2010/11/09 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

HERRIZAINGO SAILA
Terrorismoaren biktimei osoko laguntza emateko sistema garatzen duen Dekretua onartu dute
HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
Hezkuntzako Programa Osagarriak
Oxfordeko unibertsitateko St Antony's College
ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA
Jaurlaritzak zuzkidura-etxebizitzak egingo ditu Iruña Okan
Jaurlaritzaren eta Hondarribiko Udalaren arteko hitzarmena, Muliaten babestutako etxebizitzak egiteko
ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA
Lankidetza hitzarmena Matia Fundazioarekin, i+g proiektuetarako
KULTURA SAILA
Euskarako tituluak baliokidetzeko dekretua onartu da
LEHENDAKARITZA
Onartu dira enplegu politika aktiboak eskualdatzea berresteko dekretuak
HERRIZAINGO SAILA

TERRORISMOAREN BIKTIMEI OSOKO LAGUNTZA EMATEKO SISTEMA GARATZEN DUEN DEKRETUA ONARTU DUTE

Dekretua, terrorismoaren biktimei laguntza integrala emateko sistema garatzekoa.

Terrorismoaren biktimei osoko laguntza emateko sistema garatzen duen Dekretua onartu du gaur Gobernu Kontseiluak. Horrela, terrorismoaren biktimak izan dezakeen beharrizan bakoitza betetzeko osoko babes eta laguntza sistema bat garatzea lortu da, Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa Egiteko Legean aurrikusi zen bezala.

Herrizaingo, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa, Justizia eta Herri Administrazioa, Etxebizitza eta Herri-Lan eta Garraio sailburuek proposatutakoa da Eusko Jaurlaritzak gaur onartu duen Dekretua. Herri Administrazioari dagozkion esparruetan terrorismoaren biktimen beharrizanak arintzeko osoko laguntza sistema bat garatzea du helburu.

Biktimei eman beharreko laguntzei buruzko Legeak ezartzen dituen aurrikuspenak osatu eta garatu egiten ditu Dekretu berriak: diru-laguntzen zenbatekoa eta prozedura edo antolaketa bezalako gaiak zehazten ditu. Halaber, xede bera duten sorospen, babes eta onarpen moduak ere garatzen ditu, esaterako, babes juridikoarekin zerikusia dutenak.

Proposamen orokor gisa, gaur onartutako Dekretuak ekintza terroristek eragindako kalteen aurrean administrazioak hartu beharreko neurriak eta biktimei eskaini beharreko laguntzak zehazten ditu. Horrela, biktimei itzultzea posible den guztia osorik bueltatuko zaiela eta betiko bizitza berreskuratzeko behar duten laguntza guztia emango zaiela bermatu nahi da.

Dekretuan biltzen diren laguntzen artean, ekintza terroristek eragindako kalte zuzenak konpontzea xede dutenak zehazten dira. Etxebizitzek; ibilgailuek; industria eta saltoki-guneek edo alderdi politikoen, sindikatuen eta gizarte erakundeen egoitzek jasandako kalte materialak babestuko dituzte laguntzek eta baita halako kasuetan biktimen lekualdatzeak eta behin-behineko ostatuak suposatzen duen gastuei aurre egiteko ere. Era berean, prebentzio neurri gisa segurtasun sistemak jartzeko ere diru-laguntzak emango dira.

Terrorismo delituetan biktimen laguntza juridikoa bermatzeko diru-laguntzak emango zaizkie, defentsa lanek dakartzaten gastuei aurre egiteko eta epaiketa penaletan akusazio bezala aurkezteko ordezkaritza juridikoa izan dezaten ziurtatzeko.

Osasunaren esparruan, ekintza terroristen ondorioz biktimek jasandako zauri fisiko eta kalte psikologiko guztiak sendatzeko beharrezko beste diru-laguntza emango direla aurrikusten du dekretuak. Halako sorospena osasun sistemaren zentroetan emango da, eta egoeraren larritasunak hala eskatzen badu, itundu gabeko erietxe pribatuetan.

Heziketa arloari begira, ikasketa-gastuak ordaintzeko diru-laguntzak emango dira, bekak eta ikasketa-laguntzak barne, eta akademia-espedienteen lekualdatzeak erraztuko dira.

Lanbideari dagokionez, biktimak lan mundura itzularazteko neurriak bultzatuko dira. Funtzionari publikoen kasuan, lantokiz aldatzeko erraztasunak emango zaizkie eta baita lan-utzialdiak, lanaldi-laburtzeak eta bestelakoak hartzen laguntzeko neurriak bultzatuko dira.

Etxebizitza sailean hainbat neurri aurrikusi dira: ezintasunen bat duten biktimen etxebizitzak doitzeko, alokairurako laguntzak eskaintzea, etab.

Laguntza orokorren barruan aipatu ez diren kasuetarako laguntza bereziak emateko aukera ere jasotzen da Dekretuan.

Dekretuak, azkenik, laguntza ezberdinak lortzeko bete beharreko ezaugarriak, eskaerak aurkezteko epeak eta beren tramitazioan kontuan hartu beharreko gorabehera guztiak zehazten ditu. Era berean, aipatutako laguntzak bestelako administrazioek eskaintzen dituztenekin bateragarriak izan daitezkeela ere adierazten du Dekretuak. Beti ere, laguntza horiekin jasotako diruak ezingo du gainditu kaltearen beraren kostua, ordaindu beharreko ekintzarena eta ezingo da noski, laguntza bera birritan jaso.
 

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA

HEZKUNTZAKO PROGRAMA OSAGARRIAK

Agindua: honen bidez, 2010-2011 ikasturtean Eskolatze Osagarriko Programak garatzeko diru-laguntzetarako deia egiten da.

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak proposatuta, gaurko bileran Agindu bat onartu du diru-laguntzetarako deia egiteko, 2010-2011 ikasturterako hezkuntzako programa osagarriak garatzeko.

Aldi batean hezkuntza-behar bereziak dituzten ikasleentzako eskolatze-programa osagarriak martxan jartzeak sortarazten dituen gastuak ordaintzea da Hitzarmen horien helburua. Beharrizan horiek kontrako gizarte- edo kultura-egoerarekin lotuta egoten dira, eta egoera horiek pairatzen dituzten ikasleei laguntza eta hezkuntza-arreta berezia eman behar izaten zaie, eskolara eta gizartera egokitzeko jokabide-arazo larriak izaten baitituzte.

2010/2011 ikasturtean zehar programa hauek garatzeko zenbatekoa guztira 1.320.120 eurotakoa izango da, proiektu bakoitzak gehienez 69.480 euro jaso dezakeelarik.
 

 

OXFORDEKO UNIBERTSITATEKO ST ANTONY'S COLLEGE

Agindua: honen bidez, diru-laguntza baterako deia egiten zaie Oxfordeko Unibertsitateko St Antony's College-ko ikertzaile bisitariei

Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren proposamenez, gaur onartu du 2011/2012 ikasturtean Oxford-eko Unibertsitateko St Antony’s College bisitatuko duten ikertzaileentzat dirulaguntza bat deitzen duen agindua.

52.356 euroko dirulaguntza hori ikasturte oso baterako (hiru hiruhileko) izango da, izangaiek hiruhileko bat edo biko egonaldi partzialak aukeratu ahal izango dituzten arren.

Ikertzaile bisitariak ondorengo diziplinetan egin ahal izango du ikerketa-lana: Historia Modernoa, Ekonomia, Gizarte Zientziak, Antropologia eta Nazioarteko Zuzenbidea.

 

ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA

JAURLARITZAK ZUZKIDURA-ETXEBIZITZAK EGINGO DITU IRUÑA OKAN

Erabakia, Iruña de Ocako Udalak lurzoru baten titulartasuna dohainik lagatzeko akordioa baimentzen duena. Lurzorua Iruña de Ocako El Cerro Plan Partzialekoa da eta zuzkidura alojamenduak sustatzeko izango da.

Jaurlaritzaren Kontseiluak Iruña Okako Udalak doan eman dion terreno bat onartu du, bertan babespeko alokairuko zuzkidura-bizitokiak egiteko.

Terrenoak 1.123 metro koadroko azalera du eta bertan 12 zuzkidura-bizitoki eraikiko dira.

 

JAURLARITZAREN ETA HONDARRIBIKO UDALAREN ARTEKO HITZARMENA, MULIATEN BABESTUTAKO ETXEBIZITZAK EGITEKO

Erabakia, horren bidez baimentzen da Hondarribiko Udalarekin lankidetza-hitzarmena izenpetzea babes ofizialeko etxebizitzak sustatzeko Hondarribiko udal mugarteko Muliate eremuan.

Jaurlaritzaren Kontseiluak argi berdea eman dio Hondarribiko Muliaten alokairuko babes ofizialeko etxebizitzak sustatu ahal izateko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak eta Hondarribiko Udalak proposatu duten hitzarmenari.

Hondarribiko Udalak 195 etxebizitza eta eranskinak (garajeak eta trastelekuak) eraikitzeko lekua duen lur-zati eraikigarri baten jabetza osoa du.

Asmoa da Muliaten udal lehiaketa baten ondorioz egingo diren 25 etxebizitza sozial eta azalera-eskubideko eranskinak erostea Jaurlaritzak Udalari. Etxebizitza Sailak etxebizitzak erosi eta ondoren babestutako alokairuan esleituko ditu.

 

ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA

LANKIDETZA HITZARMENA MATIA FUNDAZIOAREKIN, I+G PROIEKTUETARAKO

Erabakia, Fundación Instituto Gerontológico Matia (INGEMA) eta Matia Innova SLU erakundeei zuzeneko diru-laguntza ematekoa, pertsona nagusiei buruzko prestakuntza-jarduera eta ikerketaren garapena sustatzeko xedearekin.

Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak Matia taldearekin lankidetza-hitzarmena sinatzea baimendu du, adinekoen eta ezinduen bizi-kalitatea hobetzeko. Lankidetza-protokoloaren barruan 390.000 euroko diru-laguntza dago, eta kopuru hori, batez ere, mendekotasun-egoeretan laguntzeko osasun-ezagutza ikertu eta kudeatzeko proiektuak egiteko erabiliko da.

Lan hori nagusiki Matia Fundazioa Gerontologia Institutuan (INGEMA) gauzatuko da. Irabazi asmorik gabeko erakunde pribatu hori izen bereko taldearen parte da, eta “Polo Matia” zahartzaroko berrikuntza gunea sustatzeaz arduratzen da. Aipatutako planean zahartzaroaren arazo nagusiak aztertuko dira, alor eta ikuspuntu askotatik. I+G proiektua sustatzeko 303.873 euroko ekarpena egingo du Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak.

Bestalde, Matia Innova irabazi asmorik gabeko erakundea da, eta bere jardueraren jomuga zahartzearen eta ezintasunaren inguruan dagoen ezagutza zabaltzea da, prestakuntzaren, aholkularitzaren eta produktu eta zerbitzu berrien sustapenaren bitartez. Erakunde horren xedea elkartzeko eta partaidetzarako gune bihurtzea da, zahartzearen, ezintasun-egoeren edo mendekotasun funtzionalaren inguruko guztiaz arduratzen diren erakunde guztientzat. Horretarako 86.124 euro erabiliko ditu Jaurlaritzak.

 

KULTURA SAILA

EUSKARAKO TITULUAK BALIOKIDETZEKO DEKRETUA ONARTU DA

Dekretua, euskarako tituluak eta ezagutzak egiaztatzeko ziurtagiriak baliokidetu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzia-esparru Bateratuko mailetara parekatzekoa.

Gobernu Kontseiluak onartu du euskararen ezagutza egiaztatzeko titulu eta ziurtagiriak baliokidetu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatzeko dekretua, Herrizaingo Sailak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, Justizia eta Herri Administrazio Sailak, Osasun eta Kontsumo Sailak eta Kultura Sailak sustatu dutena.

Denborarekin, euskararen ezagutza egiaztatzeko hainbat titulu eta ziurtagiri sortu dira, berariazko esparruetan aplikatu behar direnak, eta, ondorioz, hainbat bide daude euskararen ezagutza egiaztatzeko. Aniztasun horiek eta aurreko araudiek planteatutako arazoak direla eta eman dio Eusko Jaurlaritzak oniritzia dekretu honi, hain zuzen ere, alde batetik, euskararen ezagutza egiaztatzeko titulu eta ziurtagiri guztiak baliokidetza sisteman sartu eta Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko mailekin parekatuko dituen -aurreko dekretuetan biltzen ez ziren titulu eta ziurtagiri batzuk barne hartuta-, eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salak emandako Epaiaren ondoriozko egoera konponduko duen dekretuari. Aipatutako epai horrek hizkuntza-eskola ofizialetan egindako ikasketak egiaztatzeko titulazioen inguruko aurreikuspen batzuk baliogabetu zituen.

Titulu eta ziurtagiri guztiak biltzeko eta aipatutako epaiari erantzuteko arau berria egin behar zenez, euskararen ezagutza egiaztatzeko titulu eta ziurtagiriak baliokidetzeari buruzko araudia erregulatu eta argitzeko baliatu da abagunea, arau bakarrean bildu baita arlo horren inguruko erregulazioa.

Dekretuaren Lehen Azken Xedapenean ezartzen da, sail edo erakunde bakoitzak euskararen titulu eta ziurtagirien erregistro propioa duenez, erregistro horiek uniformeki bildu eta erakunde publikoek erraz kontsultatu ahal izateko neurriak hartuko direla. Euskarako titulu eta ziurtagirien erregistro bateratua kudeatzeko ardura hizkuntza-politikan eskumena duen sailak izango du.

 

LEHENDAKARITZA

ONARTU DIRA ENPLEGU POLITIKA AKTIBOAK ESKUALDATZEA BERRESTEKO DEKRETUAK

Jaurlaritzaren Kontseiluak bi dekretu onartu ditu gaur egindako bileran, enplegu politika aktiboak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzea berresteko, Transferentzien Batzorde Mistoak urriaren 28an Lehendakaritzan erdietsitako hitzarmenean jasotakoaren arabera.

Zehatzago, hezkuntza, enplegu eta lanerako prestakuntza-profesionalaren arloan, Itsasoko Gizarte Itsasoko Gizarte Institutuaren funtzio eta zerbitzuak eskualdatzea onartu du Jaurlaritzaren Kontseiluak.

Onartu egin da, halaber, lan, enplegu eta lanerako prestakuntza profesionalaren arloan, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren lan arloko-legeria betetzeko EAEri funtzioak eta zerbitzuak eskualdatzea.

Ministro Kontseiluak, berriz, bi errege dekretu onartu zituen aurreko ostiralean, gaur onartu diren dekretuotako termino berberetan.