2013/06/11 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

LEHENDAKARITZA X. LEG.
EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako V. Plana garatzeko eta aplikatzeko jarraipena - IX Legegintzalldiaren Jarraibideak (2010 eta 2011 urteak).- Euskadiko emakumeen eta gizonen egoerari buruzko zifrak (2012 urtea).
Erabakia, "X. legegintzaldirako (2013-2016), Jaurlaritzaren plan estrategikoen egutegia" onartzen duena.
Erabakia, berariazko identitate-ikur bat onartzen duena, Eusko Jaurlaritzaren publizitate-kanpaina eta dibulgazio-jarduera guztietan aplikatzeko.
Dekretua, Aholku Batzordearena, publizitatea eta komunikazioa modu sexistan ez erabiltzeko / BEGIRA.
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.
Erabakia, Eusko Abertzalea legebiltzar-taldeak aurkeztutako urriaren 25a Día del País Vasco-Euskadiko Eguna izendatzeari buruzko apirilaren 22ko 2/2010 Legea indargabetzekoari buruzko Lege-proposamena aintzat hartzeari buruz Jaurlaritzak duen iritzia jakinarazteko.
Erabakia, Euskal Sozialistak legebiltzar-taldeak aurkeztutako etxebizitzari buruzko Lege-proposamena aintzat hartzeari buruz Jaurlaritzak duen iritzia jakinarazteko.
EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.
Ebazpena, Merkataritzako zuzendariarena, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2011ko martxoaren 16ko Aginduaren bidez araututa dauden Euskal Merkataritzako Sarien 2013ko ekitaldirako deialdia egiteko dena.
Ebazpena, 2013ko ekainaren 12koa, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordearena, 2013ko ekitaldiari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekluster sektorialtzat jotzen diren enpresa-elkarteei laguntzak emateko deialdi publikoa egiten duena.
OGASUN ETA FINANTZA SAILA X. LEG.
Euskal Autonomia Erkidegoaren 2014. Ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak egiteko Jarraibide Ekonomikoak onartu ditu Jaurlaritzak.
Dekretua, baimena ematen duena Euskadiko Zor Publikoaren jaulkipen bat edo hainbat egiteko, edo edozein modutan zorpetzeko, gehienez ere 231.275.000 euroko kopuruan.
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
Agindua, museoak sustatzeko eta kultur ondarearekin eta zabalkundearekin zerikusia duten museo-jarduerak garatzeko 2013ko diru-laguntzak emateko modua arautzen duena.
Dekretua, Gizaburuagako (Bizkaia) Errotabarri errotako presa kultura ondasun, monumentu kategoriarekin, kalifikatzeko dena.
Erabakia, 2013. urteko Auzolandegiak programa garatzeko zenbait udalekin elkarlan hitzarmena izenpetu ahal izateko baimena jasotzen dena.
Agindua, antzerkiko profesionalak prestatzeko programa eta jarduerak garatzeko 2013. urtean diru-laguntzak emateko modua arautzen duena.
Agindua, Pirinioetako Lan Elkartearen lankidetza-esparruan ikerketa-sareak eta Teknologia-Ikerketa eta -Garapeneko proiektuak garatzeko laguntzak emateko deialdia egiten duena (2013-2014).
LEHENDAKARITZA X. LEG.

EAEKO EMAKUMEEN ETA GIZONEN BERDINTASUNERAKO V. PLANA GARATZEKO ETA APLIKATZEKO JARRAIPENA - IX LEGEGINTZALLDIAREN JARRAIBIDEAK (2010 ETA 2011 URTEAK).- EUSKADIKO EMAKUMEEN ETA GIZONEN EGOERARI BURUZKO ZIFRAK (2012 URTEA).

LABURPENA

EMAKUME ETA GIZONEN ARTEKO BERDINTASUN EZAREN EREMUAK AZPIMARRATU DITU GOBERNU KONTSEILUAK

Gaur goizeko bileran, Gobernu Kontseiluak Euskadiko Emakumeen eta Gizonen Egoerari buruzko zifrak – 2012 eta EAEko emakumeen eta gizonen berdintasunerako V. Plana garatzeko eta ezartzeko, 2010-2011urteetan botere publikoek egindakoari jarraipena egiteko txostenak onartu ditu. Besteak beste, hauek dira gure herriko emakume eta gizonen egoerari buruzko txostenean azpimarratzen diren zenbait datu:

• EAEko adineko biztanleriaren gehiena emakumeak dira, baina desgaitasunik gabe bizitzeko itxaropena txikiagoa da emakumeen artean gizonen artean baino.

• Azken hamarkadetan ama izateko batez besteko adina atzeratu egin da. Autonomia-erkidego guztietatik datu altuena da.

• Lan produktiboan, bi sexuen arteko aldea asko murriztu bada ere, bien artean oraindik 13,7 puntuko aldea dago. Seme-alaba bi edo gehiago dituztenek enplegu-tasa handiena dute, sexua gorabehera; emakumeen eta gizonen arteko alde handiena ere hor gertatzen da (63,2 versus 82,6).

• 2011. urtean, kontraturik gabeko soldatako hamar lagunetik bederatzi emakumeak izan ziren (% 86,6). Era berean, lan-kontratu finkoa edo mugagabea izan duten emakumeen ehunekoa gizonena baino txikiagoa izan da, baina aldi baterako kontratudunen artean gizonak baino gehiago izan dira (% 53,7).

• Norbere kontura lan egiten duten pertsonen artean % 33 emakumeak izan dira, eta % 67, gizonak. Antzeko zerbait gertatu da enplegu-emaileekin eta enpresaburuekin.

• Azken urteotako batez besteko errenta pertsonalaren bilakaera aztertzen badugu, argi ikusiko dugu askoz txikiagoa izan dela emakumeena gizonena baino (11.000 euro inguru gutxiago).

• Emakumeen eta gizonen arteko soldata-ezberdintasuna kategoria guztietan ikusten da, eta areagotu egiten da zuzendaritza- eta kudeatzailetza-lanpostuetan, baita langile profesional-teknikoen artean ere.

• EAEko gizartearen gehiengo handi batek (% 96,5) berdintasuna defendatzen du, bai etxeko lanetan, bai haurren zaintzan. Baina gizonek etxeko lanetan eta zaintzan zeregin aktiboa izateko bultzada hori ez dator bat benetan gertatzen denarekin. Lehen urteetako zaintzari dagokionez adibidez, amatasun-prestazioa hartu duten gizonen kopurua bitxikeria estatistiko moduan hartzen da: gehienez, gizonen % 5ek hartu zuen.

• Emakumeek, batez beste, gizonek baino bi ordu baino gehiago ematen dituzte etxeko lanak egiten; gizonek, aldiz, emakumeek baino ordubete inguru gehiago ematen dute lan produktiboan eta prestakuntzan, eta aisialdi gehiago dute, egunean ordubete gehiago.

• Azken 15 urteetan, emakumeek ez dute seme-alabak zaintzeko denbora gutxitu; aitzitik, 8 minutu gehiago eman dituzte zeregin horretan (gizonek 7 minutu). Eta gauza bera gertatzen da helduen zaintzarekin, 1993. urtean baino 4 minutu gehiago ematen dute zaintza-lan horietan (gizonek 2 minutu gehiago).

• Bizitza sozialari dagokionez, emakumeek, batez beste, gizonek baino 10 minutu gutxiago dituzte egunean harrerak eta irteerak egiteko.

• Euskadin, etxeko produkzio zenbatu gabea BPGd-ren % 28,7 da. Emakumeek produkzio horren % 72 inguru garatzen dute, eta gizonek, % 28.

• Oro har, emakumeak gehiengoa diren ikasketak sozialki feminizazioarekin lotutako elementuekin eta rolekin lotuta daude, hots, hezkuntzarekin edota zaintzarekin loturiko hainbat alderdiekin, hala nola fisikoarekin, emozioekin, nutrizioarekin edota gizartearekin. Badirudi beste pertsonekin harremanak izateko joera horrekin gradu batzuk feminizatu egin direla; bestetik, ikasle gehienak mutilak diren graduak –tradizioz gizonezkoenak izan direnak- enpresari, industriari eta tresneriari daude lotuta.

• Eskola-errendimenduari dagokionez, 2010-2011 ikasturtean lehen eta bigarren hezkuntza errepikatu behar izan duten ikasleen artean, mutilak neskak baino gehiago izan dira aztertutako etapa guztietan. Gainera, mailaz igo ziren nesken ehunekoa mutilena baino handiagoa izan da kasu guztietan.

• Azken hamarkada honetan murriztu egin dira ospitaleko egonaldien kopurua eta egonaldi horien iraupena; beraz, pertsonak erabat sendatzeko kostua ospitaleaz kanpoko esparrura eraman da. Inguruabar horrek eragin garrantzitsua izan du gaixoengan, baina haien inguruan ere bai, eta, bereziki, emakumeengan, gehienetan zaintza-lanen ardura emakumeek hartzen dutelako.

• Ohitura osasungarrien artean, emakumeek gizonek baino 11 minutu gutxiago egiten dute kirola, egunean, eta 13 minutu gutxiago izaten dute pasierak eta ibilaldiak egiteko.

• Ugalkortasun-osasunari eta erabakiak hartzeari dagokienez, 2010. urtean zehar Haurdunaldiaren Borondatezko 3.947 Etendura (HBE) egin ziren: 3.266, Euskadiko emakumeek, eta 681, beste autonomia-erkidego batzuetako emakumeek. Guztira, EAEko 3.388 emakumek egin zuten HBE urte horretan, HBE beste erkidego batean egin zuten emakumeak ere kontuan hartuta.

• 15 urtetik 44 urtera bitartean HBE egin duten emakumeen kopuru absolutuen eta tasaren bilakaerak erakusten duenez, oro har joera gorakoa izan da azken urteotan. 1993. urteaz gero, tasa hirukoiztu egin da, eta 2010. urtean, azken hamar urte horietako kopuru eta tasarik altuenak izan dira.

• Pobreziaren feminizatzen ari da, gero eta gehiago, eta, ondorioz, emakumeak ari dira gizarte-zerbitzuen erabiltzaile eta onuradun nagusi bilakatzen. Familiako pertsona nagusi diren emakumeen arrisku-tasa antzeko egoeran dauden gizonena halako bi baino gehiago da (8,2 versus 3,3, hurrenez hurren).

• Azken hamarkadetan, emakumeek gero eta presentzia handiagoa izan dute esparru publikoan, eta parte-hartze eta eragin sozio-politiko handiagoa dute. Hala ere, oraindik ere luzea da esparru askotan parekotasuna lortzeko bidea, batez ere erantzukizun eta botere handieneko lanpostuetara hurbildu ahala.Udaletan, adibidez, azken hamarkadetan gero eta emakumezko zinegotzi gehiago egon da udaletan, etengabe gehitu da horien kopurua. 2011ko maiatzeko udal hauteskundeen ostean, emakumezko zinegotzien kopurua lehenengo aldiz milatik gorakoa izan zen, eta maximo historikoa lortu zuen (% 38,7).

• Genero-indarkeria dela eta, 2011. urtean 4.858 biktimizazio erregistratu ziren (biktimak: 3.829), hau da, aurreko urtean baino gehiago (4.285 biktimizazio). Azken urteotako joera orokorra biktimizazioen kopuruak gora egitea da, 2009-2010 aldian izan ezik.

• Biktima gehienak 31 urtetik eta 40ra bitarteko emakumeak dira. Esanguratsua da salaketaren edo atestatuaren garaian 18 eta 30 urte bitarteko adin-taldean dagoen emakume kopurua: % 28,6.

• 2011n EAEn emakumeen % 18k esan du indarkeria ondorioztatu edo tekniko gisa planteatutako egoeretako bat bizi izan duela, maiztasunez edota noizbehinka, azken urtean; ildo beretik, 10etik 3k, noizbait pairatu duela esan du.

• Lanean dauden emakumeen % 7k azken urtean maiz jasan du indarkeria, lan-eremuan; eta % 20k esan du gutxienez behin jasan duela.

• Emakumeen Aurkako Indarkeriaren ondorioz, 2010etik 2011ra artean, Euskadin 29 emakume hil zituzten genero-indarkeriagatik (bi, azken urtean); biktimek 45 urte zituzten, batez beste.

• Pertsona gehienek (% 82,2) uste dute Euskadin genero-indarkeria dela gizartearen arazoen artean handienetakoa. Arazo hau larria dela uste dutenen artean, emakumeak gizonak baino gehiago dira.

 

 

 

ERABAKIA, "X. LEGEGINTZALDIRAKO (2013-2016), JAURLARITZAREN PLAN ESTRATEGIKOEN EGUTEGIA" ONARTZEN DUENA.

LABURPENA

JAURLARITZAK LEGEGINTZALDI HONETARAKO PLAN ESTRATEGIKOEN PROGRAMA ONARTU DU

Gobernu Kontseiluak legegintzaldi honetarako Plan Estrategikoen Programa onartu du. Bertan, Jaurlaritzaren hurrengo lau urteetarako ekintza-ildoak daude zehaztuta.

Programak orotara hamalau plan biltzen ditu, eta horien inguruan antolatuko eta artikulatuko dituzte Jaurlaritzak aurreikusitako politika publiko gehientsuenak. Politika horiek lehendakariak apirilean aurkeztu zuen Gobernu Programan daude jasota, eta hiru ardatz dituzte: hazkunde jasangarria eta giza garapena, bakea eta bizikidetza, eta autogobernua.

Planon arteko harremanari esker, Jaurlaritzaren aburuz lehentasuna daukaten jarduera-ildoak identifikatuko dira. Horren helburua hauxe da: ahaleginak legegintzaldi honetarako hartutako konpromisoen arabera bideratzea, baita gizartearen kezka larrienen arabera ere.

Jaurlaritzaren iritzian, hamalau plan horiek dute lehentasuna, estrategikoak diren aldetik. Sail guztien arteko koordinazioa eskatzen dute, bai eta segimendu, kontraste eta ebaluazio maila handia ere.

Hamalau plan horiez gain, Jaurlaritzak sailez saileko edota sektorez sektoreko beste 30 plan ere ipiniko ditu abian: txikizkako merkatarien plana, nekazaritza sektoreko plan integrala, garraio jasangarriaren plana, immigrazio-plana, kultura arteko herritartasuna eta bizikidetza, familia-plana, gazte-plana edota garapenerako lankidetza-plana, konparazio batera.
 

Gaur onartu dutenarekin bat, hauxe da 2013-2016 aldirako Jaurlaritzaren plan estrategikoen egutegia:

 

Plan Estrategikoak Plangintza egiteko aurreikusi den epea Saila
  2013. urtea 2014. urtea  
BAKEA ETA BIZIKIDETZA
1.- Bakea eta Bizikidetza Plana     Lehendakaritza
ENPLEGUA ETA HAZKUNDE IRAUNKORRA
2.- Enplegua berriz suspertzeko Programa     Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila
3.- Industrializazio Plana     Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila
4.- Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana     Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila, eta Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
5.- Euskadi Nazioartekotzeko Plan Estrategikoa     Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saila eta Lehendakaritza
6.- IV. Ingurumen Esparru Programa     Ingurumen eta Lurralde Politika Saila
7.- Euskadiko Berrikuntza Publikoko Estrategia     Herri Administrazio eta Justizia Saila
GIZA GARAPENA
8.- EAEko Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako VI. Plana     Lehendakaritza
9.- Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoa     Enplegu eta Gizarte Gaietako Saila
10.- Unibertsitate Plana     Hezkuntza,Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
11.- Euskadiko Lanbide Heziketako IV. Plana     Hezkuntza,Hizkuntza Politika eta Kultura Saila
12.- Segurtasuneko Plan Estrategikoa     Segurtasun Saila
13.- Osasun Plana     Osasun Saila
14.- Euskararen Agenda Estrategikoa     Hezkuntza,Hizkuntza Politika eta Kultura Saila

 

 

 

ERABAKIA, BERARIAZKO IDENTITATE-IKUR BAT ONARTZEN DUENA, EUSKO JAURLARITZAREN PUBLIZITATE-KANPAINA ETA DIBULGAZIO-JARDUERA GUZTIETAN APLIKATZEKO.

LABURPENA

JAURLARITZAREN KONTSEILUAK BERARIAZKO NORTASUN-IKURRA ONARTU DU EUSKO JAURLARITZAREN PUBLIZITATE KANPAINETARAKO

Jaurlaritzaren Kontseiluak berariazko nortasun-ikurra onartu du bere publizitate kanpaina eta zabalkunde jarduera guztietan erabiltzeko. Ikur hori mezu bateratzaile edo “ikurritz” bat da —“COMPROMISO CON LAS PERSONAS-PERTSONA HELBURU”, hain zuzen— eta Eusko Jaurlaritzaren erakunde markaren goialdean txertatuko da.

Eusko Jaurlaritzaren zabalkunde irudiari lotutako ikurritz horrek agerikotasuna eman nahi die pertsonei, Gobernu Programan jasotako konpromisoarekin bat etorriz: pertsonak dira jardueraren ardatz. Pertsonak, herritar bereziak, Jaurlaritzak proiektatu eta ezartzen dituen politiken hartzaile gisa.

Eguneratze honen xedea da, alde batetik, Jaurlaritzaren jardueren baterako irudia eskaintzea herritarrei, eta bestetik, mezu bateratzaile baten bitartez sektoreetako publizitate kanpainen eraginkortasuna sendotzea. Bat dator, bestalde, Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Nortasunaren Eskuliburuan jasotako aginduekin. Agindu horien arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailek eta bere administrazio-unitateek, zein diren ezagutarazteko, erakunde nortasunaren eskuliburuan bildutako elementuak, eta ez besterik, erabiliko dituzte jendaurreko komunikazio-agerraldi guztietan, eskuliburuan jasotako zehaztapen teknikoekin eta erabilera-irizpideekin bat etorriz.
 

 

 

DEKRETUA, AHOLKU BATZORDEARENA, PUBLIZITATEA ETA KOMUNIKAZIOA MODU SEXISTAN EZ ERABILTZEKO / BEGIRA.

LABURPENA

BEGIRA SORTU DA, PUBLIZITATEA ETA KOMUNIKAZIOA MODU EZ-SEXISTAN ERABILTZEO AHOLKU BATZORDE BERRIA

Eusko Jaurlaritzak publizitatea eta komunikazioa modu ez-sexistan erabiltzeko aholku batzorde berria –Begira– sortzeko hala nola zereginak, osaketa eta funtzionamendua arautzeko dekretua onartu du, Emakume eta Gizonen Berdintasunerako 2005eko 4/2005 Legearen arabera.

Dekretu honen bitartez (indarrean dagoen 78/1998 dekretua indargabetzen du), aholku-emaile eta topaleku izango den aipatutako erakunde espezializatua lege esparru berrira egokitu nahi da. Erakunde hori aholkuak emateaz eta komunikabideetako publizitatea eta publizitate-euskarriak aztertzeaz arduratuko da. Berritasun gisa, aurrekoa ez bezala, batzorde berri hau komunikabideek zabaltzen dituzten informaziozko eta entretenimenduzko edukiez ere arduratuko da, komunikabide horiek publikoak edo pribatuak izan. Era berean, batzordeari izen berria eta bere zereginei dagozkien eskuduntzak emango zaizkio.

Begira/Berdintasuna Garatzeko Iragarkien Aholkularitza Emakunderi (Emakumearen Euskal Erakundea) atxikitako kide anitzeko organo bat da, eta bere lana komunikabideek zabaltzen dituzten edukiei buruzko kode etikoen existentzia zaintzea da, baita komunikazioa berdintasun printzipiora egokitzen lagunduko duten komunikabide pribatuekiko akordioak bultzatzea ere.

Dekretuaren aplikazio-eremuan, publizitatearen eta komunikazioaren arloetan diharduten pertsona fisiko eta juridikoak sartzen dira, betiere Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza dutenak, baita Euskadiko publizitate-euskarri eta publizitate-bideak edo haien Euskadiko ordezkaritzak ere.

Begirako presidentea Emakundeko idazkari nagusia izango da eta presidentetzan ondoko batzordekideak egongo dira: 4 Eusko Jaurlaritzaren izenean, 1 EITBren izenean, 2 EHUren izenean, 3 Emakunderen izenean eta, azkenik, Euskadiko Kontsumitzaile Elkarteek izendatutako 1. Aipatutako karguek 4 urteko iraupena izango dute, gehi berrautatuak izateko aukera. Batzordearen osaketan, gaitasun, konpetentzia eta prestakuntza egokia daukaten emakume eta gizonen presentzia orekatua bultzatuko da.

Erakundearen zereginetako bat urteko txosten bat egitea eta Eusko Legebiltzarrari aurkeztea da.
 

 

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.

ERABAKIA, EUSKO ABERTZALEA LEGEBILTZAR-TALDEAK AURKEZTUTAKO URRIAREN 25A DÍA DEL PAÍS VASCO-EUSKADIKO EGUNA IZENDATZEARI BURUZKO APIRILAREN 22KO 2/2010 LEGEA INDARGABETZEKOARI BURUZKO LEGE-PROPOSAMENA AINTZAT HARTZEARI BURUZ JAURLARITZAK DUEN IRITZIA JAKINARAZTEKO.

LABURPENA

JAURLARITZAK EUSKADIKO EGUNA INDARGABETZEN DUEN LEGE PROPOSAMENAREN ALDEKO IRIZPIDEA AGERTU DU

«Gizartearen gehiengoak partekatutako jai-izaera ezaugarri izan duen eguna izan beharrean, banaketa eta eztabaida politiko eta soziala eragin du», iritzi dio

Gobernu Batzordeak Euzko Abertzaleak azaldutako lege-proposamena aintzat hartzea onartu du gaur; urriaren 25a Día del País Vasco-Euskadiko Eguna izendatzeari buruzko apirilaren 22ko 2/2010 Legea indargabetzekoa da, zehazki.

Indargabetzeko proposamenaren alde agertu da Jaurlaritza; izan ere, zioen azalpenean adierazitako moduan, «egun hori Euskadiko eguna ospatzeko aukeratzea adostasunik gabe eta Euskal Autonomia Erkidegoko gizartearen gehiengoaren babesa eduki gabe egin zen».

Horretaz gain, Jaurlaritzak egiaztatu du «gizartearen gehiengoak partekatutako jai-izaera ezaugarri izan duen eguna izan beharrean, banaketa eta eztabaida politiko eta soziala eragin» duela.

Azkenok, Gobernu Batzordeak onartutako testuak hauxe ere ere badio: «agerikoa da uneotan ez dagoela ordezko data bat Euskadiko Eguna izendatzeko behar beste atxikimendu biltzen dituenik».
 

 

ERABAKIA, EUSKAL SOZIALISTAK LEGEBILTZAR-TALDEAK AURKEZTUTAKO ETXEBIZITZARI BURUZKO LEGE-PROPOSAMENA AINTZAT HARTZEARI BURUZ JAURLARITZAK DUEN IRITZIA JAKINARAZTEKO.

LABURPENA

ETXEBIZITZARI BURUZKO EUSKAL SOZIALISTEN LEGE PROPOSAMENAREN AURKAKO IRIZPIDEA AGERTU DU JAURLARITZAK

Jaurlaritzaren aburuz, ekimenak «bertan esku hartzen duten eragile sozial eta instituzional guztien arteko aurretiko adostasun politiko bat eduki behar du».

Gobernu Batzordeak aurkako irizpidea agertu du gaur Euskal Sozialistak Legebiltzarreko Taldeak egindako Etxebizitzari buruzko Lege Proposamena aintzat hartzeari dagokionez.

Jaurlaritzak uste du etxebizitza-arloko erregulazio bat esku hartzen duten «eragile sozial eta instituzional guztien arteko aurretiko adostasun politiko batetik abiatu» behar dela, eta bereziki beharrezkoa dela EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteak parte hartzea.

Horretaz gain, Lege Proposamen horrek aipatzen dituen ekonomia- eta aurrekontu-baldintzak «nabarmen» aldatu dira (aurreko Jaurlaritzak lege-proposamen gisa aurkeztu zuen, eta horixe izan da Talde Sozialistak ekimena aurkezteko oinarria); hortaz, «beharrezkoa da haren bideragarritasunari buruzko beste azterketa bat egitea».

Ildo beretik, Gobernu Batzordeak onartutako testuaren iritziz ez da horretarako unea; izan ere, Etxebide eskaria aztertzen ari da benetako premiak ezagutzeko. Hala, lehen datuen arabera, alokairuaren eskaerak handitzen ari dira erosketaren aldean, Lege Proposamena egiteko oinarritzat erabilitako hipotesian baino askoz gehiago.

Azkenik, egiaztatu da Espainiako Gobernuak «Hirigintza-arloko Birgaitzeari, Biziberritzeari eta Berritzeari buruzko Lege Proiektua» egitea aurreikusten duela, eta egiazteke dago hark autonomia-araudian izango duen eragina. Halaber, Eusko Jaurlaritzak etxebizitzari buruzko Lege Aurreproiektu bat ere egin behar du Lege Proposamen honi dagokion gaia arautzeko.
 

 

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.

EBAZPENA, MERKATARITZAKO ZUZENDARIARENA, INDUSTRIA, BERRIKUNTZA, MERKATARITZA ETA TURISMOKO SAILBURUAREN 2011KO MARTXOAREN 16KO AGINDUAREN BIDEZ ARAUTUTA DAUDEN EUSKAL MERKATARITZAKO SARIEN 2013KO EKITALDIRAKO DEIALDIA EGITEKO DENA.

LABURPENA

EUSKAL MERKATARITZA SARIETARAKO 2013KO HAUTAGAITZAK AURKEZTEKO EPEA IREKI DUTE, LANKIDETZA, BERRIKUNTZA, ENPRESA-IBILBIDEA ETA INGURUEN DINAMIZAZIOA ERREKONOZITZEKO

Eusko Jaurlaritzak 2013ko Euskal Merkataritza Sarien deialdia ireki du. Euren jarduera ekonomikoa Euskal Autonomia Erkidegoan aurrera eramaten duten merkataritza-enpresen titularrak aurkez daitezke horietara, pertsona fisikoak nahiz juridikoak izanda. Hauexek dira ezarritako lau kategoriak:

  - Enpresa arteko lankidetza
  - Merkataritza-berrikuntza
  - Enpresa-ibilbidea
  - Hiri-inguruen dinamizazioa

Merkataritzako hiri-inguruen dinamizazioa izeneko kategoriaren barruan pertsona fisiko edo juridikoek nahiz elkarte-egiturek sustatutako proiektuak sarituko dira, beren aldaera guztietan.

Irabazleek aintzatespen publikoa eta instituzionala jasoko dute, bai eta eskultura bat ere. Hautagaitzak ekainaren 21etik uztailaren 20ra bitartean aurkeztu daitezke, Eusko Jaurlaritzako Merkataritzako Lurralde Ordezkaritzetan edo Merkataritza Zuzendaritzan.

Hautagaitzak aztertzeko, kalifikazio-epaimahaia eratuko da. Eusko Jaurlaritzaz gain, Euskalit, Euskomer, Eusko Ganberak, Euskal Dendak eta Euskadiko Hiri Merkataritzako Plataformak ordezkatuta egongo dira bertan.
 

 

EBAZPENA, 2013KO EKAINAREN 12KOA, TEKNOLOGIA, BERRIKUNTZA ETA LEHIAKORTASUNEKO SAILBURUORDEARENA, 2013KO EKITALDIARI DAGOKIONEZ, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO AURREKLUSTER SEKTORIALTZAT JOTZEN DIREN ENPRESA-ELKARTEEI LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDI PUBLIKOA EGITEN DUENA.

LABURPENA

PRECLUSTERRENTZAKO LAGUNTZAK: 900.000 EURO LEHIAKORTASUNA HANDITZEKO ENPRESA ARTEKO LANKIDETZAREN BIDEZ

Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko precluster sektorial gisa hartutako enpresa-elkarteentzako laguntza-programa onartu du 2013rako. Guztira 900.000 euro bideratuko ditu horretara.

Preclusterrak enpresa-elkarteak dira, eta beren helburua sektore jakin batean lehiakortasuna handitzea da enpresen arteko lankidetzaren bidez. Egun, sektore hauetan ditugu preclusterrak: galdaketa, estanpazio bidezko forja, siderurgia, eskuko erremintak, eraikuntza, biozientziak, mugikortasuna eta logistika, elikagaien industria, altzarien industria, hizkuntzen industria eta trenbideetako materialaren industria. Asmoa balorazio-irizpideen bitartez precluster sektorial berriak aukeratzea da.

Laguntzen bidez, preclusterraren barneko gastuen % 60 eta kanpoko gastuen % 50 finantzatuko dira, onartutako urteko ekintza-planean ezarritakoari jarraiki; elkarte bakoitzak gehienez 120.000 euro jaso ahal izango ditu.

Diru-laguntzak ez dira itzulgarriak, eta Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak ezarritako lankidetza-hitzarmenaren bidez antolatzen dira, Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzaren bidez. Eskatzeko epea ekainaren 19an hasiko da, eta uztailaren 18an amaitu. Erabaki-epeak sei hilabete iraungo du.
 

 

OGASUN ETA FINANTZA SAILA X. LEG.

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAREN 2014. EKITALDIRAKO AURREKONTU OROKORRAK EGITEKO JARRAIBIDE EKONOMIKOAK ONARTU DITU JAURLARITZAK.

Erabakia, Euskal Autonomia Erkidegoko 2014. urterako Aurrekontu Orokorrak egiteko Jarraibide Ekonomikoak onartzen dira, eta sail guztietako titularrei agintzen zaie sail hauei atxikitako erakundeei horren berri eta Ogasun eta Finantza Sailak prestatutako Jarraibide Teknikoen berri eman diezaietela.

LABURPENA

Gobernu Kontseiluak gaur onartu ditu Euskal Autonomia Erkidegoaren 2014. ekitaldirako Aurrekontu Orokorrak egiteko Jarraibide Ekonomikoak.

2014. urterako Aurrekontu Proiektua egiteko Jarraibide Ekonomikoen aurkezpenak atarikoa eta lau atal nagusi ditu. Atarikoan, jarraibide ekonomikoen garrantzia aztertzen da, planak eta aurrekontuak kate estrategikoan garrantzi bizia duten aldetik. Lehendabiziko atalak Jaurlaritzaren ekintza zer ingurutan garatzen den aztertzen du, 2014ko politikak eta aurrekontuak baldintzatuko baitituzte. Atal horren barruan, Euskadik 2013-2015 aldian izango duen testuinguru makroekonomikoa zehaztuko dute, eta, ondoren, aurrekontu-egonkortasunaren inplikazioei helduko diete. Bigarren atalean, Jaurlaritzaren ekintzaren helburu estrategikoak azalduko dira, eremuz eremu. Hirugarren atalak fiskalitateari egiten dio erreferentzia, politika ekonomikorako erreminta gisa. Azkenik, laugarrenean, 2014. ekitaldirako Kontuak lantzeko Aurrekontu Jarraibide zehatzak zehazten dira.
 

1.- Euskadiren 2013-2015erako agertoki makroekonomikoa

Munduko aurreikuspen ekonomikoek jardueraren susperraldia adierazten dute, baina egoera ekonomikoak azken hilabeteetan izan duen pixkanakako narriadura behar bezala islatzen da erakundeek gertuko etorkizunerako hazkunde-itxaropenei dagokienez formulatu dituzten ondoz ondoko beheranzko aurreikuspenetan.

Izan ere, bilakaera ekonomikoan berreskuratze hori nahastu dezaketen hainbat arrisku daude, eurogunearen bilakaerari eta Estatu Batuen nahiz Japoniaren zerga-defizit eta zorpetze maila altuei dagokienez batez ere.

Testuinguru horretan, suspertzen ari diren ekonomiak izango dira, berriz ere, munduko hazkundea nagusituko dutenak; ekonomia aurreratuak, ordea, baita Eurogunekoak ere, 2013. urteko bigarren erdialdetik aurrera berreskuratzen hasiko dira, berreskuratze hori oraindik oso txikia izan arren.

Gure ekonomia agertoki horretan kokatuko da; izan ere, une honetan beste garai atzerakor bat zeharkatzen ari gara, bigarrena lau urtetan, 2009koa bezain sakona ez izan arren.

Euskal Autonomia Erkidegoaren 2013. urterako aurreikuspenen arabera, jarduera ekonomikoak lehengo urtean izan zuen intentsitate bereko beste beherakada bat jasango du (-% 1,2ko BPGaren urte arteko aldaketa); bestalde, 2014tik aurrera hazkunde positiboa izango du (% 0,8), barne-eskaera berreskuratzen den neurrian.

Jardueraren hazkunde leun hori dela-eta –BPGa gutxi samar haziko dela aurreikusten da–, Jaurlaritzaren aurreikuspenetan 2015era arte atzeratzen da enpleguaren sorrera; hori dela-eta, epe ertainera ez da krisialdian suntsitutako enplegua berreskuratzea espero.

Horrela, 2013. urtean enplegua -% 2,3 eroriko da, eta beraz, 20.000 lanpostu baino gehiago suntsituko dira eta biztanleria aktiboaren % 13,7ko langabezia-tasara iritsiko gara. 2014. urterako, ordea, enpleguaren galera -% 0,7koa izango da, hau da, 6.000 lanpostu galduko dira eta langabezia-tasa % 12,7koa izango da. Baina 2015ean enplegua sortzea posible izango da, baldin eta Estatuko ekonomiak eta Europakoak aurreikusita bezala egiten badu hobera.

 2.- Aurrekontu-egonkortasunaren esparrua eta 2014ko aurrekonturako inplikazioak

2014. urteko Aurrekontuak koherentea izan behar du deskribatutako agertoki ekonomikoarekin, eta ekonomiaren hazkundean laguntzeak edo, gutxienez, haren narriadura arintzeak ezinbestekoa izan behar du haren lehentasunen artean; gainera, sektore publikoaren aurrekontu-egonkortasuna bermatu behar du.

Jarduketa-koordenatu horiek behar bezala egokitu behar dituzte zerga-kontsolidazioaren prozesua eta gure ekonomiaren hazkunde positiboa, apala izanik ere.

Dena den, aurrekontu-egonkortasunari buruzko Europako eta Estatuko erregulazio-esparru berritu horrek herri-administrazio guztien aurrekontuak baldintzatzen ditu, derrigor bete beharreko hiru eskakizun baitituzte egitura-defizitaren, zor publikoaren eta gastu-arau gehigarriaren helburu zehatzak bete ahal izateko.

Era berean, Euskadiren eta Estatuaren arteko harremanak arautzen dituen esparru arauemaile berezia hartu behar da kontuan, euskal sektore publikoak zerga- eta finantza-autonomia baitu, gure Erkidegoak eta Estatuko Administrazioak aldebiko izaerako harremana izateaz gain.

Zentzu horretan, eta Estatuarekin 2013 eta 2014. ekitaldietarako hitzarmenik gauzatu ez den arren, aurtengo defizit-helburuak ez ditu 2012an finkatutako mugak gaindituko, eta hurrengo urtean ere ez dira 2013rako finkatutakoak gaindituko.

3.- Jaurlaritzaren estrategia eta jarduteko helburuak

Gobernuaren ekintzak parametro horietan hedatu behar du, eta haren gizarte eta ekonomia arloko helburu estrategikoek pertsonen oinarrizko premien estaldura eta langabeziaren aurkako borroka bermatu behar dute.

Horrenbestez, 2014. ekitaldirako Aurrekontuetan gizarte-ongizaterako euskal sarea babesteko gastua izango da lehentasuna, osasunaren politika publikoei, gure hezkuntza-sistemaren premiak behar bezala hornitzeari eta gizarte-bazterkeriaren aurkako borroka-politikak sostengatzeari dagokionez batik bat.

Era berean, enplegua mantendu eta sortzeko neurriei emango zaie lehentasuna, esku hartzeko honako bi ildo garrantzitsu hauen bitartez: batetik, enplegu-politika aktiboen garapena, eta bestetik, euskal ekonomiaren lehiakortasuna hobetzera eta jarduera berreskuratzera xedaturiko politikekin jarraitzea edo horiek abian jartzea, horien bitartez, enplegua sortu ahal izateko.

 4.- Euskal Autonomia Erkidegoaren 2014. urterako Aurrekontu Orokorrak egiteko Aurrekontu Jarraibideak

Horrenbestez, jarraibideak prestatzeko dagokion Aurrekontu Proiektua lantzea ahalbidetuko duten oinarrizko bi printzipio hauek zaindu behar dira: Administrazioaren erantzukizuna diren izaera publikoko gizarte-politikak hornitzera xedaturiko gastuak sendotzea, baita kontzertuak, kontratu-programak eta eskubide subjektiboetan oinarritutako herritarrekiko obligazioak hornitzera xedaturik daudenak ere. Eta, bestetik, 2014rako aurreikusitako hazkunde positiboa erraztuko duten gastuak sendotzea, enplegua eta ekonomia berreskuratzeko politika antiziklikoei arreta berezia eskainiz, betiere finantza-nahikotasunaren baldintzei egokituta.

Printzipio horiek abiapuntutzat hartuta, jarraibide hauek ezarri dira 2014ko ekitaldirako Aurrekontuak prestatzeko:

Lehenengoa: Langile-gastuak

Aurrekontu-plantillek izaera murriztailea izango dute irizpide orokor gisa. Aurrekontu-plantilla ez da handituko, 2013ko abenduaren 31n dauden lanpostuen guztizko agregatuarekin alderatuta.

Euskal sektore publikoaren zerbitzura dauden langileen ordainsariak negoziazio kolektiboko prozesutik ondorioztatuko dira; dena den, horiei 2014. ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren Legean zehazten diren gehienezko mugak aplikatuko zaizkie.

Bigarrena: Funtzionamenduko gastuak eta transferentzia arruntak

Euskal Autonomia Erkidegoko Departamenduek, Erakunde Autonomoek eta Sektore Publikoko gainerako Entitateek funtsezko zerbitzu publikoen funtzionamendua mantenduko duten jarduketen gastua izango dute lehentasunen artean.

Hirugarrena: Inbertsio publikoa

Aurreko ekitaldietatik eratorritako obligazioei aurre egiteaz gain, inbertsio publikoari dagozkion kapituluetako gastuak oinarrizko zerbitzu publikoen eskaintza sendotzera xedatuko dira, baita gure ekonomia berreskuratzera eta enplegua mantendu edo sortzera ere.

Laugarrena: Finantza-gastuak eta finantza-pasiboen txikiagotzea

Zor Publikoaren interesen eta amortizazioaren aurrekontua zenbatetsitako kostuaren arabera egingo da.

Bosgarrena: Sektore Publikoko erakunde berririk ez sortzea

Ez dago aurreikusita organismo autonomo, zuzenbide pribatuko ente publiko, sozietate publiko, fundazio edo partzuergo berririk sortzea.
 

 

DEKRETUA, BAIMENA EMATEN DUENA EUSKADIKO ZOR PUBLIKOAREN JAULKIPEN BAT EDO HAINBAT EGITEKO, EDO EDOZEIN MODUTAN ZORPETZEKO, GEHIENEZ ERE 231.275.000 EUROKO KOPURUAN.

LABURPENA

EUSKADIKO ZOR PUBLIKOAREN JAULKIPEN BAT EDO GEHIAGO EGITEA EDO ZORPETZE ERAGIKETEN KONTZERTAZIOA BAIMENTZEN DUEN DEKRETUA, 231.275.000 EUROKO GEHIENEKO MUGAREKIN

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du Zor Publikoaren jaulkipen bat edo gehiago egitea baimentzen duen dekretua, 231.275.000 euroko gehieneko mugarekin.

Aurrekontu Lege berririk ez dagoen bitartean, luzatu egin da Eusko Legebiltzarrak, 2012ko Aurrekontu Legearen bitartez, Eusko Jaurlaritzari baimendu zion zorpetzeko ahalmena.

   1.- Gehieneko zenbatekoa guztira: 231.275.000 euro

   2.- Interes-tasa: Finkoa edo aldagarria

   3.- Epea: 30 urte, gehienez.

Dekretu honek baimentzen dituen zorpetze eragiketak Zor Publikoaren jaulkipenen bidez edo beste zeinahi eratako mailegu- edo kreditu-eragiketen bitartez egingo dira eta eragiketa horietatik eratorritako baliabideak EAEko Aurrekontu Orokorrak finantzatzeko erabiliko dira, 2013. urtean.
 

 

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

AGINDUA, MUSEOAK SUSTATZEKO ETA KULTUR ONDAREAREKIN ETA ZABALKUNDEAREKIN ZERIKUSIA DUTEN MUSEO-JARDUERAK GARATZEKO 2013KO DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO MODUA ARAUTZEN DUENA.

LABURPENA

600.000 EURO MUSEOEN SUSTAPENERAKO

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, museoen jarduera sustatzeko diru laguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiten duen Agindua onartu du. Zehatzago, Euskadiko bildumen eta museoen zabalkunde kulturala sustatzen duten jarduerei, eta museoen sustapenerako ekintzei zuzendutako diru-laguntzak dira.


Deialdi honen onuradun dira: Euskadiko Museo eta Bildumen Erregistroan izena emanda dauden pertsona fisiko nahiz juridikoak, publiko zein pribatu, baldin eta museo edo bildumaren baten jabe badira. Deialditik kanpora gelditzen dira: Foru jabetza duten museo edo bildumak, beren gobernu organoetan Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura saila partaide duten fundazioak, eta beren kapitalean Euskadiko Administrazio Orokorra partaide duten merkataritza erakundeak.

Deialdi honek 600.000 euroko diru kopurua du. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa da, Agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasita.
 

 

DEKRETUA, GIZABURUAGAKO (BIZKAIA) ERROTABARRI ERROTAKO PRESA KULTURA ONDASUN, MONUMENTU KATEGORIAREKIN, KALIFIKATZEKO DENA.

LABURPENA

GIZABURUAGAKO ERROTABARRI ERROTAKO PRESA KULTURA ONDASUN IZENDATZEA

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, Gizaburuagako (Bizkaia) Errotabarri errotako presa sailkatutako kultura ondasun, monumentu kategoriarekin, kalifikatzen duen Dekretua onartu du.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailak Kultura Ondasunen Erregistroan inskribatuko du aipaturiko presa (Euskal Kultura Ondarearen Zentroari atxikitako erregistroa).
 

 

ERABAKIA, 2013. URTEKO AUZOLANDEGIAK PROGRAMA GARATZEKO ZENBAIT UDALEKIN ELKARLAN HITZARMENA IZENPETU AHAL IZATEKO BAIMENA JASOTZEN DENA.

LABURPENA

AUZOLANDEGIAK PROGRAMA GARATZEKO EUSKO JAURLARITZAREN ETA UDALEN ARTEKO ELKARLAN HITZARMENERAKO PROPOSAMENA

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura saila baimendu du, 2013ko Auzolandegiak egitaraua garatzeko, zenbait udalekin elkarlanerako hitzarmenak sinatu ahal izan ditzan.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailak urtero antolatu ohi du gazteentzako Auzolandegiak egitaraua, eta berau garatu ahal izateko egoki jotzen da udalekin elkarlana gauzatzea, materialak, langileak edo instalazioen erabilera baimentzeko xedez. Sailaren ardurakoak izaten dira antolakuntza, izen emateak, sustapena, langileak kontratatzea, mantenua eta gerta litezkeen arriskuen gaineko estaldura.
 

 

AGINDUA, ANTZERKIKO PROFESIONALAK PRESTATZEKO PROGRAMA ETA JARDUERAK GARATZEKO 2013. URTEAN DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO MODUA ARAUTZEN DUENA.

LABURPENA

88.000 EURO ANTZERKI-PROFESIONALEN PRESTAKUNTZARAKO

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, antzerki-profesionalen prestakuntzarako diru-laguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiten duen Agindua onartu du.

Deialdi honek 88.000 euroko diru kopurua du. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa da, Agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean hasita.
 

 

AGINDUA, PIRINIOETAKO LAN ELKARTEAREN LANKIDETZA-ESPARRUAN IKERKETA-SAREAK ETA TEKNOLOGIA-IKERKETA ETA -GARAPENEKO PROIEKTUAK GARATZEKO LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIA EGITEN DUENA (2013-2014).

LABURPENA

PIRINIOETAKO LAN ELKARTEA

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuak aurkeztuta, Gobernu Bilerak, (2013-2014) Pirinioetako Lan-Elkartearen eremuaren barnean Ikerketa-Sareen Garapena eta Ikerketa edota Garapen Teknologikorako Proiektuak sustatzearren, diru-laguntzetarako deia egiten duen Agindua onartu du.

2013 eta 2014 ekitaldietan zehar, diru-laguntza hauen zenbateko osoa 118.665 eurokoa izango da. Diru hori hurrengo alorretan Pirinioez haraindiko lankidetza-programak abian jartzeko izango da, hain zuzen ere: Ikerketa-Sareen Garapenerako eta Ikerketa edota Garapen Teknologikorako Proiektuak.

Lehenik, Ikerketa-Sareen Garapenerako Proiektuaren kasuan, eskualdearteko sare tematikoen jarduerak finantzatuko dira, baldin eta sare horiek, Pirinioetako Lan Elkarteko hiru eskualde ezberdinetako hiru ikerlarik gutxienez osatzen badituzte eta mugaz haraindiko izaera badute.

Azkenik, Ikerketa eta Garapen Teknologikorako Proiektuen xedea ikerkuntzaren eremuan ekintza bateratuak aurrera eramatea da, bide batez, Pirinioetako Lan Elkarteko eskualde ezberdinetako unibertsitateen, ikerketa-zentro eta zentro teknologikoen eta enpresen arteko lankidetza erraztuz, beti ere, proiektu zientifiko eta teknologiko originalen barruan eta ikerketa eta garapen alorrean egun dauden baliabide desberdinen elkartrukea faboratzea dela medio.