Lehendakaritza

[30] - - Ertzaintzaren 2016rako Plan Estrategikoa

Helburuak

2012ko abenduan, X. Legegintzaldiko Eusko Jaurlaritza eratu ondoren, Ertzaintzako profesionalen talde batek gogoeta estrategikoko prozesu bat bete zuen, Legegintzaldi osoan betearazi beharko zen Plan Estrategikoa garatzeko.

Gogoeta egiteko, metodologia malgua erabili zen, funtsezko galdera gutxi batzuei erantzuteko. Galdera horiek zerikusia zuten lortu nahi zen polizia-ereduarekin (eredu hori Xedearen, Ikuspegiaren eta Balioen adierazpenetan laburtzen da), eta, alde batetik, hori lortzeko eman beharreko pausoen definizioarekin (ardatz, helburu eta ekintza estrategikoak) eta, bestetik, aurrerapena neurtzeko beharrezko elementuen definizioarekin (Aginte-taula). Metodologia nahiz definitutako elementuak Ertzaintzako Zuzendariak Ertzaintzaren Kudeaketa Aurreratuko Ereduari buruz emandako 78. Jarraibidean jasotzen dira.

Legegintzaldia

X. Legegintzaldia

Garatzeko jarduerak eta baliabideak

Plan Estrategikoa lantzen hasteko, azterketa- eta gogoeta-prozesua egin zen. Lehenengoz, Ertzaintzaren harreman estrategikoei buruzko gogoeta egin zen. Ertzaintzak bere helburuak ez ditu lortzen inoren laguntzarik gabe. Ingurune konplexu batean jarduten du. Ingurune horretan, indar diferente askok eragina dute emaitzetan, dela Xedean laguntzen dutelako, dela Xede horri buruzko iguripenak dituztelako. Puntu horretan, Xedea betetzeko eta Ikuspegia lortzeko funtsezkoak diren erakundeak, taldeak, elkarteak eta abar definitzeko ahalegina egin zen. Halakoak identifikatuta edukitzea lagungarria zaigu, egin nahi ditugun ekintzetako batzuk begien bistan izateko.

Jarraian, kanpoko eta barruko testuinguruak aztertu ziren. Erakundea testuinguru sozial, politiko eta ekonomiko zehatz batean dago; testuinguru horrek eragin egiten dio, eta Ertzaintzak testuinguru horri eragiten dio; horregatik hartu behar da kontuan. Testuinguruaren maila guztiak kontuan hartuta lan egitealagungarria da errealitatearen joera jakin batzuen gaur egungo nahiz etorkizuneko ondorioez ohartzeko. Joera horiek dira migrazio-fluxuak, zahartzea, gizartearen babesa gutxitzea, delinkuentzia bortitzaren aurrean ahultasuna zabaltzea, krisi ekonomikoaren ondoriozko tentsio sozialak, eta abar.

Gogoeta estrategikoan epe ertainaren arabera begiratzen diogu etorkizunari, urteez ari garela. Horregatik, arreta jarri behar diegu inguruko testuinguruan izaten diren joerei. Joerak denboran irauten duten egoerak dira, eta gure lanean eragina izan dezaketenak, aldekoak edo kontrakoak. Kanpoko azterketarako, gure Xedea eta, beraz, nahi den eredua lortzea bideratzen eta oztopatzen duten joerak aztertu dira; joera horiek zerikusia dute delinkuentziarekin, egoera sozial eta politikoarekin, demografia eta immigrazioarekin, globalizazioarekin eta pertzepzio sozialarekin.

Era berean, eta barneari dagokionez, erakundearen barnean ahal duguna, dakiguna eta daukaguna ezagutu eta baloratu behar da, geroago gure xedearen, Ikuspegiaren eta Balioen adierazpenak egokitu eta zuzentzeko eta adierazpen horien arreta beste gune batean jartzeko. Hala, barnean, aurretiaz definitutako Ikuspegia lortzea bideratzen edo eragozten duten joerak aztertu dira, hainbat arlotan: pertsonak (prestakuntza, inplikazioa, kohesioa eta beste batzuk), lidergoa, sindikatu-harremanak, pertsonen egiturak, baliabide materialak eta lan-prozesuak.

 A.      2013-2016ko Plan Estrategikoaren ardatzak definitzea

Ikuspegiaren deklarazioa gure ardatz estrategikoekin identifikatzen dugu, gure lan-metodologiarekin bat etorriz eta ikuspegia erdietsi beharreko lorpen jakin batzuen deskribapen zehatza dela kontuan hartuta. Adostutako ardatz estrategikoak honako hauek dira:

  • 1. ardatz estrategikoa.- Errekonozimendu sozial eta profesional handia lortzea, hurbiltasun eta eraginkortasunagatik.
  • 2. ardatz estrategikoa.- Prebentzio aktiboan oinarritutako zerbitzua eskaintzea, adimen eta ikerketa kriminal eraginkorrek lagunduta.
  • 3. ardatz estrategikoa.- Kudeaketan etengabeko hobekuntza eta beste batzuekiko lankidetza txertatzea, erantzuna behar berrietara egokitzeko.
  • 4. ardatz estrategikoa.- Konpromisoz eta barne-kohesioz lan egitea.

B.      Plan estrategikoaren hedapena

Zehaztutako ardatz estrategiko horiek 33 helburu estrategikotan hedatzen dira; ardatz estrategikoak gure eredua garatzeko erabili beharreko bideak dira, xedea eta balioak –gure jardueraren funtsezko deklarazio gisa– eta ikuspegia –nahi dugun etorkizun egingarri horren deklarazio gisa– oinarri hartuta. Helburu Estrategikoak ezartzeko, kanpoko eta barneko egoeraren azterketaren ondorioak ere kontuan hartu dira, horiek gure errealitatearen iragazkia direlako. Era berean, helburu horiek 119 Ekintza Estrategikotan hedatzen dira.

2013an definitutako Plan Estrategikoa ez da plan itxia. Arrazoi horregatik, helburu estrategiko batzuk aldatu dira, ekintza batzuk birdefinitu dira eta beste batzuekin elkartu. Era berean, hasierako planean aurreikusi ez diren ekintza batzuk apurka gehitu dira. Hori guztia Ertzaintzako arduradunek beren Urteko Kudeaketa Planak egiteko urtero garatzen dituzten gogoeten emaitza da.

Denborazko konpromisoa

2013-2016

Segimendu eta ebaluaziorako formulak

Lehentasunezko jardueren taldeen jarraipenaz gain, Ertzaintzaren Zuzendaritza Kontseiluak Aginte-taula erabiltzen du Ikuspegia lortzeko egiten diren aurrerapausoen norainokoa neurtzeko. Aginte-taula Ertzaintzaren ikuspegia eta estrategia adierazleen multzo koherente batean jasotzen duen tresna da, eta helburua da zuzendaritzari bere jarduera ulertzeko ikuspuntua ematea. Zuzendaritza Kontseiluak neurketak erabiltzen ditu erakundeari arrakasta sorrarazi duten alderdien berri emateko.

Horretarako, ekitaldi bakoitzaren hasieran, Zuzendaritza Kontseiluak proposamen zehatz bat egingo du eta helburuak, adierazleak eta helmugak zehaztuko ditu, ondoren adostu eta onesteko Aginte-taulan sartu baino lehen. Ekitaldirako adierazitako helburuak, adierazleak eta helmugak erakundeko pertsona guztiei jakinaraziko zaizkie, Ertzaintzaren Kontseilu Orokorretik hasita eta bileren egituraren bidez (aurrerago zehaztuko dira horiek).

Helburuak, adierazleak eta horien helburuak definitu ondoren, Atalak eta Bulego Nagusiak, Lurralde Burutzak eta Lurralde Zentralak eta Unitateko Burutzak izango dira horien inguruko jarraipena egiteko arduradunak. Jarraipena egiteko, lortutako datuen azterketa xehatua egin, jardunbide egokiak identifikatu eta ekintza zuzentzaileak definituko dira adierazleen baloreek espero ziren helburuak lortzen ez dituztenean. Azaldu den gobernantzaren egitura, organoen osaera eta epealdi batzuk eta besteak, Ertzaintzaren zuzendariak Ertzaintzaren gobernantzaren egiturari eta kudeaketa-foroei buruz emandako 80. jarraibidean azaltzen dira.

Azken ebaluazioa

Ebaluazio data:

Azken aldaketako data: