2013/05/07 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.
Erabakia, aldi baterako programa bat sortzeko eta hori garatzeko langileak hartzeko dena; programaren izena hauxe da: "diru-sarrerak bermatzeko errenta kudeatzeko eta izapidetzeko eredu berria ezartzen laguntzeko plana".
EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.
Ebazpena, 2013ko maiatzaren 8koa, Merkataritza eta Turismoko sailburuordearena; honen bidez, merkataritza-estabelzimenduak modernizatzeko laguntza-programan ezarritako diru-laguntzak 2013ko ekitaldian emateko deialdia jakinarazten da jendaurrean.
ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.
Erabakia, 5.000.000 eurotik gorako gastua egiteko baimena ematekoa. Kontzeptua: gaitasunez urritutako gizabanakoak enplegu-zentro berezietan laneratzeko diru-laguntzak finantzatzeko, 1998ko urriaren 16ko Aginduan aurreikusitakoak.
Ebazpena, Lanbideko zuzendari nagusiarena, langabeziagatiko prestazioa ordainketa bakarreko modalitatean jasotzen dutenei, 2013ko ekitaldian finantzatzeko esleitutako kredituen zenbateko osoa ezagutzera ematen duena.
Agindua: honen bitartez onartzen dira erakunde publikoek esku-hartze sozialaren esparruan teknikariak eta/edo administrariak kontratatzeko eta jarduerak garatzeko diru-laguntzak emateko oinarriak, eta laguntza horietarako deialdia egiten da 2013. urterako.
Erabakia, 5.000.000 eurotik gorako gastua baimentzeko; horren bidez, laneratze enpresak sortzeko eta mantentzeko laguntzak finantzatu nahi da.
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
Agindua, antzerki-produkziorako 2013. urtean laguntzak emateko araubidea ezartzen duena.
Agindua: honen bidez, 2013-2014 ikasturtean dei egiten da ikertzaile doktoreen doktoretza-ondoko hobekuntza-programa laguntzak berritzeko eta laguntza berriak emateko. Bertan ere laguntza horiek arautzen dira.
Agindua: hezkuntza-ituna indarrean duten ikastetxeetan 2013-2014 ikasturterako itundutako gela kopurua zehazteko inprimaki-eskabideak onartzeko eta jakinarazteko dena. Halaber, eskabideak aurkezteko egutegia onartzen eta jakinarazten da.
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.

ERABAKIA, ALDI BATERAKO PROGRAMA BAT SORTZEKO ETA HORI GARATZEKO LANGILEAK HARTZEKO DENA; PROGRAMAREN IZENA HAUXE DA: "DIRU-SARRERAK BERMATZEKO ERRENTA KUDEATZEKO ETA IZAPIDETZEKO EREDU BERRIA EZARTZEN LAGUNTZEKO PLANA".

LABURPENA

JAURLARITZAK LAN-EGOKORTASUNA EMANGO DIE DIRU-SARRERAK BERMATZEKO ERRENTA KUDEATZEN DUTEN LANGILE PUBLIKOEI

Lanbideren bulegoetan diru-sarrerak bermatzeko errenta izapidetzen duten langile laguntzaileen egoera erregularizatuko du Eusko Jaurlaritzak.

Hogeita bat lagunen kontratuak laster bukatuko dira, eta beren lanpostuak ezinbestekoak zaizkie diru-sarrerak bermatzeko errenta eskatzen dutenei.

Gobernu Kontseiluak hitzarmen-proposamen bat onartu du, «Diru-sarrerak bermatzeko errenta kudeatzeko eta izapidetzeko eredu berria ezartzen laguntzeko eta hartarako langileak atxikitzeko programa» sortzeko. Hala, lan-egonkortasuna emango zaie egun Lanbidera atxikita dauden eta diru-sarrerak bermatzeko errenta izapidetzen duten 21 langileei (kontratua aurtengo maiatzetik irailera bitartean amaitzen zitzaien). Programa honetarako, behin-behineko funtzionario izendatuko dira, aldi baterako prestazio hau burutzeko.

Eusko Jaurlaritzak estaldura juridikoa eman eta erregularizatu egingo du zerbitzu honetako langileen egoera. Iraupen mugagabea izango dute, beren lanpostuak ezinbestekoak baitira prestazio hau eskatzen dutenen premiak irauten duen bitartean. Hala, langile publiko hauek kontratatu zituzten garaiko xedean lanean jarraitu ahal izango dute, eta lan-egonkortasuna eskainiko zaie beren lanpostuetan.

Programa esperimental baten bidez kontratatu zituzten diru-sarrerak bermatzeko errenta kudeatzen duten langile publikoak, enplegu-politika aktiboak Euskal Autonomia Erkidegora transferitu aurretik. Krisialdi ekonomikoak eta langabeziak zerbitzu honen prestazioa luzatu du; hori dela eta, izapidetze-eredu hau aldi baterako abian ipini da. Horrez gain, zerbitzua kudeatzen duten langileen lanpostuak egonkortuko dira.
 

 

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.

EBAZPENA, 2013KO MAIATZAREN 8KOA, MERKATARITZA ETA TURISMOKO SAILBURUORDEARENA; HONEN BIDEZ, MERKATARITZA-ESTABELZIMENDUAK MODERNIZATZEKO LAGUNTZA-PROGRAMAN EZARRITAKO DIRU-LAGUNTZAK 2013KO EKITALDIAN EMATEKO DEIALDIA JAKINARAZTEN DA JENDAURREAN.

LABURPENA

MERKATARITZA-SALTOKIAK BERRITZEKO ETA MODERNIZATZEKO LAGUNTZAK EMATEA

Eusko Jaurlaritzak merkataritza-saltokiak modernizatzeko programaren laguntzen deialdia argitaratu du. Horren bidez, 900.000 euro bideratuko ditu xede horretarako 2013an. Gainera, enpresek beren saltokietako balio erantsia handitzeko behar dituzten inbertsioen estaldurak areagotuko dira.

Aipatu programaren helburua merkataritza-saltokiak modernizatzea da, eta, horretarako, azpiegituretan eta kudeaketa-tresnetan beharrezko aldaketak egitea. Urte honetara arte, laguntzak aktiboak eta teknologiaren aldetik aurreratuak ziren metodologiak sartzera bideratzen ziren; baina, orain, programaren estaldura enpresek beren saltoki eta zerbitzuen erakargarritasuna eta balio erantsia handitzeko behar dituzten inbertsioetara hedatu da. Lokalak eta ibilgailuak erostea salbuespena izango da.

Negozio-bolumenari dagokionez, merkataritza-jarduera nagusi duten eta EAEko saltokietan inbertitzen duten ETEek jaso ahal izango dituzte laguntzak, eta diruz lagunduko diren inbertsioak 600 eurotik gorakoak izango dira informatika-ekipamenduak badira, eta, 2.000 eurotik gorakoak, berriz, gainerakoak badira.

Laguntzak itzuli beharrik gabeko % 15eko edo % 20ko diru-laguntzak izango dira, higiezineko inbertsioak, obra zibilak, ekipamenduak edo errotuluak diren, edo informatika-ekipamenduak, aplikazioak edo osagarriak diren, hurrenez hurren. Handitu ahal izango dira, baina, enpresak kidetuta badaude edo kalitate-ziurtagiriren bat lortu badute. Merkataritza-jarduera nagusi duten ETEi zuzentzen zaie; hots, xede horrekin erositako produktuak edo salgaiak merkatuaren esku jartzea, horien funtsezko aldaketarik egin gabe, bai eta ekoizleek, artisauek edo industrialariek zuzenean azken kontsumoko ondasunak –hau da, ekoizteko, merkaturatzeko edo hirugarrenei zerbitzuak emateko prozesuetan sartzera bideratuta ez daudenak– saltzea ere.

Eskaerak Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Sailaren lurralde-ordezkaritzetan aurkeztu ahal izango dira 2013ko maiatzaren 8tik ekainaren 17ra.

AKORDIO EKONOMIKOAK
Gobernuak baimena eman du aurten, aurreko ekitaldietan bezala, Bilbao Exhibition Centre, S.A. Elkarteko Akziodunen Batzar Nagusian erabakitako kapital sozialaren zabalkuntzarako: 12.020.241,00 eurorainokoa, eta %47,75ko parte hartze zuzenarekin.

Gobernuak lau urteko luzapena eman dio SPRILUR, S.A.ri 2003ko urriaren 7an eman zion hiru milioi euroko aurrerakin itzulgarria itzul dezan.
 

 

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA X. LEG.

ERABAKIA, 5.000.000 EUROTIK GORAKO GASTUA EGITEKO BAIMENA EMATEKOA. KONTZEPTUA: GAITASUNEZ URRITUTAKO GIZABANAKOAK ENPLEGU-ZENTRO BEREZIETAN LANERATZEKO DIRU-LAGUNTZAK FINANTZATZEKO, 1998KO URRIAREN 16KO AGINDUAN AURREIKUSITAKOAK.

LABURPENA

30 MILIOI EURO PERTSONA EZINDUAK LAN MUNDUAN TXERTA DAITEZEN

Gobernu Kontseiluak 30 milioi euroko partida onartu du gaur, ezgaitasunen bat duten pertsonak lan-munduan txertatzea errazteko, enplegu-zentro berezien bitartez. Zehazki, Lanbidek kudeatuko duen programa hori lanpostuak kontratatzea eta mantentzea sortzen duten proiektuak finantzatzera bideratuko da.

1985ean abian jarri zirenetik, Euskadiko enplegu-zentro bereziak pertsona ezinduei zerbitzu osagarriak eskaintzen ahalegindu dira, hainbat bidetatik: okupazio-zentroak kudeatuz, merkatu arrunteko enpresetan enplegua lagunduz, lantegietan lan eginez, ikerketa eta berrikuntza teknologikoak landuz ezgaitasunen bat duten langileei lanpostua egokitzeko eta laguntzeko, eta abar.

2012an, soldata-kostuak diruz laguntzeari esker (317,96 euro hilean, batez beste), 8 enplegu-zentro berezitan, 7.717 lanpostu mantendu eta 72 lanpostu berri sortu ahal izan ziren.
 

 

EBAZPENA, LANBIDEKO ZUZENDARI NAGUSIARENA, LANGABEZIAGATIKO PRESTAZIOA ORDAINKETA BAKARREKO MODALITATEAN JASOTZEN DUTENEI, 2013KO EKITALDIAN FINANTZATZEKO ESLEITUTAKO KREDITUEN ZENBATEKO OSOA EZAGUTZERA EMATEN DUENA.

LABURPENA

MILIOI ERDI BAT EURO AUTO-ENPLEGURAKO

Gobernu Kontseiluak onartu duen Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren beste laguntza-lerro batek pertsona ekintzaileari sostengua ematea, hazkundea akuilatzea eta enplegua sortzea bilatzen du. Horretarako, Lanbideren bitartez, Enplegu Sailak 500.000 euro bideratuko ditu langabezia-prestazioa jasotzen dutenei Gizarte Segurantzako kuotak ordaintzeko, baldin ordainketa bakarreko modalitatea aukeratzen badute.

Hala, otsailaren 22ko 4/2013 Errege Lege Dekretuak % 100eko kapitalizazioaren onuradunetara gehitu ditu 30 urte arteko gizonezkoak eta 35 urte arteko emakumezkoak, langile autonomo egiten badira; bai-eta, 30 urtez azpikoak izanik, merkataritza-erakunde berri baten (ekarpena egin aurreko hamabi hilabeteko gehieneko epean sortua bada) kapital sozialerako ekarpena egin behar badute.
 

 

AGINDUA: HONEN BITARTEZ ONARTZEN DIRA ERAKUNDE PUBLIKOEK ESKU-HARTZE SOZIALAREN ESPARRUAN TEKNIKARIAK ETA/EDO ADMINISTRARIAK KONTRATATZEKO ETA JARDUERAK GARATZEKO DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO OINARRIAK, ETA LAGUNTZA HORIETARAKO DEIALDIA EGITEN DA 2013. URTERAKO.

LABURPENA

4,08 MILIOI GIZARTE ZERBITZUETAKO ETA IMMIGRAZIOKO TEKNIKARIAK KONTRATATZEKO

Azkenik, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak 4,08 milioi euro jarriko ditu udal, mankomunitate eta koadrilen esku, 2013an profesionalak kontrata ditzaten integrazio-politikak garatzeko eta immigrazio arloko jarduerak zein kultura desberdinen arteko bizikidetza sustatzeko. Laguntza-eskaerak tokiko hainbat erakunderen artean egin litezke, beren artean zerbitzu mankomunaturik izan gabe ere.

Lehen laguntza-lerrorako 3,12 milioi euro bideratuko dira udaletako gizarte-zerbitzuek egiten duten lana indartzera teknikariak eta administratzaileak gehitzea ahalbidetzeko.

Bigarren laguntza-lerroari esker, zeinak, aurten 0,93 milioi euroko aurrekontua izango baitu, autonomia-erkidegoko udalek immigrazioko teknikariak kontratatu ahal izango dituzte, udal esparruan jarduerak gara ditzaten kultura desberdinen arteko bizikidetzaren arloan.
 

 

ERABAKIA, 5.000.000 EUROTIK GORAKO GASTUA BAIMENTZEKO; HORREN BIDEZ, LANERATZE ENPRESAK SORTZEKO ETA MANTENTZEKO LAGUNTZAK FINANTZATU NAHI DA.

LABURPENA

8 MILIOI EURO LANERATZEKO ENPRESENTZAT

Laneratzearen esparruari dagokionez ere, Gobernu Kontseiluak, gaurko bileran, argi berdea eman dio laneratzeko enpresak sortu eta sostengatzeko aurreikusitako laguntza-programari, eta 8,24 milioi euro izendatu dizkio 2013rako.

Laneratzeko enpresak merkataritza-sozietateak edo kooperatiba-sozietateak dira, eta gizarte-bazterketa pairatzen duten pertsonen laneratzea eta prestakuntza soziolaborala dute gizarte-helburu, bai eta enplegu arruntera igarotzea ere. Mota honetako enpresen laguntzak arautzen dituen Aginduak (2009ko maiatzaren 4ko Agindua) bi diru-laguntza lerro ditu: bata, laneratzeko enpresak sortzen laguntzekoa, horien bideragarritasunari buruzko merkatu-azterlanak finantzatzearen bidez, eta, bestea, dagoeneko sortuta dauden enpresak mantentzekoa. Azken horren barruan sartzen dira, bai aktibo finkoetako inbertsioak, merkatu-azterlanak eta ikuskaritzak finantzatzeko laguntzak, bai lanpostuak sortzearekin eta mantentzearekin lotura handiagoa duten laguntzak.

Laneratzeko enpresek hiru urterako kontratatzen dituzte pertsona horiek. Hiru urte horietan, bada, lanbide bat irakasten diete, merkatu arruntean lan egiteko gai diren arte.
 

 

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

AGINDUA, ANTZERKI-PRODUKZIORAKO 2013. URTEAN LAGUNTZAK EMATEKO ARAUBIDEA EZARTZEN DUENA.

LABURPENA

730.000 EURO ANTZERKI EKOIZPENAK DIRUZ LAGUNTZEKO

Gobernu Kontseiluak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailburuaren proposamenez, antzerki ekoizpen profesionalei diru-laguntzak emateko araubidea ezarri eta deialdia egiten duen Agindua onartu du. Antzerki ekoizpen horiek, 2013 urtean eginak edo burutzen hasiak izan beharko dute.

Deialdi honek 730.000 euroko diru kopurua du. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Agindua EHAAn argitaratu eta biharamunean hasita.
 

 

AGINDUA: HONEN BIDEZ, 2013-2014 IKASTURTEAN DEI EGITEN DA IKERTZAILE DOKTOREEN DOKTORETZA-ONDOKO HOBEKUNTZA-PROGRAMA LAGUNTZAK BERRITZEKO ETA LAGUNTZA BERRIAK EMATEKO. BERTAN ERE LAGUNTZA HORIEK ARAUTZEN DIRA.

LABURPENA

2,54 MILIOI EURO, PERTSONAL IKERTZAILE DOKTOREAREN HOBEKUNTZA-BEKETARAKO

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politica eta Kulturako sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du 2013/2014ko ikasturtean pertsonal ikertzaile doktorearen doktoretza-ondoko Hobekuntza-programarako laguntzak, berriak eta lehen zeudenak berritzea, arautu eta deitzen dituen agindua.

2013-2014ko ikasturtean EAEko aplikazio-ikastegietan dauden ikertzaile doktoreentzako, baita aldi baterako atzerrira joaten direnentzako ere, hobekuntza-bekak, berriak eta zeudenak berritzea, arautu eta deitzea ditu agindu honek, 2.543.534 euroko zenbatekoa duenak, helburu.
 

 

AGINDUA: HEZKUNTZA-ITUNA INDARREAN DUTEN IKASTETXEETAN 2013-2014 IKASTURTERAKO ITUNDUTAKO GELA KOPURUA ZEHAZTEKO INPRIMAKI-ESKABIDEAK ONARTZEKO ETA JAKINARAZTEKO DENA. HALABER, ESKABIDEAK AURKEZTEKO EGUTEGIA ONARTZEN ETA JAKINARAZTEN DA.

LABURPENA

182,61 MILIOI EURO HEZKUNTZA-ITUNETARAKO

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Hizkuntza Politica eta Kulturako sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du, 2013/2014 ikasturterako itundu beharreko gela kopurua zehazteko eskatzeko inprimakiak onartu eta argitara ematen duen agindua. Halaber, eskaerak aurkezteko epea onartu eta argitara ematen da.

Ikastetxe pribatuetako hezkuntza-itunek 182.615.490 euroko aurrekontua du 2013/14 ikasturteko 2013ko irailetik abendura arteko aldirako.

Hezkuntza-itunen plangintza lau urtean behin egiten da eta gaurkoak 2012tik 2016ra bitarteko aldia hartzen du. Planifikazio horretan sartutako ikastetxeek ikasturte berrirako behar duten gelen kopurua kalkulatu behar dute. Aurreikuspenen arabera, 13/14ko ikasturtearen lehen hiruhilekoan horretarako erabiliko den zenbatekoa 182.615.490 eurokoa izango da.

12/13ko ikasturtean, hezkuntza-itunen planifikazioan sartuta zeuden 281 ikastetxeek- Haur Hezkuntzatik Batxilergora arte- guztira 7.371 itundutako gela ireki zituzten.