetik, lurzoruaren kalitatearen adierazpenaren eta lurzoruaren erabilera-gaitasunaren adierazpenaren prozedurak hasteko jasotzen dituen eskaeren berri emango die tokian tokiko udalei.
Zehapen araubidean hauxe izango da berrikuntza nagusia: lege mailako arau batek zehaztuko du pertsonei, horien ondasunei edo ingurumenari arriskuak sortzen edo kalte larriak eragiten zaizkiela pentsatu behar dela baldin eta arriskuen azterketan ondorioztatzen bada arrisku onartezina dagoela, eta hori oinarri hartuko da arau-hausteen tipifikazio egokirako.

Gainera, arau-hausteak eta zehapenak egokitu egin zaizkie jasotako kasu berriei, esate baterako lurzoruaren erabilera-gaitasunaren adierazpenari; ildo horretan nabarmendu behar da handitu egin dela arau-hauste oso larriengatiko isunaren gehieneko zenbatekoa, 1.500.000 eurora igo baita (lehen 1.202.000 euro ziren), eta sei urtera luzatu direla jarduerak itxi eta eten behar diren aldiak.

 Arau berriaren aplikazioaren aurreikuspenak

Ana Oregik zuzentzen duen sailak uste du 2013tik 2040ra doan aldirako 7.409 leku egongo direla lege-aurreproiektuan jasotako kasuetako batean, hain zuzen ere EAEko Administrazioak ingurumen-zerbitzuak eman beharra sortzen duen kasuetako batean.

Hartara jo da, leku guztien % 40an lurzoruaren kalitatea ikertu egin beharko dela (2.964 leku); % 40k lurzoruaren erabilera-gaitasunaren adierazpenaren prozedura beteko dute (2.964); eta, salbuespen kasuren bat babestu ahalko den lekuen kopurua lekuen guztizkoaren % 20 izango da (1.481).

Lurzoruaren Kalitatearen Administrazio Erregistroa kontsultatzeari dagokionez, gaur egun 550 eta 600 kontsulta bitarte jasotzen dira urtero Lurzoruaren Kalitatearen Administrazio Erregistroan. Kalkuluaren oinarri gisa erabiltzen da urtero 550 kontsulta jasotzea; horrenbestez, 2013tik 2040ra bitartean guztira 14.850 kontsulta jasoko direla kalkulatu da.

Jo da, modu kontserbadorean, 2005ean, lurzorua kutsa zezaketen jardueretatik egoera-txostena egin behar izan zuten jarduerak kontuan hartuta, haien % 10ek aldizkako txosten horiek 5 urtez behin igorri beharko dituztela.
 

 

Dokumentuak
Lekuen portzentajea