Lehendakaritza

40.- EAEren Plan Hidrologikoa (Kantauri ekialdeko mugape Hidrografikoko Plan Hidrologikoa-2015-2021)

IDENTIFIKAZIOA

Helburuak

2000/60/EE Zuzentarauak plangintza hidrologikoa egitea agintzen du. Hala, arro edo mugape hidrografiko bakoitzak bere plan hidrologikoa izan behar du, eta bertan azalduko dira zuzentarau honen helburuak epearen barruan lortzeko neurriak. Plangintza-prozesua iteratiboa da eta 6 urteko ziklotan garatzen da. Era horretan, lehenengo planak 2015eko abenduan onartu, eta berrikusi beharko lirateke 2021eko abenduan.

Plan hidrologikoen helburu nagusiak dira ur-ekosistemak epe luzera babestea, eta uraren kudeaketa arrazionala eta erabilera eraginkorra. Helburu horiek hiru ataletan sailkatzen dira:

  • 1. Ingurumen-helburuak.
  • 2. Eskariak asetzearekin eta erabilera arrazionalarekin lotutako arazoak, kuantitatiboak nahiz kualitatiboak.
  • 3. Muturreko fenomenoen aurreko segurtasuna: uholdeak eta lehorteak.

Euskal Autonomia Erkidegoaren ardura da EAEko Barne Arroen Plan Hidrologikoa egitea, haietan eskumen esklusiboa baitu uraren plangintzan eta kudeaketan. Arro horiek Kantauri Ekialdeko Mugape Hidrografikoan sartzen dira, eta Estatuak ere baditu eskumenak gai horietan, Kantauriko Konfederazio Geografikoaren bidez.

Saila

Ingurumena eta Lurralde Politika

Denborazko konpromisoa

Arestian adierazi bezala, plangintza hidrologikoaren prozesua iteratiboa da eta 6 urteko ziklotan garatzen da. Era horretan, ustez 2015eko abenduan onartuko den Plan Hidrologikoak 6 urte iraungo du (2015eko abendua - 2021eko abendua).

Plan Hidrologiko horren Neurrien artean daude Planaren helburuak lortzeko jarduera ugari, ordenaturik eta sailkaturik, Programan bertan ezarritako epeetan garatu beharrekoak.

Garatzeko jarduerak eta baliabideak

Plan Hidrologikoaren osagaiak dira Memoria bat bere Eranskinekin, Neurrien Programa, Arautegi bat hainbat Gehigarrirekin, baita ingurumen-ebaluazioa tramitatzearekin lotutako informazioa ere.

Planak honako jardun-lerro hauek aurreikusten ditu arazoak konpontzeko:

a) Ingurumen-helburuak betetzea, bai ur-masetan bai eremu babestuetan. Ur-sistemak ez hondatzea eta egoera onera eramatea bilatzen da. Ur-masen ingurumen‑helburuez gain, kontuan hartu dira kontserbaziorako behar gehigarriak izan ditzaketen ur‑inguruneetako eremu babestuak, ur-masenak ez ezik beste ingurumen-helburu batzuk ere badituztenak.

b) Ur-eskariak asetzeko bermea, batez ere hiri-hornidurak, kalitate- eta kantitate-bermeak hobetuz, eta haien erabilerak ingurumenarekin harmonian arrazionalizatuz. Funtsean, bateragarri egin nahi dira ur-eskariak modu egokian asetzea eta ingurumen‑helburuak lortzea.

c) Uholdeen eta lehorteen kalteak murriztea. Plan Hidrologikoan sartzen da Uholde Arriskuaren Kudeaketa Plana, hau da, batetik prebentziozkoak edo ez-estrukturalak diren neurriak, eta bestetik hirigune finkatuen uholde-arriskua murrizteko neurri estrukturalak, ahal dela ingurumen-helburu berriekin bateragarriak. Bertan sartzen dira lehorteen kalteak murrizteko irizpideak ere.

d) Jakintzarekin eta gobernantzarekin lotutako alderdiak.

EBALUAZIOA

Planeko kudeaketa organoak

Plan Hidrologikoaren jarraipena egiteko modua ezartzen du Planak berak (Plan Hidrologikoa onartzen duen EDaren 1. eranskineko 73. artikulua). Uraren Euskal Agentziak egingo du jarraipen hori EAEko Barne Arroen kasuan, eta Kantauriko Konfederazio Geografikoak, berriz, erkidegoarteko arroen kasuan, betiere bi Administrazio horiek koordinaturik, mugapeko kudeaketa eta plangintza hidrologikoaren batasuna bermatzeko.

Era horretan, Plan Hidrologikoaren jarraipenari buruzko dokumentazioa aurkeztuko zaio Erabiltzaileen Batzarrari, EAEko erkidego barruko arroen kasuan.

Azkenik, jarraipena egin beharrekoen artean dagoenez Plan Hidrologikoko Neurrien aplikazioa, neurri horiek ezartzearen ardura duten agintariek eta administrazioek informazioa eman behar diote Administrazio Hidraulikoari urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan, aurreko urtean gauzatutako jardueren garapenari buruz.

Segimendu eta ebaluaziorako formulak

Planak berak dioenaren arabera, jarraipena egingo zaie honako hauei: ur-baliabide naturalen eta eskuragarrien bilakaerari eta kalitateari, ur-eskarien bilakaerari, emari ekologikoen erregimenaren betetze-mailari, azaleko eta lurpeko ur-masen egoerari, eta Neurrien aplikazioari eta ur-masen gainean izandako eraginari.

Jarraipena egingo zaie, halaber, Plan Hidrologikoa onartzen duen EDaren 1. eranskineko 17. gehigarriko ingurumen-adierazleei ere.

Lehen adierazitako urteko Planaren jarraipenaz gain, Plan Hidrologikoa argitaratu eta 3 urteko epean idatziko da tarteko txosten bat, Neurrien Programa zenbateraino aplikatu den zehaztuz.

Urteko eta tarteko jarraipen-txosten horietatik lortutako informazioa funtsezkoa izango da Planaren hurrengo eguneratze edo berrikusterako, 2021eko abendurako onartu beharrekoa.

Ustez abendu honetan onartuko den Plan Hidrologikoan ez ezik, hurrengo ziklokoan ere (2021-2027) ebaluatu egingo dira ingurumen-helburuetan egindako aurrerapenak, baita lortu gabeko helburuak azaldu ere. Bertan aipatuko dira, halaber, abiarazi gabeko neurriak, eta seguru asko ingurumen-helburuak beteko ez dituzten ur-masentzako neurri gehigarri iragankorrak.    

Aldizkako ebaluazioak

Ebaluazio data: 2018/06/30

Azken ebaluazioa

Ebaluazio data: 2022/06/30
Azken aldaketa: 2016/01/14