2012/03/06 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HERRIZAINGO SAILA
Herrizaingo Sailak 5.400.000 euro inbertituko ditu IBMko programa informatikoetan
ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA
Euskadik seme-alabentzako laguntza ematen jarraituko du, krisia eta estatuan izandako murrizketak gorabehera
OSASUN ETA KONTSUMO SAILA
Prestakuntza sanitario espezializatuaren egitura arautzen duen dekretua onartuta
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
Eusko Jaurlaritzak 21.300.000 euroko kreditua bideratu du FEADER eta FEAGA funtsetatik
KULTURA SAILA
Eskoriatzako Atxorrotzeko Gazteluaren Gune Arkeologikoa (Gipuzkoa) monumentu kategoriako sailkatutako kultura-ondasun deklaratu da
HERRIZAINGO SAILA

HERRIZAINGO SAILAK 5.400.000 EURO INBERTITUKO DITU IBMKO PROGRAMA INFORMATIKOETAN

Erabakia, Herrizaingo Sailak IBM softwarea alokatzeko 5.000.000 eurotik gorako aurrekontua kontratatzea baimentzeko dena

Zerbitzuen plataforma mantentzeko eta eguneratzeko

Gobernu Kontseiluak Herrizaingo Sailak bere zerbitzuen plataforma mantentzeko eta eguneratzeko behar duen IBMko software informatikoa erostea onartu du, gaurko bileran.

Herrizaingo Sailak IBMko programa batzuen baimenak erosiko ditu, baita programen eguneraketa zerbitzuak ere. Sailaren aplikazio informatiko gehienen oinarriak diren programa horien baimena 2012ko abenduaren 31ra arte izango dute, eta 5.400.000 euroko balioa izango dute.
Programa horiek Ertzaintzak eta Herrizaingo Sailak erabiltzen dituzten aplikazio informatiko ugarien oinarriak dira.
 

 

ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA

EUSKADIK SEME-ALABENTZAKO LAGUNTZA EMATEN JARRAITUKO DU, KRISIA ETA ESTATUAN IZANDAKO MURRIZKETAK GORABEHERA

Erabakia, seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak arautzen dituen Dekretuaren babespean ezarritako laguntzei aurre egiteko, 5.000.000 eurotik gorako gastua egiteko baimena ematekoa

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailak 400 eta 900 euro bitarte emango ditu lehenengo seme edo alabagatik, eta 1.100 bigarrenagatik.

57 milioi euro inbertituko ditu seme-alabengatiko laguntzetan eta kontziliazioan, eta arlo horretan laguntza gehien ematen dituen autonomia erkidegoa izango da.

“Familiei laguntzea eta kontziliazioa bultzatzea da oraindik gure apustua; politika hori ekonomiarentzat ere pizgarria delako”, azpimarratu du Gemma Zabaletak

Euskadi are gehiago finkatu da seme-alabak dituzten familiei eta kontziliazioari laguntza gehien ematen dien autonomia-erkidego gisa, gaur Eusko Jaurlaritzak 57,48 milioi euroko aurrekontu-saila onartu baitu. Horrela, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak 27,44 milioi euro jarriko ditu seme-alaben jaiotza edo adopziorako laguntzetarako. Beste 30,04 milioi euro erabiliko ditu lana, familia eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko laguntzetarako; 2009. urtean baino % 62 gehiago.

Beste autonomia-erkidego batzuetan era horretako laguntzak kendu edo murriztu diren bitartean, Eusko Jaurlaritzak 400 eta 900 euro bitarte ordainduko ditu lehenengo seme edo alabaren jaiotza edo adopzioagatik, urtesari bakar batean ordainduta. Kopurua aldakorra izango da, familia-unitatearen errentaren arabera. Bigarren seme edo alabagatiko laguntzek 1.100 eurokoak izaten jarraituko dute jaiotza edo adopzioaren urtean, eta 400 eurokoak lehenengo urtebetetzean. Hirugarren semea edo alaba daukaten familiei dagokienez, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak 6.300 euro ordainduko dizkie, zazpi urtesaritan banatuta.

Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak Eusko Jaurlaritzaren ahalegin hori baloratu du, eta “seme-alabak dituzten familiei laguntzen jarraitzeko politikak dira gure apustua” adierazi du. “Politika horiekin, errenta ematen diegu gure familiei. Politika horiek pizgarriak dira ekonomiarako, eta horregatik aplikatzen jarraitu behar ditugu, ekonomia suntsitu ez dadin, kontsumoak jarraitu dezan, eta hazkundearen bidea zabaldu dadin; izan ere, hori da etorkizunean enpleguari eusteko modu bakarra”, azpimarratu du Zabaletak.

Horren ildotik, “ekonomia geldiarazten duten politikak zero hazkunderako politikak dira, eta beraz, ekonomia gelditu eta langabezia eragozten dute. Gure ustez familien eta enpresen esku errenta jartzen jarraitu behar dugu, ekonomiak funtzionatu dezan”, adierazi du Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak.

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak seme-alabak dituzten familiei laguntzeko eta kontziliazioa sustatzeko dituen programak Euskal Autonomia Erkidegoko familiei laguntzeko Erakundeen arteko III. Planaren barruan kokatzen dira, eta plan hori iazko abenduan onartu zuen Jaurlaritzak. Programaren helburu nagusia da “eskubide subjektiboaren ikuspegitik, familiak beren bizitzaren ziklo osoan sustatzeko, osatzeko eta haiei laguntzeko familia-politika sustatzea”.

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak seme-alabak dituzten familiei laguntzeko jarriko dituen 27,44 milioiei dagokienez, aurrekontu-sail horrek hiru laguntza-lerro izango ditu:

 

1. Kargurako seme edo alabagatik. 400 eta 900 euro bitarte ordainduko dira lehenengo seme edo alabaren jaiotza edo adopzioagatik. Kopurua aldakorra izango da, familia-unitatearen errentaren arabera. Bigarren seme edo alabagatiko laguntzak 1.100 eurokoak izaten jarraituko dute jaiotza edo adopzioaren urtean, eta 400 eurokoak lehenengo urtebetetzean. Hirugarren semea edo alaba daukaten familiei dagokienez, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak 6.300 euro ordainduko dizkie, zazpi urtesaritan banatuta.

2. Erditze edo adopzio nazional anizkoitzagatik. Familia unitateko seme-alaben artean zenbatgarrena denaren arabera dagozkion laguntzez gain, 2.000 eta 4.000 euro bitarteko ordainketa bakarra emango da, familiaren errentaren arabera.

3. Nazioarteko adopzioagatik. Familia unitateko seme-alaben artean zenbatgarrena denaren arabera dagozkion laguntzez gain, 3.500 eta 7.000 euro bitarteko ordainketa bakarra emango da, familiaren errentaren arabera.

Laguntza-lerro hau familiei laguntzen dieten eta familien autonomia faboratzen duten zerbitzuak, neurriak eta politikak sustatzera zuzendutako politiketan kokatzen da, Familia-bizitza, bizitza pertsonala eta lan-bizitza modu arduratsuan uztartzeko aukerak bultzatzea helburu hartuta, batetik, eta familietako kideak zaintzeak eta familiek beren familia-proiektuak garatzeak sortutako gastuak konpentsatzeko, bestetik.

Bestalde, lana eta familia bateragarri egiteko 2012. urtean jarritako 30,04 milioien helburua ondorengo egoeretarako laguntzak ematea da.

 

1. Langileen eszedentzia edo lanaldi-murrizketa, seme-alabak zaintzeko. Baita mendetasun-egoeran edo osasun-egoera oso larrian dauden senitartekoak zaintzeko ere.

2012. urtean atal horretan emandako laguntzen urteko kopuruak honakoak izan dira:

  • 3.255 euro eszedentzietarako.

  • 2.604 euro lanaldia % 45 edo gehiago murrizteko.

  • 2.325 euro lanaldia % 40tik % 45era murrizteko.

  • 2.046 euro lanaldia % 33,33tik % 40ra murrizteko.

2. Seme-alaba adingabeak zaintzeko langileen kontratazioa.

2012. urtean atal horretara zuzendutako laguntzak kopuru hauetara iritsiko dira:

  • Kontratatzailearen kargurako kostu sozialen % 93 familia-errenta estandarizatua 28.000 eurokoa edo txikiagoa bada.

  • Kontratatzailearen kargurako kostu sozialen % 69,75 familia-errenta estandarizatua 28.000 eurotik gorakoa bada.
 

 

OSASUN ETA KONTSUMO SAILA

PRESTAKUNTZA SANITARIO ESPEZIALIZATUAREN EGITURA ARAUTZEN DUEN DEKRETUA ONARTUTA

Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoan prestakuntza sanitario espezializatuaren sistema antolatzeari buruzkoa

Gobernu Kontseiluak otsailaren 8ko 103/2008 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko printzipioak garatzen dituen dekretua onartu du. Aipatutako azken dekretu hau Autonomia Erkidegoek prestakuntza sanitario espezializatuko xedapenak ebazteko eskumenak emateari buruzkoa da. Indarrean sartuko denetik, hurrengo prozedura hauek arautuko dira: ikasketa-buruak izendatzea, aitortzea, pizgarriak ematea eta aldizkako ebaluazioa egitea; tutoreak izendatzea, kreditatzea eta aldizka berkreditatzea; eta tutoreen jardueraren errekonozimendu espezifikoak.

Araudi berri honen arabera, tutoreek orain lanaldiaren barruko dedikazio espezifikoa izango dute prestakuntzarako; karrera profesionala errekonozituko zaie; eta banakako pizgarri ekonomikoa izan dezakete.
Dekretu honetan lehendabiziz ezarri da tutoreen aldizka kreditatzeko prozedura. Lau urtero ebaluatuko dituzte kreditazio berria lortzeko.

Figura berriak ere sortu dira, adibidez, prestakuntza sustatzeko teknikaria eta beste berri batzuetarako atea irekita utzi dute, esate baterako, enbor-tutorea. Halaber, sistema honetan tutore laguntzaileak eta unitate asistentzialetako buruak (zerbitzuburuak) daude.

Gaur egungo egitura honek 16 Zentro edo ikastetxe dauzka, horrela banatuta: 8 ospitale eta 2 irakaskuntza-unitate (Laneko Medikuntza eta Medikuntza Prebentiboa eta Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Publikoa), familiako eta komunitateko medikuntzako 3 irakaskuntza-unitate eta erizaintzako 2 irakaskuntza-unitate: Osasun Mentala, eta Obstetrizia eta Ginekologia nahiz Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko lanbide askotako irakaskuntza-unitatea. Gainera, 437 tutore daude 46 espezialitatetan, eta 2011-2012 ikasturtean 1.290 egoiliarri prestakuntza eskaini zaie. Azkenik, auditorien bitartez, zentro edo Irakaskuntza Unitate bakoitzakSNSren Kalitatearen Agentziaren kreditazioa jaso du.
 

 

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA

EUSKO JAURLARITZAK 21.300.000 EUROKO KREDITUA BIDERATU DU FEADER ETA FEAGA FUNTSETATIK

Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren 2012. ekitaldiko Aurrekontuko "Europar Batasunarekiko Finantza-harremanak" 9311 programan diru-sarrerak lortu direla-eta, "Nekazaritza eta Landa Garapena eta Itsasbazterra" 7111 Programan 21.248.637,28 euroko kredituak gaitzeko dena

Gobernu Batzordeak onartu duen dekretuari esker 21.248.637 euroko kreditua izango da Erakunde Ordaintzaileak Nekazaritza eta Abeltzaintza esparruan, ordainketa bakarrera, ordainketa akoplatura eta kalitatea eta kalteberak diren landa eremuetarako laguntzetara bideratzeko.

Kreditu horrek, Eusko Jaurlaritzak urtero bideratzen duenak, FEAGA (Nekazal Bermaren Europako Funtsa) eta FEADER (Landa Garapenerako Europako Funtsa) funtsen bitartez finantzatzen diren ordainketak osatzen ditu.

Zehatz mehatz, abeltzaintzako ustiategiak, landa eta abere ekoizpena eta ingurumen politikak, kalitatezkoak eta kalteberak diren eremuentzako dirulaguntzak bideratzen jarraitzeko neurriak dira horiek.

Bideratu den kredituak, era berean, Euskal Autonomi Erkidegoko Landa Garapenerako 2007-2013 Planaren neurri ezberdinak finantzatzeko balioko du.
 

 

KULTURA SAILA

ESKORIATZAKO ATXORROTZEKO GAZTELUAREN GUNE ARKEOLOGIKOA (GIPUZKOA) MONUMENTU KATEGORIAKO SAILKATUTAKO KULTURA-ONDASUN DEKLARATU DA

Dekretua, Eskoriatzan (Gipuzkoa) dagoen Atxorrotzeko Gazteluaren Gune Arkeologikoa (lehen ¿Aitzorrotz¿), monumentu izendapenaz, sailkatutako kultura-ondasun deklaratzeko dena

Gaurko bilkuran, Eskoriatzako Atxorrotzeko Gazteluaren Gune Arkeologikoa (Gipuzkoa) monumentu kategoriako sailkatutako kultura-ondasun deklaratzen duen Dekretua onartu du Jaurlaritzaren Kontseiluak. Atxorrotzeko Gazteluaren Gune Arkeologikoa babesteko beharrezkotzat jotzen den eremuak interes historiko-arkeologiko nabarmena duen aztarnategi honetako okupazio-hondakinak biltzen ditu, hain zuzen, eremu horretan egindako lan arkeologikoei esker gaur egun arte ezagutzen ditugunak.

Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen 2011ko irailaren 22ko Ebazpenaren bidez, Eskoriatzako (Gipuzkoa) Atxorrotzeko Gazteluaren Gune Arkeologikoa (bibliografía zientifikoan ‘Aitzorrotz’ izenaz ere ezaguna), monumentu izendapenaz, sailkatutako kultura ondasun deklaratzeko espedienteari hasiera eman, jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko epea eman zen. Informazioa jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko epea amaitu eta ez da bat ere alegaziorik aurkeztu. Legez ezarritako epeak igaro ondoren, Eskoriatzako Atxorrotzeko Gazteluaren Gune Arkeologikoa (Gipuzkoa) monumentu kategoriako sailkatutako kultura-ondasun deklaratzen duen dekretua onartu da.

Atxorrotzeko Gazteluaren Gune Arkeologikoari eman zaion babes-maila kontserbaziokoa da. Gure erkidegoko arkeologian azpimarragarria izateagatik eman zaio babes-maila hori, bere ingurua hondatuko luketen jarduerak saihestearren.

Kontserbazioaren babes-mailak bermatu egingo du kontserbatu beharreko monumentuak kalterik ez jasotzea. Bertan burutu ahal izango diren jardueren helburua izango da babestutako ingurunean gizakiaren lehengo jarduera ulertzen lagundu dezaketen oraingo egiturak –edo lehengoen aztarnak– finkatzea edo zaharberritzea, ez besterik.

Gaztelua bere landa-ingurura egokitzea sustatuko da, baldin eta hori egiteak ez badu gaztelua bera funtsean aldatzen. Bertan kultura, turismo eta aisiari lotutako ekimenak egitea sustatuko da.

Atxorrotzeko Gazteluaren Gune Arkeologikoaren eremuan edozein jarduera egin baino lehen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aldez aurreko baimena beharko da, aldundia baita babes-araubide honetan ezarritakoa betetzen dela bermatuko duena, betiere Aizkorri-Aratzeko Parke Naturalaren organo kudeatzaileak ingurumenaren alorrean dituen eskumenak errespetatuta.

Atxorrotzeko Gazteluaren Gune Arkeologikoan egiten diren esku-hartzeak gauzatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen dituen baimenak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari jakinarazi beharko zaizkio, gainerako interesdunei bezalaxe.

 

Deskribapena
Bolibar auzoan, Eskoriatzako udalerriaren SWko ertzeko haitz batean, 738 metroko garaieran, Atxorrotzeko Santi Kurutzeko ermita dago. Toki horretan, Arlabango pasabideari gaina hartuta, Goi Erdi Aroko gaztelu garrantzitsuenetako bat dago, inguruan oraindik lekukotasun nabariak gordetzen dituena.

Tokia arretaz aztertuz gero, gazteluaren hondakinen nondik norakoak antzeman daitezke: oinplano trapezoidaleko esparru nagusia, 500 bat metro karratukoa, eta hari hegoaldetik erantsita eta beheragoko maila batean, bigarren esparru bat, 250 metro karratukoa.

Iraun duten gotortze-egiturak, harkaitzaren gerria ixten dutenak, harkaitzaren hegoaldean eta mendebaldean daude nagusiki; iparraldetik eta ekialdetik, ordea, ez da itxituraren beharrik, lurraren malda handiak berak sarbide oro ekiditen baitu. Hormak harlangaitzezkoak dira, kareharri txikiz eginak, ia arbastatu gabe eta argamasa ugari erabiliz. Hormen lodiera 1,5 eta 2 metro artekoa da, eta garaiera ez da metro eta erdira iristen.

Itxitura egiteko eraikitze molde hau ohikoa da honelako gotorlekuetan (harkaitz-gazteluak). Kokalekuaren berezko arroka baliatzen dute gotorlekuaren zatitzat hartzeko. Horma-zatiak altxatzen dira, kanpo-itxituraren funtzioa betetzen duen arrokaren berezko moldearekin tartekatuta, edo, bestela, arroka bera beheratu egiten da, hura zizelkatuz, dena delako erabilerari begira (uharka, egongelak…).

Sarbiderako atea hegoaldean dago, pasabide estu eta malda handiko batean. Gaur egun mailak daude bertan, eta itxitura metaliko bat du abereak pasa ez daitezen. Bertatik bigarren esparrura sartzen da, eta itxitura edo pasabide bikoitz bat dago dorre nagusia zegoen tokira heltzeko. Ustez, oraingo ermita dagoen tokian egongo zen dorrea XVI. mendean.

Mendiaren erpin gorenean, Gurutze Santuaren izenpeko ermita altxatu zen XVI. mendean. Oraingo oinplano laukizuzena eta lau isurialdeko estalkia 1953. urtean egindako zaharberritzearen ondorioa dira. Eraikinak ez du, antza, garrantzi handirik.

Ermitaren hego-hegalean uharka bat dago, beharbada teilatuko ura hobeto aprobetxatu aldera egindakoa. Haitzean egindako lana da, oinplano laukizuzena duena (4 bider 3.30 metroko oinplanoa, eta 1,50 metroko garaiera) eta 20.000 litro inguru jaso ditzakeena. Oraindik gordetzen ditu hormak iragazteko erabilitako argamasa-geruzaren hondar batzuk.

Haitz honekin aurrez-aurre, 70 metrora hegoalderantz, beste goi-haitz bat dago, gotortze-sistema beraren zatia izango zena, aurre-talaia modukoa, Erdi Aroko materialen hondarrak aurkitu baitira bertan. Gauza bera gertatzen da ermitaren NWan dauden harkaitzekin: aurkitutako material arkeologikoaz gainera, harkaitzetan bertan aztarnak baitaude biltegi edo halako egitura edo erakinak egiteko erabili izan direla frogatzen dutenak.