2009/12/29 (e)ko  saioa 
Aurkibidea

ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA
ONARTU DA EUSKO JAURLARITZAREN, SUSTAPEN MINISTERIOAREN, ADIFEN, ARABAKO FORU ALDUNDIAREN ETA GASTEIZKO UDALAREN ARTEKO PROTOKOLOA, GASTEIZEKO TRENBIDE-SAREA BIRMOLDATZEKO
ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA
SEKTOREAN LAN EGITEN DUTEN ERAKUNDEEI GIZARTE ESKU-HARTZEAREN ARLOAN EMATEN ZITZAIZKIEN DIRU-LAGUNTZAK BERRANTOLATU EGIN DITU ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILAK
INDUSTRIA ETA BERRIKUNTZA SAILA
EUSKO JAURLARITZAK 3 MILIOI EUROKO ABALA EMAN DIO "AMAROZ PAPELERA" ENPRESARI
EUSKO JAURLARITZAK PEDRO HERNÁNDEZEN ALDEKO APUSTUA EGIN DU TECNALIAREN FUSIOA GIDATZEKO
JUSTIZIA ETA HERRI ADMINSTRAZIO SAILA
EUSKO JAURLARITZAK AGINDUA EMAN DU DATU PUBLIKOAK ZABALTZEKO PROIEKTUARI HASIERA EMATEKO
KULTURA SAILA
JAURLARITZAK 2.760.000 EURO EMAN DITU EUSKAL ONDARE KULTURALA BABESTEKO
ETXEBIZITZA, HERRI LAN ETA GARRAIO SAILA

ONARTU DA EUSKO JAURLARITZAREN, SUSTAPEN MINISTERIOAREN, ADIFEN, ARABAKO FORU ALDUNDIAREN ETA GASTEIZKO UDALAREN ARTEKO PROTOKOLOA, GASTEIZEKO TRENBIDE-SAREA BIRMOLDATZEKO

Erabakia, Vitoria-Gasteizko trenbide-sarea birmoldatzeko Sustapen Ministerio, Arabako Foru Aldundi, Vitoria-Gasteizko Udala eta ADIF, Administrador de Infraestructuras Ferroviariasekin lankidetza-protokoloa onartzeko dena.

Jaurlaritzaren Kontseiluak argi berdea eman dio Gasteizko trenbide-sarearen birmoldaketarako Eusko Jaurlaritzaren, Sustapen Ministerioaren, Adifen, Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren arteko lankidetza-protokoloari. Hitzarmen honekin egungo bidaiari-geltokia hiriaren iparralderako aurreikusi den erdigune berrira eramanda, bidaiariei eskaintzen zaizkien zerbitzuak hobetu nahi dira, eta benetako garraio-geltoki intermodal bat egin, nabarmen ugarituko bide diren tren-zerbitzuak behar bezalako baldintzetan eskaini ahal izateko, irisgarritasuna hobetzeko eta garraiobide batetik bestera azkar eta eroso aldatzea ahalbidetzeko. Protokoloa sinatu behar duten erakundeek uste dute helburu hori osatu egin behar dela, trenbideak hiri erdian osatzen duen korridorea hobeto integratuz, eta, horrela, trenbide-instalazioen birmoldaketaren ondorioz libre geratzen den lekua urbanizatutakoan, hiritarrentzako espazio, berdegune eta komunikazio-ardatz berriak sortu, halako moldez non, geltokiko plazaren bidez hiriaren ekialdea eta mendebaldea zabalgunearekin lotuko dituen bulebar berri bat taxutuko den. Trenbideak gehiago erabili beharrik izango ez dituen lurzoru-eremuak libratuko direnez eta eremu horiek hiriaren erdi aldean daudenez, posible izango da horien trukean diru-baliabideak eskuratzea, eta diru hori behar bezala inbertituz gero, behar diren azpiegitura eta hirigintzako jarduketak ordaindu ahal izango dira. Horregatik, lankidetza-protokoloaren xedea da aipatu erakunde horiek Gasteizko trenbide-sarearen birmoldaketa-proiektuan elkarrekin nola lan egin behar duten arautzea. Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak hirigintza-planeamenduan egin beharreko aldaketak izapidetu eta onartuko dituzte. ADIF enpresa-erakunde publikoak, bere aldetik, tren-geltoki berria ustiatu eta erabiliko dut, bertan eskainiko diren garraio-zerbitzuen zerbitzu gehigarri, osagarri eta lagungarriei dagokienean, eta eraikinean jarriko diren merkataritza-jarduerei dagokienean, erabilera nagusiaren osagarri eta haiekin bateragarri badira. Nolanahi ere, eta geltoki berriaren bidez intermodalitatea sustatzeko ezarritako helburuarekin bat, posible izango da eskumenak dituzten beste antolakunde eta erakundeekin akordioetara iristea, trenbide- eta autobus-terminalen ustiapenean, eta terminal bakoitzari dagozkion espazioak gorabehera, hainbat elementu funtzional amankomunean erabiltzeko. Sustapen Ministerioak trenbidea Vitoria-Gasteiz hirian integratzeko proiektuaren informazio-azterlana izapidetu eta onartuko du, eraikuntza-proiektuak onartu aurretik. Protokolo honetan aurreikusitako jarduketak, aipatu informazio-azterlan horrek jasoko dituenak, honako helburu hauek lortzeko izango dira: - Egungo trenbide-geltokiaren ordez garraiobideen arteko intermodalitatea erraztuko duen bidaiari-geltoki berri bat jartzea, aurreikusten den trenbide-zerbitzuen hazkundeari aurre egiteko eta gainerako garraiobideetara aldatzea errazteko gai izango dena. - Geltoki berriaren zerbitzurako lurpeko trazadura bat eraikitzea, UIC nazioarteko zabalerako abiadura handiko trenentzat eta iberiar zabalerakoentzat, Gasteiz-Bilbao-Donostia abiadura handiko linearako eta Madril-Hendaia linearako balioko duena. Konponbide horrek egungo trenbide-korridorea hiri-inguruan integratzen uzten du, eta horrekin hesi-efektuaren ordez hiriaren bi aldeen arteko iragazkortasuna bermatzen da, eta trenbidearentzat beharrezkoa ez den lurzorua libratzen da, hirigintza aldetik eraldatzeko aukera emanez. Helburu horiekin bat, informazio-azterlanak honako hauek jasoko ditu: - Bidaiari-geltoki berria Latinoamerika plazaren eta Arriaga parkearen ondoan egingo da, eraikitzekoa den autobus-geltokiarekin lotuta, garraiobideen arteko intermodalitatea bermatze aldera. - UIC zabalera izango duen burdinbide bikoitzeko trazadura berria, 11, 0 km ingurukoa, egiten ari den abiadura handiko sareari (Burgos-Gasteiz eta Gasteiz-Bilbao-Donostia lineei) jarraipena emango diona, eta geltoki berriari zerbitzu emateko. Trazadura honek, batez ere Lakua-Arriaga ardatzaren zeharkatuko baitu, lurpean joango da Gasteizko urbanizaturiko aldean, hasi Zabalganatik eta Salbururaino, 6,8 km-ko luzeran. - Zabalera iberikoa izango duen burdinbide bikoitzeko trazadura berria, 15,4 km ingurukoa, hau ere lurpean, eta aurreko horren paraleloan, Madril-Hendaia linearen jarraipen gisa. Protokolo honetan jasotako jarduketen kostua, gutxi gorabehera, 476 milioi euro ingurukoa izango da. Kopuru hori finantzatzeko, batetik Sustapen Ministerioak, Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Vitoria-Gasteizko Udalak ekarpenak egingo dituzte, eta bestetik, sozietateak Sustapen Ministerioaren eta ADIFen titulartasuneko lurzoruetako hirigintza-jarduketaren bidez lortuko diren diru-baliabideak erabiliko dira. Hona ekarpenen banaketa nola egingo den: a) Sustapen Ministerioak lurrazalean etorriko den abiadura handiko linea hartzeko, geltokiaren trenbide-sarbideen moldaketa finantzatuko du: Inbersioa: 142 milioi euro inguru. b) Eusko Jaurlaritzak 117 milioi euro jarriko ditu. c) Arabako Foru Aldundiak 50 milioi euro jarriko ditu. d) Gasteizko Udalak 67 milioi euro jarriko ditu jarduketa finantzatzeko. Estatuaren jabetzako lurzoruen eraldaketarekin, trenbidearen erabilerarako desafektatu behar diren horienekin, lortu asmo den plusbalia garbia ez da 100 milioi euro baino gutxiago izango, eta protokolo honetan sartutako jarduketak finantzatzeko erabiliko da.

ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILA

SEKTOREAN LAN EGITEN DUTEN ERAKUNDEEI GIZARTE ESKU-HARTZEAREN ARLOAN EMATEN ZITZAIZKIEN DIRU-LAGUNTZAK BERRANTOLATU EGIN DITU ENPLEGU ETA GIZARTE GAIETAKO SAILAK

Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte esku-hartzeko hirugarren sektorean jarduerak bultzatzeko diru-laguntzak arautzen dituena.

Sektorean lan egiten duten erakundeei gizarte esku-hartzearen arloan ematen zitzaizkien diru-laguntzak berrantolatu egin ditu Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak. Eta horretarako, Jaurlaritzaren Kontseiluak dekretu bat onartu du gaur, orain arte zatituegiak azaltzen ziren laguntzen multzoa bateratzea ahalbidetuko duena, eta horrenbestez, orain arteko inkoherentzia, nahaste eta bikoiztasunak saihestuko ditu.

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren ekintza planifikatu eta egituratzean, gero eta garbiago bereizi behar dira bi modalitate edo jarduteko modu:

- Administrazioak erantzukizun publikotzat hartzen dena egikaritzea (zuzeneko ekintza).

- Beste agente batzuen erantzukizuna eta ekimena diren jarduerak sustatzea.

Diru-laguntzak modalitate horietako bigarrenerako tresna dira, beste agente batzuen erantzukizun diren jarduerak sustatu edo bultzatzeko. Gizarte esku-hartzearen esparruari dagokionez, uste dugu sustapeneko diru-laguntza horien berezko hartzaileak gizarte-ekintzako hirugarren sektoreko erakundeak direla.

Gobernu-lanetan hastean ikusi genuenez, bere garaian Gizarte Ongizatea zena alde batetik eta Gizarteratzea zena beste aldetik sail desberdinetan banatuta egotearen ondorioz, eta gerora beste bi zuzendaritza sortu izanaren ondorioz, 19 subentzio-agindu ere izan ziren. 19 agindu horiek zehatz-mehatz ebaluatu ondoren, egiaztatu ahal izan dugu ia leku beretara, erakunde beretara, iristen zirela. Bestalde, diru-laguntza berengatik lehian aritzen ziren, batetik, irabazi asmorik gabeko erakundeak eta, bestetik, erakunde publikoak, udalak.

Bestalde, berriki gizarte-lege garrantzitsuak onartu izanak ?hala nola diru-sarrerak bermatu eta gizarteratzeari, gizarte-zerbitzuei eta familientzako laguntzei buruzkoak? diru-laguntzen aplikazioa birplanteatzea behartzen zuen, administrazio publikoen erantzukizun eta betebeharrak argitzen eta mugatzen ari diren testuinguruan.

Berrantolamendu horren ondorioz, gizarte-ekimeneko diru-laguntzetarako dekretu-marko honen eraginez, 2010ean bi laguntza-agindu soilik aplikatuko dira, bakoitzak hiru subentzio-linea dituela: lehen subentzio-agindua irabazi-asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeei zuzendutakoa izango da, eta 10 milioi euroko hornidura izango du; bigarren subentzio-linea beste administrazio publiko batzuei laguntzeko izango da, batez ere udalei, eta 12,5 milioi euroko aurrekontua izango du.

Honako hauek izango dira irabazi-asmorik gabeko erakundeentzako subentzio-lineak:

1. Gizarte esku-hartzerako jarduerak pertsona, familia, talde eta komunitateekin.

2. Gizarte esku-hartzean ekintza boluntarioa eta parte-hartze asoziatiboa indartzeko jarduerak.

3. Gizarte esku-hartzerako jakintzaren kudeaketa-jarduerak.

Udalentzako subentzio-lineak honako hauek izango dira:

1. Laguntza tekniko eta administratiboko langileentzako laguntzak eta gizarteratzeko eta gizarte-zerbitzuetarako programa, proiektu eta jarduerak.

2. Talde teknikoak mantentzeko eta droga-mendetasunen prebentzio komunitarioko udal-plan eta -proiektuak garatzeko laguntzak.

3. Immigrazio-arloko langile teknikoak kontratatzeko eta kultura arteko bizikidetza-arloko jardueretarako laguntzak.

Oro har, bi agindu horiek 2010erako aurrekontuan orain dauzkaten zenbatekoak gehituta eta lehen deialdi bidez subentzionatzen ziren puntu batzuk orain beste finantzaketa-bide batzuk dituztela kontuan izanda, 2009koekin alderatuta baliokideak diren zenbatekoei eusten zaie. Balio erantsia zera da, orain subentzio-agindu bakarra dagoenez, hirugarren sektoreko erakundeek, esaterako, ez dutela izango zertan beren proiektuak zatikatu agindu desberdinetara aurkezteko. Zirkunstantzia horrek, dekretura gaineraturiko beste hobekuntza batzuekin batera, kudeaketa erraztuko du eta finantzetarako arintasuna irabaztea ahalbidetuko du, deialdi aurreratuaren bidez, ahal dela.

Berrantolamendua lagungarria izango da sustapen-lana argiago bereizteko erantzukizun publikoaren egikaritzapenaren diru-laguntzen bidez (administrazioaren zuzeneko kudeaketa bidez, kontratazio bidez, hala nola familia-elkarguneak, familia-bitartekotzako zerbitzua...). Horretaz gain, egitura berriari esker hobeto ulertuko da diru-laguntza ez dela jarduera edo zerbitzu iraunkorrak modu egonkorrean finantzatzeko bidea, jarduera edo zerbitzu horiek erantzukizun publikokoak edo gizarte-ekimenaren erantzukizunekoak direla ere, edo, oro har, ekimen pribatuarenak. Bestalde, erakundeen arteko lehia indartuko dugu, hau da, lehiaketa, hori baita diru-laguntzak emateko berezko erregimena.

Berrantolamendu honekin nabarmen gehituko da Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailaren ahalmena bere subentzio-jarduna estrategikoki orientatzeko, eraginkortasunez kudeatzeko eta zorrotz ebaluatzeko. Aldaketa horri esker, diru-laguntzen deialdia eta ebazpena aurreratu ahalko da, eta subentzionaturiko jardueren eragina hobeto ebaluatu.

INDUSTRIA ETA BERRIKUNTZA SAILA

EUSKO JAURLARITZAK 3 MILIOI EUROKO ABALA EMAN DIO "AMAROZ PAPELERA" ENPRESARI

Erabakia, Papelera de Amaroz SA enpresak garatutako proiektuan zirkulatzailea finantzatzeko abala emateko dena.

Gobernu-Kontseiluak, Amaroz Papelera S.A: enpresari 3 milioi euroko abala ematea onetsi du gaur bertan, zirkulatzailea finantzatzeko. Enpresa gipuzkoarra 1965. urtean sortu zen, baina 1868. urtetik ari zen lanean beste izen batzuen pean inpresio eta idatzizko papergintzan. Une hauetan, bere ekoizpenaren %52 atzerrira saltzen du. Gainera, garrantzizko eragina du bertako enpresa txikietan, azpikontratazioen bidez burutzen baitu bere produktuen azken-zatia, esaterako, bobinak ebakitzea, enresmatua eta garraioa. Eusko Jaurlaritzaren abala funtsezko bi arrazoitan oinarritu da: Batetik, enpresak bre burua berritzeko egin duen ahaleginean. Izan ere, Tolosako instalazio zaharrak utzi eta Legorretara lekuz aldatu da, eta, horretarako, 22,5 milioi euroko inbertsioa egin du. Bestetik, Amaroz Papelera-k hitza eman du 4 milioi euroko kapitala handitzeko. Handitze horretan enpresaren langileek nahiz betiko akziodunek hartuko dute parte. Enpresak 3 milioi euroko abala eskatu zion Eusko Jaurlaritzari zirkulatzailea finantzatzen laguntzeko. Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak kasua aztertu eta eskabidearen aldeko txostena eman du. Gaur Gobernu Kontseiluak ontzat eman du. Abalaren iraupena 24 hilabetekoa izango da. Era berean, Sailak, partaidetza-maileguen bidezko laguntza osagarria aztertuko du. Eusko Jaurlaritzak kontuan hartu du bereziki, Amarzo Papelera-k inguruko enpresa txikietan duen eragina, herrialde askotan egiten duela lan, hornitzaile garapen zabala daukala eta langile-zerrenda egonkorra. Beraz, Amaroz Papelera-k, Eusko Jaurlaritzak pasa den ekainaren 5ean abal handietarako onartutako lerroaren barruan eskatutako baldintzak betetzen ditu. Politika honek 2010. urtean jarraitu egingo du, 400 milioi euroko aurrekontu-partida onartu baita datorren ekitaldirako. Gobernu Kontseiluak aurretik onartutako abal guztien antzera, oraingo abal honek ere indarra izateko, enpresak, beste obligazioen artean, hornitzaileei jakinarazitako finantza-baldintzak bete beharko ditu. Bestetik ere, Ekonomia eta Ogasun Sailak, akordio honek xede duen abala gauzatzeko beharrezkoak diren ekintzen ardura izango du, eragiketa egoki burutzeari begira.

EUSKO JAURLARITZAK PEDRO HERNÁNDEZEN ALDEKO APUSTUA EGIN DU TECNALIAREN FUSIOA GIDATZEKO

Eusko Jaurlaritzak Pedro Hernándezen aldeko apustua egin du Tecnaliaren fusioa gidatzeko

Berrikuntza eta Teknologiako sailburuorde Pedro Hernández Gonzálezek Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailean zuen kargua utzi du, berak eskatuta. Hernándezek sailburuorde-kargua utzi du Tecnalia Korporazioaren zentro teknologikoen fusio-proiektuan lanaldi osoan jarduteko. Jaurlaritzaren ordezkari gisa jarraituko du Tecnaliaren kontseiluan, baita Sailaren mende dauden beste hainbat kontseilutan ere.

Jaurlaritzak integrazio bat gidatzea du helburu, Tecnalia Europako bosgarren zentro teknologikoa eta euskal industriaren babes eta palanka gisa baliagarria izan dadin. Jaurlaritzaren ustez Pedro Hernández da zeregin hori hobekien bete dezakeena, zentro teknologikoen munduari lotutako esperientzia profesional luzea duelako.

Tecnalia gaur egun dagoeneko euskal korporazio teknologikorik handiena da, zentro teknologikoen % 64 ordezkatzen baitu. Zazpi zentroz osatuta dago, eta epe laburrean beste bi elkartzea espero da. Aurreikusita dago korporazioa zentro bakar bihurtuko dela 2011ko urtarrilaren 1erako. Tecnalia, hura osatzen duten erakundeak bezala, zuzenbide pribatuko entitatea da, baina Euskal Administrazioaren laguntza handia jasotzen du, bere finantzaketaren % 40 baino gehiago, hain zuzen ere. Tecnalian 1.500 lagunek baino gehiagok lan egiten dute, eta guztizko diru-sarrerak 140,8 milioi euro dira.

Kabinete, Plangintza eta Estrategiako egungo sailburuorde Juan Goicolea Ruigómezek Berrikuntza eta Teknologiako sailburuorde kargua beteko du aurrerantzean. Goicolea Telekomunikazioen Goi Mailako Ingeniari Teknikoa da Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan eta doktorea Kaliforniako Unibertsitatean (Berkeley). Jaurlaritzan hasi aurretik teknologiarekin eta berrikuntzarekin erlazionatutako hainbat lanpostutan lan egin du. Bere azken lanpostua Indran izan zuen.

Egungo Komunikazio eta Kanpo Harremanetarako aholkulari Pedro Gómez Damboreneak hemendik aurrera Kabinete, Plangintza eta Estrategiako sailburuorde kargua izango du. Gómez abokatu ekonomista da Deustuko Unibertsitatean, Zientzia Politikoetan lizentziatua UHUNen eta kazetaritzako masterra UAM/ EL PAÍS Kazetaritza Eskolan. Jaurlaritzan hasi aurretik El País egunkarian lan egiten zuen, Euskadin.

JUSTIZIA ETA HERRI ADMINSTRAZIO SAILA

EUSKO JAURLARITZAK AGINDUA EMAN DU DATU PUBLIKOAK ZABALTZEKO PROIEKTUARI HASIERA EMATEKO

Erabakia, zeinen bidez datu publikoak irekitzeko proiektuaren hasiera agintzen baitu Eusko Jaurlaritzak, sektore publikoko informazioa berrerabiltzeari buruzko azaroaren 16ko 37/2007 Legeari jarraiki.

Sektore publikoko informazioa berrerabiltzeari buruzko 37/2007 Legea betetze aldera, Eusko Jaurlaritzak erabaki du datu publikoak zabaltzeko proiektuari hasiera ematea. Honela, informazio publikoa zabaltzeko konpromisoa bere gain hartzeko adierazpen instituzionala egiten duen lehenengo erakunde autonomoa da. Gainera, hori Gobernu Irekia izeneko testuinguruan egiten du, gardentasun baloreari baita herritarren partaidetzari eta zerbitzuari eta eraginkortasunari loturikoei ere lehentasuna emanez.

Hori dela eta, Jaurlaritzak konpromisoa hartu du bere eskura dauzkan datu publikoak benetan zabaldu daitezen, betiere ulertuta halako datuek isilekotasunari, segurtasunari edo jabetzari loturiko mugarik ez dutela. Eta datu multzo horiek jabetza irekiko lizentzien bitartez eskainiko ditu.

Lizentzia horiek aukera emango dute haiek berriro banatu eta erabiltzeko eta, gainera, merkatal-helburuetarako erabiltzeko ere. Horren helburua da informazioaren inguruko gardentasunak handitzea, sektoreen publikoko barne eraginkortasuna hobetzea, berrikuntza sustatzea eta, datu publikoei balioa emanez, aberastasuna sortzea.

Erabakia gauzatzeko euskadi.net-en atari berri bat prestatuko da eta bertara, arian-arian, datuak eramango dira. Proiektuaren lehen aldian hartuko diren datuak erraz lortzeko modukoak izango dira, betiere segurtasun, isilekotasun eta jabetza ikuspuntuetatik arazorik badaukate. Horiek zehazteko aintzat hartuko dira datuak zabaltzeko lehentasunezkoak bezalakoak MEPSIR (Measuring European Public Sector Information Resources) txostenean Europako Batzordeak adierazi dituenak: enpresa eta merkataritza alorreko informazioa (patenteak, markak, lehiaketa publikoak?); informazio geografikoa (airetik ateratako argazkiak, geodesiako sareak, datu hidrografikoak?); informazio metereologikoa; garraiobideei buruzkoz (auto-ilarak trafikoan, bideetako lanak, garraio publikoa, ibilgailuen erregistroa); legei buruzko (epaitegien erabakiak, nazio mailako legedia, itunak); eta gizarte datuak (mota askotako estatistikak).

Gaur egun informazio publikoa gehiena formatu elektronikoan dago. Beraz, dokumentuak prestatu ordez zuzenean datuak eskaintzea aukera irekiena eta eraginkorrena da. Horrelako eskema batean, herritar batek egiten duen eskabide bakoitzeko, Administrazioak ez du dokumentu garestiak sortu beharrik. Bere ardura bestelakoa da, izan ere, babesa duten dokumentuak iragazteaz eta emango diren datuen kalitatea eta egiatasuna bermatzeaz eta modu zalu batean emateaz arduratu beharko da. Gainera. dokumentu horiek beste sistema batzuk berriro erabiltzea ahalbidetzen duten bideak jarri beharko ditu.

Datu publikoak zabaltzeak, betiere zabaltze hori erregistro publikoetara sartzeko eskubidearekin eta nor bere datuak babesteko eskubidearekin bateragarria bada, eskatzen du oraingo gobernuak hauteskundeetan bere gain hartu zituen konpromisoak betetzea eta konpromiso horien artean, bere burua Gobernu Irekirantz abiatzekoa dago.

Ekimenera ongi lortu dadin, Eusko Jaurlaritzak herritarrarekin eta arlo informediarioarekin lankidetza estua bultzatuko du, informazioa benetan erabilgarria izan dadin eta berriro erabiltzeko asmoz

KULTURA SAILA

JAURLARITZAK 2.760.000 EURO EMAN DITU EUSKAL ONDARE KULTURALA BABESTEKO

Agindua, Euskal Ondare Kulturala zaindu, aberastu, babestu eta sustatzeko diru-laguntzen deialdia egiten duena.

Gobernu Kontseiluak Kulturako Sailaren agindu bat onetsi du, sailkatu eta inbentariatuta dagoen ondare kulturala sustatzeko eta hirigintza-planeamenduko tresnak babestu, ugaritu, babestu, idatzi eta aldatzeko dirulaguntzak eskatu ahal izateko deia zabaltzeko. 2.760.000 euro jarri dira dirulaguntzen programa hori garatzeko.

2010. urtean, orain arte bakoitza bere aldetik argitaratu izan diren aginduetan jasotako dirulaguntza-programak bateratu egingo dira; alegia, bateratu egingo dira "Ondare kultural sailkatu eta inbentariatua defenditu, ugaritu, babestu eta sutatzeko agindua" eta "Ondasun kultural sailkatu eta inbentariatuei edo arkeologiko izan daitezkeen guneei eragiten dieten hirigintza-planeamenduko tresnak idatzi eta aldatzeko agindua", kudeaketa honi koherentzia handiagoa emateko. Hurrengo urterako, 2.760.000 euro jarriko dira dirulaguntza horietarako.

Honako hauek jaso dezakete dirulaguntza: sailkatutako monumentu-multzoek (zatartu egiten dituzten elementuak kentzeko, lekua zaintzeko eta eraikinak beste zerbaitetarako erabiltzeko), industriako edo landa-inguruko ondareek, ondare arkeologikoek eta ondare sailkatu eta inbentariatua defenditzeko, ugaritzeko, babesteko eta sustatzeko asmoz jarduten den beste edozein jarduerek (betiere, Euskadiko Ondarearen Legeak zehazten dituen helburu eta xedeekin bat baldin badatoz, eta ez badago sartuta Eusko Jaurlaritzako Kultur Ondasuneko Zuzendaritzaren beste agindu espezifikoren batean).

Bestalde, dirulaguntza jasotzeko aukera izango dute aurreko hirigintza-dokumenturen baten eta bere ikerlan osagarrien memoria garatzeko azterketa historiko-arkeologikoek ere, baldin eta monumentu izendatutako ondasun kulturalak, monumentu-multzoak edo arkeologiko izan daitezkeen guneak lantzen badituzte; bai eta indarrean dauden hirigintza-dokumentuen aldaketek, edo dokumentuen garapenek ere, ondasun kulturalak babesteko erregimenetara egokitzeko behar direla-eta egindakoak badira; bai monumentu, monumentu-multzo edo arkeologiko izan daitekeen gune izendatutako ondare kulturalak (edo izendapen hori jasotzeko espedientea abiarazita daukatenak) babesteko plan berriak idazteko lanek; idazteko fasean dauden hirigintza-tresnen planimetria osagarriaren altxatze-lanek, ondare kulturalaren alderdi jakin batzuk, izaera berezia emanez, dokumentatzekoak direnek; eta ondare kulturalari buruzko informazioa sortu eta biltzeko bestelako lanek, legeak aurreikusitako hirigintza-planeamenduko figuretan sartzekoak badira eta kulturaren ikuspegitik oinarri tinkoagoa emateko balio badute.