2010/11/16 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HERRIZAINGO SAILA
Herrizaingo Sailak Helena Taberna zinemagilearen ¿Nagore¿ dokumentala diruz lagunduko du
Herrizaingo Sailak lankidetza hitzarmen bat sinatu du Basauriko Udalarekin
HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
Glasgoweko Unibertsitateko Centre for Cultural Policy Research
8.000 euro First Lego League Euskadirako
EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
Oinarri EBB Elkarrekiko Berme-baltzuaren kapitalean aldi batean parte hartzeko baimena
INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA
Eusko Jaurlaritzak 317.384 euro bideratu ditu, energia berriztagarriei loturiko azpiegituren erabilera indartzeko
KULTURA SAILA
Jaurlaritzak 1.664.427 euro emango zizkio Euskaltzaindiari
LEHENDAKARITZA
Sozioekonomia Gaietarako Lehendakariaren Aholkularitza Batzordeak Euskadik 2030era bitartean duen demografia erronka aztertuko du
HERRIZAINGO SAILA

HERRIZAINGO SAILAK HELENA TABERNA ZINEMAGILEAREN ¿NAGORE¿ DOKUMENTALA DIRUZ LAGUNDUKO DU

Erabakia, Lamia Producciones Audiovisuales SLri zuzeneko diru-laguntza ematekoa, "Nagore" film-dokumentala egiteko.

Genero indarkeriaren kontra islatzen dituen balore positiboak direla eta

Gobernu Kontseiluak Helena Taberna zinemagileak zuzendutako “Nagore” dokumentalaren ekoizpen-etxeari 20.000 euroko diru-laguntza zuzena ematea onartu du gaur, Herrizaingo Sailak proposatuta. Genero indarkeriaren kontrako kontzientziazio sozialerako erakusten dituen baloreak direla-eta jasoko du proiektuak diru-laguntza.

Valladolideko Nazioarteko Zinemaldian estreinatu berri dute dokumentala. Lanak Nagore Laffage gaztearen hilketarekin lotutako gertakariak deskribatzen ditu, 2008ko Sanferminetan, uztailaren 6an, Jose Diego Yllanesek hil zuenean. Pelikularen argumentuaren hari bikoitza (alde batetik, ikerketaren garapen zehatza eta ondorengo prozesu legala jasotzen ditu eta, bestalde, kasuaren giza alderdia ere erakusten du) eta pelikula ikusteak eragiten dituen ondorio positiboak instituzioen babesa behar duten baloreak dira, Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren arabera.

Zuzendaritzaren aburuz, dokumentalak helburu sozial garrantzitsua betetzen du kontzientziazio eta sentsibilizaziorako baliabide gisa, emakumeen kontrako indarkeriaren arazoaren aurrean. Dokumentalak Nagoreren kasua gizartearen kontzientzian bizirik iraunaraziko du, eta jendeak ahaztu dezan saihestuz; gainera, omenaldia egiten die genero indarkeriaren biktima izan diren emakumeei.

 

HERRIZAINGO SAILAK LANKIDETZA HITZARMEN BAT SINATU DU BASAURIKO UDALAREKIN

Erabakia, Basauriko Udalarekin lankidetza-hitzarmena izenpetzeko baimena emateko dena, koordinazio eta kooperazio polizialaren arloan.

Basauriko Udaltzaingoa Ertzaintzak erabiltzen duen TETRA komunikazio sarean sartuko da

Gobernu Kontseiluak Herrizaingo Sailaren eta Basauriko Udalaren arteko Lankidetza Hitzarmen bat onartu du gaur egindako bileran. Akordioak Ertzaintzaren eta Bizkaiko udalerri horretako Udaltzaingoaren arteko koordinazioa indartzea du helburu. Hitzarmenaren baitan, Basauriko Udaltzaingoa Ertzaintzak erabiltzen duen TETRA komunikazio sarearekin lanean hasiko da eta, horri esker, bi Polizien arteko informazioaren hartu-emana arindu eta esku-hartzeak bikoizteko arriskua saihestuko da.

Ertzaintzaren eta Udaltzaingoen arteko koordinaziorako prozedurak ezartzeko beharra Euskal Herriko Poliziari buruzko Legean, 1992ko uztailekoan, Herrizaingo Sailaren egiturari buruzko Dekretuan eta Euskadiko Segurtasun Publikoaren Sisteman jasota dago. Arau horiek honela definitzen dute koordinazioa: “udalerriei eta Autonomia Erkidegoari dagozkien esku-hartzeak bateratze aldera, informazioaren hartu-emana eta baterako ekintzak ahalbidetuko dituzten harremanetarako baliabideak eta metodoak zehaztea helburu duten jokabide-sistemen multzoa”. Era berean, “esku-hartzeetan bikoiztasunik ez emateko eta Polizia ezberdinen baliabide operatiboak modu hoberenean erabiltzeko Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko koordinazio eta lankidetzarako mekanismoen multzo” gisa ere definitzen dute arauek koordinazioa.

Helburu horiek lortzeko, berebizikoa da sistema teknikoak bateratzea, batez ere, komunikazioekin lotura dutenak. Komunikazio sistema berberak erabiltzeak informazioaren hartu-emana eta lan-prozedura koordinatuak ezartzea errazten du.

Hori dela eta, Herrizaingo Sailak eta Basauriko Udalak Hitzarmen bat sinatzea erabaki dute, Basauriko Udaltzaingoa Ertzaintzak eta EAEko larrialdietan esku-hartzen duten beste instituzio batzuek ere erabiltzen duten TETRA irrati-sare mugikorrarekin lanean has dadin.

 

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA

GLASGOWEKO UNIBERTSITATEKO CENTRE FOR CULTURAL POLICY RESEARCH

Agindua: honen bidez, Glasgow-eko Unibertsitateko ikertzaile bisitarientzat dirulaguntza bat deitzen da.

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, gaurko egunean onartu du Glasgoweko Unibertsitateko Centre for Cultural Policy Research-en ikertzaile bisitarientzat 2011/2012 ikasturtean dirulaguntza bat deitzen duen agindua.

38.918 euroko dirulaguntza honek bosna hilabeteko (iraila-urtarrila, otsaila-ekaina) bi aldi hartzen ditu, izangaiek bost hilabeteko aldi bakarra aukeratu ahal izango duten arren.

Ondorengoak dira ikertzaile bisitariak ikerketa-lana egin ahal izango duen arloak: kultura, komunikazioa eta komunikabideak.

 

8.000 EURO FIRST LEGO LEAGUE EUSKADIRAKO

Erabakia, INNOBASQUE-Berrikuntzaren Euskal Agentziari zuzeneko diru-laguntza emateko dena, First Lego League Euskadi antolatzeko.

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, gaurko bileran hartu du Berriztapeneko Euskal Agentziari 8.000 euroko dirulaguntza zuzen bat emateko erabakia, 2010.ean First Lego League antolatzeko.

Kirol-gertakariaren formatua duen txapelketa gisa antolatzen da First Lego League Euskadi eta dibertitzera eta zientzia eta teknologiaren zirrara sentitzera eramaten ditu 9-16 urteko gazteak, berriztapen eta sormenaren baloreak sustatzeko hezkuntza-konpromisoarekin. Horrela bokazio zientifiko, teknologiko eta ingeniaritzaren aldekoak eta gaitasun sortzaile eta berritzaileak bultzatuko dira.

 

EKONOMIA ETA OGASUN SAILA

OINARRI EBB ELKARREKIKO BERME-BALTZUAREN KAPITALEAN ALDI BATEAN PARTE HARTZEKO BAIMENA

Dekretua, Oinarri EBB Elkarrekiko Berme-baltzuaren kapitalean aldi batean parte hartzeko baimena ematen duena

ELKARGI eta OINARRI elkarrekiko berme-baltzuen kapitaletan aldi batean parte hartzearen helburua da erakunde bien funts propioak eta kaudimen-koefizienteak indartzea, Eusko Jaurlaritzak bultzatu zuen ETEentzako eta autonomoentzako zirkulatzaile-kredituen lerrotik eratorritako “ohikoak ez diren” arriskuak ezeztatu arte.

Elkargi eta Oinarri EBBen kapital sozialean egingo diren aldi baterako eta itzultzeko moduko ekarpenen zenbatekoak, hurrenez hurren, 659.560 euro eta 89.000 eurokoak dira.
 

INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA, NEKAZARITZA ETA ARRANTZA SAILA

EUSKO JAURLARITZAK 317.384 EURO BIDERATU DITU, ENERGIA BERRIZTAGARRIEI LOTURIKO AZPIEGITUREN ERABILERA INDARTZEKO

Dekretua, nekazaritza eta basogintza arloetan energia berriztagarrien azpiegituretan inbertsioak egiteko diru-laguntzei buruzkoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza edo/eta basogintza arloan energia berriztagarriei lotutako azpiegituretarako inbertsiorako laguntzen araubidea ezarri eta arautzen duen dekretua onartu du gaur Jaurlaritzaren Kontseiluak. Euskal Autonomia Erkidegoko Landa Garapen Jasangarriaren Programakoak dira laguntza horiek.

Pilar Unzaluren sailak landutako testuaren arabera, 320.000 euro inguru bideratuko dira, biomasarekin edo hondakin organikoekin energia ekoiztea ahalbidetzen duten neurri batzuk bultzatzeko eta nekazaritzako ustiategietan energia aurreztea eta ingurumenaren arloa hobetzea indartzeko.

Diru-laguntzak emango dira, instalazio berritzaileak ezartzeko, nekazaritzako edo/eta basogintzako ustiategietatik ateratako hondakin organikoekin energia ekoizteko. Nekazaritzako EAEko sektoreaz arduratu beharko dira instalazioak, eta honako helburu hauetakoren bat lortzeko balio beharko dute: Nekazaritzako ustiategien energia-kostua aurreztea eta nekazaritzako edo/eta basogintzako ustiategietatik ateratzen den biomasa tratatuta ingurumena hobetzea.

Energia-kontsumoa da jendartearen aurrerapenaren eta ongizatearen neurtzaile nagusietako bat. Hori dela eta, ingurumena eta lurraldearen oreka errespetatzen duten energia berriztagarriek merezi duten lehentasunezko izaera estrategikoak arreta berezia eskatzen du, bizi-kalitate hobea eta jendartearen oreka lortzeko eta gure ekonomian balioa eta aberastasuna sortzeko.

Bideratu den diru-kopurua 317.384 eurokoa da; horietatik 114.258 euro LGENFren kargura izango dira, eta 203.126 euro, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kargura. Diru-laguntza bakoitzaren zenbatekoa inbertsio osoaren % 80 artekoa izango da.

 

KULTURA SAILA

JAURLARITZAK 1.664.427 EURO EMANGO ZIZKIO EUSKALTZAINDIARI

Erabakia, Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundien artean, eta bestetik, Euskaltzaindiaren artean sinatutakoa.

Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu duen programa-kontratuaren bidez, batetik, Euskaltzaindiaren, eta, beste alde batetik, Eusko Jaurlaritzaren, eta Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko lurralde historikoetako foru aldundien arteko lankidetzarako oinarri orokorrak ezarriko dira; eta, orobat, Akademiak etorkizunean jardunean jarraitzea eta aldizka kontuak ematea bermatzeko, alde bakoitzak bereganatzen dituen konpromisoak –materialak zein finantzarioak– biltzen dituen esparrua arautuko da. Aurreikusita dago kontratu-programa honek lau urteko indarraldia izatea (2010-2013), eta Jaurlaritzak 2010ean egingo duen diru-ekarpena 1.664.427 eurokoa izango da.

Herri-administrazio sinatzaileek Euskararen Errege Akademia-Euskaltzaindiaren jarduera suspertu eta bermatzeko hainbat neurri hartu dituzte azken urteotan, hasieran banan-banan, eta, harrezkero, arian-arian modu bateratuan. Orain, etengabeko ikerkuntza-jarduerari euste aldera, eta emaitzak ekoizten jarraitu ahal izateko –batez ere Akademiak egiten dituen argitalpenen eta programen bidez erakusten direnak–, beharrezkotzat jo dugu orain arteko finantziazio-eredua aldatzea.

Horrela, herri-administrazio sinatzaileek eta Euskaltzaindiak, kontratu-programa Akademiaren kudeaketa eta jardueren gainean aholkua emateko eta jarraipena eta ebaluazioa egiteko tresna gisa hartuta, berori egiteko oinarriak adosten dituzte. Era berean, programa-kontratu honen helburua da, hain zuzen, eskuragarri dauden baliabideen kudeaketa optimizatzea eta helburu eta erronka berriak planteatzea, epe ertain eta luzera. Hori guztia euskara ikertzeko eta zabaltzeko jardueren ikuspuntu integratu baten barruan, etorkizunari begira.

Horiek horrela, programa-kontratu hau planifikazio estrategiko eta kudeaketarako tresna gisa osatzen da, zeinaren bidez herri-administrazio sinatzaileek eta Euskaltzaindiak euren arteko harreman-esparrua zehazten duten, bakoitzaren konpromisoei dagokienez, baita Akademiaren finantziazio-sistemari eta 2010-2013 aldirako (biak barne) ezarritako helburuak bete dituen ebaluatzeko sistemari dagokienez ere.

 

LEHENDAKARITZA

SOZIOEKONOMIA GAIETARAKO LEHENDAKARIAREN AHOLKULARITZA BATZORDEAK EUSKADIK 2030ERA BITARTEAN DUEN DEMOGRAFIA ERRONKA AZTERTUKO DU

Sozioekonomia Gaietarako Lehendakariaren Aholkularitza Batzordea estrategia aholkuak emateko talde aske eta maila gorenekoa da, Euskadiren garapen ekonomiko iraunkorrerako eta gizartearen aurrerabide jarraiturako funtsezkoak diren politika ekonomikoak aztertzeko. Batzorde horrek bere ezagutza, esperientzia eta irizpidea gehitzen ditu euskal ekonomiaren epe ertaineko eta epe luzeko bilakaera ebaluatu, diagnostikatu eta gainbegiratzeko, eta egoki irizten zaizkion jarduerak eta aldaketak proposatzen ditu.

Aholkularitza Batzordeak asteazkenean, azaroaren 17an, egingo du hirugarren osoko bilkura urtarrilean eratu zenetik.

Aholkularitza Batzordeak 2010eko ekainaren 2an egin zuen aurreko osoko bilkura eta bilkura hartan Euskadiren ekonomiaren etorkizunerako funtsezkoak diren bi alor hauek aztertu zituen:
 

Euskadiren Lehiakortasunaren Etorkizuna

Euskadiren Sektore Estrategikoak eta horien Etorkizuna

Euskadiren Lehiakortasunaren Etorkizunari buruzko txostena Aholkularitza Batzordearen esparru txostena izan zen, 2030eko Euskadiri Adimenaren Metropolia izena eman baitzion, eta Aholkularitza Batzordeak aztertu beharreko gainontzeko alor eta gaietarako behar den ikuspegia ezarri zuen.

Halaber, eta 2030eko Euskadi Adimenaren Metropoliaren esparruan beti, lehiakortasunaren 2030. urtera bitarteko hamar erronken artean Piramide Demografikoaren Kudeaketa Eraginkorra ezarri zuen Aholkularitza Batzordeak, jardun alor hori funtsezkoa baita hurrengo hamarkadetan Euskadiren iraunkortasun sozioekonomikoa bermatzeko.

Aholkularitza Batzordeak ekainean egindako gogoeta horien ildotik, azaroaren 17ko osoko bilkuran aztertu beharreko gaia honako hau izango zela erabaki zen: Demografia, Enplegua eta Prestakuntza 2030era bitartean.
Bihar, azaroaren 17an, Aholkularitza Batzordea gai honen lehenengo atala aztertuko du: “Demografia, Hazkunde Ekonomikoa eta Kontu Publikoen Iraunkortasuna 2030era bitartean".

Oinarrizko agiri eta txostenak prestatzeko, lan batzorde bat eratu zen uztailean, Aholkularitza Batzordeari gai horri buruzko gogoeta nagusiak helarazteko.
Lan batzordeak hainbat bilera egin ditu ordutik hona. Lehendakariaren Bulego Ekonomikoak eta BMASI aholkularitza enpresak egin eta aurkeztu dituzte egindako bileren aurretiazko azterketak eta horiek aurkeztuko dituzte lan batzordearen ondorioak Aholkularitza Batzordearen osoko bilkuran.