Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabaki nagusiak


2012/07/10 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HERRIZAINGO SAILA
Gobernu Kontseiluak ezetsi du Ezker Anitzak aurkeztu zuen berraztertzeko errekurtsoa, alderdi politikoei diru-laguntzak emateko akordioaren aurkakoa
HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
1,05 milioi irakasleak euskalduntzeko
9,5 milioi musika irakaskuntzako ikastetxeetarako
2012/2013 Gabonetako Haur-Parkea
2012-13 ikasturterako LH-ko Irakasleen Etengabeko Prestakuntza Plana
365.000 euro euskara sustatzeko
Ahozko adierazmena indartzeko diru-languntzak
JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA
Euskadiko Enplegu Publikoaren Lege Proiektua
OSASUN ETA KONTSUMO SAILA
Osasun- eta Kontsumo-Sailak eta Carlos III.a Osasun Institutuak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute zahartzeari buruzko ikerketa eta berrikuntzarako plataformaren osasun- eta gizarte zerbitzuen ikerketa-programa eta ikerketa klinikorako programa artikulatzeko
HERRIZAINGO SAILA

GOBERNU KONTSEILUAK EZETSI DU EZKER ANITZAK AURKEZTU ZUEN BERRAZTERTZEKO ERREKURTSOA, ALDERDI POLITIKOEI DIRU-LAGUNTZAK EMATEKO AKORDIOAREN AURKAKOA

Erabakia, Ezker Anitza erakunde politikoak 2012ko ekainaren 5eko Erabakiaren aurka jarritako berraztertze-errekurtso ezesteko dena. Erabaki horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan ezarpena duten alderdi politikoei zuzeneko diru-laguntzak ematen zaizkie, 2012ko funtzionamendu-gastu arruntei erantzun ahal izateko.

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran ebatzi du Ezker Anitza talde politikoak aurkeztu zuen berraztertzeko errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoan ezarrita dauden alderdi politikoei diru-laguntzak emateko ekainaren 5eko akordioaren aurkakoa.

Gobernuak erabaki du Mikel Arana jaunak Ezker Anitzaren izenean aurkeztu zuen errekurtsoa ezestea. Akordio hori hartzeko zuzenbide-oinarrietan jasota dago funtzionamendu-gastuetarako ematen den diru-laguntzaren onuradunak alderdi politikoak direla, baldin eta Legebiltzarrerako azken hauteskundeetan ordezkaritza lortu badute.

Diru-laguntza hori ez da Eusko Legebiltzarraren Araudiaren 28. artikuluan aurreikusita dagoena bezalakoa; beste diru-laguntza horren hartzaileak legebiltzar taldeak dira. Eta, halaber, ez da hauteskunde-gastuak ordaintzeko ematen den diru-laguntza bezalakoa.

Errekurtsogilearen ustez, Ezker Batua-Berdeak taldeak ez ditu diru-laguntzaren onuraduna izateko eskakizunak betetzen, talde horrek jada ez duelako ordezkaritzarik Legebiltzarrean, kontuan hartzen bada gaur egun lortu den legebiltzar ordezkari bakarra Ezker Anitza taldekoa dela. Gobernuak, ordea, ebazpenean adierazi du onuraduna eta diru-laguntzen zenbatekoa zehazterakoan erabakigarria dela hauteskundeetan lortutako emaitza, eta horretan ez dutela eraginik legebiltzar hautetsien banakako erabakiek edo haien legebiltzar taldeko gertaerek.

Errekurtsogileak honako eskaera ordezkatzaile hau jakinarazi zuen errekurtsoan: bere eskaera nagusia ez onartuz gero, aintzat har dezatela prozedura judiziala hasi dela siglen erabileraren gainean. Edonola ere, gai horrek ez dio ekainaren 5eko akordioaren legezkotasunari eragiten; eta, nolanahi ere, diru-laguntza ordaintzerakoan edo esleitzerakoan, kontuan hartu beharrekoa da.
 

 

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA

1,05 MILIOI IRAKASLEAK EUSKALDUNTZEKO

Agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, 2012eko udan eta 2012-2013 ikasturtean IRALE programaren barnean Sailaz kanpoko eragileez bideratuko diren ekintzetan parte hartzeko deialdia argitaratzen duena.

Jaurlaritzaren Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, gaurko bilkuran onartu duen Aginduak deialdia zabaltzen du IRALE programako jardueretan, Hezkuntza Sailak zuzenean burutzen ez dituenetan, parte hartzeko.

Agindu honen helburua irakasleak euskalduntzeko, alfabetatzeko eta hobetzeko programako (IRALE) jardueretan, Hezkuntza Sailak zuzenean burutzen ez dituenetan, parte hartzeko interesa duten erakundeei dei egitea da. Jarduera horiek 2012ko udan eta 2012/2013 ikasturtean egingo direnak dira.

Jarduera horiek irakasleen hizkuntza gaitasuna lortzeko ikastaroak izango dira eta irakasorduetatik kanpo emango dira. Deialdi honek 1,05 milioi euroko diru kopurua du.
 

 

9,5 MILIOI MUSIKA IRAKASKUNTZAKO IKASTETXEETARAKO

Erabakia, 5.000.000 eurotik gorako gastua baimentzekoa. Helburua: musika-ikastetxeetarako diru-laguntzak finantzatzea.

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak proposatuta, gaurko bilkuran agindu bat onartu du. Agindu horien bidez, musika irakaskuntzako ikastetxeetarako dirulaguntzen deialdia egiten da.

Deialdiaren bidez guztira 9.518.039 euro emango dira, eta dirulaguntza horiek jasoko dituztenak finantzaketarako herri administrazio publikoen %25eko edo gehiagoko finantziazioa duten musika irakaskuntzako ikastetxeak dira. Helburua ikastetxe horien gastu arrunta finantzatzen laguntzea da.

Esleipenerako irizpideak ikastetxeak emandako irakastorduen kopuruan oinarrituko dira.
 

 

2012/2013 GABONETAKO HAUR-PARKEA

Agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, ikastetxeetarako laguntzen deialdia egiten duena Gabonetako Haur Parkean jarduera artistikoak egiteko.

Gobernu Batzordeak, gaur izandako bilkuran eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuak proposatuta, ikastetxeei diru-laguntzak emateko deialdia egiten duen Agindua onartu du. Diru hori Ikastetxeek Gabonetako Haur-Parkean arte-jarduerak gauzatzeko erabiliko da.

19.820 eurotako diru-laguntza hauen helburua honako hau da: Bilbao Exibition Center-ean ospatzen den Gabonetako Haur-Parkean arte-jarduerak (antzezlanak, musika, txontxogiloak, bertsolaritza, dantza, etab.) garatzen dituzten Lehen Mailako edota Haur Hezkuntzako Ikastetxeei diru-laguntzak ematea.

Gabonetako Haur-Parkea 2012ko abenduaren 15etik 2015ko urtarrilaren 5era arte, 11tik 20ra, izango da.
 

 

2012-13 IKASTURTERAKO LH-KO IRAKASLEEN ETENGABEKO PRESTAKUNTZA PLANA

Agindua: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena. Honen bidez, Lanbide Heziketako irakasleak trebatu eta hobetzeko jardueren eskaintza instituzionala argitaratzen da eta 2012-2013 Etengabeko Prestakuntza Planaren barruan arautu egiten dira jarduera horiek Euskal Autonomia Erkidegoan egiteko deialdia eta jarduera horietan parte hartzen duten irakasleentzako laguntza ekonomikoen deialdia.

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du Lanbide Heziketa Zikloak irakasten dituzten irakasleentzako 2012-13 ikasturterako Lanbide Heziketako Irakasleen Etengabeko Prestakuntza Planeko ikastaroen deialdia arautzen duen agindua.

Agindua honek helburu dauka, alde batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketako irakasleen prestakuntza ikastaroetan parte hartu behar dutenak deitu eta hautatzeko prozedura ezartzea, eta bestetik, prestakuntza ikastaroak gainditzen dituzten irakasleentzako diru-laguntza arautzea.

Gehienez ere, 26.325€ erabiliko dira eta laguntza horiek ordaintzeko. Kopuru hori honela banatuko da: 12.636€ 2012an emango diren laguntzetarako erabiliko dira eta 13.689€, berriz, 2013 emango direnentzat.
 

 

365.000 EURO EUSKARA SUSTATZEKO

Agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, ikasgelaz kanpoko ekintzetan (IKE) euskararen erabilera sustatzeko 2011-2012 ikasturterako laguntza-deialdia egiteko dena.
Agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, 2012-2013 ikasturterako Euskal Girotze Egonaldien (EGE) laguntza-deialdia egiten duena.

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak proposatuta, gaur egin duen bilkuran euskara sustzatzeko hiru agindu onartu ditu.

Lehen aginduaren bidez guztira 184.000 euroko diru kopurua duten laguntzetarako deialdia egiten da, eskolaz eta ikasgelaz kanpoko ekintzetan (IKE) euskararen erabilera sustatzeko.

Bigarren aginduaren bidez guztira 181.000 euroko diru kopurua duten laguntzetarako deialdia egiten da Euskal Girotze Egonaldietarako (EGE). Egonaldi horien helburua Euskal Autonomia Erkidegoko ikasle guztiek bi hizkuntza ofizialak, euskara eta gaztelania, normaltasunez erabiltzeko gaitasuna bultzatzea da.
 

 

AHOZKO ADIERAZMENA INDARTZEKO DIRU-LANGUNTZAK

Agindua, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena; ikastetxeetako giroa euskalduntzeko 2012-2013 ikasturtean zehar eskolan ahozko adierazmena indartzeko laguntza-deialdia zabalduz.

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, gaurko bileran onartu du Ikastetxeetako giroa euskalduntzeko 2012-2013 ikasturtean zehar eskolan adierazmena indartzeko laguntza eta dotazio deialdia zabaltzen duen agindua.

Ahozko adierazmena lantzeko eta indartzeko ikastetxeek egin ditzaten saioak bultzatzea eta babestea du helburu diru-laguntza honek. Eskola-umeek arlo hauek jorratzea eta emanaldiak eskaintzea lagundu nahia da.

Helburu honetarakoa 181.000euro izango dira, honela banatuta: 69.400 euro Eskola Pribatuetarako eta 111.600 euro Eskola Publikoetarako.
 

 

JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA

EUSKADIKO ENPLEGU PUBLIKOAREN LEGE PROIEKTUA

Lege-proiektua, Euskadiko enplegu publikoari buruzkoa.

Gaur, Gobernu Kontseiluak Enplegu Publikoaren Lege Proiektua onartu du. Gobernu honek eta, zehatzago esanda, Justizia eta Herri Administrazio Sailak hiru hilabete darama proiektu hau lantzen, eta, denbora horretan guztian enplegu publikoaren arloan garatu dugun politikaren amaierako ondorioa da horrako lege hori.

Proiektu konplexua da, luzea (200 artikulu baino gehiago) eta oso landua. Helburu nagusia du gure autonomia-erkidegoan enplegu publikoaren kalitatea indartzea, hartara, zerbitzu hobea eskaini diezaien gobernu-maila guztiei, eta, azken batean, herritarrei.

2008tik, finantzak eta ekonomiak krisian ditugu, eta Jaurlaritzak ondotxo daki testuinguru horrek arlo publikoa gogor astindu duela, enplegu publikoan ere ondorio larriak izaten hasia dela.

Batzuetan zeharka beste batzuetan zuzenago, baina kritika dezente ari gara entzuten enplegu publikoaren gainean. Askotan, demagogia-hotsa darabilte, Euskadin eta Espainia osoan funtzionario publikoen irudiak berekin dituen betiko estereotipoen durundia.

Lehenengo egunetik, gobernu honek oinarrizko zerbitzu publikoei eta ongizate-estatuaren politika publikoei eustearen alde egin du, eta ezin ahaztu da langile publikoek ematen dizkietela herritarrei politika horiek. Garbi esan behar da, hortaz, behar-beharrezkoak direla (instituzioa bera defendatu beharra dago), baina horrek ez du esan nahi kalitatea eta eragimena hobetzeko eraldaketa sakonik proposatu ezin denik, lege honetan egiten dugunez.

Euskadi prest eduki behar dugu, krisitik berandu baino lehen irteteko, eta, horretarako, kalitateko enplegu publikoaren alde egin beharra dago, derrigor.
Enplegu Publikoaren Legeak beste arau-esparru bat dakar. Orain arteko eredua goitik behera berritzeko moduko hainbat elementu dauka (oraingo legea 1989koa da). Beste hainbat gauzatan, ordea, orain arte ere euskal enplegu publikoa, beste herri-administrazio batzuen aldean, modernizazio-eredu izan da, eta ereduzko gai horiek mantendu eta sakondu egin ditugu.

Orain arte, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioa beste guztien aurretik ibili izan da enplegu publikoa modernizatzeko prozesuan. Hortxe dugu CORAME txostena, 1994koa; eta “enplegu publikoa antolatzeko eredu berri” baterako bultzada, zeinak, azkenean, 2005ean, hainbat erregelamendu-neurri onartzea ekarri zuen. Biak ala biak ere “erreferentzia-puntu” derrigorrezkoak izan dira, estatuko gainerako herri-administrazioetarako.

Lege honek aurrerabide horiek sendotu egiten ditu, edukian formalizatuz, baina ez hori soilik, bide horretan aitzinago doa, “arauketa aurreratu” oso berriztatzaile batzuez lagunduta. Arauketa berri horiek, zalantzarik gabe, arlo publikorako erreferente modura hartuko dituzte estatuko beste lurralde batzuek.

Euskadiko Enplegu Publikoaren legeak egiten duena da 2007ko Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuan (EPOE) jasota dauden oinarrizko ideiak hartu, eta egokitu, aurrera begira eta berri gogoz. Oinarrizko ideia horien xedea enplegu publiko profesionalagoa, eraginkorragoa, inpartzialagoa iristea da, euskal herritarrari zerbitzu hobea eman diezaion.
Orain arte, bi autonomia-erkidegok soilik onartu dute, EPOE garatu eta aurrera eginez, funtzio publikoari edo enplegu publikoari buruzko lege integralik (Valentziak 2010ean, eta Gaztela-Mantxak 2011n). Asturiasek, 2009an, zati batzuk garatzeko lege bat onartu zuen, karrera profesionala eta jadunaren ebaluazioa lantzearren.

Hortaz, Euskadi da funtzio publikoari buruzko araudia EPOEra egokitu duen lehenengo autonomia-erkidegoetako bat, batez ere egokitzapen-prozesu horrek berekin duen modernizazio-indarra baliatu nahian.
Baina lege hau urrunago doa. Gaur egungo oinarrizko legediak gure erara jokatzeko uzten digun tartea baliatuz, eta, hortaz, geure autonomia erabiliz, funtzio publikoaren betiko ereduaren paradigma berritzeko eta aldatzeko hainbat elementu dakar, esate baterako, enplegu publikoa lanpostuen bidez antolatzea, jardunaren ebaluazioa, karrera profesionala eta kode etikoa, besteak beste.

Azkenik, lege honen aplikazio-eremua euskal herri-administrazio guztietara zabaltzen da (1989ko legearena bezalaxe), baina foru- eta toki-autonomiari erabateko errespetua die, eta, kasurik gehienetan, langileak kudeatzeko tresna-andana izugarri zabal bat eskaintzen du, gobernu-maila bakoitzak bere lehentasun politikoen arabera aplika ditzan, bakoitzaren araugintza- eta antolaketa-ahalmenen arabera.

 

Zer duen berritik

1. Jardunaren ebaluazioa
Diseinatu dugun eredu berria fin-fin ibiltzeko gakoa da, antolakunde publikoetara emaitzen eta eragimenaren araberako kudeaketa darama-eta. Apurka-apurka sartu beharko da, zuhur, baina beldurrik gabe, iritzi publikoak enplegu publikoari zilegitasun handiagoa aitortuko baitio, benetan ikusten baldin badu enplegatua emaitzen arabera ebaluatzen dugula.

2. Karrera profesionalerako eredu berria
Enplegatu publikoen eskubide subjektibo modura eta, objektiboki, langileak kudeatzeko tresna modura. “Garapen profesionaleko mailak” hartu ditugu egonarri modura, eta, hortik abiatuta, enplegu publikoaren errebindikazio betidaniko eta behar bezala inoiz ebatzi gabe horri erantzun estrategiko eta sostengarri bat eman nahi izan diogu.

3. Zuzendaritza publiko profesionala
Lege honek tarteko erakunde bat sortzeko bidea dakar, erabaki politikoak hartzen diren esparruaren eta exekutatzen diren tokien artean ibiliko dena. Zuzendari-gaiek, aurretiaz, gaitasun profesionalak egiaztatu beharra izango dute, hori oinarri modura; eta, funtsean, kontua izango da kudeaketaren emaitzak aintzat hartzeko kultura sartzea. Estatuan, eredu hau aurreratuta doa, aitzindaria da, orain arteko beste lege batzuetan dauden mugak erraz-erraz gainditzen ditu, eta Euskadi demokraziarik aurreratuenetako ereduen parez pare jartzen du.

4. Enplegatu publikoen kode etikoa
Enplegu Publikoaren Lege honetan, euskal enplegatu publikoen printzipio etikoak eta jarduteko printzipioak datoz jasota, eskubideekin batera. Gai honetan, Eusko Jaurlaritzak orain arte ere bereziki arduratsu jokatu du, lehenagotik ere onartua baitu goi-karguen Etika eta Gobernu Onerako Kodea. Orain, oinarrizko legedian zehazturik dauden printzipioak zehatzago adierazita utzi ditugu, eta gaia bera sakonago jorratu dugu.

5. Giza baliabideak kudeatzeko plangintza
Langileak estrategikoki planifikatzeko hainbat modalitate jaso dugu, lanpostuak betetzeko beste prozedura jakin batzuk ere zehaztu ditugu, eta administrazio-egoera berrien katalogo bat ere taxutu dugu. Soldataren eta prestakuntzaren arloko neurriekin batera, tresna-andana polita dugu diseinaturik, zergei eusten nahikoa lan dugun garaietan arlo publikoan langileak optimizatzeko prozesuak abiarazi ahal izateko, horretarako arrazoi objektiborik baldin badago.

6. Beste berrikuntza batzuk
Euskal Enplegu Publikoaren Legeak dakartzan neurri berri eta berriztatzaileek beste esparru batzuk ere ukitzen dituzte, esate baterako: Enplegu Publikoa Koordinatzeko Batzordea; IVAPen zeregina; enplegu publikoaren antolaketa; hautapeneko eta aurre-hautapeneko sistemak; prestakuntzaren zertarakoa; lansari osagarriak; lanpostuak betetzeko sistemak; negoziazio kolektiboa; eta hizkuntza-normalkuntzarako bultzada.
 

 

OSASUN ETA KONTSUMO SAILA

OSASUN- ETA KONTSUMO-SAILAK ETA CARLOS III.A OSASUN INSTITUTUAK LANKIDETZA-HITZARMEN BAT SINATU DUTE ZAHARTZEARI BURUZKO IKERKETA ETA BERRIKUNTZARAKO PLATAFORMAREN OSASUN- ETA GIZARTE ZERBITZUEN IKERKETA-PROGRAMA ETA IKERKETA KLINIKORAKO PROGRAMA ARTIKULATZEKO

Erabakia, Instituto de Salud Carlos III erakundearekin lankidetza-hitzarmen bat izenpetzeko baimena emateko dena. Hitzarmen horren bidez, antolatu egin nahi dira, Zahartzeari buruzko Ikerketa eta Berrikuntzarako Plataformaren barruan, ikerketa klinikoa egiteko programa eta osasun-zerbitzuak ikertzeko programa.

EAEk, Osasun eta Kontsumo Sailaren bitartez, eta Carlos III.a Osasun Institutuak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute zahartzeari buruzko ikerketa- eta berrikuntza-plataformaren lau ikerketa-programetatik bi arautzeko; programa horiek Carlos III.ak finantzatuko ditu, gaikako bi sareren bitartez: zahartzea eta kronikotasuna.
Bi programa horiek ikerketa klinikoko programa eta kronikotasunari buruzko osasun- eta gizarte zerbitzuen ikerketa programa dira, hain zuzen; lehena, zahartzearen eta hauskortasunaren gaikako sarearen bitartez gauzatzen da eta lehenengoz du Euskadiren partaidetza, eta bigarren programak aurkeztu duen ikerketa-proposamen bakarrak Euskadi du buru.

Hitzarmen honek aukera ematen dio Euskadiri zahartzearen eta kronikotasunaren inguruan dibertsifikazioa eskaintzeko eta Estatuko Administrazioaren eta EAEren arteko koordinazioa eta lankidetza bermatzeko, Zientzia eta Berrikuntzako ministro Cristina Garmendiarekin iaz sinatutako akordioaren ildoari eutsiz; hitzarmen horren xedea zen zahartzeari buruzko ikerketa-programa integrala sustatu, koordinatu eta burutzea, eta zahartzeari buruzko ikerketa eta berrikuntzarako plataforma sortzea eragin zuen. Horrek guztiak adierazten du Euskadi buru dela zahartzearen eta kronikotasunaren inguruko ikerketaren arloan.

Zahartzeari buruzko ikerketa eta berrikuntzarako plataformak zahartzearen inguruko lau ikerketa-programa espezifiko estaltzen ditu: oinarrizko ikerketako programa, ikerketa klinikoko programa, osasun eta gizarte-zerbitzuen ikerketako programa eta garapen eta berrikuntzako programa; horien bitartez, zahartzearen inguruko ikerketa-lerroak garatzeko proiektuak, ekimenak eta jarduerak burutuko dira.
 

 


Euskadi, auzolana