Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabaki nagusiak


2013/03/05 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

LEHENDAKARITZA X. LEG.
Emakumearen nazioarteko eguna

Jaurlaritzak Berdintasunaren Legearekin duen konpromisoa berretsi du eta bat egin du emakumeen aldeko ekitaldi guztiekin
HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.
Dekretua, 2013 ekitaldian Euskal Autonomia Erkidegoko pertsonal funtzionario, estatutario eta lan-kontratuko langileentzako urteroko lanaldia ezartzen duena.
EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.
Dekretua, Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusia izendatzeko dena.
HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.
Eusko Jaurlaritzak Maite Iturbe proposatu du EITBko zuzendari nagusi izendatzeko
LEHENDAKARITZA X. LEG.

EMAKUMEAREN NAZIOARTEKO EGUNA

JAURLARITZAK BERDINTASUNAREN LEGEAREKIN DUEN KONPROMISOA BERRETSI DU ETA BAT EGIN DU EMAKUMEEN ALDEKO EKITALDI GUZTIEKIN

Eusko Jaurlaritzak gaurko bileran erabaki du Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legea, 2005ean onartutakoa, betetzeko konpromisoa berrestea, baliabideak bideratuz eta politika guztietan, bai arloetako politiketan bai zeharkako politiketan, generoaren ikuspuntua eranstea.

Hurrengo martxoaren 8an, Emakumeen nazioarteko eguna dela-eta, Eusko Jaurlaritzak bat egiten du egun horretan munduko emakume guztiei egingo zaien aitormen eta omenaldi ekitaldi guztiekin; aldi berean, euskal erakunde guztiek, beraien lana emakumeen alde egiteko bideratu duten profesionalek, eragile sozialek, eta, bereziki, emakumeek eta beraien erakundeek egiten duten lana ere aitortu nahi du. Izan ere, emakume eta gizonen arteko berdintasuna ez da giza eskubide bat bakarrik, gizarte osorako onura bat ere bada; baita euskal gizarte justuagoa, kohesionatuagoa eta sozial eta ekonomikoki garatuagoa eraikitzeko behar estrategikoa ere.

Eskubide hori benetan gauzatzeko beharrezkoa da, legalki onartzeaz aparte, bizitzako arlo guztietan —politikan, ekonomian, gizartean eta kulturan alegia—, eskubide hori erabiltzeko aukera izatea.

Azkeneko hamarkadetan lortutako aurrerapen sakonen eta onarpen formalaren gainetik, eguneroko bizitzan emakume eta gizonen berdintasuna ez da oraindik benetakoa, arlo guztietan desberdintasun garrantzitsuak daudelako. Desberdintasun horiek dira familian, hezkuntzan, kulturan, komunikabideetan, lan munduan eta orokorrean gizartearen antolamenduan oraindik indarrean dauden sexu estereotipoetan oinarritu den gizarte eraikuntzaren ondorioak.

Gaur, inoiz baino gehiago, gure herrialdeko emakume eta gizon guztien ahalmen guztiak, ezagutza eta baliabideak aitortu eta aprobetxatu behar ditugu; gizarte iraunkor eta eraginkor baten alde egiteko, egungo krisi ekonomikoa gainditzeko eta egungo gizarte egoera hobetzeko. Aldaketa horiek lortzeko, ezberdintasunak irautearen eta berriz gertatzearen aurka egiteko eta benetako gizarte berdinzalea sustatzeko Jaurlaritzaren eta aginte publiko guztien baterako jarduna behar da baita eragile sozial guztien lankidetza ere.

Hainbat legegintzalditan zehar garatu diren bost berdintasun-planek eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legea onartu izanak erakusten dute berdintasun politikek adostasuna eragiten dutela. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak 2013rako zenbait helburu nagusi zehaztu ditu—gizarte politikak defendatzea eta enplegua eta jarduera ekonomikoa sustatzea, esaterako—, eta helburu horien bitartez bide ematen dio berdintasun helburuak lantzeko esparru ezin egokiago bati.

Martxoaren 8a —Emakumeen Nazioarteko Eguna, alegia— aukera paregabea da omenaldia egiteko mundu osoan berdintasuna irabazten, zenbaitetan bizia arriskuan jarriz, borrokan aritu diren eta borrokan aritzen diren emakume guztiei. Eta aitortzeko, feminismoa gizon-emakume guztientzat beharrezkoak diren balioetan oinarritutako kultura eta filosofia bat dela.

Bestalde, lortutako aurrerapenak ospatzeko eguna ere bada, iritzi publikoa deitzeko eguna eta aldarrikatzeko eguna; izan ere, aldaketa sakonak lortu badira ere, emakumeen eta gizonen benetako berdintasuna lortzeko ibili beharreko bidea luzea eta oinazeduna izango dela sumatzen da. Benetako eta egiazko berdintasuna erronka da oraindik ere.

Horregatik, emakumeen eta gizonen arteko benetako eta egiazko berdintasuna erdiesteko jarduerak sustatzen jarraitu behar dugu, gizarte eraginkorra, solidarioa eta demokratikoa eraikitzen laguntzeko horrela.

Gainera, aurten Emakundek bere 25. urteurrena bete du. 1988an Emakunderen sorrerarekin, euskal erakundeek 25 urte hauetan berdintasun politikak diseinatu eta sustatu dituen erakundearen oinarriak jarri zituzten. Denbora honetan Emakundek emakume eta gizonen arteko berdintasuna bermatzeko egiturak indartu ditu. Emakundek martxoaren 8ko “Berdin gehiago da” lelopean egingo duen kanpainan adierazten den bezala, berdintasuna gizarte osoari mesede egiten dion eskubidea dela aldarrikatuko da. Mezu horrekin biziko du aurten Emakundek martxoaren 8a, berdintasuna gizarte balorea dela barneratu beharra azpimarratuz, elkarrekiko errespetu handiagoa, jakituria handiagoa, ongizate handiagoa eta demokrazioa zabalagoa dakarrelako berdintasunak.
 

 

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA X. LEG.

DEKRETUA, 2013 EKITALDIAN EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO PERTSONAL FUNTZIONARIO, ESTATUTARIO ETA LAN-KONTRATUKO LANGILEENTZAKO URTEROKO LANALDIA EZARTZEN DUENA.

LABURPENA

EUSKO JAURLARITZAK EUSKAL ADMINISTRAZIO PUBLIKOKO LANGILEENTZAKO 1.614,5 ORDUKO LANALDIA ONARTU DU

Gobernu Kontseiluak gaur onartu duen dekretuak zehazten du, gainera, langile publikoek norbere eginbeharretarako hiru egun izango dituztela urtean. Hartara, ia 70.000 langilek urteko 1.592 orduko lanaldi efektiboa izango dute.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko funtzionarioentzako, estatutupeko langileentzako eta langile lan-kontratudunentzako urteko lanaldia zehazten duen Dekretua onartu du gaur Gobernu Kontseiluak. Horren arabera, 1.614 ordu eta 30 minutukoa izango da lanaldia.

Dekretuak zehazten du, halaber, Euskal Administrazio Publikoko langileek norbere eginbeharretarako hiru baimen-egun (22 ordu eta 30 minutu) izango dituztela. Hartara, ia 70.000 langilek urteko 1.592 orduko lanaldi efektiboa izango dute.

Urteko ordu horiek asteko lanaldian zer-nola banatuko diren eta langileek zer ordutegi izango duten Euskal Administrazio Publikoaren mahai sektorialetan negoziatu beharko da hemendik aurrera.

BESTELAKO NEURRIAK

Baina, dekretu horrez gain, Eusko Jaurlaritzak langile publikoen lan-bizitza eta familia-bizitza uztartzeko zenbait neurri ezarriko ditu laster, Euskal Autonomia Erkidegoko Mahai Orokorraren azken bileran zentral sindikalen ordezkariei jakinarazi zien bezala. Hona hemen neurriok.

• Gehienez ere urteko 8 orduko ordaindutako baimen berri bat sortuko da, lehen mailako harremaneko 12 urtera arteko adingabeak laguntzeko.
• Langile publikoei gaixotasun larriren bat duten seme-alaba adingabeak zaintzeko aukera emango dien araudi berri bat ezarriko da.
• Eta, 2013an, telelana ezarriko da, bizitza pertsonala eta familia-bizitza uztartu ahal izateko.

Aldi baterako ezintasunaren ildotik, Eusko Jaurlaritzak ordainsari-osagarriak hobetuko ditu. Hori horrela:

   • Lehen egunetik hirugarren egunera, langileek % 50 kobratuko dute.
   • Laugarren egunetik hogeigarren egunera, langileek % 75 kobratuko dute.
   • Hogeita batgarren egunetik aurrera, langileek % 100 kobratuko dute.

Eusko Jaurlaritzak enplegu publikoari eusteko eta zerbitzu berriak ez kanporatzeko konpromisoari eusten dio, eta aurreko gobernuak hartutako neurriak baliogabetuko ditu; hartara, enplegua sortuko du, baldin eta:

• Errelebo-kontratua berreskuratzen bada.
• Langile publikoen ordezkapenak mugatzen zituen 2012ko otsailaren 14ko  instrukzioa bertan behera uzten bada.
• 2014tik aurrera erretiroagatiko primak berreskuratzea aztertzen da.
 

 

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA X. LEG.

DEKRETUA, ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEKO ZUZENDARI NAGUSIA IZENDATZEKO DENA.

LABURPENA

PILAR URRUTICOECHEA URIARTE, ENERGIAREN EUSKAL ERAKUNDEAREN (EEE) ZUZENDARI

Gobernu Kontseiluak Pilar Urruticoechea Uriarte Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) zuzendari izendatzea adostu du, Garapen Ekonomikoko eta Lehiakortasuneko sailburuak hala proposatuta.

Pilar Urruticoechea Deustuko Unibertsitatean lizentziatua da eta energiaren sektorean osatu du bere ibilbide profesionala, baita aholkularitza juridikoan ere EEE taldeko Gasaren Euskadiko Elkartean, berau sortu zenetik. Sonatrach Gas Comercializadora enpresaren zuzendaritza juridikoa hartu zuen bere gain 2008an eta, 2012ko urriaz geroztik, Bilbao Gas Hub Sozietate Sustatzailea, SAn jardun du
 

 

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA X. LEG.

EUSKO JAURLARITZAK MAITE ITURBE PROPOSATU DU EITBKO ZUZENDARI NAGUSI IZENDATZEKO

Eusko Jaurlaritzak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuaren proposamenez, onartu du Miren Iturbe proposatzea Euskal Irrati Telebistako zuzendari nagusi izendatua izan dadin.

Maite Iturbe komunikabideetako eta EITBko profesionala da, 1984an hasi zuen bere ibilbidea bertan. Telebistako ekoizpenarekin lotua egon da bere ibilbide osoan eta ikus-entzunezko sektorearen ezagutza zabala du. Erantzukizun karguak izan ditu EITBn azken 12 urteetan, ETBko ekoizpen zuzendari gisa.

Ekonomilaria da formakuntzaz, 1960 jaioa eta Arrasatearra da.
 

 


Euskadi, auzolana